Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 12:43

 

 

 

 

 

 

PROIEKTUAK

Gaur goizean, ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren bosgarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Erakundeen ekimen horren bitartez, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak, berriz, honakoa adierazi du: “bateren batek galdetuko du programa honen inguruan, ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa.
Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban…
Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena”
.

2018an lan hauek aukeratu ziren: Beñat Goitia eta Montauk-en diskoa, abenduaren 23an Oihanederren estreinatu zena; Urko Saenz de Buruagaren ‘Oskola’ (martxoaren 22an aurkeztuko da), Eñaut Gorbearen ‘Inkuren itzala’ (apirilaren 11n estreinatuko da, Aldaben), Eguzki Donnellan eta Haizea Berueteren ‘Tripak: huts bete hots’ (apirilaren 4an aurkeztuko da, Aldaben), eta Miren Narbaiza eta Joseba Baleztenaren ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ (maiatzaren 18an estreinatuko da, Aldaben).

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—; ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2018 12:04

 

 

 

Mikel Arranz, Irene Santiago, Mikel Romero eta Adriana Fariñas & Ibai Cobok beren argazkiak eta bideo-sorkuntzak erakutsiko dituzte 2018ko martxoaren 23tik maiatzaren 2ra arte

Gau arratsaldetik maiatzaren 2ra arte ikusi ahalko da “Tetrapack 2018” erakusketa Amarika aretoan, zeinak Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketa irabazi duten proposamenak biltzen baititu.

Tetrapack-en helburua arte sorkuntza sustatzea da, eta erakustokiak hartuz sortzaile berrien lana ikusaraztea. Gazteen sorkuntzarako sari horrek ez dakar berekin diruzko ordainsaririk. “Gazte Klik Klak lehiaketak proiektu batean parte hartzeko bide ematen du, prestakuntza-prozesu baten bitartez, zeinaren ondoren saritutakoen lana ezagutarazten baita. Horri esker, irabazleek erakusketa partekatu batean agerraraz dezakete beren lana, argazkigintza, bideo-sorkuntza eta arte plastikoen alorreko adituen laguntzarekin”, azaldu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Luna eta artista irabazleekin batera erakusketa aurkezteko egin duen prentsaurrekoan.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatu du erakusketa, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin. Mikel Arranz, Irene Santiago, Mikel Romero eta Adriana Fariñas & Ibai Cobok aurkeztuko dituzte beren lanak Tetrapack-en bederatzigarren edizioan, eurek irabazi baitzuten 2017ko Gazte Klik Klak lehiaketa; “Identitateak” lemaren pean, Gasteizko gazteen ideiak osatzen dituzten askotariko identitateak aurkitu eta agerian jartzea eskatu zitzaien parte-hartzaileei.

ZAS Kultur kolektiboaren ordezkari Nerea Lekuona artista gasteiztarra izan da 2017ko Gazte Klik Klak-en zein 2018ko Tetrapck-en komisarioa. Orobat, komisario elkartu batek hartu du parte edizio honetan, Gazte Klik Klak-en aurreko lehiaketak irabazi dituztenen artetik hautatua. Zehazki, Jon Gorospe argazkilari gasteiztarra izan da. Komisarioarekin batera estuki lan egin du eta, hartara, bere ibilbide luzeari garatzeko eta esperimentatzeko beste eremu bat gehitu dio.

 

600 gazte baino gehiago bederatzi ediziotan

Orain arte, 600 pertsona inguruk hartu dute parte Gazte Klik Klak-en; horietatik, ia 100ek erakutsi dituzte beren lanak Gazte Klik Klak erakusketan, eta horretaz gain, 36k Tetrapack-en.

Jon Gorosperena berarena, aurtengo lehiaketaren komisarioa, edo beste izen batzuk, hala nola Sara Berasaluce, Leire Baztarrica, Iñigo Grasset, Jaime Venega eta Jennifer Custodiorena, hasi dira jada entzuten Gasteizko artearen munduan, Gazteria Zerbitzuak beren hirian nabarmentzen lagundu baitie, inor ez dela profeta bere herrian dioen topiko tristea hautsiz. Tetrapack, guztiaren gainetik, ikasteko espazioa da, artista gazteek gure lurraldean sorkuntzaren alorrean ibilbide aitortua duten pertsonen aholkularitza jasotzen baitute beren lanak ekoizteko. Arte sorkuntza sustatu nahi du, eta erakustokiak hartuz sortzaile berrien lana ikusarazi“, azaldu du Iñaki Prusillak.

