Prentsa oharrak

Prentsa Oharren banner

Gasteiz, Masterchef Poloniako saioetako baten agertoki

Ia ehun pertsonak osatutako lantalde bat Gasteizen filmatzen ari da, Masterchef Poloniako hamargarren ediziorako. Programak Espainia plaza hautatu du agerlekurako, bertan grabatzeko eliminazio-proba bat, sei lehiakiderekin. Filmaketari esker, Arabako hiriburuaren zenbait txoko ikusiko dituzte Polonian, esaterako Aihotz plaza, San Migel elizako balkoia eta Arkupeak. Gorka Urtaran alkateak zorte ona opa izan die partaideei, lantaldeari ongi etorria eman ondoren.

Share

IronManaren itzulerak berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea

Era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko aparteko hiria dela Gasteiz, nabarmendu du alkateak

 

Datorren igandean, irailak 12, IronMana izango da berriro Gasteizen, pandemiak ekarri zuen parentesiaren ondoren. Montehermoso kulturunean izan den aurkezpen-ekitaldian, ongi etorria eman diote probari erakundeetako ordezkariek eta probaren zuzendaritzako kideek lehen mailako kirol ekitaldiari.  “IronManaren itzulerak” —nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak— “berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea. Aparteko hiria da Gasteiz, era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko, baita nazioarte proba hau ere.”

Kontuan izanik egoera sanitarioa, Covid-19aren pandemia artean ez baita guztiz desagertu, aurten bizikleta- eta lasterketa-probak ez dira hirigunean egingo, Eraztun Berdean barrena baizik. Gainera, zenbait murrizketa izango dira, aurreko urteen aldean, araudi sanitarioa betetzen dela bermatze aldera. Ahalegin handia egin dute antolatzaileek horretara egokitzeko, eta proba berriro ere arrakastatsua gertatzea espero da.

Oraingo honetan, mila lagunek parte hartuko dute; beste horrenbestek dihardute antolakuntza-lanetan, horietatik % 10 boluntarioak. Datorren urterako normaltasuna berreskuratzea espero da, eta dagoeneko 3.000 pertsonek izena eman dute. Uztailaren 10ean da.

 

 

Share

Alkateak eta Segurtasuneko sailburuak zuhurtzia eta laguntza eskatu diete herritarrei, datozen egunetan osasun-araudia errespeta dadin

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarrekin koordinatuko dira segurtasun-distantziak behar bezala bete daitezen, edukiera-mugak errespeta daitezen, aglomerazioak saihets daitezen, kalean alkohola kontsumi ez dadin, maskarak erabil daitezen eta kutsadurak ez ugaritzeko diseinatutako gainerako osasun-araudia bete dadin

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean deitu dute Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordea, hau da, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko segurtasun publikoaren arloko lankidetza-organo gorena. Bileraren helburu nagusietako bat izan da bi polizien artean koordinatutako neurriak eta operatiboak aztertzea eta planifikatzea, indarrean dagoen osasun-araudia errespeta dadin, batez ere abuztuaren 4tik 9ra bitartean; izatez, egun seinalatuak dira horiek Vitoria-Gasteizen, jaiak egun horietan ospatzen baitira —bigarren urtez jarraian bertan behera geratu dira—.

Ildo horretan, Erkorekak eta Urtaranek gogorarazi dute aurten jaiak modu publikoan ez ospatzeko eskatu dutela erakundeek. Hori dela eta, erantzukizunerako mezu argia eta irmoa eman dute, egun horiek indarrean dagoen osasun-araudia errespetatuz bizi daitezen. Bi agintariek adierazi dutenez, garrantzi handikoa da aglomerazioak saihestea, eremu publikoan edari alkoholdunik ez kontsumitzea, aforoen mugak errespetatzea, babes-maskara erabiltzea, segurtasun-tarteei eustea, eta abar.

Bi erakundeek ezinbestekotzat jotzen dute gasteiztarren eta egun hauetan euskal hiriburura joaten diren pertsonen laguntza indibiduala eta kolektiboa. Segurtasunaren aldeko polizia-koordinazioaren adibide gisa nabarmendu da Vitoria-Gasteizko esperientzia eta eredua; izatez, bi polizien arteko lankidetza-protokolo espezifiko bat dago aspalditik, berriki berritu dena.

