Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2018 11:21

 

 

 

 

 

 

 

  • Esparru berrian jarriko da ekitaldi horretako gastronomia eta kultur eskaintza, eta Integrazioaren plaza deiturikoa

Askotariko musika ikuskizunak, nazioarteko gastronomia eta Errusiako Munduko Txapelketako partiden emanaldiak (pantaila erraldoian) nabarmentzen dira Herrialdeen Jaialdiaren hamabigarren edizioan, zeina Konstituzio plaza berrituan egingo baita, ekainaren 14tik uztailaren 8ra arte.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute ekitaldia, Sergio Frenkel zuzendariarekin eta Serafín Zubiri kantariarekin batera; azken horrek hilaren 22an (ostirala) abestuko du eta “X una causa justa” diskoa ezagutaraziko. Musikari nafarra da izen nabarmenetako bat musika eskaintzan; besteak beste, La Edad de Oro del Pop Español (ekainak 29) eta Raúl Fuentes gasteiztarra (uztailak 6) arituko dira Gasteizen.

Mulixka, Indarra eta Eguzki Lore taldeek ere ordezkatuko dute bertako talentua. Horretaz gain, bestelako dantzen erakustaldiak antolatu dira: arabiarra eta Bollywoodekoa, Giselarekin, Andaluziako koloreak, Al compás del alma taldearekin, eta swinga, Dame Swing & Lindy Hopen eskutik.

Herrialdeen Jaialdiaren aurtengo berrikuntzetako bat espazioen berrantolaketa da, Konstituzio plaza berritura egokitzeko. Herritarren partaidetzaren bidez hautatu zen plaza eraberritzeko proiektua, eta 350.000 euro inbertitu dira horretan. Plazak itxura moderno, funtzional eta irisgarriagoa du orain, eta horrek agertokia eta ostalaritza eskaintza beste modu batez antolatzea ahalbidetu du. Esparru koloretsua diseinatu da, eta erdiko guneari Integrazioaren plaza izena eman zaio. Handik aterako dira Elkartasunaren, Itxaropenaren eta Elkartzearen kaleak eta Emozioen plaza, agertoki nagusiaren ondoan.

“Ziur gaude plazaren banaketa berriak Herrialdeen Jaialdia sustatuko duela, ingurua dinamizatzeko, kultur trukerako eta bizikidetza ospatzeko balioko baitu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Igandeetan, 12.30ean eta 17.30ean, umeentzako jarduerak izango dira, Prakidsek antolaturik. Bestetik, ekainaren 16an eta 30ean (larunbatak) familientzako topaketa gastronomikoak programatu dira, Gora Project tabernako Pablo Pauostalariaren eta Gorka Barredo gastronomo eta youtuber gasteiztar ezagunaren laguntzarekin.

Musikaren Egunak, ekainaren 21ean, osagai solidarioa izango du, Mugarik gabeko Musikariak GKEaren eskutik. Elkarteak Siriako musika-eskolen aldeko kanpaina egiten jarraituko du, kontzertua emanez; Ausartak, Lautada eta Erkametza abesbatzek hartuko dute parte horretan.

Munduko Futbol Txapelketarekin bat egiten duenez denboran, Herrialdeen Jaialdiak bereizmen handiko azken teknologia duen led pantaila instalatu du, partida interesgarrienak emateko. Azkenik, Konstituzio plazan egindako eraberritzea espazio “berdea” jartzeko baliatuko da, Gitma eta Gometxa euskal enpresen laguntzarekin. Iraunkortasuna kontuan hartuko da ekitaldian, kontsumo txikiko argiztapena jarriko baita, eta birziklatzeko hainbat ekintza sustatuko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 ekaina 2017 11:33

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Herrialdeen Jaialdiaren XI. edizioa aurkeztu du; Konstituzio plazan egingo da, ekainaren 15etik uztailaren 9ra arte. Ekimenaren zuzendari Sergio Frenkel eta haiekin lankidetzan ari diren Arabako elkarteetako ordezkariak ondoan zituela, Melgosak adierazi du jaialdia “hiria dinamizatzen duen elkargunea” dela, “hamar edizioren ondoren, guztiz errotuta baitago Gasteizen udaren hasiera markatzen duten programazioen artean. Ziur gaude berriro ere Herrialdeen Jaialdia huts ezineko hitzordua izango dela beste kultura batzuen zapore, musika eta artera hurbildu nahi duten herritar eta bisitarientzat”.

Programazioan 120 ikuskizun-ordutik gora nabarmentzen dira, bost kontinenteetako gastronomia tipikoa eskaintzen duten jatetxeak, Euskadiko hogei artista baino gehiagoren emanaldiak, haurrentzako jarduerak eta elkartasunerako espazioak.

Rafael Basurtok emango du lehen kontzertu garrantzitsua Konstituzio plazan instalatutako agertokian, 22.00etan hasita; Los Panchos taldetik bizirik geratzen den bakarra Los Charros de Jalisco taldearekin arituko da. Mikel Erentxun izango da jaialdiko programazioko beste artista nabarmengarri bat: ekainaren 30ean (ostirala) kontzertu akustikoa eskainiko du. Alex Ubagok disko berria aurkeztuko du uztailaren 7an (ostirala).

 

Bertako artistak

Artista ospetsuez gain, Herrialdeen Jaialdiak zenbait talde gasteiztarren emanaldiak programatu ditu Gasteizko Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin. Besteak beste, El Malick Reggaer Band taldeak ekainaren 17an eta uztailaren 1ean joko du, eta Código Habana euskal-kubatarrek, ekainaren 23an. Bertako zenbait dantza taldek ere hartuko dute parte: Gisela, Triskari d Taldea, Indarra, eta Dame Swing.

Herrialdeen Jaialdiak badu osagai sozialik ere, bertako taldeek zenbait ekimenetan hartuko baitute esku, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailarekiko lankidetzan. Esate baterako, “Errumaniar Kultura-Cultura Romaneasca” elkarteak dantza-erakustaldia egingo du ekainaren 24an, eta hurrengo egunean, Ukraina-Euskadi elkarte sozio-kulturalak. Uztailaren 1ean, berriz, “Mujeres en la diversidad” elkartea aurkeztuko da.

Herrialdeen Jaialdiak bertako GKEen esku jartzen duen stand solidarioan Oxfam Intermón, Mugarik gabeko Musikariak eta Bide Bidean izango dira.

Bestetik, Herrialdeen Jaialdiak iraunkortasuna kontuan izango du, birziklatzeko gune gehiago jarriko baitira, kontsumo txikiko argiak erabiliko, eta bertako enpresa, hornitzaile eta saltokien laguntza izango.

Share