Prentsa Oharren banner

Hiria hobetzeko 315 proiektu aurkeztu dituzte gasteiztarrek Hobetuz programaren hirugarren edizioan

  • Parte-hartzea % 85 igo da, udal aurrekontuen zati bat zertara bideratu erabakitzeko zuzeneko demokraziarako tresna honen bitartez
  • Horretaz gain, haurrek egindako 8 proposamen jaso dira haurrentzako AKTIBATU programaren bitartez.

Aurrekontu parte-hartzaileen Gasteiz Hobetuz programak, zeina Borja Rodriguez zinegotzia buru duen Partaidetzaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatzen baitu, 315 proposamen jaso ditu hirugarren edizioan. Beraz, parte-hartzea % 85 igo da, iazko edizioan 170 ekarpen egin baitziren guztira. Gainera, eta berrikuntza gisa, Gasteizko haurren 8 proposamen ere jaso dira, haurrentzako AKTIBATU programaren bitartez.

Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileak egiteko programa da, eta hari esker herritarrek erabaki dezakete Gasteizko aurrekontuko 3 milioi euro zertara bideratzen diren. Zuzeneko demokraziaren tresna da, eta herritar guztiak gonbidatu dira maiatzaren hasieratik ekainaren 28ra bitartean proposamenak aurkeztera.

Jasotako proposamenen artean, % 20 baino gutxiago aurkeztu dituzte elkarteek eta bestelako herritar taldeek, eta gainerako ideiak norbanakoek aurkeztu dituzte. Besteak beste, kaleen konponketa eta oineztatzea (57 proposamen), parkeen hobekuntza (39), bidegorri gehiago (25) edo hirian kirola egitearekin lotutako ideiak (20) dira interes gehien piztu duten gaietako batzuk. Ondoren datoz ideia sozialak (20), ingurumen-gaiei buruzkoak (14) edo kulturarekin lotutako proposamenak (13).

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez: “Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen programak eraginkorra dela erakutsi du. Gasteiztarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte parte-hartzeko bideak, baina, batez ere, azken urteetan programaren emaitzak ikusi dituzte, herritarrek egindako 30 eskaera baino gehiago gauzatu baita. Herritarren Partaidetzaren Zerbitzua pozik dago edizio honetan izandako erantzunagatik eta lanean jarraituko dugu Gasteiz hobetzeko. Uda ondoren, edonork bozkatu ahalko du bere ustez garrantzitsuen diren aldaketa-proposamenen alde, eta 3 milioi euroko aurrekontua gordea dugu, lehentasun horiek entzuteko eta oso kontuan izateko”.

Proiektuak balioesten direlarik, urriaren 4an argitaratuko dira udalaren webgunean, Gasteizko bizilagunek azarotik aurrera gustukoenak aukeratzerik izan dezaten. Bozketak online edo aurrez aurre egin ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan zein San Antonio kaleko bulegoan), San Martineko bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri dira: belaunaldien arteko bizikidetza, genero-berdintasuna,eta kultura aniztasuna eta/edo dibertsitate funtzionala. Aurten hiru irizpide berri gehitu dira: talde ahulenen gizarte-inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

Ospitale plaza

Connect Ibailakua

Share

(zuzenduta) Herritartasunerako Eskola Irekiak jardueren ikasturte berria abiaraziko du, Begoña Románek herritarren partaidetzari buruz Europa jauregian emango duen inaugurazio-hitzaldiarekin 

 

Gasteizko Udalak programaren barruko jardueretan izena emateko epea ireki du, zeinak jarduera bakoitza hasten den egunaren bezperara arte jarraituko baitu zabalik 

 

 

Covid dela eta mundua itxita badago ere, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak partaidetzaren kultura hobetzeko xedez sustatzen duen elkartzeko eta parte hartzeko espazioak zabalik jarraitzen du, eta hitzaldi eta gogoeta ikasturteari ekingo dio hiruhileko honetan. Eztabaida berriei eta herritar izateko nahiz herritartasuna birpentsatu eta egikaritzeko modu berriei irekitako programazioa antolatu du.

Zehazki, otsailaren 4an (osteguna) abiaraziko du Herritartasunerako Eskola Irekiak (HEI) hiruhileko programazioa, Europa jauregian, Begoña Román Maestrek “Repensar la participación ciudadana: una mirada desde la ética” izenburupean emango duen hitzaldiarekin; Begoña Román Kataluniako Gizarte Zerbitzuen Etika Batzordeko lehendakaria da, eta Bioetika Batzordeko kidea, eta filosofia garaikidea, etika eta politika izango ditu hizpide.

