Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 azaroa 2018 14:13

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok sailaren 2019rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur; 3,1 milioi eurora iristen da aurrekontua, hau da, 2018an baino % 23,6 gehiago.

Aurrekontu-proiektuak ia milioi erdi euroko inbertsioak jasotzen ditu ibilgailuak berritu eta ekipoz hornitzeko. Kopuru handiena (240.000 €) Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako ponpa-kamioi berri bat eta ibilgailu arin bat erosteko erabiliko da.

Udaltzaingoari dagokionez, 109.000 euro handituko da ibilgailu-flota berritzeko partida, eta 139.000 euro erabili ahalko dira furgonetak, autoak eta motozikletak erosi eta berritzeko. “Oraingo flotak kilometro metatu asko ditu, eta batzuetan funtzionamendu arazoak dituenez horiek konpondu nahi ditugu”, azaldu du Carlos Zapatero zinegotziak.

Inbertsio horiei beste 56.000 euro gehituko zaizkie azken LEPeko udaltzain berrien ekipamendu eta hornidurarako.

Ohiko gastuari dagokionez, nabarmendu beharra dago 15.000 euro erabiliko direla Herritarren Segurtasunaren Sailak berriki aurkeztu duen Bide Segurtasunaren Plana garatzeko.

Orobat, 369.000 euro jarri dira jantziak eta uniformeak erosteko: 249.000 € udaltzainentzat eta 120.000 € suhiltzaileentzat. Partida horiek hazkunde handia izan dute, orain egiten ari diren oposizioen bidez sartzen diren suhiltzaile eta agenteak 2019an hasiko baitira lanean.

Trafiko Zerbitzuak, azkenik, 1,6 milioi euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontua edukiko du; horietatik, 1,2 milioi trafikoa kontrolatzeko sistema mantentzeko da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 abuztua 2018 11:15

Pilarreko gizarte etxea ingurumenaren ikuspegitik erarik errespetagarrienean osorik garbitzeko zerbitzua luzatzea ere onetsi du Gobernu Batzarrak

Carlos Zapatero zinegotziak gidatzen duen Udal Administrazioaren Sailak proposaturik, Gasteizko kaleen seinaleztapen horizontala berritzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 74.941,39 euroan.

Hirian bide-marken kalitatea onena izatea da kontratuaren helburua, bide-segurtasun handiagoa lortzearren.

Kontratua bi multzotan banatuko da. Lehenak, “ardatzak” hartzen ditu barne: erreiak banatzeko ardatzak, kale-alboetako aparkalekuak, sigi-saga lerroak,  gelditzeko edo aparkatzeko debekua, erabilera berezietarako erreserbatutako zonak, etab. Alegia, luzetarako markak dira oro har, eta horiek margotzeko pintura berezia esprai batez isurtzen duen makina bat baliatzen da; egoera txarretan ongi ikusteko modukoa izan behar du pinturak. Multzo horren aurrekontua 40.000 euro da.

Bigarren multzoak “markak” hartzen ditu barne: oinezkoen pasabideak, txirrindularien pasabideak, geltokiak eta zeharkako beste marka batzuk, seinale horizontalak (bidea utzi, stop, geziak, abiadura-mugak), zebrabideak, etab.  Bide-marka horiek eskuz margotzen dira, berariazko materialak baliatuz, eta irristatzearen kontrako erresistentzia ona eta iraupen luzea eskatzen da bereziki. Multzo horren aurrekontua 34.941,39 euro da.

Irlatxoak margotzea bi multzoetan sartzen da, bi lan motekin lotuta baitaude.

Kontratuak hiru hilabete iraungo du, esleitzen denetik; esleitzeko prozedura irekia izango da.

Pilarreko garbiketa

Udal Administrazioaren Sailari dagokionez —hori ere Zapaterok zuzentzen du—, Pilarreko gizarte etxea ingurumenaren ikuspegitik erarik errespetagarrienean osorik garbitzeko zerbitzua luzatzea onetsi du Batzarrak.