Dosierra (pdf)

Katalogoa (pdf)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2018 13:47

 

2017an, ia 700 gaztek erabili zituzten doako eta isilpeko zerbitzu horiek, sexualitatearekin, psikologiarekin edo zuzenbidearekin lotutako zalantzak argitzeko

Zabalgarria

Gazteria Zerbitzuak sexualitatearekin, psikologiarekin edo zuzenbidearekin lotutako zalantzak argitzeko gazteei eskaintzen dizkien hiru aholkularitzak ezagutarazteko irudia berritu du. 

“Gazteei gonbit egiten diegu baliabide horiek erabiltzeko, informazio kontrastatuaren bidez, erabakiak hartzen eta beren garapen prozesuan beldurrak eta zalantzak argitzen laguntzen baitiete. Doako zerbitzuak dira, arreta pertsonalizatua eta isilekoa ematen dutenak, eta oso harrera ona izan dute sortu zirenetik”, nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Iaz 2.535 kontsulta jaso zituzten aholkularitzetan, eta ia 700 hurbildu ziren informazio eske.

Asexoriak sexualitatearekin lotutako aholkularitza ematen die 14 eta 30 urte bitarteko gazteei, baita gazteekin diharduten agenteei ere. Erotika, kontrazepzioa eta bikote zailtasunak dira gai nagusiak.

Psikoasesoriak une jakin batean igarotzen ari diren egoera ulertzen laguntzen die 14 eta 30 urte bitarteko gazteei. Harreman zailtasunak (bikotekidearekin edo familiarekin) eta arazo psikopatologikoak (depresio sintomak, umore eta emozio gorabeherak) izan ohi dira Gasteizko gazteek kontsultatutako gaiak.

Agian Aholkularitza Juridikoa da gutxien ezagutzen dena, sortu den azkena izanik.  Lege aholkularitza eskaintzen die 16 eta 35 urte bitarteko gazteei, gehien bat arlo hauetan: lan orientabideak, etxebizitza eta administrazio-gaiak (isunak…).

Zabalkunde handiagoa ematearren, Udalak zerbitzu horien irudia berritu du, eta horiei buruzko informazio elkartu, “Ez diezazutela pelikularik kontatu” lemaren pean; web-orrian atal berezi bat sortu du: gazteentzako aholkularitzak

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2017 13:22

Gaur arratsaldean, Gazteria elkarguneak parte hartzeko dinamika baten bidez aztertuko du ordenantzaren zirriborroa, zerikusia duten agenteen ekarpenez aberasteko

 Udalak berriro ekin dio gazteen lonjak arautzeari; gaur arratsaldean bertan, gazte taldeek eta udal zerbitzuek aurreko agintaldian Sindikoak aurkeztu zuen ordenantza-zirriborroari ekarpenak egiteko prozesua jarriko da abian.

Zerikusia duten agenteen ekarpenek ordenantza-zirriborroa aberastea da prozesuaren xedea, ondoren ordenantza-proposamen bat landu eta ohiko bideetatik onets dadin.

Ordenantza berriaren helburua litzateke gazteekautokudeatutako aisialdi-espazioak eta hiriko gainerako interesak normaltasunez bateratzea. Bestetik, aisia lonjetan ematen duten gazteen eta bizilagunen arteko bizikidetza hobetu nahi da. Beste helburuetako bat gazteen zein bizilagunen segurtasuna hobetzea da, eta gazteei informazio argia ematea lonja bat aisialdirako alokatzeko egin behar dituzten izapideei buruz, baita erabiltzeko eskubide eta betebeharraei buruz ere.

