Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urria 2018 12:35

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak bizitoki ematen jarraituko du eraikinen egituraren egoera txarra zela eta etxetik alde egin behar izan zuten familiei.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek udaletxean gogorarazi duenez, “duela urte bat esan genien ez zirela kalean geratuko birgaitzeko lana bukatzen ez bazen. Horregatik, luzatu egingo dugu orduan eman genien bizileku baliabidea”.

 Udalaren laguntza jasotzeko, eragindako familiek Familian Esku Hartzeko Planean jasotako konpromisoak bete behar dituzte. “Beren etxebizitzak konpontzeko behar dena egiten ari dira. Hala ere, birgaitzeko epeak sinatu zuten kontratuaren hasierako iraupena baino luzeagoak izango direnez, iaz aurreratu genuena egingo dugu, eta udal etxebizitzetan jarraituko dute”.

 2017ko urriko ebazpen baten bidez, Hirigintzako zinegotzi ordezkariak Santo Domingo kaleko 40. eta 42.ean bizi ziren pertsonei etxetik ateratzeko agindu zien, bi eraikinen egituraren egoera txarra zela eta, leku batzuetan “behea jotzeko arriskua” baitzuten. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak kasuak banan-banan aztertu eta familia bakoitzaren etxebizitza eskaerari erantzun zion, gizarte balioespena kontuan hartuz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 urria 2018 12:14

Tokiko Gobernu Batzarrak helburu sozialeko bi hitzarmen sinatzea onetsi du gaur: bat ONCErekin eta beste bat Gao Lacho Drom elkartearekin.

Lehenak 8.430 euroko aurrekontua du, gizartea ikusmen desgaitasuna duten pertsonen arazoez informatu eta sentsibilizatzeko jarduerak egiteko xedez, gizarte-integrazio handiagoa lor dezaten. Herritarrei ONCEren gizarte eta asistentzia lana ezagutarazteko ere balioko dute jarduerek.

Bigarren hitzarmenak 60.765 euroko zuzkidura du, eta horrek aukera emango dio Gao Lacho Drom elkarteari aurten Gasteizko ijito komunitateko pertsona, familia eta taldeak gizarteratzeko prozesuetan lagundu eta jarraipena egiteko programa finantzatzeko.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainen iritziz, “horrelako ekintzak oso garrantzitsuak dira, populazio sektore bat gizartetik bazter geratzeko arriskuari aurrea hartzen laguntzen baitigute, haien integrazioa, autonomia eta ongizatea landuz”.

 Kontratuak luzatzea

Bestetik, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak erabaki du urtebete luzatzea sailaren zenbait zerbitzu eta programatan eskaintzen diren gizarte eta komunitate jarduerak garatzeko kontratuak. Zehazki, 1.071.851  euro erabiliko dira horretan diharduten sei enpresek lanean jarrai dezaten aurtengo urritik 2019ko abuztura arte.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia, Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 urria 2018 19:01

Adinekoen zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur arratsaldean; zenbait jarduera antolatu dituzte Espainia plazan, eta jai giroko ibilaldia egin dute erdialdeko kaleetatik.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain arduratu da ekitaldietara joan direnei ongi etorria emateaz; hark esan duenez, “adinekoek erakusten dute adinak axola duela, adinekoa izatea ez dela geldi egotearen sinonimoa, baizik eta bizitasunarena, egiteko ahalmenarena, dinamismoarena. Estereotipoak apurtzeko unea da”.

Aurten, Adinekoen Nazioarteko Egunean Gasteizen talde horretan dagoen kultur aniztasuna nabarmendu nahi izan da, milaka baitira duela urte asko jatorrizko herri eta erkidegoetatik migratu zutenak; “horrenbestez, migrazioaren esperientzia bizi izan zuten, eta orain  Gasteizen adineko eta etorkin izatearen erronkari aurre egin behar diote”, azaldu du López de Munainek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 iraila 2018 10:31

Tokiko Gobernu Batzarrak lau kontratu luzatzea onetsi du gaur, beste horrenbeste gizarte programa eta baliabideei eusteko. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak euro baino zertxobait gehiago bideratuko du horretara.

