Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 maiatza 2017 12:55

Gasteizko Udalak jardunaldi bat antolatu du datorren ekainaren 8an, industrialdeak kudeatzeko eta horietan esku hartzeko eredu ezberdinekin lotutako esperientziak eta iritziak partekatzeko. Enpresa-elkarte, enpresa, gizarte-eragile eta administrazio publikoei zuzendutako jardunaldia Europa biltzar jauregiko Gasteiz aretoan egingo da, eta alor horretako estatu osoko profesionalek hartuko dute parte.

Sei aurkezpenek  eta bertaratuen zein hizlarien arteko azken eztabaidak osatuko dute programa, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzako esperientziak, industrialdeak dinamizatzeko ekintzak, enpresak elkartzeko proiektuak eta industrialdeak garatu eta etengabe hobetzeko tresnak ezagutu ahalko dira. Galizia, Asturias, Katalunia, Andaluzia eta Euskadiko adituek hartuko dute parte. Gorka Urtaran alkateak inauguratuko du jardunaldia, eta ondoren Enpresa Poligonoen Espainiako Koordinakundearen zuzendari Alejandro Sáenz de San Pedrok irekiko du hitzaldien txanda.

“Industrialdeak gako dira Gasteiz enpleguaren eta ekonomiaren hiria bihurtzeko dugun estrategian. Inguru horietan esku hartzeko plan bat landu dugu, eta fruituak ematen ari da. Industrialdeen kudeaketarekin zerikusia duten agenteen arteko koordinazioan aurrera egin dugu, lursailei buruzko informazioa eta enpresentzako arreta hobetzen ari gara, eta jardunaldi honen bidez esperientzia eta ezagutza partekatzeko urratsak egin nahi ditugu”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Melgosak Industria Zerbitzu berriaren egitekoa  azpimarratu du, Gasteizko Udalak sektore ekonomiko horri begira abiarazi dituen ekintzak indartzen erabakigarria izan baita. Orobat nabarmendu du Sprilurrek, Araba Garapen Agentziak eta Gilsa udal sozietateak sinatu zuten hitzarmena, lurraldeko industria-lurzoruaren eskaintza koordinatzeko, zeinarekin duela gutxi Arabako Teknologia Parkeak ere bat egin baitu.

Datorren ekainaren 8an industrialdeen kudeaketari buruz egitekoa den jardunaldiak Garapen Agentzien Euskal Elkartearen lankidetza du, eta doakoa da, aldez aurretik izena emanda.

Informazio gehiago: Industrialdeen kudeaketari buruzko jardunaldia

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 maiatza 2017 09:19

 

  • Datorren ostegunean, maiatzak 25, egingo da Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroaren topaketa, Europa jauregian, enpresek gizartean duten eraginaz mintzatzeko
  • Biltzarrean, besteak beste, Mutualia, Tubacex eta Michelinek hartuko dute parte, eta Euskadiko Etika Klusterra ere aurkeztuko da

programa_foarse2017

Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroak (FOARSE) Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko XI. Biltzarra egingo du maiatzaren 25ean (osteguna), gizartean arlo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan duten eragin onuragarria biderkatzeko ekimenak garatzen ari diren enpresen joerak eta esperientziak partekatzeko helburuarekin. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, ASLEEuskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, Kutxabankek, Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta San Prudencio fundazioak osatzen dute FOARSE. 2007an sortu zenetik, urtero antolatu dute enpresen gizarte erantzukizunari (EGE) buruz hausnartu eta eztabaidatzeko foroa; ikuspuntu horrek lehiatzeko bereizgarria ematen die enpresa askori, eta negozioak egiteko era ezberdina, ingurunea errespetatuz eta inguratzen dituen gizartearekin inplikatuz.