Andre Mari Zuriaren plaza eta Erdi Aroko Hirigunea

Ertzaintzak eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak prestatzen dituzten dispositiboen artean, nabarmentzen da Andre Mari Zuriaren Plazan pilaketak saihesteko aurreikusitakoa, batez ere abuztuaren 4an. Iragarri denez, ez da Zeledonen jaitsierarik izango, eta, istiluak saiheste aldera, erabaki da Andre Mari Zuriaren Plazaren perimetroa hesi bidez ixtea, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko kideen zaintzarekin. Itxiera hori 16:30etatik 19:00etara egingo da. Gainera, 15:00etik 19:00etara bitartean ez da plazan mahaiak jartzea baimenduko, nahiz eta barneko jarduera baimenduko den.

Era berean, jendea pilatu ohi den kaleetan eta tokietan prebentzio-lana areagotuko da, eta arreta berezia eskainiko zaio Erdi Aroko Hirigunean izaten den jende-pilaketari. Udalak egindako kontzertuak eta jarduerak izango dira ekitaldi ofizial bakarrak, eta ekitaldi horietan Udalak berak kontrolatuko ditu aforoa eta parte-hartzaileen arteko distantziak.

Eremu publikoan alkohola kontsumitzeko debekua ere gogorarazi behar da. Hori dela eta, Herritarren Babeserako patruilak, jai-ospakizunak saihesteaz gain, “kale-edanak” eta antzekoak saihesten saiatuko dira; pertsonei debeku horren berri emango diete, eta, behar izanez gero, zehapen-proposamenak egingo dituzte.

Bileran aditzera eman denez, funtsezkoena izango da osasun-arauak errespetatzea eta COVID-19ak eragindako pandemiaren egoera oker dezaketen arrisku-egoerarik ez sortzea.

Koordinazio Batzordea

Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordean” parte hartu dute, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaz eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteaz gain;

  • Herritarren segurtasunaren zinegotziak, Marian Gutiérrez
  • Herritarren segurtasunaren koordinatzaile nagusiak, Víctor García Hidalgo
  • Herritarren segurtasunaren zuzendariak, Javier Sáez Lanas
  • Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoko komisarioak, Roberto García Tobalina
  • Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoko komisariondokoak, Salva Alvarez
  • Segurtasuneko sailburuordeak, Josu Zubiaga.
  • Ertzaintzaren Arabako Lurraldeko intendente buruak, Karmelo Martínez Sarobe.
  • Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko Herritarren Babeserako komisario buruak, Iñaki Larruri.
  • Koordinazio Batzordeko ofizial idazkariak, Alfredo Orodea.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Musika tresnen bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera

Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak bildutako tresnak Siriara eramango dituztenei agur egiteko ekitaldian izan da alkatea.

 

Gaur eguerdian aterako da Gasteiztik musika tresnen II. bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera, Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak antolatutakoa; Jesús María Alegría ´Pinttu´ da horren buru. Gasteizko alkate Gorka Urtaran Siriara bidaiatuko duten pertsonei agur egiteko ekitaldi xumean izan da; herritarrek dohaintzan emandako musika-tresnez betetako furgoneta batean joango dira.

Elkarteak bildutako musika-tresnek ia tona bat pisatzen dute, eta Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei arreta ematen dien musika-eskola batera eramateko asmoa dute. Goizean goiz bukatu dute elkarteko boluntarioek furgoneta kargatzen; orain arte Simon Bolibar plazako lokal batean gorde dira instrumentuak. Ondoren, musika emanaldi laburra egin dute Gasteizko Mugarik Gabeko Musikarien musika-eskolako kideek eta Gani Mirzo musikari kurduak, zeina Gasteizko elkartearen ordezkaria baita Ekialde Ertainean.

Ekitaldiari amaiera emateko, Mikel Delika musikari gasteiztarrak —duela gutxi Urrezko Zeledona jaso du— “Agur jaunak” jo du, eta alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde Iñaki Gurtubaik hiriaren bandera bat eman diote Gani Mirzori, Gasteizen elkartasunaren ikur gisa.  Tresnak Mirzo&Music Center zentrora —Khanasore (Siriako Kurdistan)— eramango dituzte, bertan Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei errehabilitazio terapeutikoa eskaintzen baitiete. Gasteizko GKEak antolatzen duen bigarren bidalketa da. Lehena Siriako umeentzat izan zen, gerraren soinuak ahantz zitzaten.

Mugarik Gabeko Musikariak elkartea irudiak grabatzen ari da dokumental bat egiteko asmoz, tresnak jasotzen direnetik Sirian entregatu arte. Aurreko bidalketan ere grabatu zuten dokumental bat, zeinarekin sariak irabazi baitituzte aurkeztu duten giza eskubideen jaialdi guztietan.

