Prentsa Oharren banner

Partaidetza zuzena, ikasgelatik: HEI Txiki Vital programak herritar gazteenengana hurbilduko du Udala

  • ‘Hitzordua…’ jardueraren bitartez, udal sailetako arduradunak eskoletara joatea eska dezakete ikastetxeek

Herritar gazteenei zuzendutako HEI Txiki Vital programako ‘Hitzordua…’ jarduerari ekin diote berriro Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, aste honetan.

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuko arduradunak geletara agertzea ahalbidetzen da horren bitartez, eztabaida, hausnarketa eta partaidetza zuzena sustatzeko ikasleen artean. Adin guztietako ikasleei zuzenduta dago programa, lehen hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte, DBH eta lanbide-heziketa barne.

Udal sailetako langileak eskoletara joan daitezela eskatu ahal diote irakasleek Udalari, eskoletan lantzen ari direnari buruzko hitzaldi pertsonalizatuak ematera. Udalaren webgunean eskura daitekeen formulario bat bete behar da horretarako, edo 010 telefonora deitu. Landu nahi den gaiaren deskribapena baino ez da behar, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak bertara joan eta haur edo gazteei azalpenak emango dizkien udal-arduraduna aukera dezan.

“Gazteek udal-politikaren funtzionamendura hurbiltzeko lanean ari gara Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuan, gure ustez funtsezkoa baita hiriko udal-zerbitzuak lehen eskutik ezagutzea eta erakundeei norberaren kezka eta proposamenak helarazteko gaitasuna eskuratzea”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguez zinegotziak.

“Vital Fundazioarentzat garrantzitsua da haurrak herritar guztiei eragiten dieten gaietan parte hartzeko moduan hezteko programak bultzatzea. HEI Txiki Vital programa osatzen duten jarduerak familiei eta haurrei zuzenduta daude, eta komunitatean bizitzeko dituzten trebetasun sozialak hobetu nahi dira horien bitartez, baita herritarrek parte hartzeko dituzten bide nagusiak ezagutarazi ere”, nabarmendu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak.

Dagoeneko jaso dira Gasteizko hainbat ikastetxe eta instituturen eskabideak, bai lehen eta bai bigarren hezkuntzako ikasgeletakoek eginak. Ostegun honetan bertan, Herritarren Partaidetzaren Saileko bi teknikari Sansomendi ikastetxera joan dira, lehen hezkuntzako 4. mailako ikasgela bateko ikasleekin hitz egitera. Udalaren betebeharraren eta dituen zerbitzu eta eskumenen inguruan jardun zen bertan. Bederatzi urteko haurren galderak gai hauen ingurukoak izan ziren: kirol-instalazioak, ikastetxea dagoen auzoko altzari publikoak eta beste.

Share