“Gure ustez, leku horien balioa aitortu behar dugu, gazteek autokudeatutako aisialdi-espazioak diren aldetik, eta askotan gizartean duten irudi negatiboa hautsi. Izan ere, leku horiek gazteen autonomia eta erantzukizuna sustatzen dute: gazte-taldeak aretoa bilatu, aukeratu eta alokatu  egin behar du, barne araudia ezarri, zereginak banatu, etab. Aldi berean, auzokoen bizitza ukitzen dute, eta bizikidetza errazteko konpromisoak eta betebeharrak hartu behar dituzte beren gain. Arauetan hutsune bat dago, eta horrek zalantzak sortzen ditu tartean dauden aldeen eskubide eta betebeharrei buruz, eta batzuetan segurtasun falta gazte eta auzokoentzat”, azaldu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Gaur hasitako prozesua 2018ko martxorako amaitzea espero da, denbora hori beharko baita ordenantzak jaso behar dituen alderdi guztiak aztertzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 iraila 2017 11:44

 

24 elkarte eta taldek hartu dute parte  programa hau lantzen, eta honakoak hartzen ditu barne, besteak beste: jaialdi afrikanista, hainbat musika generotako kontzertuak, lantegiak, lehiaketak, txapelketak eta erakusketak.

 

DOSIERRA (pdf)

Kultura eta aisialdirako Gauekoak programak 30 jardueratik gora izango ditu aurtengo udazkenean, eta hiriko hainbat gune jardueraz beteko ditu larunbat honetatik, irailaren 9a, abenduaren 16ra bitartean.

24 elkarte eta taldek hartu dute parte Gasteizen sendotuta eta hiriko elkarteen artean oso errotuta dagoen programa honen egitaraua prestatzen. Honakoak antolatu dira, besteak beste: jaialdi afrikanista, hainbat musika generotako kontzertuak, lantegiak, lehiaketak, txapelketak eta erakusketak. “Urte hauetan guztietan, gure hiriko aisialdian gazteen ikuspuntua txertatu ahal izan dugu Gauekoak programari esker eta, aldi berean, gazteek berek programa aktiboa lantzea lortu dugu, kultur, aisialdi eta kirol arloetan” nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Gazteria Zerbitzuak parte-hartzea (elkarteena zein banako gazteena) eta sarean lan egitea errazten duen egitura bat eraikiz joan da; genero-ikuspegia kontuan hartzen duen eta  jardueretan euskararen erabilera indartzen duen egitura.

“Proiektu honetan batera edo bestera parte hartzen dugunok aisialdi eta denbora libre inklusibo, parte-hartzaile eta integratzailetik sortzeko espazioa lortu nahi dugu, gure hiria gazteen ikuspegitik eraikitzen lagunduko duena.    Gonbidapena egiten diegu Gasteizko gazteei diziplinarteko proiektu partekatu honetan parte hartzera, ez bakarrik aisialdia, ikuskizunak eta era guztietako ekintzen kontsumitzaile gisa, baizik eta proiektu honen proposamen eta jarraipenean parte aktibo izatera, Elkarteen Federazioak eta Gazteria Zerbitzuak gazteen esku utzitako bitartekariak erabilita”, azaldu du Prusillak.

 

EKINTZAK

 

MUSIKA

  • ALQUIMIA

Irailak 15 (ostirala). 20.00 – 21.30. Aldabe GE

Lumen bertako talde gaztearen kontzertua, zeinean modalitate artistiko desberdinak batuko diren eta bi musikari nagusiek izango duten bodypainting lana nabarmenduko den. Helburua musikari, dantzari, margolari, aktore, etab. desberdinen arteko sinergiak sortzea da, aipatutako guzti hauek Gasteizko artista gazteak izanik.

 

  • MUXU ZITALA FEST

Irailak 23 (larunbata). 19.30. Artium

Bertako musika talde gazteek esperientziadun beste musika taldeekin eszenatokia partekatzeko festibala.

 

  • MISILA ROCK

Urriak 28 (larunbata). 20.00 – 23.00

The Gratix, Ausart  eta Bad Trip bertako talde gazteen kontzertua.

 

  • JAMMING GAUEKOAK

Azaroak 4 (larunbata). 20.00 – 22.00. Gaztetxe plaza

Musika inprobisazio saioa, jamming musikariekin eta Gaur egungo musika tailerreko partaideekin.

 

  • AKUSTIKA

Azaroak 5, 12, 19 eta 26 eta abenduak 3 (igandea). 19.00 – 20.30. Luis Aramburu Udal Musika Eskola

Emakumeen taldeek eskainitako euskarazko kontzertu akustikoen zikloa.