Florida aretoan egingo da saioa, 9.30ean hasita. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen diputatu José Luis Cimianok eta FOARSEko lehendakari Yolanda Berasateguik inauguratuko dute. Ondoren, ASLEko kudeatzaile Josetxo Hernández enpresen gizarte erantzukizuna kudeaketa aurreratuaren eta lehiakortasunaren funtsezko elementua izateaz mintzatuko da. Horren erakusgarria da, esate baterako, munduko inbertsio-funts handienek  EGEan lider diren enpresa iraunkorren aldeko apustua egitea gero eta gehiagotan.

Euskadin enpresen gizarte erantzukizunaren alorrean lider diren hiru enpresak (Mutualia, Tubacex eta Michelin) mahai-inguru batean hartuko dute parte, beren esperientziak eta alor horretan egindako azken aurrerapenak azaltzeko, gero eta lotura estuagoa baitu negozioarekin eta balio partekatua sortzearekin.

Azkenik, Euskadiko Etika Klusterreko lehendakari José Ignacio Besgak elkarte hori aurkeztuko du, ezaugarri horiek dituen Espainiako lehena baita; horren helburua da lankidetza-proiektuak sortzea, balio etikoen ikerketa, ezagutza eta aplikazioa gizartearen alor guztietan zabaltzeko.

Biltzarrean parte hartu nahi izanez gero, doan eman daiteke izena, helbide honetan: foarse@foarse.com.

+INFO: FOARSE XI. biltzarra

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:12

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea buru zela, Udalak harrera egin dio gaur arratsaldean Calasanz-Escolapios ikastetxeari, Gasteizen 50. urteurrena bete baitu. Ekitaldian berrogeita hamar pertsona inguruk hartu dute parte: irakasleak, gurasoen elkartea, eskola kontseilua, ikasleen ordezkariak, begiraleak eta abar.

Ikastetxeko zuzendari Natxo Oyangurenek oroitzapenezko diploma jaso du alkatearen eskuetatik, eta eskerrak eman dizkie eskolaren ibilbidea ahalbidetu duten belaunaldiei. Berrogeita hamar urte bete dituen honetan ikastetxearen lema heztea, ebanjelizatzea eta gizartea eraldatzea bezalako kontzeptuetan oinarritzen dela gogoratu du.

Alkateak, berriz, bost hamarkada hauetan ikastetxeko estamentu guztiek noranzko berean lan egin dutela nabarmendu du, heziketa eredu partekatu baten alde, “garrantzitsua ez baita ikasle onak lortzea, batez ere pertsona onak lortzea baizik“. Ikastetxeak bizikidetzaren, aniztasunaren eta garapen iraunkorraren alde egindako apustua ere azpimarratu du.

  1. urteurren horretaz gain, aurten José de Calasanzek ordena fundatu izanaren 400 urte bete dira, eta Barriako Errotazarra aterpearen 30 urte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 maiatza 2017 07:59

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek San Isidro Nekazariaren eguna dela eta “Elorriagako Kapareen Biltzarra” kontzejuen elkarteari egin ohi zaion harreran hartu du parte gaur goizean. Udalbatzako, Batzar Nagusietako eta Foru Aldundiko kideekin batera, alkateak Gasteizko udalerria osatzen  duten kontzejuek eta menpeko toki erakundeek egiten duten lan handia nabarmendu du. “Herriak hobetzeko egiten duzuen lanarekin hiriak ere aurrera egitea lortzen duzue”, esan du.

Gorka Urtaranek Nekazaritza Eremuko Kontseilua sortu berri dela gogoratu du, eta organo horretan “Udala eta administrazio batzarrak maila berean” daudela. Gasteizko alkatea “erakundeen arteko harreman horretan aurrera egitearen alde” agertu da, eta Gasteizko Udalak nekazaritza eremuarekin duen konpromisoa aipatu du. “Ekonomikoki une zailak dira, baina zuen eskaerei erantzuteko inbertsioak egiten saiatzen gara”, esan du.

