Prentsa Oharren banner

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak online jardunaldi bat egingo du profesionalekin eta artatutako familiekin

2017an jarri zuen abian Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

Urtero familia askok jasotzen dute Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak orain dela 4 urte abian jarri zuen gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programaren laguntza.

Batez ere, indarkeria psikoemozionalari hasierako fasean aurre egiteko sortu zen. Horretarako, nerabeekin, gurasoekin eta familiarekin saioak egiten ditu, hezkuntza- eta psikologia-arloko esku-hartzearen bidez gatazka bideratu ahal izateko.

Maiatzaren 28an, hainbat arlotako profesionalek —psikologia, gizarte lana, hezkuntza, etab.—, udal sailetako teknikariek, eta artatutako familiek Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatutako online jardunaldian parte hartuko dute.

Topaketan programaren eraginkortasuna aztertuko da epe labur eta ertainera, eta esperientziei buruzko mahai bat egongo da, non programan parte hartzen duen familia batek bere lekukotasuna emango baitu.

“Gure esku-hartzeari esker, gurasoen kontrako indarkeria psikologikoa eta fisikoa jaitsi egiten dela egiaztatu dugu, eta familia-harremanen hobetze hori mantendu egiten dela programa amaitu eta hilabete batzuetara. Gurasoek egoera horietan dituzten erantzun agresiboek ere behera egiten dute eta familiako kideen arteko enpatia hobetu egiten da”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak hiru mailatan jarduten du, hainbat helbururekin:

  • Nerabeekin, etxeko portaera arazoak gutxitu edo desagerrarazten saiatzen da, etorkizunean gurasoekiko indarkeria fisiko edo psiko-emozional larria eragoztek; horretarako, trebetasun eta baliabide psikologikoak sustatzen ditu, nerabeak eguneroko egoeretara hobeto egokitu daitezen.
  • Gurasoei begira, seme-alaba nerabeekin autoritatea berreskuratzen eta haien portaera agresiboak gobernatzen lagunduko dieten trebetasunak eskuratzea lantzen du.
  • Familian, harreman positiboak, eta errespetuan eta maitasunean oinarritutako familia-giroa sustatzen ditu, familia barruko kohesioa handiagoa izan dadin.

12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek, gurasoen aurkako indarkeria-egoeran badaude, 647304752 telefonora deitu dezakete informazio gehiago eskatzeko (astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara).

Share