2016an UNI2 SERVICIOS INTEGRALES SAri esleitu zitzaion zerbitzua,  urtean 140.003 euroko zenbatekoan, bi urterako; orain 2020ko otsailaren 6ra arte luzatu da, urteko kopuru berean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 uztaila 2018 14:02

Suhiltzaileek 120 dei jaso zituzten atzo, eta 60 esku-hartze egin behar izan dute

Udalak hostoak biltzeko zerbitzua indartuko du gaur, iragarrita dauden ekaitzen eragina txikiagoa izan dadin. Atzoko ekaitz bakan eta bortitzak, gehi kazkabarrak, adar eta hosto ugari erauzi zituen zuhaitzetatik. Hori zela eta, hustubideak buxatu eta saretak goraino bete ziren, eta ezin zuten ura ohiko erritmoan xurgatu.

Aparteko egoerari aurre egiteko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak erabaki du eskuz eskobatzen ibili ohi diren 42 kale-garbitzaileak hustubideak mantentzeko lanak egin ditzatela gaur. Egunero hustubideak garbitzeaz arduratzen diren hiru taldeek ere ohiko lanarekin jarraituko dute, bulkatze eta xurgatze makinaren laguntzaz. Arazo gehien sortzen duten lekuetan eta atzo gehien eragindakoetan jardungo dute bereziki. Ahalegin berezi horretaz gain, 22 makina ekortzailek lagunduko dute garbitzen, atzoko ekaitzak sortutako zikinkeria kentzeko. Parke eta Lorategien Zerbitzua atzoko denboraleak kaltetutako zuhaitzez arduratuko da.

“Herritarrek ahalik eta kalte gutxien izan dezaten ari gara lanean. Arazoa da atzoko txingor gogorrak zuhaitzetako adarrak eta hostoak erauzi zituela; horren eraginez hustubideak buxatu egin ziren, eta ura ezin zen hodietara iritsi. Oso egoera apartekoa izan zen, xurgatzea moteldu egin zuena. Astelehenetik ostiralera hiru talde berezi arduratzen dira hustubideak mantentzeaz, eta AMVISAren sarea onik zainduta dago. Nolanahi ere, aparteko egoeretan atzokoa bezalako gorabeherak gerta daitezke”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Suhiltzaileek eta Udaltzaingoak atzoko euri eta txingor erauntsiaren eraginak konpontzen jarraitzen dute. Suhiltzaileek ia 120 dei jaso zituzten atzo, eta 60 esku-hartze egin behar izan dute oraingoz, hainbat arazo konpontzeko: urez gainezka zeuden garaje eta aretoak, ibilgailuen gainean eroritako zuhaitz eta adarrak, fatxaden erorketak, etab. “Aparteko jazoera izan da, ez baita ohikoa ordu erdian baino gutxiagoan 24 litro botatzea. Horregatik, garrantzitsua da udal zerbitzuak normaltasunera itzultzeko egiten ari diren lana nabarmentzea, baita herritarren laguntza ere”, esan du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2018 12:16

 

Agintaldi honetan 60 udaltzain lanpostu betetzeko deialdia egin da, 14 agentek kategoriaz igotzeko ikastaroa egin dute, eta 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa abiatu da

 

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok 28 udaltzain lanpostu betetzeko lan-eskaintza publikoaren deialdia aurkeztu dute gaur goizean.

Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onetsiko du deialdia; 28 lanpostu barne hartzen ditu: 11k 2. hizkuntza-eskakizuna dute, 11 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 17k, 2. eskakizuna, derrigortasun datarik gabe.

LEP honetan hasieran aurreikusita zeudenak baino 5 lanpostu gehiago sartu dira, udal gobernuak eta PPren taldeak lortu zuten akordioari esker.

Udaltzaingorako langile berriak kontratatzeko prozesu hau Euskadi osorako deialdi bateratuko hautatze eta prestakuntza prozesuaren barruan sartzen den lehena da. Horrek esan nahi du Arkautiko Akademia arduratuko dela hautatze probez eta prestakuntza-faseez.

