Prentsa Oharren banner

Udal Musika Bandak gure zibilizazioen Historian barrena bidaia egitera gonbidatuko gaitu datorren denboraldian

Irailaren 8an hasiko da abonamenduen salmenta

 

‘Haec Est Victoria Quae Vincit’ (irabazten duen Garaipena’) izenburupean, abonamendu-denboraldi berria aurkeztuko du Gasteizko Udal Musika Bandak; bertan 7 emanaldi eskainiko ditu Bandak irailetik maiatzera, Principal antzokian, arratsaldeko 19:30ean.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. “2021-22 denboraldian gure zibilizazioetako Historiaren zati bat ezagutuko dugu, eta iraganaz, orainaz eta etorkizunaz jardungo dugu. Iraganeko kultura jakin batzuetara joko dugu –baskoiak, zeltak, erromatarrak…– eta gure gizarteraino iritsiko gara”, esan du Cantok.

Orduñak azpimarratu duenez, “denboraldiko kontzertu bakoitzak esapide ezagun bat izango du izenburu, eta bakoitzak unibertso desberdin batera eramango gaitu, bakoitzean historio desberdin bat kontatuko baitugu”.

Hartara, zikloa irailaren 29an hasiko da, asteazkenez, ‘Alea iacta est’ (‘Zotzak boteak dira’) izenpean, eta bertan María Hinojosa sopranoa eta Moisés Évora narratzailea arituko dira. Azaroaren 24an emakume bat gonbidatuko Bandak, zuzendari lanetarako, Margarita Lorenzo, zeinek ‘Veni, vidi, vici’ (‘Etorri, ikusi eta garaitu, dena bat’) izeneko kontzertua gidatuko baitu. Eta abenduaren 22an Steven Lin izango da Principalen, pianoaren aurrean; Udal Bandarekin batera ‘In perpetuum’ (`Betirako’) programaren baitako piezak joko ditu.

2022ko urtarrilaren 26an ‘Desideratum’ (‘Desiratzen dena’) izeneko programa eskainiko du Bandak, Pablo Urbina zuzendari gonbidatu hartuta, eta otsailaren 9an ‘Ad infinitum’ (‘Mugarik gabe’) izenekoa, Ibon Ariznabarreta flauta-jotzaile bakarlariaren laguntzarekin.

Martxoaren 16an abonamendutik kanpoko kontzertua izango da, ‘Errare Humanun est’ (‘Gizakion ezaugarria da huts egitea’) izenpean; Bandaren alboan Kloy raperoa, DJ Parrucho, Sofía Martínez konpositorea eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola arituko dira. Kohntzertu horretarako sarrerak eguna iritsi ahala erosi ahalko dira.

Eta Gasteizko Udal Musika Bandaren 2021-2022 abonamendu-denboraldia maiatzaren 11n amaituko da, ‘Carpe diem’ (‘Goza ezazu momentua’) kontzertuarekin, Javier Bonet tronpa-jotzaile bakarlari arituko delarik.

Irailaren 8ko 17.30ean (asteazkena) jarriko dira salgai 6 kontzertutarako abonamenduak, 24 euroan, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 5 euroan. Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatuz erosi ahal izango dira.

Egun horretan berean jarriko dira salgai 2020ko Urrezko Zeledonen Galarako (zein irailaren 22an egingo baita) sarrerak. Sarrera horiek 3 euro balioko dute.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

Share

“Aire zabaleko musika” zikloaren aurtengo edizioa aurkeztu du Musika Bandak

Denboraldi honetan 14 kontzertu egingo dira, ekainaren 4tik urriaren 1era bitartean, Zulueta jauregiko lorategietan eta Zabalganeko eta Hegoalde gizarte-etxeetan.

 

Gasteizko Udal Musika Bandak “ Aire zabaleko musika” zikloaren aurtengo edizioa aurkeztu du: guztira 14 kontzertu emango ditu ekainaren 4tik urriaren 1era bitartean.

“Programa Zulueta jauregiko lorategietan gauzatuko da, bi emanalditan izan ezik, haiek Hegoalde eta Zabalgane auzoetan egingo baitira. Guztiak, 19:00etan izango dira”, iragarri du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek zuzenduko dituzte kontzertuak. Biek zinegotziarekin batera parte hartu dute gaur goizean egin den prentsaurrekoan. ““Aire zabaleko musika” zikloarekin, kalitateko musika eskaini nahi diegu herritarrei kalean bertan, eta horrekin lagundu gure hiriaren suspertze kulturalean”, adierazi du Cantok.