 

  • AHOTS GORA

Azaroak 23 (osteguna). 20.00 – 23.00.  Gora Taberna

Gasteizeko talde gazte baten eta talde internazional baten kontzertua.

 

  • I. BATTLE

Abenduak 2 (larunbata). 19.00 – 21.00. Landatxo polikiroldegia

V.I. Battle rap abeslarientzako bat-batekotasuneko eremuko jolasa da. Inprobisazioaren gaitasun desberdinak neurtzeko 3 froga desberdin ditu, bakoitza zailtasun gehiagok aukera duelarik.

 

  • ZE MARTXA JAIA!

Abenduak 16 (larunbata). 21.00 – 23.30.

Denboraldi amaierako jaialdia, Fox eta bere jazz banda eta Cigarette Scar Duoren kontzertuekin.

 

SORMENA

  • ZINEXPRESS

Azaroak 18 (larunbata). 8.00 – 00.00. Artium

Egun batean egindako laburmetraien txapelketa.

 

  • LURBURU

Azaroak 25 (larunbata). 21.00. Oihaneder Euskararen Etxea

Emakumeenganako biolentziaren aurkako egunagatiko performance artistikoa.

 

KIROLA

  • PARKOUR & FREESTYLE

Irailak 16 (larunbata). 17.30 – 21.30. Mariturriko parkea

Parkour erakusketa zirkuitua Los Nadie kolektiboaren zuzeneko musikarekin, jatorri desberdineko pertsonak batuz Gasteizen jarraitzaileak dituen kirol berri honen inguruan.

 

  • 5€ FOR TRICK

Irailak 30 (larunbata). 17.00 – 20.00. Ibilbidea

BMXko txapelketa ibiltaria, zeinean parte-hartzaileek hiriko puntu desberdinetan trukuak egin behar izango dituzten eta leku bakoitzean trukurik  hoberena egiten duena 5€ irabaziko dituen.

 

  • ROLLER DERBY

Urriak 21 (larunbata). 17.00 – 19.00. Landatxo polikiroldegia

Roller Derbyko erakustaldia arabako Uluka taldearen eskutik, kirol hau hurbiltzeko asmoz ariketa desberdinen eta partidu baten erakusketaren bidez.

 

  • QUIDDITCH EUSKAL KOPA

Urriak 22 (igandea). 9.30 – 19.30. La Vitoriana futbol-zelaiak

Euskadi mailako Quidditch txapelketa, zeinean talde desberdinak titulua jokatuko duten.               

 

 

TAILERRAK

  • SMART STORY TELLING

Irailak 16 eta 17 (larunbata eta igandea). 9.00 – 14.00. Aldabe GE

Proiektu hau istorioak eta pertsonai propioak sortzeko eta kameraren aurrean hauei bizitza emateko aukera ematen du, erreminta gisa norberaren smartphona erabiliz.

 

  • ABLETON LIVE

Irailak 19, 21, 26 eta 28 (asteartea eta osteguna). 19.00 – 21.00. Laklabe

Musika elektronikoko autoprodukzio tailerra. Ableton plataformak eskaintzen duen aukeren erakusketa teorikoa zein praktikoa, gaur egun gogor jotzen ari den programa bere malgutasun eta erraztasunagatik.

  • KONTZERTU ARGAZKILARITZA

Irailak 22, 23 eta 24 eta azaroak 3, 4 eta 5 (ostirala, larunbata eta igandea). 19.00 – 22.00, 10.00 – 14.00 eta 17.00 – 20.00 eta 10.00 – 13.00.  Hegoalde GE, Iparralde GE eta  Artium

Kontzertu argazkilaritzaren teknika teorikoa nahiz praktikoa ezagutzeko tailerra. Apunteak, material grafikoa eta erremintak ipiniko dira ikasleen eskura, eta Gauekoakeko zuzeneko musikako ekintzetan egingo dira praktikak.