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek nabarmendu du “agintaldi honetan gure hiriko Udaltzaingoa hobetzeko egin den ahalegin handia. Herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzua ez zen eguneratu eta indartu urteetan, eta orain  dagoeneko 2 eskaintza deitu ditugu, orotara 60 udaltzain lanpostu berri. Datorren astean aterako da kalera azken promozioa, 32 agente lanpostu betetzeko LEPearen emaitza. Gainera, Udaltzaingoa hornitzeko apustuari eutsiz, lehen agentearen kategoriara igotzeko ikastaroa deitu dugu 14 agenterentzat”.

Orobat, nabarmendu beharra dago une honetan 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa egiten ari dela.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, berriz, hau azpimarratu du:  “deialdi berriak Udaltzaingoaren egitura berrantolatzeko prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko digu, zerbitzu hobea emateko xedez. Zerbitzua hobetzeko konpromisoak bete nahi ditugu, eta eraginkorragoak izan gure zereginetan, batez ere herritarrentzako arretarekin zuzenean lotutakoetan”.

Horren haritik, Zapaterok azaldu du datorren ekainaren 4an kalera irtengo diren 32 agenteei esker “Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Taldea indartu ahalko” dela, “orotara bederatzi agente izango baitira, duela hiru urte baino bost gehiago. Adingabeen Taldea ere sortuko dugu, beste bederatzi udaltzainek osatua, adingabeei arreta eta babesa emateko, eta dituzten arrisku bereziei aurre egiteko: droga, tabako eta alkohol kontsumoa; legez kanpoko substantzien trafikoa; mehatxuak; jazarpena; lapurretak; borrokak, etab. Azken batean, Gasteizek Euskadiko hiri seguruena eta Estatuko seguruenetako bat izaten jarrai dezan nahi dugu”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2018 13:29

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak eta Carlos Zapatero Herritarren Segurtasuneko zinegotziak astebete barru Gasteizko kaleetara praktikaldia egitera aterako diren hogeita hamar udaltzain berri inguru bisitatu dituzte

Gorka Urtaran alkateak eta Carlos Zapatero Herritarren Segurtasuneko zinegotziak ongi etorria eman diete udaltzain berriei, zeinek datorren astelehenean (ekainak 4) praktikaldia egitera aterako diren Gasteizko kaletara, karrerako funtzionario bihurtzeko prestakuntza-aldiko azken fasearen baitan.

Duela astebete lortu zuten 6 emakume eta 23 gizonezkoek Arkautiko akademiako egiaztagiriak. Jarraian, Agirrelandan hasi ziren, Udaltzaingoaren, Herritarren Segurtasuneko Sailaren eta Udalaren antolaketa eta egitura ezagutzeko.

Ongi etorria eman die alkateak, baina zorte on opatu ere. Gorka Urtaranek Udaltzaingoan jende gaztea sartzearen garrantzia azpimarratu du. “Hiri segurua da Gasteiz, estatistikek erakusten dutenez. Une honetan lehentasuna dute Udalngoarentzat genero-indarkeriak eta adingabeen unitateak”, esan du, adierazita bi horiek indartu egingo direla.

 

 

 

 

 

 

 

Urtaranek gogorarazi due “hiri moderno guztiak bezala, Gasteiz anitza eta plurala dela. Guztion ardura da bizikidetza eta beste jatorri batzuetatik datozenen integrazio bideratzea, betiere aniztasunean. Azkenik, alkateak eskatu die ez inoiz ahazteko “Gasteizko izenean arituko direla”.

Herritarren segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapaterok ere ongi etorria eman die, bere ustean zalantza gabe “zirraragarria” den lanbide batera.

Kalera atera aurretiko fase horren xedea da udaltzainei lantoki berrian integratzen laguntzea, Polizia Judizialaren arloaren lanera hurbilaraziz (hortxe kokatzen dira Genero-Indarkeriaren eta Familia Barruko indarkeriaren Atala, eta baita Argiketa Atala ere), Herritarren Segurtasunaren Arloa (txanden edo komunikazio-sistemen funtzionamendua), eta Komunikazio eta Kudeaketa Arloa.