Diru-kopuru handieneko kontratua Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua, jantokia eta zainpeko apartamentuak kudeatzeari dagokio, zeina 2019ko urriaren 1era arte luzatuko baita, 540.800 euroan. Zainpeko apartamentuetan 40 leku eskaintzen dira, eta eguneko arreta zerbitzuan, 23.

Bestetik, Gizarte Politiken Sailak 498.998 euro jarriko ditu arrisku egoeran dauden familientzako laguntza eta garapen programa (ADA) datorren urteko azarora arte luzatzeko. Babes gabezia izateko arrisku moderatua duten haur eta nerabeak dituzten 26 familiari gehienez ematen die arreta programak. Gizarte, hezkuntza eta psikologia aldetiko laguntza ematen da, familien barruan.

Santa Maria kantoiko, Hedegile kaleko eta Paula Montal kaleko gizarte eta heziketarako zentroak kudeatzeko kontratuaren luzapena ere onetsi da; babes-gabezia arrisku moderatuan dauden 3 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei ematen diete arreta zentro horiek. “Haurrek hezitzaile talde batekin ematen dute eguna zentroetan, zeinek garapenean laguntzen eta arreta sozial eta psikologikoa eskaintzen baitiete. Esku-hartzearen barruan, familiei ere laguntza ematen diegu”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek; 447.085 euro jarriko dira baliabide horiek jarrai dezaten.

Luzatuko den azken programa Bidatu da; gizarte zein hezkuntza alorretan esku-hartzeko baliabidea da, babesgabetasun egoera moderatuan dauden 0 eta 8 urte bitarteko seme-alabak dituzten amek osatutako familiei zuzendua, baldin eta familia zein gizarte laguntza-sarerik ez badute. Programa Udalaren jabegoko bi etxebizitzatan gauzatzen da. Gehienez 6 ama eta 12 umeri eman dakieke arreta aldi berean. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak 199.045 euro jarriko ditu baliabide hori urtebetez eskaintzeko.

Hitzarmena

Azkenik, Zubia Gurutzatzen elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 2018an Abetxukuko ekimen etxearen proiektua garatzeko.

Gizarte ahultasun-egoeran daudelarik garapen pertsonala eta autonomia sustatzeko okupazio-jardueraren batean aritzeko beharra duten pertsonekin  egiten du lan elkarteak. Udalaren ekarpena 77.000 eurokoa izango da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 iraila 2018 09:13

Irailaren 24an hasiko da izen ematea, programazio berriko lehenengo jardueretarako 

Adinekoak zaintzen dituzten 152 familiari eta 220 zaintzaileri lagundu zien Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programaren bitartez. Arnasa hartzeko zerbitzuaren laguntza jaso zuten, baita laguntza psikosoziala eta besteak eta norberaren burua hobeto zaintzeko prestakuntza ere.

Familiei laguntzea du helburu aurki jarduera berriei ekingo dien Adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programak. “Gure adinekoen ongizatea bezain garrantzitsua da zaintzen dituztenena. Izan ere, estres-iturria da haientzat adineko bat zaindu behar izatea, ondorio fisikoak eta emozionalak izan ohi baititu horrek. Horregatik, familiei laguntzen diegu eta, aldi berean, adinekoek —ahalik eta baldintzarik onenetan— etxean jarraitzea ahalbidetzen”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Joan den urtean 152 familiari eskaini zion arreta programak, arnasa hartzeko zerbitzu baten bitartez: asteburuko eguneko zentroa (60 familiak baliatu zuten) eta etxean laguntzeko zerbitzua (92 familiak). Zerbitzu horietako lehena larunbat eta igandeetan eskaintzen da, San Prudentzioko eguneko zentroan, eta bigarrena, berriz, familia-langileek ematen dute, familia zaintzaileek egiteko hori familia-, lan- edo gizarte-bizitzarekin bateratzerik izan dezaten.

