Prentsa Oharren banner

Gontzal Mendibilek Iparragirre gorpuztuko du Gasteizen urtarrilaren 9an emango duen kontzertuan

Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango da kantautore bizkaitarraren emanaldia, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko

Urtarrilaren 9an, Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko kontzertua emango da Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian, 19:00etan. Gontzal Mendibil kantautoreak Urretxuko Bardoa zeritzonaren ibilera eta bizipenak kontatu eta kantatuko ditu, olerkari eta musikari ospetsuaren itxurapean.

Jose Maria Iparragirreren bizitza eta Gasteizekin izandako erlazioa musikaren bidez azaltzen du kontzertu-ikuskizunak, eta Udal Bandak eta Samaniego abesbatzak ere hartuko dute parte Mendibilekin batera. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak babesten dute ekimena.

“Guretzat harrotzeko modukoa da ekitaldi horretan parte hartzea Udal Bandarekin. Luis Orduñaren zuzendaritza kalitatearen bermea da, eta halaxe erakutsi du Gasteizko Bandaren buruan”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zuzendari Paco Galvek.

Iparragirrek lehen karlistaldian bizi izandakoa eta Europa eta Amerikan egindako egonaldi luzea kontatzen du kontzertu-ikuskizunak, XIX. mendeko gertakari historiko esanguratsuek markatu baitzituzten haren bizitza zein lana.

Gontzal Mendibilekin batera Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza) eta Maitane Salvador abeslariak izango dira, eta Philippe Ezkurra eta  Alberto Rodríguez musikariak, bata akordeoia eta bandoneona jotzen eta bestea gitarra. Orobat, hiru aktore arituko dira: Benito Pacheco, Sánchez Silvaren paperean; Iñaki Garcia Uribe, erbesteratu zuen korrejidorearena egiten, eta Unai Leibar gaztea. Luis Orduña arduratu da musika-zuzendaritzaz.

2020an 200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre Urretxun jaio zenetik; Euskal Herriko kantu ezagunenetako batzuen sortzailea izan zen, ‘Gernikako Arbola’, besteak beste. Bere lurreko jendea, paisaiak edo jai herrikoiak izan zituen hizpide abestietan. Kantuetan (limurtzaileak, zirtolariak, poetikoak, maltzurrak, sentimentalak…) inork baino hobeto islatu zuen bere garaiko eta lurreko arima, eta horrek euskal kultura aitortzen dutenen errespetua ekarri zion, ideologia eta sentsibilitateen gainetik. Erbesteratu eta bohemioa, askotariko eraginak xurgatu zituen, eta era moderno batean uztartu zituen estiloak, garaiko musika-joerei aurrea hartuz.

Kontzerturako sarrerek 12 euro balio dute, eta dagoneko salgai daude Kutxabanken web-orrian (www.kutxabank.es), sarrerak saltzeko zerbitzuan.

Iparragirre eta Gasteiz

Gasteizko kontzerturako aukeratutako errepertorioan Iparragirrek Mateo Benigno Morazari eskaini zizkion poemetako bat abestuko da, euskal foruen defendatzaile izandako Arabako diputatuaren laguna izan baitzen. Morazak eta beste pertsona batzuek borroka egin zuten Iparragirre erbestetik itzul zedin. Izan ere, musikaria 1832an Arabako hiriburura familiarekin etorri zenean, 12 urte zituela, irakasle bera izan zuten, Izaga, eta idealak ere partekatu zituzten.

Hiriko beste pertsona batzuekin ere hareman garrantzitsuak izan zituen: Fermín Herrán, Ricardo Becerro de Bengoa, Sotero Manteli, Daniel de Arrese, Eduardo de Velasco eta círculo vitorianoko lagunak. Pedro Egaña ere aipatu beharra dago, kazetari eta politiko foralista horrek Jose Marik Urkiolako zelaietan Gernikako Arbola abestu zuenean sortutako zirraren berri eman baitzuen Espainiako Senatuan, 1864an.

Taldea

  • Interpretea: Gontzal Mendibil
  • Gasteizko Udal Banda
  • Samaniego abesbatza
  • Ahotsak: Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza), Maitane Salvador.
  • Akordeoia-bandoneona: Philipe Ezkurra
  • Gitarra: Alberto Rodriguez
  • Antzezleak: Benito Pacheco, Iñaki García Uribe, Unai Leibar
  • Samaniego abesbatzaren zuzendaria: Nagore Alangua
  • Eszena-zuzendaria: Gontzal Mendibil
  • Musika-zuzendaria: Luis Orduña
  • Musika gaiak: Iparragirre, Gontzal Mendibil
  • Banda eta abesbatzarako moldaketak: Ruper Lekue, Iñaki Urkizu, Alberto Rodriguez
  • Karakterizazioa: Alicia Suárez
  • Diseinua: Margarita Artiles, Gabriel Artiles

 

 

Share