Patruilatzera atera aurretik, udaltzain berriak Herritarren Segurtasuneko Sailaren funtzionamendua eta suhiltzaileen zerbitzuarekin nahitaez izan beharreko koordinazioa ezagutzen ari dira. Egun hauetan prestakuntza jasotzen ari dira beste udal sail eta zerbitzuen eskuetatik; esaterako, gaur goizean datuen babesaren inguruan ari dira ikasten. Sindikoarekin, berriz, Udaltzaingoaren eta herritarren arteko harremanei buruzko prestakuntza jorratuko dute; Berdintasun Zerbitzuko langileekin, aldiz, berebiziko garrantzia egingo diete delitu homofoboei eta gorroto-delituei; eta Herritarren postontziko arduradunekin Datuak babesteko Lege Berriari buruz arituko dira.

Horrez gain, datozen bi asteetan udaltzain berrien akreditazio pertsonala izapidetuko da, armak eta horien baimen eta gidak banatuko zaizkie, eta txandak prestatuko dira, ekainaren 4ean kalean egon ahal izan daitezen. Orduan hasiko da karrerako funtzionario bihurtu aurretiko azken fasea, praktikaldia, zeinak, tutore batek ebaluatuko duelarik, urtebeteko iraupena izango duen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 otsaila 2018 12:45

 

 

Udazkenetik aurrera, TAOren erabiltzaileek ez dute parkimetroraino joan beharrik izango hiriko aparkaldi mugatuko lekuetan aparkatzeko txartela eskuratzera. Izan ere, TAO telefono mugikorrez ordaintzeko sistema bat jarriko du Udalak ordurako. Aplikazio baten bitartez ordaindu ahalko da dagokion tarifa, eta oraingo ordainketa metodoak ez dituen beste abantaila batzuk ere eskainiko ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du ordainketa sistema telematikoa ezartzeko lehiaketa, Herritarren Segurtasunaren Sailak azken hilabeteetan landu duen proiektuari jarraituz. “TAO modernizatu eta erabilera erraztu nahi genuen, erosoagoa eta eraginkorragoa bihurtu, bai erabiltzaileentzat bai udal-administrazioarentzat”, azaldu du arloko zinegotzi ordezkari Carlos Zapaterok.

 Telefono adimentsuaz ordaintzeko, nahikoa izango da dagokion doako aplikazioa deskargatzea Play Store eta App Store plataformetan —Android eta IOS sistementzat, hurrenez hurren—. Besteak beste, aukera hauek emango ditu aplikazioak: zerbitzuan alta eta baja eman, aparkatzeko denbora erosi, erositako epea luzatu, baimendutako denbora gainditzeagatiko salaketa baliogabetu, edo ordainketa-egiaztagiria lortu. Gainera, erabiltzaileari alerta bat bidaliko dio erositako denbora bukatzear dela ohartarazteko, baita salatu dutenean ere.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok aurreratu duenez, “erabilera erraza eta intuitiboa izango du. Gidariek aparkatzeko lekua aurkitzeaz baino ez dute kezkatu beharko, ez baitute parkimetrora joan beharrik ere, ez txartela ateratzeko, ez berritzeko, ezta salaketa baliogabetzeko ere. Bukatu dira gutun-azalak eta postontziak”.

 Espainiako hiri askotan ezarri da dagoeneko TAO telefono mugikorraren bidez ordaintzeko sistema. Gasteizen aparkaldi mugatua Udalak berak kudeatzen du, ez kanpoko enpresa batek, eta horrek sistema ezartzea zailtzen duenez horregatik ez da oraindik gauzatu.