Orduñak, aldiz, egitarauaren xehetasunak azaldu ditu; horretan, “publiko guztiak kontuan hartzen dituen askotariko errepertorio” baten alde egin dute apustua.

Zulueta jauregiko lorategiak ekainaren 4an estreinatuko dira, lehenengo kontzertuarekin. “Jatorrian” izenburuarekin, Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait autorek 1816tik 1926ra bitartean idatzitako musika joko du: Beethoven eta Arriaga, Saint-Saëns eta Sebastián Iradier eta Vaughan Williams eta Luis Aramburu. Beste hitzordu batzuk ere egongo dira ekainean, hala nola “Gerra eta Bakea” (hilaren 18a, ostirala), “New Orleansetik Abbey Roadera” (hilaren 21a, astelehena) eta “Konbergentziak” (hilaren 25a, ostirala).

Hegoalde gizarte-etxeak, berriz, uztailaren 9an hartuko du Banda, “Pertsonaia zinematografikoak” proposamenarekin, hainbat filmetako musikan oinarritua: “Spiderman”, “Zorba Greziarra”, “Gladiator”, “Batman” eta “How to train your dragon”. Eta ostiralean, uztailaren 16an, Zabalganeko gizarte-etxearen txanda izango da, John Williams konpositore estatubatuarraren omenezko monografikoa batekin; horretan, Bandak film hauetako soinu-bandak joko ditu: “Hook”, “Star Wars”, “Harry Potter” eta “Terminala”.

Abuztuan, Gasteizko ikusleek bost emanaldi gozatu ahal izango dituzte Zulueta jauregian: “Eguzkia berriz irtengo da” (abuztuaren 4a, asteazkena), “Musika eta ardoak” (abuztuaren 5a, osteguna), “Dantza eta antzerkia” (abuztuaren 6a, ostirala), “…ren abenturak” (abuztuaren 7a, larunbata) eta “Gure adinekoentzat” (abuztuaren 8a, igandea).

Hiru emanaldirekin itxiko du bere egitaraua Bandak: “So British” (irailaren 10a), “Besteren begiradak” (irailaren 17a) eta “Koktela” (urriaren 1a).

Ostiraletako kontzertuetarako gonbidapenak kontzertua egingo den asteko astelehenean lortu ahal izango dira, Udalaren webgunean, 09:30etik aurrera, eta 945 16 16 18 telefonoan, 09:30etik 14:00etara bitartean, lanegunetan. Salbuespen gisa, ekainaren 4an (ostirala) egitekoa den lehenengo kontzerturako gonbidapenak bihartik aurrera (ekainaren 1a, asteartea) erreserbatu ahal izango dira, 09:30etan, bide berberak erabiliz. Pertsona bakoitzak 2 gonbidapen erreserbatu ahal izango ditu, gehienez.

“Gasteiztar guztiak gonbidatzen ditugu “Aire zabaleko musika” zikloaren edizio honetan parte hartzera. Osasun-agintariek ezarritako neurriak beteko dira emanaldietan. Kultura segurua baita”, azpimarratu du Cantok.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

 

Share

Gasteizko Udal Bandak “Bizitza kolorean” aurkeztuko du

Martxoaren 10ean (asteazkena) izango da Gasteizko Udal Musika Bandaren abonamenduko 5. kontzertua, Principal Antzokian

Gasteizko Principal Antzokian izango da Udal Musika Bandaren abonamenduko 5. kontzertua, martxoaren 10ean (asteazkena), arratsaldeko zazpietan; “Bizitza kolorean” du izenburu. Gasteizko Bandaren zuzendari Luis Orduñak zuzenduko du emanaldia, eta Víctor de Andrés izango da tronboi-jole bakarlaria.

Aukeratutako errepertorioan pieza hauek daude: “Dalí”, Aldo Rafael Forterena; “Fantasy of the Elements”, Silvia San Miguelena, eta “Colors”, Bert Appermont-ena. Lehenengo aldiz joko du Bandak hiruretako bakoitza.

Silvia San Miguelek bere lanari buruz hitz egin du gaur goizeko prentsaurrekoan. “‘Elementuen fantasia’ deitzen diot, asko gustatzen zaidalako Young. Konposatu nuenean, pertsonalitateei buruz egiten zuen analisiari buruz irakurtzen ari nintzen, eta pertsonalitate horiek lau elementuekin lotzen zituen, eterraz gain, zein ez baitut obran sartu”.

“Jarraitu Bandari” ekimenari esker, kontzertua streaming bidez ikusi ahal izango da udalaren webgunean.