ACOVIko lehendakari Miren Fernández de Landa ere izan da ekitaldian. Udaleko talde politikoei “ikuspegi zabala” izateko eskatu die, “tira-birak alde batera utzi ” eta herriei lagundu diezaieten, “beren potentziala garatu eta beren izaerari eutsi ahal izan diezaioten”. Elkarteko ordezkariak dei egin die “nekazaritza eremuko emakumeei, gaurkotasun politikoa bizitzera animatzen ditut, haien eskuak, ideiak, ahalegina eta bihotza behar ditugulako“.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 maiatza 2017 13:56

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak inauguratu du gaur goizean Arabako Abokatuen I. Biltzar Juridikoa,  zeina Arabako Abokatuen Elkargoak antolatu baitu, besteak beste, Abokatuen Kontseilu Nagusiaren babesarekin.

Hauek izan dira buru ekitaldian: Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiko lehendakari Victoria Ortega, Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari Juan Luis Ibarra, Justizia Auzitegi Nagusiko goi mailako fiskal Mª del Carmen Adán, Arabako Abokatuen Elkargoko dekano Javier Pascual, eta Lan eta Justizia sailburu Mª Jesús Carmen San José.

Bi egunez, Gasteizen bildutako 170 parte-hartzaileek jurisdikzio ezberdinekin (zibila, penala, administratiboa, merkataritzakoa eta lanekoa) lotutako gaurkotasun-gaiak landuko dituzte biltzarrean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:16

Enpresaburu gazteek zein gaik kezkatzen dituzten azaldu diete Gorka Urtaran eta Nerea Melgosari

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa  Ajebask  enpresari gazteen elkartearekin bildu dira gaur, talde horrentzat interesgarri izan daitezkeen udal proiektuen berri eman, sinergiak sortu eta estrategiak koordinatzeko xedez. Elkarteko hogeita hamar kidek hartu dute parte bileran; zein gaik kezkatzen dituzten eta zein izan daitezkeen irtenbideak azaldu dute.

Alkateak eta zinegotziak Urtaranen gobernuaren lan-ildo estrategikoak —orokorrak eta bereziki ekonomiari dagozkionak— aurkeztu dizkiete. Udala iraunkortasunaren hiru arloetan —ez soilik ingurumenaren ikuspegitik, baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere— garatzen ari den jardueren adibideak azaldu dizkiete, eta Nerea Melgosak gidatzen duen sailak enpresen alorrerako bideratzen dituen ekintzak aipatu dituzte: mintegietatik hasita ekintzaileei laguntzeko planera, prestakuntza eta Itun Berdea barne.

Alkateak Gasteiz industria-hiria dela azpimarratu du, eta horrek garrantzia handia duela etorkizunari eta krisiaren irteerari begira. “Industriaren indarrak domino eragina du, hau da, industria hobetuz gero, gainerako sektoreek ere hobera egiten dute”, esan du. Hori dela kausa, Udala arlo ekonomikoan egiten ari den ahaleginak industriara eta merkataritzara bideratzen dira, beste sektore batzuk ahaztu gabe, eraikuntzarena, esaterako, zeina berpizten ari baita.

Gorka Urtaranek ehun ekonomikoarekin eta gainerako administrazioekin lankidetzan aritzeko borondate irmoa adierazi du, jarduera eta enplegua berreskuratzeko, enplegua egonkorra eta kalitatekoa izatekotan. Izan ere, haren agintaldiko ia bi urte igaro direlarik enplegu tasak eta Gizarte Segurantzaren kotizatzaileen tasak hazi egin dira. “Enpresarik gabe ez dago ekonomia-jarduerarik, ez dago garapenik, eta ez dago etorkizunik”, azpimarratu du alkateak.

