Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 12:43

 

 

 

 

 

 

PROIEKTUAK

Gaur goizean, ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren bosgarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Erakundeen ekimen horren bitartez, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak, berriz, honakoa adierazi du: “bateren batek galdetuko du programa honen inguruan, ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa.
Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban…
Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena”
.

2018an lan hauek aukeratu ziren: Beñat Goitia eta Montauk-en diskoa, abenduaren 23an Oihanederren estreinatu zena; Urko Saenz de Buruagaren ‘Oskola’ (martxoaren 22an aurkeztuko da), Eñaut Gorbearen ‘Inkuren itzala’ (apirilaren 11n estreinatuko da, Aldaben), Eguzki Donnellan eta Haizea Berueteren ‘Tripak: huts bete hots’ (apirilaren 4an aurkeztuko da, Aldaben), eta Miren Narbaiza eta Joseba Baleztenaren ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ (maiatzaren 18an estreinatuko da, Aldaben).

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—; ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 apirila 2018 13:22

Ane Gebarak, Iñaki Landa eta Mikel Buruagak, Egoitz Díazek, Lurburu kolektiboak eta Irantzu Lekue eta Olatz Alonsok jaso dituzte laguntzak.

Irekita dago bekaren hurrengo ediziorako epea.

Gaur goizean, ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren laugarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira, Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Iazko irailetik, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da ekimen honen helburua, eta hiriko zein lurraldeko sorkuntza guneen jarduerari laguntzea”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. “Gazteen sormena bultzatu nahi dugu, euskararekin eta ahozko transmisioarekin loturiko proiektuen bidez. Baita Gasteizko eta Arabako kultur programazioa osatu ere”, esan du Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Lunak.

2017an egitasmo hauek aukeratu ziren: ‘Harriek kontatu didatena’, Ane Gebararena; ‘Orainaldian’, Hindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagarena; ‘Atabala eta Euria’, Egoitz Díazena; ‘Barrunbeko lurretan’, Lurburu kolektiboarena, eta ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’, Irantzu Lekue eta Olatz Alonsorena. Proiektuak apirilaren 13tik aurrera aurkeztuko dituzte artista gazteek,  Oihaneder Euskararen Etxean.

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2018an.  Izan ere, uztailera arte egongo da irekita izena emateko epea. Artistek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz aurkez dezakete ideia —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—, edo Udalaren Erregistro Nagusian zein gizarte etxe batean. Ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

GAZTE SORTZAILEAK-2018_ESKUORRIA_

Share