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle ospetsu horrek herritarrek parte hartzeko prozesuen ikuspegi etikoa eskainiko du, haien zilegitasun demokratikoa funtsezko piezatzat hartuta hiri demokratikoagoa, gardenagoa eta zoriontsuagoa lortzeko bidean.

Hitzaldia Europa jauregian egitea aurreikusi da, 18:00etatik 20:00etara, behar diren higiene eta osasun alorreko prebentzio-neurriak hartuta. Pandemiak murrizketa gehiago ezartzera behartuko balu, online egingo litzateke.

Horretaz gain, programak hainbat jarduera barne hartzen ditu: gizarte trebetasunei buruzko lantegiak, ordezkari politikoei eta elkargune zein auzoguneetako ordezkariei zuzendurik; elkarteentzako prestakuntza; umeentzako lantegiak, HEI Txiki Vital programaren bitartez; zineforuma, eta eskolak eskaeraren arabera eskaintzen duen etengabeko prestakuntza.

“Pandemia gorabehera, partaidetzaren kulturak aurrera jarrai dezan ari gara lanean. Horretarako, are ahalegin handiagoa egin dugu pertsonei aukera berriak ematearren herritar parte-hartzaile, arduratsu eta informatuak izateko bidean aurrera egin dezaten, eta Gasteiz berdinzaleago, inklusiboago eta iraunkorrago bihurtzeko helburuaren aldeko konpromisoa har dezaten. Herritartasunerako Eskola Irekiak hazten jarrai dezan, osasuntsu eta jasangarri, justiziaren eta inklusioaren balio unibertsalekin bat eginez. Partaidetza baita gizarte ehuna eta demokrazia elikatzen dituen hazkurria”, nabarmendu du Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Ikasturte berriko jardueretako batzuk aurrez aurre egingo dira, eta beste batzuk, online. Denak doakoak dira, aldez aurretik www.vitoria-gasteiz.org/hei web-orrian izena emanda; nahi dugun jardueraren gainean sakatuz eskuratuko dugu izena emateko formularioa. Telefonoz ere eman daiteke izena, 010era deituz (edo 945 161100 zenbakira udalerritik kanpo egonez gero), baita herritarrei laguntzeko bulegoetan eta Twiterreko #HEIeskola traolaren bidez ere. Orobat, HEIaren aplikazioaren bidez eman ahalko da izena: web aplikazio progresibo horrek erraz sartzea ahalbidetzen du, mugikorraren pantaila nagusiko zuzeneko ikonotik.

Izena eman duten pertsonek jardueran parte hartzerik ez badute arren horretaz ohartarazteko eskatzen die Eskolak, 945 1616187 telefonora deituz edo heiskola@vitoria-gasteiz.org helbidera idatziz. Hartara, beste pertsona bati emango zaio leku horretan izena emateko aukera.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Partaidetza zuzena, ikasgelatik: HEI Txiki Vital programak herritar gazteenengana hurbilduko du Udala

  • ‘Hitzordua…’ jardueraren bitartez, udal sailetako arduradunak eskoletara joatea eska dezakete ikastetxeek

Herritar gazteenei zuzendutako HEI Txiki Vital programako ‘Hitzordua…’ jarduerari ekin diote berriro Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, aste honetan.

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuko arduradunak geletara agertzea ahalbidetzen da horren bitartez, eztabaida, hausnarketa eta partaidetza zuzena sustatzeko ikasleen artean. Adin guztietako ikasleei zuzenduta dago programa, lehen hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte, DBH eta lanbide-heziketa barne.

Udal sailetako langileak eskoletara joan daitezela eskatu ahal diote irakasleek Udalari, eskoletan lantzen ari direnari buruzko hitzaldi pertsonalizatuak ematera. Udalaren webgunean eskura daitekeen formulario bat bete behar da horretarako, edo 010 telefonora deitu. Landu nahi den gaiaren deskribapena baino ez da behar, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak bertara joan eta haur edo gazteei azalpenak emango dizkien udal-arduraduna aukera dezan.

“Gazteek udal-politikaren funtzionamendura hurbiltzeko lanean ari gara Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuan, gure ustez funtsezkoa baita hiriko udal-zerbitzuak lehen eskutik ezagutzea eta erakundeei norberaren kezka eta proposamenak helarazteko gaitasuna eskuratzea”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguez zinegotziak.