 

 

 

Share

Alkateak Ajebask elkartea hartu du


Gorka Urtaran alkateak Arabako Enpresari Gazteen Elkarteko (Ajesbask) zuzendaritza batzorde berria hartu du gaur udaletxean.
Juan Carlos Garcia presidenteak batzarreko gainerako kidearekin izan da: Joaquin Saez, Blanca Palacios, David Arteaga, Iñigo Diez eta Priscila Garcia.

Share

Lehiaketara atera du Udalak Iturritxu kalean 101 lekuko aparkaleku berri bat eraikitzeko proiektua

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri du Iturritxu kalean 101 lekuko aparkalekua eraikitzeko kontratua leihaketara ateratzea adostu duela Gobernu Batzarrak. Iturritxu kalean jarriko da, Gasteizko Portuko sarreraren ondoan, A2124 errepidearen ondoan. Azpiegitura hori joan den astean iragarritako Asfaltatze eta disuasio-parkinen Planaren barruan dago, eta Adurtzako bizilagunei eta beste udalerri batzuetatik hirira datozen pertsonei emango die zerbitzua. “Adurzako bizilagunei, elkarteari eta Olarizuko kontseiluari emandako hitza betetzen dugu, inguru hau aparkaleku gehiagoz hornitzeko”, azaldu du alkateak. Lanek sei hilabetetako epea izango dute.

423.663,82 euroko inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa.

Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz.  Plaza horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat bakarrik izango dira, eta lauk karga elektrikoko puntuen aurreinstalazioa izango dute. Lekuak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dituzte. Mugikortasun murriztua dutenentzat izango direnak, berriz, 4,50eko luzera eta 3,70eko zabalera izango dute.

Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute, eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Iturritxutik sartuko dira. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria. ‘Led’ teknologian oinarritutako argiteria sistema berria ere jarriko da aparkaleku berrian.

 

Share

Aldabe eta Ibaiondoko gizarte-etxeetan kautelazko neurri gisa itxitako igerilekuak irekiko ditu atzera Udalak

Aldabeko gizarte-etxeko bi igerilekuak eta Ibaiondoko gizarte-etxeko igerilekuetako igeriketa-ontzia irekiko ditu atzera Udalak gaur goizean. Joan den asteazkenean —uretan ohiko neurrietatik kanpoko parametro mikrobiologikoak antzeman zirelarik— itxi ziren hiru instalazioak dira. Neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren igerileku horietan egin diren analisiek aldeko emaitza eman dute, eta, beraz, uraren kalitatea normaldua delarik, berriro irekitzeko moduan daude.

Kautelazko neurri gisa atzo itxi ziren hiru igerilekuen kasuan —Mendizorrotzeko igerileku estalietako ontzi txikia, Salburuko gizarte-etxeko igerilekuetako ontzi handia eta San Andres kiroldegiko igerilekuetako ontzi txikia—, behar izan ziren neurri zuzentzaileak ezarri ondoren hartutako laginekin laborategian egindako emaitzak ikusteko daude oraindik.

Hizpide hartu ditu jarduera horiek Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, eta hala nabarmendu du: “segurtasuna bermatzen duten protokoloak ditu Udalak, uraren kalitatearen etengabeko kontrolean oinarrituak, eta horrek aukera eman digu egoera hori detektatzeko eta gertatu zen unean bertan erreakzionatzeko”.

Share

Alkateak 4 milioi euroko plan bat aurkeztu du Gasteizko asfaltatzea eta disuasio-aparkalekuak hobetzeko

Udalak Mendizabaleko zoladura eraberrituko du, eta aparkaleku “naturalizatu” berria sortuko du Iturritxu kalean, 100 leku baino gehiagorekin

 

Asfaltatze eta aparkaleku plana 2021

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriko asfaltatzea eta disuasio-aparkalekuak hobetzeko plan bat aurkeztu du gaur goizean. Orotara 4 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko duten zenbait ekimen dira, ibilgailu pribatuen erabiltzaileei zerbitzu ematen dieten azpiegiturak hobetu eta sortzeko. “Jarduketak hiriko auzoetako bide garrantzitsuetan egingo dira, baita aparkalekuetan ere, hala nola Mendizabalean eta Iturritxu kalean sortuko den berrian“, azaldu du alkateak. “Hiritarren eskaerei erantzuten diegu”, esan du Gorka Urtaranek.

Bi jarduera-ildo ezberdin aurreikusi dira. Batetik, hiriko zenbait kaletako zoladura hobetzea. Gaur goizean bertan onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiei ekiteko kontratazio-dosierra, 1.671.335,56 euroko aurrekontuarekin. Funtsean, zoladura hobetuko da berriro asfaltoa jarriz, 12 eta 5 zentimetroko sakoneran (eremu bakoitza zenbateraino dagoen hondatuta kontuan izanda).