Era berean, 112 pertsonek laguntza psikosoziala jaso zuten, eta 108k 10 prestakuntza-jardueratan parte hartu zuten, beren intereseko gaiak jorratzeko: legedia, besteak eta norberaren burua zaintzeko estrategiak eta abar.

 

Programazio berria 

Datorren astelehenean —irailak 24— hasiko da laguntza-programa horren programazio berriko lehenengo jardueretarako izena emateko epea. Urritik ekainera bitartean iraungo du programazioak.

Jarduera ugari biltzen ditu programazioak: Adinekoen Zerbitzuak eskaintzen dituen baliabideei buruzko informazioa emateko solasaldiak (laguntza psikologikoa, etxean laguntzeko zerbitzua), hainbat gai lantzeko hitzaldiak —aurretiazko borondateak, zaintzaren planifikazioa, erorikoen prebentzioa—, erlaxazio-lantegia, mantentze-gimnasia, adinekoak mugitzeko eta lekuz aldatzeko teknikak eta abar.

Aurreko programazioaren aldean, berritasun gisa, prestakuntza-jardueren ordutegia hobetu da, familien eskaerari erantzunez. Orobat antolatuko dira bilerak zaintzaileekin, beren intereseko kontuez jarduterik izango duten elkargune bat sortzeko.

Hauek izango dira martxan jarriko diren lehenengo jarduerak: Laguntza Psikologikorako Zerbitzuari eta “Hobeto zaintzen ikasten, etxean” baliabideari buruzko solasaldia, eta mantentze-gimnasiako lantegia, zaintzaileen sasoia, indarra eta erresistentzia hobetzeko.

Kasu batean nahiz bestean, urrian hasiko da jarduera, eta irailaren 24tik aurrera eman beharko da izena. 945 13 56 16 telefonora deituz apuntatu ahal izango dira parte hartu nahi dutenek, eta informazio gehiago jaso.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 iraila 2018 14:50

 

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalen sareko “Piztu zure auzoa” programak Eusko Jaurlaritzak antolatutako “Lagunkoitasuneko jardunbide egokiak Europan-Euskadi Lagunkoia” jardunaldietan banatutako hiru akzesitetako bat lortu du. Proiektuak lehen saria lortu nahi zuen, baina azkenean Bilboko udaleko “Begirada aktiboa -bakardade egoerak antzematen” ekimenak eskuratu du lehen saria.

Peio Lopez de Munain lehen alkateordeak topaketen inaugurazioan adierazi duen bezala, “Piztu zure auzoa programak” auzoak adinekoentzako atseginagoak eta irisgarriagoak egitea du xede. Enplegu eta Gizarte Politiken Sailburu Beatriz Artolazabal izan da topaketen buru.

Jardunaldiak Euskadin lagunkoitasuna bultzatzeko balioko duten esperientzia berri eta sortzaileak partekatzea izan du helburu.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 iraila 2018 17:16

Olarizuko Santa Maria eguneko zentroak baliabide horren erabiltzaile  Nicolasa López de Munain andreak 100 urte bete dituela ospatu du.

Eguneko arreta zerbitzuak Nicolasari eskainitako omenaldian hartu dute parte Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek, eta bertan izan dira Nicolasaren familia eta zentroko kide eta langileak.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 abuztua 2018 11:30

 

Arreta jaso zuten familien % 59,3k espainiar nazionalitatea zuen

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren oroitidazki argitaratu berriaren arabera, oinarrizko gizarte zerbitzuek 12.520 dosier tramitatu zituzten iaz ahultasun-egoeran dauden familiei arreta eta laguntza emateko. Horrek esan nahi du 2016ko kasuen aldean % 5,3ko hazkundea izan dela, eta 2015ekoen aldean, % 7,7koa.