 

  • FELDENKRAIS

Irailak 29 eta urriak 6, 20 eta 27 (ostirala). 17.30 – 21.30. Lakua GE

Feldenkrais tailerra, mugimenduaren bidez ikastea ahalbidetzen duen heziketa metodoa, sentsazioak, sentimenduak eta pentsamenduak hobetuz eta nerbio-sistema erlaxatuz.. Osasun-iturria eta gaixotasun fisikoak edota psikikoak saihesteko bidea da.

 

  • ARTZIKIROLA

Urriak 3, 10, 17, 24 eta 31, azaroak 7, 14, 21 eta 28  eta abenduak  5 eta 12. 19.00 – 21.00. Landatxo polikiroldegia

Artzikirola euskal kirol berriaren erakusketa eta ikasketa.

 

  • RELATOS REUNIDOS

Urriak 6 eta 7 eta azaroak 11 eta 12 (larunbata eta igandea) eta azaroak 17 (ostirala). 17.00 – 20.00, 10.00 – 14.00, 9.00 – 14.00 eta 19.00. Arabako Argazkilaritza Elkartea eta Atelier Zigor Anguiano

Bideo formatuko story telling-etik sortzen den proiektu artistikoa. Helburua ikasle bakoitza filmaketaren eta muntaketaren bidez zinematografiari zuzendutako adierazpen pertsonalaren oinarrizko erremintak ikastea da.

 

  • GAUR EGUNGO MUSIKA TAILERRA

Urriak 6, 13, 20 eta 27 (ostirala). 19.30 – 21.00. Landatxo GE

Baxu elektrikoa, bateria, gitarra elektrikoa, teklatua eta errimen tailerra.

 

  • DEFENTSA PERTSONALA

Urriak 17, 19, 24 eta 26 (asteartea eta osteguna). 19.00 – 21.00. Lakua GE

Gure gorputza erabiliz erasoak saihesten ikasteko ikastaroa, ikasleei beraien buruarekiko konfiantza handituz eta segurtasun sentsazio gehiago emanez.

  • GIFF

Azaroak 3 eta 4 (ostirala eta larunbata). 18.00 – 21.00, 10.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.00. Luz Roja eta Saregune

Animazio digitalak sortzeko tailerra.

 

  • TXALAPARTA IKASTAROA

Azaroak 4, 11, 18 eta 25 (larunbata). 18.00 – 20.00. Aldabe GE

Txalaparta jotzen ikasteko kurtsoa.

 

  • PENTSAMENDU KRITIKOA

Azaroak 7, 9, 14 eta 16 (asteartea eta osteguna). 19.00 – 20.30. Iparralde GE

Pentsamendu kritikoaren oinarriak ikasteko tailerra, gero hauek egunerokotasunean aplikatu ahal izateko.

 

  • GAUEKO ARAGAZKIALRITZA ETA LIGHTPAINTING

Azaroak 10, 17  eta 24 (ostirala). 21.00 – 00.00. Armentiako tunelak

Gaueko argazki erakusketa eta lightpainting, reflex kamera erabiliz eta argazkiaren mundu liluragarrian sartuz.

  • DEDEDO

Azaroak 24 eta 25 (ostirala eta larunbata). 18.00 – 21.00, 10.30 – 13.30 y 18.00 – 20.00. Luz Roja eta Saregune

Animaziozko liburu bat egiteko tailerra.

 

ZINEMA

  • ZINEMAKTIVISM

Azaroak 30  eta abenduak 14 (osteguna). 19.00 – 21.00. Landatxo GE

Sexualitate dibergentei buruzko zinema zikloa, zeinean gai desberdinak jorratzen dituzten dokumentalak proiektatuko diren: dibertsitate funtzionala, LGTBI, GIB,…

 

SPEZIAL

  • MALDANBERA FEST

Irailak 9 (larunbata). 11.00 – 20.00. Eulogio Serdán pasagunea

Edizio honetan kaleko musika, musika beltza, muralak eta Manuel Iradier Afrikanista Elkartearekin elkarlana batuko dituen festibala. Boniface Ofogo ipuin-kontalaria, auzoko familia atzerritarrek sukaldatutako bazkari herrikoia, musika eta Fill in Culturek egindako eta gazteek parte hartutako mural erraldoia egongo dira.

