Prentsa Oharren banner

Carolina del Olmok Gasteizko Guraso Eskolen 25. Topaketan parte hartuko du

Larunbatean, martxoak 13, izango da Europa biltzar-jauregian

 

Gurasoen Topaketa Liburuxka21

Carolina del Olmok Guraso Eskolen Topaketen 25. urteurrenean parte hartuko du. ¿Dónde está mi tribu? Maternidad y crianza en una sociedad individualista (Clave Intelectual) saiakeraren egilea da, non amatasunak gaur egun dituen tranpa eta potentzialtasunen inguruan jarduten baitu (dagoeneko zortzigarren edizioa du).

Bertan kontatzen digunez, zaintzaren esperientziak kontaktuan jartzen gaitu gizakiak garen aldetik dugun ahultasun ikaragarriarekin eta elkarrekiko mendekotasunaren eta elkarrekiko laguntzaren beharrezko izaerarekin” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Carolina del Olmo filosofian lizentziatua da, UCMn, eta Madrileko Arte Ederren Zirkuluko Argitalpen Saileko zuzendaria.

Bere hitzaldia, “Zaintzaren esperientzia: ikasketa morala”, 17:00etan hasiko da Europa biltzar-jauregiko Francisco de Vitoria aretoan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Hitzaldiaren ondoren, 18:30ak aldera, solasaldia egingo da, txat bidez (on line jarraitzaileek ) eta aretora bertaratuek egindako galderei erantzuteko.

Topaketaren helburua guraso eskoletako taldeek jarduera bateratua egitea da, elkarren artean beste lotura bat izateko. Mendebaldea institutuko eta Olabide eta Odon de Apraiz ikastetxeetako taldeek lagundu dute 25. edizio hau antolatzen

 

Guraso eskolak

Guraso eskolak Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan duela 25 urtetik hona gauzatzen den programa baten parte dira. Ikastetxe bereko ikasleen gurasoek osatzen dituzte taldeak, eta seme-alaben adinen araberako prestakuntza- eta hausnarketa-prozesua egiten dute.

Beraiek zehaztutako gaiak jorratzen dira, guztiak zainketa pertsonal, hazkuntza eta hezkuntzari lotuak. Ikasturte osoan zehar egiten dituzte saioak.

Estibaliz Cantok agerian utzi nahi izan du ekimen honen balioa. “Pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera honetan azpimarratu egin nahiko nuke guraso taldeek, familiek eta ikastetxeek prestakuntza jarduerak gauzatzeko egiten duten ahalegina. Ezinezkoa izango zatekeen saioekin jarraitzea hiriko ikastetxeek gune seguruak utzi izan ez balituzte”.

Konfinamendu garaian, martxotik maiatzera bitartean, on line egin ziren saioak. Aurtengo ikasturtean hainbat modalitate izan dira taldeen interesen arabera: aurrez aurrekoa (baldintzek aukera ematen bazuten), on line, eta saio berean on line eta aurrez aurre egiteko aukera ematen duen modalitatea.

Egun 42 talde daude – Gasteizko 27 ikastetxe eta 5 haur eskolatakoak– eta sare bakarra osatzen dute.  700 pertsona inguruk hartzen du parte.

Ahultasun-egoera handiena duten ikastetxeetan dinamika hauek sortzea bultzatzen dugu, beti ere horietako bakoitzaren beharretara egokituta, familiek ikastetxeen jardueretan parte-hartzea sustatuz” adierazi du zinegotziak. “Hiri hezitzaileek desberdintasunak konpentsatzeko duten zereginaren inguruan hausnartzeko dugun konpromisoaren parte da, eta horretarako inklusioaren arloko politika hezitzaileak sustatzen ditugu gizarte-aurrerapena xede” gaineratu du.

25 urteko lan hau dela eta, Hiri Hezitzaileen Estatu mailako Sareko hiri koordinatzaile aukeratu zuten Gasteiz 2020ko martxoan. Elkarte horretan estatuko 200 hirik hartzen du parte. Gasteizek ‘Hiri inklusiboa, Hiri hezitzailea’ izeneko sare tematikoa ere koordinatzen du nazio mailan.

 

 

 

 

 

 

Share