Enpresaburuek hainbat gairi buruzko kezkak azaldu dituzte: EJZren hobariak; Zabalgunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘masterplan centro’ deritzona; auzoen eta erdialdearen arteko mugikortasuna; ingurumen estrategiak, eta abar.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 maiatza 2017 14:17

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Eusko Legebiltzarrean Europaren Eguna dela eta antolatutako ekitaldietan hartu du parte. Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Eurobasqueko lehendakari José María González Zorrilla, eta Legebiltzarreko Mahaiko zenbait kiderekin batera, Eurobasqueren 2016ko Kazetaritza Saria Iñigo Bullaini emateko ekitaldian izan da; Zuzenbideko doktorea eta gai europar eta konstituzionaletan aditua da saritua. Hain zuzen ere, aurten bete da Europar Batasunaren jatorri izan ziren Erromako Itunen 60. urteurrena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 apirila 2017 13:42

21 Zabalgunea sozietateak Erdi Aroko hirigunean gazteei alokatzeko etxebizitzen zozketarako deialdia egingo du 

21 Zabalgunearen kontseiluak zenbait proiektu onetsi zituen atzo, eta hartara hirigintza sozietatea birgaikuntza-agentzia gisa sendotuko da. Etxebizitzak eta eraikinak egokitzeko laguntza behar duten familiei sostengu handia ematen die horrek, birgaikuntzaren sektorea aktibatzen du, eta gizarteari baliabideak ematen hiriko auzoetan esku hartzeko.

Batetik, zenbait erabaki onetsi ziren lurzorua saltzeko (lursail bat Aretxabaletan, babes ofizialeko 60 etxebizitza egiteko), bai eta Pintore kalean lau etxebizitza eta Salburua eta Zabalganean 13 merkataritza areto saltzeko ere. Salmenta horietatik lortutako baliabideen bidez birgaikuntza politikari eutsi ahalko dio sozietateak.

 

Laguntza plan hobea

Bestetik, 21 Zabalgunearen kontseiluak 2017an birgaitzeko laguntzak emateko araudia onetsi zuen. Orain arte ematen zituen laguntzez gain, beste ildo batzuk sortu dira: begiratokiak birgaitu eta mantentzeko laguntzak, Gasteizko ezaugarria baitira (400.000 euro), eta leihoak konpontzeko laguntzak (400.000 euro). Orobat, laguntzak jasotzeko lehentasunezko alderdien barruan Zabalgunea sartu da. Beste aldaketa tekniko batzuk ere egin dira testuan.

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak positibotzat jo du lortutako akordioa, horri esker Gasteizek “orain arte zuena baino araudi hobea izango” baitu. “Hiriko hainbat lekutako etxebizitza askotan oinarrizko irisgarritasun eta erosotasun beharrak hobetzen lagunduko du araudiak”.

Alkateak laguntza horiek hiriaren ehun ekonomikoan izango duten biderkatze-efektua azpimarratu du. Hona hemen datu batzuk: iaz, 21 Zabalguneak 2,1 milioi euro eman zituen 5.707 etxebizitza birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzetan.

2016an emandako diru-laguntzei esker, 20.453.748,4 milioi euroko obrak egin dira. Alegia, emandakoa bider 10.  Gainera, ordainsariek sortutako BEZa 2 milioi euro baino gehiago izan da (2.152.972,19 €). Udalak lizentziengatik lortutakoa 318.360,29 euro da.

 

Gazteentzako etxebizitzen zozketa

Bestetik, Erdi Aroko hirigunean gazteei alokatzeko etxebizitzen zozketarako deialdia egitea onetsi zuen 21 Zabalgunearen kontseiluak. Sei elkarbizitza izango dira, zeinetan ordaindu beharrekoak ez baitu gaindituko bizikidetza unitateak urtean eskuratzen dituen diru-sarrera gordinen % 30eko muga. Zozketan parte hartzeko eskabideak Sozietatearen bulegoetan aurkeztu beharko dira, 2017 ekainaren 15eko 12ak baino lehen.