Hiriko hainbat alderditan banatuko dira lanak. Zehazki, hiru multzotan banatuko dira jarduerak:

 

  1. multzoa:

– Forondako atea, Gasteizko sarreratik Landaberde kaleraino.

– Juan Garai kalea, Latinoamerika eta Arriagako atearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Iruñea kalea, Antonio Machado eta Orreaga kaleen artean.

 

  1. multzoa:

– Jacinto Benavente kaleko bizikleta-bidea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Jacinto Benavente kalea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Askatasun kalea.

– Olagibel kalea, Bake kalearen eta Herrandarren kalearen artean.

– Ortiz de Zarate kalea.

– Erraimun Olabide kalea.

 

  1. multzoa:

– Adriano VI.aren kalea, Lovaina plazatik Gasteiz hiribideraino. Eskuineko erreia Lovaina plazarantz.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Gasteiz hiribidearen eta Fernandez de Lezeta kalearen artean.

– Domingo Beltrán kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Koroatze kalearen artean.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Mexiko eta Leandro Viana kaleen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Pedro Asua kalea, Adriano VI.aren kalearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen artean.

– Pedro Asua kalea, Teodoro Dublang kalearen eta Adriano VI.aren kalearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

 

Kale bakoitzean lanek lau egun irauteko moduan antolatu ditu multzoak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Horrenbestez, 1. multzoko lanak egiteko 12 egun beharko dira, eta 2. eta 3. multzoetakoak egiteko, 24 egun.

 

 

Aparkaleku berriak

Planak proposatzen duen bigarren ildoak doako disuasio-aparkalekuak hartzen ditu barne. Horrelako zortzi aparkaleku ditu Gasteizek, leku hauetan: Francisco Leandro Viana kalea (AUOaren ondoan), Forondako atea-Luis Olariaga, Mendizorrotza, Mendizabala, Ibaibarriaga Koroneltsa, Buesa Arena, Madril kalea eta Ariznabarra (berriena). Denen artean 5.500 leku inguru dute.

Ildo horretatik, eskaintza hobetzeko zenbait neurri iragarri ditu Gorka Urtaranek:

Mendizabaleko zoladura eraberritzea. Gaur goizean onetsi du Gobernu Batzarrak Mendizabaleko aparkalekuko zoladura hobetzeko kontratuaren lizitazioa. Udalak 999.800 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta lanek 6 aste iraungo dute. Izan ere, bertako asfaltoa oso hondatuta dago, hainbat hamarkadatan ez baita berritu. Berdeguneak eta Lasarteko ateko sarbideak mugatzen dituen zintarria ere hondatuta dago. Azpiegitura horrek jai eta kultur zein kirol jarduerak hartzen ditu, Azkena Rock jaialdia, esaterako.

– Aparkaleku berria Adurtzan. Iturritxu kalean jartzekoa den aparkalekuari buruzko xehetasunak ere eman ditu Gasteizko alkateak; udal politikari buruzko eztabaida orokorrean iragarri zuen hori. Dagoeneko idatzita dago proiektua. 420.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa. Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz. Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria.

– Aparkaleku berriak. Aparkalekuen alorreko azpiegitura horiei Ariznabarreko parking berria gehitzen zaie, 100 aparkalekutik gora duena, 240.000 euro inbertsioa eginda. Arriagakoak, berriz, 124 leku izango ditu, eta laster hasiko da egokitzen; merkataritza-azalera baten eraikuntza dela eta inguru hartan dagoen aparkalekuak galduko dituen lekuak ordezteko balioko du horrek. Udalaren inbertsioa 700.000 eurokoa izango da, aurrekontuaren barruan beste lan batzuk sartu baitira: batetik, oinezkoentzako lotura sortzea Lakua eta Arriaga artean, Forondako ateko erdibitzailean; bestetik, Jose Maria Diaz de Mendibil kalean eskualdeetako etxeetako fatxadatik doan oinezkoentzako ardatza luzatzea, oraingo aparkalekuan barrena.

 

Share

Interes alderdikoiak alde batera utzi eta guztien ongiaren alde lan egiteko deia egin die alkateak udal taldeei

Zenbait proiektuk itxoin egin beharko dutela gogorarazi du Gorka Urtaranek, Gasteizen lehentasunak osasuna, ongizatea eta ekonomia lokala baitira.