Zuzendariaren oharrak

“Olinpon Zeus oroimenaren jainkosa Menmosinerekin maitemindu zen, eta pasioz betetako bederatzi gauetan giza inspirazioaren iturri diren bederatzi musak sortu zituzten, mitologia greziarraren arabera. Jainkosa haiek lurrera jaisten ziren haiei dei egiten zienei ideiak xuxurlatzera eta inspirazioa ematera.”

“Baina inspirazio-iturriak beste esparru lurtarragoetatik etor daitezke, noski. Arkitektoek, margolariek, eskultoreek edo idazleek naturako elementuetan, kolorean, batik bat, aurkitu dute hain “irrikatutako inspirazioa”. Musika-konpositoreek, jakina, gauza bera egin dute, eta horren hiru adibide entzun ahalko dituzue programa honetan.”

“Gasteizko konpositore Silvia San Miguelek naturaren oinarrizko lau elementuetan aurkitu du sorkuntza-bultzada, airea-lurra-ura-sua elementuetan, alegia, eta suiteko mugimendu bana dedikatu die. Aldo Rafael Forte kubatarrak, berriz, gauza bera egingo du Salvador Dalí artistaren obra koloretsu, komiko eta surrealistekin. Azkenik, obra ikusgarri bat aurkeztuko dugu, Bert Appermont belgikarrarena, tronboi eta bandarakoa; horretan, kolore bakoitzak mugimendu bat inspiratu du.”

“Zein garrantzitsua den kolorea gure bizitzetan! Eta zein beharrezkoa musika! Eta nolako bategite txundigarria ateratzen den kontzertua zentzumen guztiekin goza dezagun elkar hartzen dutenean musikak eta koloreek!”

Luis Orduña

Streaming bidez ikusi 

 

 

Share

Udal bandak herritarren eskura jarriko ditu bihar Félix Petite antzokian eskainiko duen kontzerturako gonbidapenak

Gaur 17:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira Gasteizko gizarte-etxeetan, eta bihar, antzokian bertan.

Gasteizko Udal Musika bandak herritarren eskura jarri ditu bihar Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian emango duen ‘Paisaia sekretuak’ kontzerturako gonbidapenak. Hiriko gizarte etxeetan eskuratu ahalko dira gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta bihar, antzokian bertan.

19:00etan hasiko da kontzertua, Iker Olazabalek zuzenduta, eta ordu eta laurden iraungo du, gutxi gorabehera.

Obra hauek entzun ahal izango dira: Serge Lancenen ‘Symphonie de Paris’, John Barryren ‘Out of Africa’ eta Kevin Houbenen ‘Arcana’. Horietaz gain, R. Vaughan Williamsen ‘Folk song suite’ eta Melvin Sheltonen ‘Basque Rhapsody’.

Share

‘Paisaia sekretuak’ kontzertua eskainiko du Udal Bandak, asteazkenean, Félix Petite antzokian

19:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da —edukiera bete arte

Gasteizko Udalaren Musika Bandak ‘Paisaia sekretuak’ kontzertua eskainiko du urtarrilaren 20an, asteazkenez, Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta Iker Olazabal izango da zuzendaria. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte.

“Kontzertu honen bitartez, Gasteizko auzoetara eraman nahi dugu kultura. Eskuarki antzezlanak hartu ohi dituen Félix Petite antzokiak udal bandaren kontzertua hartuko du oraingo honetan. Musikarekin liluratzera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Obra hauek entzun ahal izango dira: Serge Lancenen ‘Symphonie de Paris’, John Barryren ‘Out of Africa’, Kevin Houbenen ‘Arcana’, R. Vaughan Williamsen ‘Folk song suite’ eta Melvin Sheltonen ‘Basque Rhapsody’.

Gutxi gorabehera, ordu eta laurden iraungo du emanaldiak.

 Zuzendariaren oharrak

“Ferrán Adriá sukaldariak dioen bezala, inspirazioa etorri etortzen da, baina adi egon behar da harrapatzeko. Eta hortik dator ‘Paisaia Sekretuak’ deitu diogun kontzertu hau: liluratzen duten soinu, usain, kolore eta giroak izan dira konpositoreak musika-notetara ekarri nahian jarri dituztenak.

