Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 azaroa 2018 13:15

 

Gorka Urtaran alkateak Haurren Lagun diren Hirien zigilua jaso du gaur Oviedon, zeinaren bidez Gasteizko Udalak umeen alde egindako lana aitortzen baitu UNICEFek. Asturiasko hiriburuko biltzar eta erakusketa jauregian izan da ekitaldia, eta Espainiako beste udal batzuek ere jaso dute ziurtagiria.

Haurren Lagun den Hiriaren zigiluak lau urteko indarraldia du, berritu daitekeena. Horren bidez, haur eta nerabeen eskubideak betetzea kontuan hartzen duten politikak garatzen dituzten udal gobernuen jardun ona aitortzen da.

Gasteizko Udalak, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuaren bitartez, urtebetetik gora eman du hautagaitza prestatzen eta udaleko sailetan zeharkako ikuspegi komuna ezartzen, haien ekintzetan haur eta nerabeak (40.000 dira hirian) aintzat har ditzaten.

Horren emaitza izan da berriki aurkeztutako Gasteizko Haur eta Nerabeentzako II. Plana: Udala lantzen ari den 100 ekintza jasotzen ditu, eta funtsezkoa izan da UNICEFen aitorpena jasotzeko.

Urtaran alkatearen hitzetan, ziurtagiria “urteetan txikienengan zentratu den udal jardunaren aitorpena da. Orain jasotzeak adierazten du bide onetik goazela eta, hemendik aurrera, hobetu egingo dugula haur eta nerabeei ematen diegun arreta, bereziki ahulenei”.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio Lopez de Munainen ustez, “ez dugu aitorpen hau jasotzearekin konformatu behar. Landu berri dugun Haur Plana garatzen jarraitu behar dugu, baita sail guztien artean beste gai batzuk jorratzen ere. Haur eta nerabeak hiriaren zati aktibo direla ikusarazi behar dugu, parte hartzen eta egiten duguna zaintzen duten eta Udalari eskaerak egiten dizkioten pertsonak direla”.

Haurren Lagun diren Hirien zigiluak banatzeko ekitaldian 500 pertsonak hartu dute parte, 200 udalen izenean; Oviedoko alkate Wenceslao López eta Espainiako Unicefen lehendakari Gustavo Suárez Pertierra ere izan dira bertan.

 

Share