Baliabide horiek gizarte zerbitzuen sistemarako berehalako sarbidea dira, eta horietara jotzen duten familien arazo nagusia ekonomikoa da, 2017ko abenduaren 31n irekita zeuden dosierren % 60 eragin baitzuten; ondoren, autonomia pertsonalaren mugak (% 20,4), gizarteratzeko zailtasunak (% 17,7), osasuna (% 16), bizikidetza arazoak (% 15) eta beste.

Dena dela, “arazo ekonomikoen zein laneratzearekin lotutako arazoen pisua jaitsi egin da aurreko urteen aldean. Autonomia pertsonalaren mugekin lotutakoak, berriz, handitu egin dira: eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak  egiteko zailtasunak dituzten pertsonak izan ohi dira, adinekoak orokorrean. Hori dela eta, Gizarte Politiken Saila ahalegin handia egiten ari da adinekoen autonomia sustatzen lagunduko duten zerbitzuak eta programak abian jarri eta garatzeko”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Oinarrizko gizarte zerbitzuetan arreta jaso duten familien erreferentziazko pertsonaren nazionalitateari dagokionez, espainiar nazionalitateko familien hazkunde txikia nabaritu da, guztira % 59,3 izan baitziren. Gainerakoen artean, % 15 Magrebkoa izan zen, % 9,8 Afrikako beste leku batzuetakoa, eta % 8,5 Hego Amerikakoa.

 

Hamalau oinarrizko gizarte zerbitzu

Iparraldeko gizarte zerbitzuak izapidetu zuen dosier gehien 2017an, 1.448 orotara. Ondoren, Pilar (1.284), Aldabe (1.169) eta Ibaiondo eta Zabalgana (1.004 bakoitzean) datoz. Dosier gutxien kudeatu zituztenak, aldiz,  Arana (459) eta Abetxuku (278) izan ziren.

Une honetan, Udalak 14 oinarrizko gizarte zerbitzu ditu. Hainbat alorretako profesionalek osatzen dituzte taldeak, hala nola psikologoek eta gizarte langileek, eta Kaleko Heziketarako programako hezitzaileen lana ere horren barruan txertatzen da.

Gizarte Politiken Saileko 2017ko Oroit idazkia

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 uztaila 2018 12:50

 

 

 

 

 

 

López de Munain: “omenaldi txikia da gure gizartean eta familietan paper batzuetan ikusezina baina ezinbestekoa betetzen duten horiei”.

Gaur goizean aurkeztu dira aurtengo jaietako suziria jaurtiko duten lau pertsonak, San Migeleko balkoian. Peio López de Munain alkateordeak pertsona horien paperaren garrantzia nabarmendu du, “gure gizartean eta familietan batzuetan ikusezina izan arren ezinbestekoa baita, are gehiago azkenaldiko krisian”.

Hauek jaurtiko dute suziria: Andrea Corres (San Prudentzio AZSK), Aurelia Izquierdo (Aranbizkarra AZSK), Daniel Uriondo (San Prudentzio AZSK) eta Juan Luis Soriguren (Aranbizkarra AZSK).

 

 

 

 

 

 

 

Udal talde sozialistari zegokion aurtengo txupineroa aukeratzea. Taldearen eledun eta alkateorde Peio López de Munainek argi izan zuen hasieratik “adinekoei omenaldia” egitea, baina baita “haien arteko partaidetza-prozesua” ere: “erabaki genuen adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileei ematea suziria pizteko aukera, adinekoek maila guztietan betetzen duten paper garrantzitsua aitortzeko: familian, gizartean…”. “Batzuetan ikusezina baina ezinbestekoa den lan horri egiten zaion omenaldi txikia da“, azpimarratu du.