Paris hiri apartak piztu zion inspirazioa Serge Lanceni; Afrika kontinente osoko atmosfera bereziak, aldiz, John Barryri, eta hala jarri zion soinu-banda ‘Out of Africa’ filmari. Baina ez dago zertan hain urruti joan, inspirazio bila, edo bai; izan ere, gure lur hauetan aurkitu zuen Melvin Shelton amerikarrak, eta hortik sortua da ‘Basque Rhapsody’ obra. Beste batzuek, hala nola Vaughan Williams britainiarrak, beren herriko folklorea baliatu izan dute. Banden errepertorioko obra handi bat ondu zuen hark horrela, ‘Folk Song Suite’. Eta, azkenik, bada dena kontatu nahi ez digunik ere, hala nola Kevin Hoube, zeinek beretzat gorde baitzuen —misterio edo sekretu kutsuko bere ‘Arcana’ horretan— inspirazioaren iturria, eta bere musika miragarria bakarrik eskaini.” Iker Olazabal

 

 

 

Share

Udal Bandak ‘Beethovenen Gasteiz’ aurkeztuko du abenduaren 16an

Principal antzokian izango da kontzertua, eta streaming bidez ere jarraitu ahalko da

Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua aurkeztu du:  ‘Beethovenen Gasteiz’ izenburua du, eta abenduaren 16an (asteazkena) eskainiko du, Principal antzokian. Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Patxi Viana historialariak hartu dute parte prentsaurrekoan.

Orduñak azaldu duenez, abenduaren 16an, hau da, kontzertuaren egunean, konpositore alemaniarrak 250 urte beteko zituen. “Jada gure artean ez badago ere, haren legatua funtsezkoa izan da, eta izango da, geroko konpositoreentzat. Eta horixe da nolabait aurkezten ari garen kontzertuaren gaia, iraganaz eta etorkizunaz ari baita, tradizioa eta abangoardia nahastuz”, haren hitzetan.

Hasteko, ‘In the Shadow of Napoleon’ (Napoleonen itzalean) lana joko dute, Bert Appermont egile belgikarrarena. Napoleon Bonapartez gain, Louis-Joseph Marchand lekaioa da pieza horren protagonista.

Ondoren, gaur egunera egingo dute jauzi, Amparo Edo Biol konpositore valentziarraren ‘Snapan’ lanarekin. Lan erritmikoa da, apurtzailea eta indartsua, oraingo komunikatzeko moduak eta sare sozialak gaitzat dituena.

Hirugarrenik, saioko pieza nagusia eskainiko dute, ‘Gasteizko Bataila’. Beethovenek Arabako hiriburuan 1813an izandako gertakari historikoa kontatzen du, zeinak Napoleonen inperioaren gainbeheraren hasiera markatu baitzuen.

Bandaren zuzendariak adierazi duenaren arabera, lan programatiko eta komertziala da, artistaren ospea mundu osoan zabaltzen lagundu zuena; hain zuzen ere, Zazpigarren Sinfoniarekin batera estreinatu zuen, eta protagonismoa kendu zion lan horri.

Patxi Viana historialariak, berriz, sarrera historikoa egin du, Beethovenek sinfonia zein testuingurutan idatzi zuen eta zein baliabide erabili zituen azalduz. “Deigarrien gertatu zaidana da 1907an Beethovenen sinfonia horri Garaipen Sinfonia izena eman ziotela Gasteizen.  Oso izendapen bitxi eta interesgarria deritzot“, nabarmendu du.

Amaitzeko, ‘Extreme Beethoven’ lanaz gozatu ahalko du publikoak. Horren bidez, Johan de Meij holandarrak omenaldia egiten dio konpositore alemaniarrari, eta haren sinfonia, sonata eta oberturen motiboak nahastuz lan izugarria sortu.

Streaming bidez ere entzun ahalko da kontzertua, udalaren web-orrian, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker.

 

Share

Streaming bidez emango ditu kontzertuak udal bandak, azaroaren 25etik aurrera

Isabel Rubiok zuzenduko du, datorren asteazkenean, ‘Haizea alde’ saioan

Gasteizko Udal Musika Bandak streaming bidez emango ditu kontzertuak azaroaren 25etik aurrera, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“‘Jarraitu bandari’ ekimenarekin, publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu. Pandemiak eragindako edukiera-murrizpena dela eta, 400 gasteiztar baino ez daitezke joan bandak Principal antzokian egiten dituen kontzertuetara. Neurri horrekin, handitu egingo dugu edukiera, zeharka, denboraldi honetan programatutako hitzordu interesgarriez gozatzeko aukera jende gehiagok  izan dezan”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Udalaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira saioak, esteka honetan.