Beste hiri batzuetan gidariek gainordain txiki bat ordaindu behar dute tarifaz gain, baina Gasteizen ez dute ordaindu beharrik izango aplikazioa erabiltzeagatik. Sistema berriak telefono mugikorrez eskaintzen dituen funtzio berak web-orri batean ere erabili ahalko dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 azaroa 2017 14:25

Elurteetan nola jokatu behar den jakiteko informazioa jasoko dute herritarrek postontzietan laster. Datozen egunotan elurra izan daitekeela aurreikusten denez, udalak informazio-kanpaina jarri du martxan, aurreko urteetan bezala, herritarrei halakoetan nola jokatu ohartarazteko.

Aste honetan zehar ekingo zaio  125.000 triptikoak herritarren postontzietan, merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan banatzeari. Elurra denean arazo gutxiago izateko eta eta joan-etorriak hobetzeko aholkuak ematen dira bertan. Esaterako, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzea.

Orobat gomendatzen da baldintza meteorologikoen inguruan ongi informatuta egotea, etxebizitzak behar bezala mantentzea —berorik alferrik ez galtzeko—, eta, adinekoei, gainera, behar-beharrezkoa ez badute kalera ez ateratzeko. Halaber, herritarrei laguntza eskatzen zaie elurteen eragin kaltegarriak arintzea xede.

Triptikoak postontzietan banatzeaz gain, 1.500 kartel banatuko dira merkataritza aretoetan, eta informazioa jarriko da kaleetako informazio-euskarrietan eta Tuvisako autobusetan. Informazioa udalaren webgunean, sare sozialetan eta informazio-pantailetan ere jarriko da.

“Honekin guztiarekin elurraren eragina arindu nahi dugu, eta hiriaren ohiko erritmoari ez eragitea. Informazioa ematen dugu eta, unea iristean, beharrezkoak diren giza baliabideak eta materialak jarriko ditugu gure hirian ohikoa izaten den egoera horri aurre egiteko, baina, beti ere ezinbestekoa da herritarren laguntza. Hortaz, komeni da zer egin behar dugun eta herritar bakoitzak zer egin dezakeen jakitea ” adierazi du Herritarren Segurtasunaren Arloko zinegotzi Carlos Zapaterok.

AURTENGO NEGUAN ELURRAK GERA EZ ZAITZAN, PRESTA ZAITEZ!

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2017 12:37

 

 

 

 

 

 

 

2016an, Gasteizen gertatutako ehun istripuren eragile nagusia izan zen alkohola

Udalak bat egin du gaur Gasteizera iritsi den bide-segurtasunari buruzko “En la carretera, cerveza SIN” kanpainarekin. Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak,  Cerveceros de España-ko zuzendari nagusi Jacobo Olallak eta kanpainaren bozeramaile Ramón Praderak aurkeztu dute kanpaina.

Sei motozale dira Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) eta beste erakunde batzuen laguntza duen kanpaina horren protagonistak, eta joan den udan ia 5.000 kilometro egin zituzten 30 probintzia eta 13 hiritan barrena, gizarteari oro har gogorarazteko alkoholak ez duela lekurik errepidean, eta gidariei bereziki.

Aurkezpenean, Udaltzaingoak “alkoholaren eta gidatzearen arteko bateraezintasunaz”  ohartarazteko egiten dituen prebentzio-kanpainak nabarmendu ditu Carlos Zapaterok. “Edanda gidatzea eragotzi nahi dugu, jokabide arduragabea eta arriskutsua baita”.

Horrekin lotuta, Herritarren Segurtasunaren zinegotziak gogorarazi du udaltzainek ia 9.000 alkoholemia-proba egin zituztela 2016an, horietako 890 trafiko-istripuen ondorioz. Azken horietako % 11tan emaitza positiboa izan zen. “Hots, alkohola hirian gertatutako ehun trafiko istripuren eragile zuzena izan zen, eta hori eragotzi nahi dugu. Gidariek jakin beharra dute alkohola kontsumitzeak bederatziz biderkatzen duela trafiko-istripua izateko aukera”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 iraila 2017 12:38

 

 

 

 

 