“Vital Fundazioarentzat garrantzitsua da haurrak herritar guztiei eragiten dieten gaietan parte hartzeko moduan hezteko programak bultzatzea. HEI Txiki Vital programa osatzen duten jarduerak familiei eta haurrei zuzenduta daude, eta komunitatean bizitzeko dituzten trebetasun sozialak hobetu nahi dira horien bitartez, baita herritarrek parte hartzeko dituzten bide nagusiak ezagutarazi ere”, nabarmendu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak.

Dagoeneko jaso dira Gasteizko hainbat ikastetxe eta instituturen eskabideak, bai lehen eta bai bigarren hezkuntzako ikasgeletakoek eginak. Ostegun honetan bertan, Herritarren Partaidetzaren Saileko bi teknikari Sansomendi ikastetxera joan dira, lehen hezkuntzako 4. mailako ikasgela bateko ikasleekin hitz egitera. Udalaren betebeharraren eta dituen zerbitzu eta eskumenen inguruan jardun zen bertan. Bederatzi urteko haurren galderak gai hauen ingurukoak izan ziren: kirol-instalazioak, ikastetxea dagoen auzoko altzari publikoak eta beste.

Share

Herritartasunerako Eskola Irekiaren kurtso berria inauguratu da

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek Herritartasunerako Eskola Irekiaren 2020ko kurtso berriaren programazioa inauguratu du, gaur arratsaldean, Europa biltzar jauregian.

Rosa Maria Calaf kazetari beteranoaren hitzaldiak eman dio hasiera hitzaldi- eta eztabaida-programari. TVEko kazetari beteranoa egun informatzeko eta informatuta egoteko dagoen zailtasunari buruz aritu da. Ser críticos con la información nos convierte en ciudadanía libre izenburuko hitzaldian, hizpide izan ditu emozio publikoak maiz iritzi publikoa ordezkatzen duela, eta informazio toxikoak zapal ez gaitzan beharrezkoa dela zentzu kritikoa indartzea.

   

Share

Herritarrek zuzenean ezagutu ahal izan dute 2021erako ordenantza fiskalen proiektua

Ohi bezala, Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik 2021erako udal zerga, tasa eta prezio publikoen proiektua aurkeztu du auzogune, elkargune eta herritarrei oro har irekitako entzunaldi publikoan. Bertaratuek zuzenean ezagutu ahal izan dute datorren urterako proposamena: zerga guztiak izoztea, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa kontuan izanik. Proiektuak, halaber, 2022. eta 2023. urteetarako tasa eta prezio publikoak % 2 igotzea aurreikusten du, Gasteizen aldeko itun ekonomikoari buruzko lantaldean adostutakoari jarraituz.

Datorren astean, 2021erako ordenantza fiskalen eztabaidan herritarrek parte hartzeko beste aukera bat izango da, Gizarte Kontseiluak bilera egingo baitu gobernu taldeak aurkeztu duen zerga proiektuari buruzko txostena lantzeko.

Share

Gasteizek auzo elkarteentzako dirulaguntzak onetsi ditu, 180.000 euroko zenbatekoari eutsita

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak eskaturik —Borja Rodríguez zinegotzia du buru— udalerriko auzo elkarteentzako dirulaguntzak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Aparteko bilkura egin du Batzarrak, prozesua ahalik eta azkarrena izan dadin, alarma egoeraren hasieran etenda utzitako administrazio-epeak gaur hasi baitira berriro kontatzen. 2020an auzoetan dinamizazio eta partaidetza sozialean laguntzen duten proiektuak bideratzeko laguntzetarako kopurua bere horretan mantenduko da: 180.000 euro.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Auzo elkarteek berebiziko zeregina dute Gasteizko auzoetan partaidetza sustatzen eta herritarrentzako gizarte eta kultura sarea osatzen. Sare horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egungo aparteko egoeran. Hori dela eta, Partaidetza Zerbitzua auzo elkarteekin batera aritu da lanean alarma egoeran zehar, dirulaguntzak prest egon zitezen martxoan etenda utzitako administrazio-epeak berriro kontatzen hasten ziren lehen egunean onartu ahal izateko”.

Izan ere, COVID-19aren pandemiaren eraginez eten egin ziren administrazio-epeak, auzo elkarteentzako laguntza-deialdiari dagokion dosierraren izapideak barne, eta ondorioz, ezinezkoa zen eskabidea aurkeztu zuten elkarteei laguntzak ordaintzea.