Gainera, emanaldiak burutzen direlarik, edozein unetan berreskuratu ahal izango dira, grabazioak Youtuben geratuko baitira. “Horrela, Gasteizko Udal bandaren lana, klik bakar batekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango da”, gaineratu du Cantok.

Era berean, kontzertuen audioa eskainiko du Radio Vitoriak, Udal bandako zuzendari Luis Urduñak proposatutako errepertorioekin gozatzeko aukera izan dezaten entzuleek.

Azaroaren 25ean, asteazkenez, Principal antzokian izango den udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan da Urduña, zinegotziarekin batera. Isabel Rubiori utziko dio zuzendari-makila zuzendariak —prentsaurrekoan izan da hura ere—, ‘Haizea alde’ emanaldian banda zuzendu dezan.

“Emakumeek musikan jokatzen duten papera nabarmentzeko garaia da. Hori dela eta, emakumezko orkestra-zuzendari gonbidatu bat izango dugu, lehenengo aldiz. Isabel Rubio, Vigo 430 orkestrako eta Granadako Gazte Orkestrako zuzendari laguntzailea, Estatuko eta Europako musika-zuzendari gazte nabarmenen artekoa dugu”, azaldu du Luis Urduñak.

“Curriculum ikaragarria du, eta bere dohainek guztiz egokia bihurtzen dute, kontzertu honetan gurekin aritzeko. Zailtasun handiko errepertorioa ekarri digu, interes handikoa, musikarientzat nahiz entzuleentzat”, gaineratu du.

Isabel Rubiok adierazi duenez, “artea, oro har, eta musika, bereziki, beti izan dira babesleku eta adierazpide gizakiarentzat. Emozioak areagotzen ditu musikak, paisaiak eta oroitzapenak iradokitzen; kausa komun baten ereserki izan liteke. Balia dezagun tresna zoragarri hau, Gasteizko Udal Musika Banda, baikortasunari eta alaitasunari ateak irekitzeko, garai nahasi hauetan.”

María José Belenguerren ‘Las Carboneras del Nalón’ eta Amando Blanquerren ‘Entornos’ lanak barne hartzen ditu egitarauak, Gasteizko Udal Musika Bandak lehenengo aldiz joko dituen piezak. Errepertorioa osatzeko, Alfred Reeden ‘Curtain Up!’, Mark Camphousen ‘A Movement for Rosa’ eta Johan de Meijen ‘Songs from the Catskills’.

“Udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertuaz, ‘Haizea alde’ honetaz gozatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, dela zuzenean, Principal antzokian, dela internet bidez”, adierazi du Estibaliz Cantok.

Isabel Rubiori buruz

Orkestra zuzendari murtziarra, gaur egun Vigo 430 orkestraren eta Granadako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzailea. 2018/19 denboraldian Valentziako orkestrako zuzendari laguntzailea izan zen. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Valentziako Erkidegoko Orkestra Federala, Sine Tempore Ganbera Orkestra eta Madril, Bilbo, Alacant, Pontevedra eta Santiagoko udal bandak zuzendu ditu.

San Pedro del Pinatar eta Santomerako banden zuzendari titularra izan zen, Murtzian, eta Lalíngo bandarena, Pontevedran.  Brussels Philarmonic Orchestrako eta Tournaiko Chapelle Musicaleko kidea izan zen, Belgikan, eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikokoa.

Irabazle izan zen Alacanteko Orkestra Zuzendaritzako I. Lehiaketan, Villena Hiriko Nazioarteko I. Zuzendaritza Lehiaketan eta Bilboko Orkestra Zuzendaritzako I. Topaketetan. Era berean, ohorezko aipamena eta lehen saria jaso zituen Kartagenako VI. eta X. ‘Concurso de Música Entre Cuerdas y Metales’ lehiaketetan. Atzerrian, hainbat zuzendaritza-lehiaketatan izan da hautatua: Frantzian (Besançon), Portugalen, Alemanian, Holandan eta Italian, non ‘Guido Cantelli’ Nazioarteko XI. Sarian finalerdira iritsi baitzen.

Ospe handiko jaialdietan zuzentzen du, hala nola Cuencako Erlijio Musikaren Asteko Nazioarteko Jaialdian, Valentziako Orkestraren Konposizio Topaketetan, Portugaleko Ourearte Music Festen, CullerArts Nazioarteko biolin Lehiaketan eta Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Hurrengo konpromisoen artean, hauek ditu: Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean Lucas Macíasen laguntzailea aritzea eta Castellóko Gazte Orkestra Sinfonikoa eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, gonbidatu gisa.

Informazio gehiago

 

 

Share