Prentsa Oharren banner

Udalak adinekoen nahi gabeko bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian Zaramagan

Hiriko auzo zaharkituenetako bat da, eta 64 urtetik gorako 1.025 pertsona bizi dira bakarrik bertan

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak adinekoen nahi gabeko bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du Zaramagan, auzoko gizarte-eragileekin batera. Gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin egin zuen aurrekontu-akordioari esker bultzatu da ekimena, zeinaren helburua baita auzokoak arazo horretaz kontzientziatzea eta Zaramagan bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako 1.025 pertsonei sostengu ematea.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Gemma Zubiaurrek aurkeztu dute gaur kanpaina, “bakardadeari aurpegi emateko, osasun publikorako erronka handia baita. Pertsonok izaki sozialak gara, eta giza harremanen faltak sufrimendu fisikoa eta mentala ekar diezaguke. Erakundeek, gizarte-eragileek, familiek… partekatu behar dute desafio hori, guztiok baitugu zaintzen duten gizarteak sortzeko erantzukizuna. Kanpaina hau, nolabait, salbamendu-uztaia izango da bakarrik dauden adineko askorentzat, eskaintzen dizkiegun baliabideek eta komunitatearen laguntzak bakardadetik irteteko balioko baitiete”, azaldu du Armentiak.

Gemma Zubiaurreren hitzetan, berriz, “arduradun publikook bakardadeari aurrea hartzeko betebeharra dugu, eta bakarrik daudelarik hala egon nahi ez duten pertsonen bizitzatik desagerrarazten saiatzekoa. Aurrekontu-akordioaren emaitza den programa hau beste urrats bat da adinekoen autonomia eta haien sare sozialak lehenesten dituzten gizarte politiken defentsan. Gasteizen inork ez luke sentitu behar ez duela behar besteko laguntza fisiko eta emozionalik bizitza oso batez gozatzeko. Horregatik da hain garrantzitsua programa hau hirian adineko gehien duen auzoetako batean egitea“.

Duela egun batzuk abiatu zen Zaramaga auzoan bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina: world kafea egin zen, adinekoen partaidetzarekin.

Datozen asteetan beste ekintza batzuk antolatu dira:

  • Auzoko baliabideen mapa lantzea, bakarrik dauden adinekoek nora jo dezaketen jakin dezaten. Denda eta entitate laguntzaileetan jarriko da eskuragarri.
  • Kalean informazio-euskarriak jartzea, bakardadeari aurre egiteko dauden baliabideen berri emateko.
  • Kaleko ekintzak (performancea), auzokoak bakardadearen arazoaz kontzientziatzeko.
  • Bideo bat egitea. 

Abenduaren erdialdera hasiko dira ekintzak zabaltzen. Horiek antolatzeko Adinekoen Elkarguneko bakardadeari buruzko batzordeak landutako proiektua hartu da kontuan, beste agente batzuen ekarpenekin batera: SECOT, Itxaropenaren telefonoa, Gurutze Gorria, Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkargoa eta udaleko adinekoentzako zentro soziokulturalak.

 Piztu zure auzoa

Era berean, joan den urrian jarri zen martxan Zaramagan Piztu zure auzoa programa, zeina adinekoentzako zentro soziokulturalek garatzen baitute bakardadeari aurre egiteko.

Piztu zure auzoa programaren bidez, komunitatea adinekoen zaintzan inplikatzen da, loturak sortuz eta egunerokoan aurki ditzaketen egoera zailetan laguntza emanez.

Gasteizko bost alderditan gauzatzen ari da programa, Landazuri, Pilar, Koroatze, San Prudentzio eta Zaramagako adinekoen zentroen bitartez. Datorren urtean hiri osora zabalduko da.

 

Share

Gaitasun digitaletan prestatzeko programa bat jarri du martxan Udalak

 

Hiriko hamar ikastetxetako 200 pertsona inguruk hartuko dute parte

Gaitasun digitaletan prestatzeko programa bat jarri du martxan udalak, unibertsitateaz kanpoko ikasleen familiei zuzenduta. Udal gobernuak Elkarrekin-Podemosekin adostutako aurrekontu-akordioak ahalbidetu du ekimena.

 “Hainbat prestakuntza modulu prestatu ditugu antzemandako edo planteatutako premien arabera, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendariekin aritu gara elkarlanean. Modulu horien bitartez, geldiarazi egin nahi dugu hezkuntza arloko eten digitala, nabarmenagoa bihurtu baita covid-19ak sortutako krisi soziosanitario honetan. Azaroaren 9an hasi da programa, eta hiriko 10 ikastetxetako 200 lagun inguru ari da parte hartzen. Lehenetsi egin dira familiek seme-alaben heziketan parte hartzea zailtzen duten inguruabar bereziak biltzen dituzten zentroak. Edizio honetan, ikastetxe guztiak sare publikokoak dira” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok programa aurkezteko prentsaurrekoan.

Bestalde, Elkarrekin Vitoria-Gasteizeko zinegotzi Gema Zubiaurrek gaineratu du “Elkarrekin taldean oso positibotzat jotzen dugu aurrekontu akordioaren emaitza den proiektu hau, pandemiak larritutako eten digitala desagerrarazteko benetako konponbideak jartzen dituelako mahai gainean. Akordio honi esker, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten ari diren haur eta nerabeen gurasoek gaitasun digitalak eskuratu ahalko dituzte, seme-alaben hezkuntzan parte hartu ahal izateko. Adituek ohartarazi dutenez, korrelazioa dago ahultasun-egoeran dauden familien eta gaitasun digital eskasagoa duten familien artean, eta hori da horrelako programa baten beharra planteatzearen arrazoietako bat, funtsezkoa iruditzen baitzaigu eten digital hori murrizten joateko”.