Etenaldian, hala ere, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuko teknikariak proiektuak aztertzen eta balioesten aritu dira, deialdiaren oinarriei jarraituz. Apirilaren 20an, gainera, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak zirkular bat bidali zien elkarteei, lasai egon zitezen; laguntza-deialdia zertan den azaltzen zien, eta egindako zenbait kontsultari erantzuten.

Osasun-alertak eragindako egoera berezia dela kausa, proiektuetako jardueretako asko zirkunstantzia aldakorretara egokitu beharko dira, eta osasun agintaritzak unean-unean ezartzen dituen arauetara. Proiektuko jarduerarik aldatu nahi bada idatziz eskatu beharko zaio Udalari, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuaren bitartez, eta hark aztertuko du aldaketaren bideragarritasuna, legezkoa eta egoki den ebaztearren, eta jarraipena eta kontrola kudeatuko.

Egiten diren jarduera guztiek osasun agintaritzak unean-unean ezartzen dituen osasunaren arloko arauak eta gomendioak bete beharko dituzte. Gainera, eta Gasteizko jaiak bertan behera uzteko erabakiaren ildotik, Gasteizko Udalak ez du baimenduko espazio publikoa eta udal titulartasuneko espazioak erabiltzea baldin eta jardueren ezaugarriak direla eta jendetza biltzeko aukera bada.

Elkarteak jakitun dira egiten ez diren jardueren aurrekontua itzuli egin beharko dutela deialdiaren berariazko oinarrietan ezarritako justifikazio-epean, baita egitea ezinezko gertatzen den jarduerei dagokiena ere.

Share

Gasteizek partaidetza-organo guztiak aktibatuko ditu, hiria suspertzeko prozesuan lehentasunak zehazteko

  • Borja Rodríguez zinegotziak hiria suspertzeko partaidetza plan berria aurkeztu dio Gizarte Kontseiluari

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek partaidetza-prozesu bat abian jartzeko plan bat aurkeztu du Gizarte Kontseiluari, Gasteizko herritar guztiak covid-19aren pandemiaren ondoren hiria suspertzen inplikatu daitezen.

Gorka Urtaran alkateak lagundurik, Herritarren Partaidetzaren Sailaren arduradunak bere proposamena azaldu du, zeina udaleko organo ezberdinen bitartez informazioa jasotzean, entzutean eta lehentasunen diagnostikoa egitean baitatza. 2020. urtea amaitu arteko ekintzak lehenesteko balioko du lan horrek, baita 2021rako aurrekontuei begira ere.

Ekainean bilera sorta bat egitea proposatu zuen zinegotziak; ahal dela, organoen bilerak aurrez aurre egingo dira, segurtasun-neurriak betez, edo bestela online egingo dira. Besteak beste, hainbat alorretako elkarguneak, auzoguneak eta Eskola Kontseilua bilduko lirateke.

Saioak bi ataletan banatuko dira. Lehenengo, Udalak 2020rako aurreikusi dituen ekintzen barri emango du zinegotzi arduradunak; bigarren zatian, bi galdera hauen inguruan eztabaidatuko da: zein eragin izan du osasun krisiak arlo honetan? zein dira lehentasunez aurre egin beharreko alderdiak?

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Gure gizarteko pertsona eta sektore orok zalantzaz betetako egoera berri bati egin behar diote aurre. Covid-aren ondorengo testuinguru honetan inoiz baino gehiago aldeztuko dugu herritarren partaidetza, ezinbestekoa baita udalaren ekintza politikoa aberasteko. Horregatik, partaidetza-organo guztiak biltzeko dei egitea erabaki dugu, herritarrei entzun eta haiek lehentasunezkotzat jotzen dituzten alderdiak jasotzeko”.

Bilerak egin ostean, eta foro guztietan ateratako ondorioak kontuan hartuz, Gizarte Kontseiluak txosten bat landuko du gobernu taldearentzat eta gainerako talde politikoentzat, proposamenak eta lehentasunak zehaztuta aurten egin daitezkeen ekintzei begira, baita 2021rako aurrekontuari begira ere. Herritarren Partaidetzaren Sailak proposatzen du txostena Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordearen aparteko bilkura batean aurkeztea. Azkenik, gobernu-taldeak txosten bat landuko du Gizarte Kontseiluaren proposamenei erantzun arrazoitua emateko, eta zein ekintza hartuko duen aintzat zehaztuko du.

Share