 

COSUBAPREren likidazioa

Orobat, COSUBAPRE sozietatea likidatzea erabaki zuen 21 Zabalguneak. Sozietatea 2005ean sortu zen, lurrak erosteko, eta besteak beste, bi funts erosi zituen Nebera gainean, merkatuko balioa baino 30 aldiz garestiago. Oraingo alkateak aurreko agintaldian salatu zuen hori, ez zuelako egokitzat jotzen Udalak bi sustatzaile pribaturekin batera parte hartzea landa lursail horien erosketan, lursailak birsailkatuko zirelakoan, salerosketa eskrituretan jasota zegoenaren arabera.

2012an, Gorka Urtaranek orduko alkateari eskatu zion esku har zezan, eta aipatutako sozietatea era antolatuan desegin. Auzia Estatuko Kontuen Epaitegira ere bidali zen, baina ez zuen aurrera egin, preskribatuta zegoelako.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 apirila 2017 13:16

-Lehen neurria izango da udalaren garraio-agentziak Santa Barbarako, autobus-geltokiko eta Europa jauregiko aparkalekuak kudeatzea

-Udal gobernua hiru jarduera-eremutan ari da lanean: azpiegiturak onik zaindu eta mantentzea, horiek optimizatu eta berritzea, eta lekuak dinamizatu eta merkaturatzea

-Alkateak proposatuko du “aparkatzeko lekua emakida erregimenean duten herritarrei aukera ematea baldintza erakargarrietan erosterik izan dezaten

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, udal gobernua proposamen bat azkentzen ari da Gasteizko aparkaleku publikoak errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, eta ingurumena gehiago errespetatu dezaten. Aparkalekuen plan integrala udal taldeei zein TUVISAko Administrazio Kontseiluari aurkeztuko zaie laster, eta ekarpenak egiteko aukera izango da. “Agintaldiko lehen egunetik, gobernu-taldeak TUVISAren aldaketa sakona sustatzeko asmoa izan du, eta udalaren garraio sozietatea mugikortasunerako agentzia integrala bihurtzea, aparkalekuak kudeatu eta garraio publiko ezberdinak (autobusetatik BRTra) antolatuko dituena eta gero eta protagonismo handiagoa izango duena Udalaren ildo estrategikoetan, esaterako, bizikleta edo oinezkoen mugikortasunean eta mugikortasun elektrikoan“, azaldu du Gasteizko alkateak. Estrategia horren barruko lehen neurria izango da TUVISAk udalaren aparkaleku guztiak kudeatzea, Santa Barbarakoa, autobus-geltokikoa eta Europa jauregikoa barne. Gaur egun, hiri-garraioen enpresak Molinuevo, Zaldiaran, Artium eta Iradier Arenako azpiegiturak kudeatzen ditu.

Udal aparkalekuen plan berriaren helburua da azpiegitura horiek errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak bihurtzea. Okupazioari buruzko martxoko datuen arabera, TUVISAko lau aparkalekuek 1.161 leku okupatu zituzten, 2.064 lekutatik. Hots, okupazioa % 56,25 da. “Uste dugu zenbaki horiek hobetu ditzakegula”, adierazi du alkateak.

Horretarako, Urtaranen gobernuak neurri zehatzak proposatuko ditu hiru jarduera-eremutan:

1-      Mantentzea eta onik zaintzea

2-      Optimizazioa eta berrikuntza

3-      Dinamizazioa eta merkaturatzea

Alkateak azaldu duenez, lehen eremuan dagoeneko eman dira pausu batzuk. Izan ere, TUVISAk hobekuntzak egin ditu Artiumeko aparkalekuan, eta aspalditik bertako hormetan sortzen diren hezeguneak partzialki kendu, iragazpenak kanalizatuz. Hezetasunak hormetako pintura ere hondatu zuen, beraz, hori ere konpondu da azken hilabeteetan. Hala ere, “prebentziorako mantentze egokiagoa egin beharra dago, eta aparkalekuetan inbertsioak egiteko gida-plana landu“, azaldu du Gorka Urtaranek.