 

  • ROLA ZUZENEAN

Irailak 22, 23 eta 24 (ostirala, larunbata eta igandea). 17.00 – 22.00, 10.00 – 22.00 eta 10.00 – 15.00. Auzolana parkea

Ekintza benetako istorio bat sortzean datza, Erdi Aroko Azokaren giroaren eta Gasteizeko alde zaharraren barruan.

 

  • EMAKUMENAK ETA PUNTO

Urriak 20 (ostirala). 20.00. Artgia

Eider Bernaola argazkilari gasteiztarraren lanaren erakusketa, non bere argazkilaritza ikuspegi feminista batetatik ikusi ahal izango dugun.

 

  • IBILBIDE EZ MURALISKTIKOA

Urriak 20 eta 27 (ostirala). 19.30 – 21.30. Ibilbidea

Ekintza honen 2. Edizioa, zeinetan graffitia abiapuntu izanda Gasteizeko kaleetan zehar ibilbide bat egingo den duela 20 urteko lehenengo graffitietatik gaur egunekoetara.

 

  • GASTEIZ Z INFEKZIOA

Urriak 31 (asteartea). 21.00 – 2.00. Abetxuko

Zonbien inguruko gaueko gymkhana bat egitean datzan proiektua. Partaide batzuk “ez kutsatuak” izango dira eta bizirik irauteko helburua izango dute, eta besteek “kutsatuak” edo zonbiak izango dira eta “ez kutsatuak” harrapatzeko eta infektatzeko helburua izango dute.

 

  • INFORMATIKAKO 40 URTE EUSKAL HERRIAN

Azaroak 2 (osteguna). 19.30. Vital Fundazioa Aretoa

Informatika Euskal Herrian azkeneko 40 urteetan izan duen bilakaeraren erakusketa.

 

  • OJO DE TIGRE

Abenduak 2 (larunbata). 10.00 – 20.00. Santa Maria Katedrala aterpea

Gauekoak Elkarteen Federazioa osatzen duten elkarteen arteko Dinamika desberdineko konbibentzia.

 

  • ASPACEREN 3 URTAROAK

Abenduak 15 (ostirala). 19.30. Ibaiondo GE

Aspaceko marraketa tailerreko ikasleek kurtso hionetan egindako lanen erakusketa.

 

  • ZURE BEGIRADA ESPLORATU

Abenduak 15 (ostirala). 19.30. Arte eta Lanbide Eskola

Gauekoakeko Udaberria – Uda denboraldian izandako Zure begirada esploratu tailerrean egindako lanaren erakusketa.

 

ELKARLANAK

  • GASTEIZTARRAK ARRAUN THE WORLD

Urriak 6 (ostirala), 17, 19, 24 eta 26 (asteartea eta osteguna). 19.00

Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean egindako argazki lehiaketa, zeinaren irabazleen argazkiekin erakusketa bat eta banakako aukezpenak egingo diren.

 

  • GAZTE KLIK KLAK

Vitoria-Gasteizeko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketaren elkarlana.

 

BABESA

Egitarau hau bai ekonomikoki bai antolaketan Gasteizko Udaletxeak bultzatzen du. Kutxabank-eko Obra Social Fundazioa ere kolaboratzailea da.

 

KONTAKTUA

Gauekoak Elkarteen Federazioa / Federación de Asociaciones Gauekoak

945 56 14 37

640 39 36 38

Zalburu plaza z/g, Itziar Elkarteen Etxea, 1.1 bulegoa

odei@gauekoak.org

www.gauekoak.org

www.facebook.com/gauekoak

www.instagram.com/gauekoak

www.twitter.com/gauekoak

 

Komunikabideekin harremana:

Iratxe Gil iratxe@gauekoak.org

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 azaroa 2016 13:25

Udalak Udalaren Gazte Planaren laguntzailearen zigiluaz aitortuko ditu prestakuntza, kultura, kirol eta gizarte arloetako 28 entitate

Udalak Udalaren Gazte Planaren laguntzailearen zigiluaz aitortuko ditu prestakuntza, kultura, kirola eta gizarte arloetako 28 entitate: “aliatu horiek gabe ezinezkoa litzateke udalerriko gazteria politiken inplikazioa eta eraginkortasuna lortzea, Gazte Plana hiri proiektua bihurtzeraino. Gasteizko Gazte Planaren aliatuen bereizgarria eta aitorpena izatea nahi dugu“, nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Gasteizko Udalak bide luzea egin du gazteria politikak lantzen, zeinak gazte planen bitartez garatzen baitira. Lehen Gazte Plana 1994an onetsi zen, eta harrezkero bide beretik jarraitu dugu. Hiriko gazteen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea da planen helburua. Gazteria politikak oso egoera, adin eta talde ezberdinez arduratzen dira, bizitzaren etapa ezberdinetan (12-30/35 urte) dauden beharrizanei erantzuteko, eta egoera berezietan dauden askotariko taldeei.