Zentro bakoitzean egin zen hautaketa, aldez aurretik izena eman zuten erabiltzaileen artean. Emakume eta gizon bana aukeratu zituzten  (Judimendi eta Landazurin izan ezik, emakumeek baino ez baitzuten izena eman), eta 15 emakume eta 13 gizon horien artean egindako zozketatik atera ziren gaurko protagonistak, “talde osoa ordeztuko dutenak“.

 

 

 

 

 

 

 

López de Munainek azaldu duenez, izendapen horren bidez “adinekoentzako zentro soziokulturalen beren balioa ere nabarmendu nahi izan dugu, adinekoen bizikidetza, harremanak eta parte-hartzea sustatzen baitituzte, eta eskaintzen dituzten programazioaren eta zerbitzuen bidez sostengua ematen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen baitiete”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2018 12:29

 

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek gaur aurkeztu dute 2018-19 ikasturterako jarduera-programa. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munainek aurkeztu du eskaintza: 218 ikastaro eta lantegi izango dira, 3.500 leku guztira, zentro horietako bazkide direnei zuzenduta (33.000 baino gehiago).

 Lopez de Munainek adierazi duenez, “datorren ikasturteko programazioak filosofia honi erantzuten dio: zahartze aktibo eta osasungarria lantzea, gizarte harremanak indartzea laguntasuna sustatuta, eta partaidetza aktiboaren bitartez norbera aberastea”.

Horretarako oso jarduera anitzak antolatu dira, bost multzo handitan banatuta:

  • Norberaren burua zaintzeko jarduerak: aerobic, gorputz-jarrera egokiak, makillajea eta estilismoa, erorketen prebentzioa…
  • Antzezte jarduerak: arte-diziplina bat ikastera bideratuta: dantza, antzerkia, poesia…
  • Suspertzeko eta harremanak lantzeko jarduerak:  batez ere 75 urtetik gorakoei zuzenduak, gaitasunak erabil ditzaten: suspertze psiko-soziala, emakumeentzako topaketa taldea, psikomotrizitatea…
  • Ikasteko jarduerak: ikaskuntza-prozesua behar duten prestakuntza ikastaro eta lantegiak: informatika, pintura, zura lantzea, ingelesa, euskara…
  • Belaunaldien arteko jarduerak: adinekoek hartzen dute protagonismoa, eta erreferente bihurtzen dira beste adin batzuetakoentzat..

Gizarte Politiken zinegotziaren ustez, “gustu guztietarako jarduerak dira, eta hiriko adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako 33.000 bazkideei irekita. 60 urtetik gorakoez ari gara; nahiz eta 75 urtetik gorakoentzat gordetako lantegiak ere badiren”. Esaterako, belaunaldien arteko hiri baratzeak, psikomotrizitatea, suspertze psikosoziala, gorputz lanketa arina eta gimnasia leuna.

Ikastaro gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron. Izena emateko epea uztailaren 19an (osteguna) hasiko da, eta irailaren 4a arte (astelehena) iraungo du.

Bide hauetatik eman daiteke izena aldez aurretik:internet bidez  udalaren web-orrian, 010 edo 945 16 11 00 telefonoetara deituz, edo aurrez aurre adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako batean, gizarte-etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da lekuak esleitzeko zozketa, 11:00etan.

Zozketarik gabeko lantegi eta ikastaroetan izen-ematearen hurrenkerari jarraituko zaio, eta irailaren 3an hasiko da epea.

“Jarduera hauetan parte hartzera animatzen ditugu adinekoak; izena ematera, izan ere ziur nago askoz hobeto sentituko direla;  gauza berriak ikasiko dituzte, gizarte harremanen sareak egingo dute, eta oso aktiboak direla erakutsiko diote gizarteari” adierazi du Lopez de Munainek.

Ikastaroak eta Lantegiak 2018-2019

 

 

 

Share

Aurrekoak »