Optimizazioari eta berrikuntzari dagokienez, teknologia berriak (telefono adimentsuentzako aplikazioak) erabiltzea bultzatuko litzateke, Urtaranen gobernuak beste alor batzuetan sustatzen dituen smartcity politikei jarraituz. Esatea baterako, TUVISAk Artiumeko aparkalekurako autokudeaketa sistema baten instalazioa kontratatu du duela gutxi, eta laster Iradier Arenan ere jarriko da. Kudeaketa sistemak eguneratzeaz gain, teknologia berriak lekuak erreserbatzeko edo ordainketak formalizatzeko erabil litezke.

Azkenik, aparkatzeko lekuen merkaturatzeari eta dinamizazioari dagokienez, okupazio-ratioa handitu nahi da zenbait formula baliatuz. Hauxe da garrantzitsuena: prezio politika erakargarri eta malgua, zeina TUVISAko Administrazio Kontseiluari aurkeztuko baitzaio laster. Urtaranen gobernuak proposatuko dituen neurrien artean “aparkatzeko lekua emakida erregimenean duten herritarrei hori baldintza erakargarrietan erosteko aukera ematea” aurreikusi da, alkateak azaldu duenaren arabera. Orain erabili gabe dauden lekuak erostea sustatuko luke horrek.

TUVISA modernizatzea

Hain zuzen ere, duela ia bi urte hasi zen lanean TUVISA mugikortasun agentzia modernoa bihurtzeko. Esate baterako, TUVISAk flota berritzeari ekin dio, eta 10 autobus erosi ditu; horiek dagoeneko hirian daude, eta hemendik gutxira hasiko dira Gasteizko kaleetatik zirkulatzen —orain kudeaketarako sistema instalatzen ari da, eta hori prozesu konplexua da—. “Kontuan izan behar da hirian erositako azken ibilgailuak 2009koak zirela, beraz, funtsezkoa zen flota berritzeko prozesua sustatzea”, esan du Gorka Urtaranek. Agintaldi honetan beste hamar ibilgailu erosteko konpromisoa hartu da.

Horretaz gain, udalaren garraio-enpresak kotxetegiak lekuz aldatzeko eta berdimentsionatzeko zein lantegiak eta bulegoak berritzeko proiektua garatzen jarraitzen du. Itziar Gonzalo buru den sozietateak garabi eta uniforme berriak erosi ditu, eta zenbait azpiegitura hobetu.

DOSSIER PLAN DE APARCAMIENTOS

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 apirila 2017 14:43

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Toki-erakundeen foru-finantzaketaren sistema berrikusteko helburuarekin Arabako Batzar Nagusietan lanean diharduen Toki Erakundeen Finantzaketari buruzko Batzorde Txostengilean izan da gaur Gorka Urtaran alkatea. Foru-finantzaketaren banaketak Gasteizi dakarkion desabantaila konpentsatzeko aukera emango duen FOFELen aldakuntza egiteko premia nabarmendu du bertan alkateak.

Baliagarri dauden baliabide ekonomikoen % 52,3k osatzen dute Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa (FOFEL), eta lurraldeko udalek eta toki-erakundeek parte hartzen dute horretan. Bizkaiko udalek (% 56) eta Gipuzkoakoek (% 58)   jasotzen dutena baino zerbait txikiagoa da portzentaje hori. Arabaren kasuan, % 52,3 hori, Gasteiz hiriari dagokionean izan ezik, Obra eta Zerbitzuen Foru Planetik datorren % 3,7rekin osatzen da. Gasteizko Udalak horretan ez parte hartzeak, Euskadin foru-finantzaketarik txikiena jasotzen duen hiruburua bihurtzen du.

FOFELen zuzkidura ekonomikoa % 56koa balitz, 11.498.582 euro gehiago jasoko lituzke Udalak aurten, orain esleitua duenaren aldean. Azken bost urteetan, Udaren kalterako den desfase ekonomiko hori, guztira, 47.432.564 eurokoa izan da.