Esate baterako, informazio eta aholkularitza zerbitzu bereziak eskaintzen dira, hala nola Gazteen Argibideetarako Bulegoa, aholkularitzak, enplegurako eta ekintzaileentzako orientabideak…, adin bakoitzean sortzen diren arazoak kudeatzen eta erabakiak hartzen laguntzeko.

Orobat, hainbat programa antolatzen dira, besteak beste, parte hartzen ikasteko (Hiretu-Hiria), sorkuntza garatzeko (Gazte Klik-Klak – Gazte Factory), portaera ez-sexistak lantzeko, auziak konpontzeko jarraibideak emateko, edo aisialdi sortzailea sustatzeko (Gauekoak).

Badakigu gazteria politikak ez ditugula bakarrik Gazte Planaren bidez egiten, agente ugarik hartzen baitute parte horietan, udalaren barrutik zein kanpotik, eta horiek erabakigarriak dira gazteria politikek gazteen errealitatean nahi ditugun aldaketak eragin ditzaten“, azpimarratu du Iñaki Prusillak.

 

Aitortutako entitateak

Gazteria politikek esparru ugari besarkatzen dute. Hori dela eta, “zigilua ematen hasteko ia arlo guztietako erakundeak hartu ditugu kontuan“, Gazteria Zerbitzuko buru Pilar Abellak azaldu duenez. “Lehena eta garrantzitsuena gazteak berak dira, haiek gabe ez bailukete zentzurik ez zigiluak ez gazteria politikek. Gazteen ordezkaritza nagusia Euskadiko Gazteria Kontseilua (EGK) da, elkarteetan ari diren gazte guztiak ordezkatzen baititu, eta urteak baitaramatza Gazte Planarekin lan egiten“.

Pilar Abellak, orobat, EHU, Egibide, Ikaslan, Berritzegunea, Diseinu Eskola, Dantza Kontserbatorioa eta Musika Eskola nabarmendu ditu prestakuntzaren arloan, “eremu hori funtsezkoa baita gazteek lan munduan sartzeko gaitzen dituen titulazioa lortu dezaten. Horietaz gain, Gazte Planaren barruan Gasteizko ikastetxe eta institutu ugari aitortzeko aukera izango dugu, urte asko baitaramatzate gurekin batera gazteria politikak garatzen“.

Enpresaren alorrean, Arabako Merkataritza Ganbera eta Ajebask elkartea aitortu ditu Udalak; kulturaren eta sorkuntzaren alorrean, Gauekoak, ZAS Kultur, Baratza aretoa eta Artium; elkarteen alorrean, Aspace, Ailaket, Azanea Afrika, Gazteok XXI, Gurutze Gorria eta Salburuko Lore; euskararen alorrean, Geu Elkartea eta Lazarraga kultur elkartea; nekazaritza eremuan, Gasteizko Kontzejuen Elkarteak egindako lana; aisialdiko hezkuntzaren barruan, Astialdi Foroa, zeinak Araba aisialdiko talde guztiak biltzen baititu; desabantailei aurre egiteko lanaren alorrean, Sartu Araba eta Irse Araba, eta kirolaren alorrean, Araski (emakumeen kirolaren sostengua) eta Gaztedi (errugbi inklusiboko proiektua).

Gazteriako zinegotziak nabarmendu duenez, erakunde horiek “aitortu nahi izan ditugun lehen aliatuak dira, baina ez azkenak. Gazteriako elkargunean dauden gainerako taldeak ere kontuan hartuko ditugu, bai eta proiektuarekin bat egin nahi duten talde edo elkarteak ere“.

Share