 

Interes alderdikoiak alde batera utzi eta guztien ongiaren alde lan egiteko deia egin die Gorka Urtaran alkateak udal taldeei. “Akordioen udalbatza gisa gogora gaitzatela. Ez dago hiriarentzat txar izan daitekeen akordiorik. Berebiziko garaia bizitzea egokitu zaigu, eta erantzukizunez jokatu beharra daukagu”, azaldu du udal politikaren inguruko debate orokorraren bigarren egunean.

Talde politiko bakoitzaren esanei erantzuteaz gain, berriro zabaldu die eskua Gorka Urtaranek, elkarrizketarako, eta akordioen mahaia eskaini die.

Gainera, hiriak funtsezko une honetan dituen lehentasunak ere gogoratu ditu alkateak. “Zenbait proiektuk, hala nola auditorioak, itxoin egin beharko dute. Gaur egun beste batzuk dira lehentasunak: albait azkarren ateratzea pandemiatik, pertsonarik ahulenen ongizatea zaintzea, eta ekonomia lokala bultzatzea”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Share

Covid-19ari aurre egiteko Udalak baliatu dituen 23,12 milioi euroek eskatu duten ahalegin ekonomiko handia azpimarratu du alkateak

  • Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo zaiela udazkenean, iragarri du Gorka Urtaranek

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko Udalak Covid-19ri aurre egiteko abian jarritako ekimenen balantzea egin du alkateak udal politikaren inguruko debate orokorreko mintzaldiaren lehen partean. Datu bat nabarmendu du Gorka Urtaranek: pandemia hasi zenetik, 23,12 milioi euro bideratuak ditu Udalak Covid-19ari eta horren ondorioei aurre egitera. Orain Gasteiz Planeko hogeita hamar neurrien bitartez eman zaio bide ahalegin ekonomiko horri, eta aurrekontuan jasotako hainbat ekimen eta proiektu gehitu zaizkie horiei.

“Zailtasunik izan bada ere, eta izan da, Udalean, maila eman dugu. Ondo egindakoak eta akatsak gorabehera, pandemiari aurre egiteko baliabideak jarri ditugu”, adierazi du alkateak, pandemia hasi zenetik aste gutxira Orain Gasteiz Plana bezalako tresna bat edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Urtebete geroago, plan horren % 80 gauzatua dago jada, eta hartutako konpromiso guztiak urtea bukatu aurretik bete ahal izango direla aurreikusten du alkateak. Hiru lehentasunetan zentratutako konpromisoak izan dira: osasuna babestu, pertsona guztien ongizatea bermatu eta gure ekonomia aldeztu.

Alderdi bat nabarmentzen da Covid-19ari aurre egiteko baliatu diren 23,12 milioi euroen banaketan, politika sozial eta soziosanitarioena. Izan ere, arlo horretan hainbat laguntza emateko baliatu dira 15 milioi euro baino gehiago. Ekonomia lokala garatzeko zuzeneko laguntzetara bideratu dira ia 4 milioi euro; besteak beste, merkataritzarako, ostalaritzarako edo enplegua sortzeko dirulaguntzetara. Beste 3,7 milioi euro gehitu behar zaizkio kopuru horri, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreentzako laguntza fiskalak direla eta. Pandemiaren ondorioz beren jarduerak bertan behera utzi behar izan zituzten kulturaren eta kirolaren arloetara 1,5 milioi euro bideratu dira.

Hau da burututako jardueren banaketa ekonomikoa:

 

Omenaldia, pandemiaren kontra borrokatu direnei

Alkatearen ustez, pandemiaren kontrako borroka, administrazio publikoen lehentasuna izateaz gain, gizarte osoaren ahalegina izan da. Batez ere osasun-langile guztiena, zeini esker ona helarazi baitie berriro ere. “Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo geniela agindu genuen orain urtebete; pandemiaren bilakaerak oraingo joerari eusten badio, urteko azken hiruhilekoan egingo dugu, ongi merezia baitute”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Argiro erakusten dute datuek nolako ahalegina egin den: 210.000tik gora txerto jarri dira Arabako Erakunde Sanitario Integratuan; dagoeneko, 90.000 inguru pertsonak txerto osoa hartua dute, eta beste 120.000 pertsonak lehen dosia. “Bizitzak salbatzen dituzten zenbakiak dira, geure bizitza berreskuratzen lagunduko diguten zenbakiak”, nabarmendu du alkateak.

Gasteizen Covid-aren eraginez hildako 618 pertsonak ere gogoan izan ditu Gorka Urtaranek, eta haien senideak. “Ez ditugu ahazturik. Haien oroigarri iraunkorra izango da irailean inauguratutako Sempervirens espazioa”, adierazi du alkateak.

 

 

Share