Lantegi hauei esker, “Oinarrizko alfabetatze digitala”, “Posta elektronikoaren kontuaren erabilera”, “Egunerokotasunerako tresnak” eta “Google classroom” arloetan presta daitezke gurasoak.

Hezkuntza Zerbitzuak Sartu Álava elkartearen laguntza du ekimen honetarako, eta bera arduratzen da familiei prestakuntza emateaz. Erakunde honek, Saregune proiektuaren bitartez, nahikoa instalazio eta ekipamendu informatiko du jarduera bere lokaletan emateko, baldin eta hiriko ikastetxeetako osasun-araudiak eskola-guneetan prestatzeko aukerarik ematen ez badu.

Taldeetan hamar pertsona izango dira gehienez, ahal dela ikastetxe berekoak, eta hainbat prestakuntza-saio egingo dituzte astean zehar, une oro ezarritako osasun-araudira egokituta.

Ekimen hau Hezkuntza Zerbitzuak 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan zehar garatzen duen proiektu baten baitakoa da, zeinek hezkuntzan ekitatea lortzea baitu xede. Hauexek ditu ekintza adierazgarrienetako batzuk:

  • Guraso elkarteak bideratzea eta dinamizatzea, horiekin lankidetzan aritzeko eta zailtasun handienak dituzten eskoletan elkarteak eratzen laguntzeko.
  • Guraso elkarteen eta hezkuntzako beste eragile batzuen jardunbide egokiak aztertzea, ezagutza, transferentzia eta aintzatespena lortzeko.
  • Hezkuntzan familien partaidetza sustatzeko kanpaina, izan ere funtsezkoa da hezkuntzaren kalitatea bermatzeko eta hezkuntza hobetzeko.

Horiek guztiak Gasteiz hiri hezitzailearen jardueretan sartuta daude.

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak Zaintza-mapa bat egingo du, haren bidez pandemiak iraun bitartean ze baliabide aktibatu diren jakiteko, eta estali gabeko premia eta beharrizanak atzemateko

Zaintzen kartografia horretan Adminstrazioaren, gizarte-kolektiboen eta herritarren ekimenak bilduko dira

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak mapa bat egingo du pandemiak iraun bitartean aktibatu diren baliabideekin, zeinak Gasteizen aktibatu diren ekimen publiko, pribatu eta sozialak ikusaraziko dituen, eta estali gabe geratu diren premia eta beharrizanak atzemateko aukera emango. Udal-gobernuak Elkarrekin-Podemosekin adostu duen aurrekontu-akordioak ahalbidetu du zaintza-mapa hau egitea.

Hiru fasetan osatuko da zaintzen kartografia hori. Lehen fasean azken hilabeteetan hirian zaintza-proiektuak jorratu eta sustatu dituzten erakunde, kolektibo eta gizarte zibileko kideak gonbidatuko dira, 3 lantegi partizipatibotan zaintzen “erradiografia” hau osa dezaten. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, AFARABA, Gurutze Gorria, Vivir con Voz Propia eta Psikopompo.

Bigarren fasean artean artatu ez diren edo hobetu daitezkeen premiak identifikatuko dira. Azkenik, hirugarrenean, hobekuntzak planteatuko dira, eta premia horiei erantzuteko zerbitzuak diseinatuko dira.

“Osasuna neurri publikoen muinean inoiz baino gehiago dagoen honetan, proiektu honen bidez hiria zaintzen perspektibatik birpentsatu nahi dugu. Gasteiz hiri osasuntsuagoa eta pertsonen beharrizanei erantzuten diena izatea nahi dugu. Horregatik, orain arte pandemiaren aurrean garatu diren esperientziak aztertuko ditugu, egon daitezkeen gabeziak atzemango ditugu eta premiei erantzuteko neurriak planteatuko ditugu. Ez da beste urrats bat baino, Gasteiz hiri zaintzaileago eta humanoagoa bihurtzeko bidean”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hauxe gehitu du Elkarrekin-Podemoseko zinegotzi Gema Zubiaurrek: “Zaintzak bizitzaren erdian jarri behar dituzu, bizitzaren muinean, horiek gabe gure gizartea eraman ezina izango bailitzateke. Gizaki garen aldetik, elkarrekiko menpekotasunean bizi gara halabeharrez, zaintzeko eta zainduak izateko beharra dugu. Horrek azaltzen du zaintzen sektorean berariazko politika publikoak egituratzearen garrantzi handia, baita udal mailan ere. Elkarrekin-Podemosen oso balorazio positiboa egiten dugu proiektu honen bidez eskura dugun informazioa guztia jaso ahal izateari, hartara gero zaintzen alorrean beste esku-hartze batzuei ekin ahal izateko, ahalik eta azkarren”.

 COVID-19aren pandemia bitarte, erakunde, gizarte-kolektibo zein Gasteizko herritarrek ekimen ugari jarri dituzte abian gaixotasunaren eta haren aurka ezarritako murrizketen ondorioei aurre egiteko. Horiei esker laguntza eta arta jaso ahal izan zuten bakarrik bizi zirenek, janaria eta botikak banatu ziren etxez etxe, telebista eta irratigailuak banatu zitzaion jende ugariri, konfinamendua eramangarriago egiteko, etab.

Nola erakundeek hala herritarrek egindako hori guztia jasota geratuko da Zaintza-mapan, zeinak abian jarritako baliabideen ikuspegi bateratu eta globala eskainiko baitu, hartara horin kudeaketa hobetzeko asmoz.

Share