Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak Olarizuko gurutzea babesteko prozedura abiarazi du Elementu Txikien Babeserako Katalogoan sartuz

Urtaranen gobernuak Olarizuko gurutzea babesteko prozedura abiarazi du udalerriko toki-erakundeetako elementu txikien babeserako katalogoan sartuz. “Gasteizko Kuadrillako Ondare Arkitektonikoa – Elementu Txikiak” azterlana hartuko da oinarri gisa, orain jendaurrean jarriko dena, gero horri buruzko kontsulta publikoa egin eta iradokizunak jasotzeko. Erabaki hori, gainera, Gasteizko toki-erakundeei jakinaraziko zaie.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi duenez, Olarizuko gurutzea “gure ondarearen, tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati bat. Herri-harpidetzaren bidez eraiki zen, herritarren eta familien ekimenez, eta Gasteizko ondarearen zati bat da, errespetatu eta zaindu beharrekoa. Gasteizen sinbolo bat da”. Horregatik, udal gobernuak babesteko konpromisoa hartu zuen Mendiolako administrazio-batzarrarekin lankidetzan, “Olarizuko gurutzea eta haren ingurua ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko, pertsona guztiek haietaz, aisialdiaz, paisaiaz eta kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten”, gogoratu du alkateak.

Gasteizko 63 menpeko toki-erakundeen bereizgarritasun bat da arkitektura eta kulturaren aldetik garrantzia duten elementu txikiak dituztela.  Orain arte erregimen juridiko espezifikorik eman ez bazaie ere, urteetan zehar azterlanak eta ikerketak burutu dira, eta, horiei esker, katalogoa bezalako tresna juridiko egoki baten bidez babestu beharko liratekeen elementu txikien zerrenda xehatua daukagu.

Katalogoaren proiektua gauzatzeko oso garrantzitsua izan da Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak garatu duen programa, Victorino Palacios Mendoza historialariaren gidaritzapean, Arabako Lurralde Historikoan landa eremuan dagoen ondare arkitektonikoaren inbentarioa egiteko.

Gasteizko Udalak 2010eko “Gasteizko Kuadrillako Ondare Arkitektonikoa – Elementu Txikiak” dosierra emaitza gisa zuen lana osatzeko eskatu zion historialariari. Bertan, arkitektura eta /edo kulturaren ikuspegitik garrantzia duten elementu txikiei buruzko informazioa biltzen da, kokapena eta deskribapen xehatua barne.

Share