Toki-erakundeen finantzaketa berrikustean joan den urtean onetsi zen Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea —Udalen Legea— kontuan hartzeko beharra dagoela azpimarratu du alkateak bere agerraldian, erakundeei egonkortasuna ematearen alde egiten baita bertan, bakoitzak ematen dituen zerbitzuen arabera finantzatuz eman ere. “Udalen Legean ezarritakoaren ildotik, FOFELen zuzkidura apurka-apurka gehitu beharra dago, % 56ra arte, gaur egun beste hiri eta udalerri batzuen aldean Gasteizen gertatzen den desabantaila zuzentzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Gasteizek Bilboren eta Donostiaren aldean finantzaketa eskasagoa jasotzeaz gain, kontuan izan behar da Udalak modu esklusiboan hartzen dituela bere gain zenbait instalaziori lotutako gastuak, zeinek, hala ere, Araba Lurralde Historiko osoari ematen baitiote zerbitzua. Egoera horren adibide gisa aipatu ditu Urtaranek Jundizko hiri-hondakin solidoen lantegia, Gardelegiko zabortegia eta Animaliak Babesteko Zentroa. Jundizko lantegiaren kasuan bakarrik, beste kuadrilla batzuek aurre egin beharko lieketen 650.000 euroko gastua hartzen du bere gain Udalak urtean. Zentzu horretan, Gasteizek beste kuadrilla, kontzeju edo udalerri batzuen mesede bere gain hartzen dituen zerbitzu horiek ekonomikoki konpentsatzeko premia nabarmendu du alkateak.

Desabantaila horretan eragiten duen beste faktore bat da Gasteizko udal aurrekontuak ikuspegi ekonomikotik defizitarioak diren zerbitzuak finantzatzen ari direla kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arloan, eta horien ohiko erabiltzaileak direla, gasteiztarrak ez ezik, baita hiriburutik kanpo bizi direnak ere. Era berean, lurralde osoari zerbitzua ematen dioten hezkuntzaren, osasunaren eta garraioaren arloko azpiegiturak Gasteizen kokatuta egoteak horiei lotutako gastuak modu esklusiboan bere gain hartzera behartzen du Udala, hala nola aparkalekuei, hiri-garraioari edo instalazioen mantentze-lanei dagozkienak.

Arrazoi horrengatik beragatik, Bizkaiko Foru Ogasun diru-kopuru bat aurreikusten du, eta Gipuzkoako foru-arauak portzentaje ekonomiko bat erreserbatzen du, hiribururako. “Gasteiz da hiru euskal hiriburuetatik bakarra foru-funtsetan partaidetza espezifiko bat onartzen ez zaiona, hiriburu izateagatik”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Foru-finantzaketari dagokionez berraztertu behar den azken kontu bat kuadrillei dagokien diru-esleipenarena da. Gasteizko Udalak kuadrillari dagozkion zerbitzuak ematen ditu, eta, hala ere, kuadrilletako bakoitzarentzat erreserbatzen den partaidetza finkoa ere —67.613 eurokoa— ez du jasotzen. “Ez da horrenbestean kontu kuantitatibo bat, ezen kualitatiboa, ezen Gasteizko kuadrillaren zeregina erreibindikatzen baitu, eta gure kuadrillako herrietako kontzejuek egiten duten lana”, gehitu du Urtaranek.

Lurraldearen orekari eustearen garrantzia nabarmendu du alkateak, uste baitu Obra eta Zerbitzuen Foru Plana tresna oso baliagarria dela gure lurraldeko herrietan eta toki-erakundeetan beharrezko diren inbertsioei erantzuteko. “Horri eustea, lurraldearen oreka eta Arabako udalerrien arteko elkartasuna sustatzeko, helburu partekatua da, baina horrek ez du izan behar FOFELen bitartez egiten den baliabideen banaketan Gasteizko Udalaren partaidetza mugatzen kontura”, bukatu du alkateak.

 

 

 

Share

« HurrengoakAurrekoak »