– Gizalegez jokatu eta arauak errespetatzera bultzatu nahi dira herritarrak “Hobeto alde onetik” kanpainaren bitartez

– Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Udaltzaingoak koordinatuko dute ekimena, eta ustekabeko kaleko marketin-ekintzak egingo dira, bizikidetza-gatazkak nabarmendu eta ohitura-aldaketak bultzatzeko

Komunikazio-kanpaina berri bat aurkeztu du Gasteizko Udalak gaur goizean, zeinen helburua baita arauekiko errespetua sustatzea gidari, ziklista eta oinezkoen artean, mugikortasun-modu desberdinen arteko bizikidetza hobetze aldera. “Hobeto alde onetik” lemarekin, egungo bizikidetza hobetu nahi da ekintza horren bitartez, gizalegez jokatzeko deia egin eta enpatia sustatuz. “Ongi ezagutzen ditugu arauak, baina beti ez ditugu betetzen, eguneroko jokabidean. Horregatik, aingeru eta deabru berezi bana aukeratu ditugu kanpainaren protagonista gisa, gure kontzientziaren ahots izango baitira. Alde onetik jotzera animatzen ditugu gasteiztarrak, bizikidetza harmonikoa ahalbidetzeko”, nabarmendu du Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Egia da mugikortasun-ingurune berriaren eraikuntza tirabirak sortzen ari dela hiriko mugikortasuna osatzen duten agente desberdinen artean. Horregatik, garrantzia ematen diogu gizalegez eta arduraz jotzeko deia egiteari”, ziurtatu du Iñaki Prusillak.

Hirian barrena mugitzen den edonork —gidari, oinezko edo ziklista izan— topa ditzakeen ohiko egoerak irudikatzen dituzten lau herritar dira kanpainaren protagonistak. “Bidegorrian aparka nezake, minutu bat baino ez baita izango”, “Posta kaletik joko dut, ez baitago udaltzainik”, “Klaxona joko diot bizikleta horri, ez baitit azkarrago joaten uzten”, “Kontrako noranzkoan joko dut, motzagoa baita”, “Gorri pasako dut, ez baitator autorik”. “Eguneroko erabakiak dira, eta alde onetik jotzen badugu bizikidetza hobea lortzen dugu, guztiz beharrezkoa baitugu hori gure hirian mugikortasun iraunkorragoa lortzeko bidean aurrera egiteko”, azaldu du Iñaki Prusillak.

 

 

 

 

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapateroren hitzetan, “norberarengandik hasten da bide-segurtasuna, kontzientziazio-elementu gisa. Erantzukizun-parte handi bat du gutako bakoitzak, hiri-ingurune segurua sortzeko orduan, mugikortasun-modu desberdinen arteko bizikidetza egokia posible izan dadin. Erantzukizun horrek indarrean dagoen araudia betetzera garamatza, behar bezala jokatzera, dena delako ordenantza errespetatuz, horrek segurtasuna emango baitigu, eta oinezko, ziklista eta gidarien arteko elkarbizitza ona ahalbidetuko.” Zentzu horretan, Carlos Zapaterok gogora ekarri duenez, “bide publikoan geure gain hartzen ditugun erantzukizun eta arriskuez jabetu beharra daukagu. Horregatik, positiboa da era honetako kanpainak abian jartzea. Garrantzitsua da oinezkoek, gidariek, ziklistek eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileek gure heziketa harago eramatea, birziklatzea, segurtasuna arriskuan jartzen duten ohitu txarrak baztertzeko.”

Ustekabeko ekintzak

Gaurtik bertatik, hiriko 60 iragarki-taulatan, autobusetan eta TUVISAren sareko, gizarte-etxeetako nahiz Antso Jakitunaren kaleko pantailetan hainbat mezu erakutsiko dira, estetika hauskor samarrekoak, herritarren arreta erakartzeko. Gainera, irratian ere emango dira iragarkiak, eta sare sozialetan barrena zabalduko.

Urri osoa hartuko du kanpainak, eta kaleko marketineko ustekabeko bi ekintza izango ditu, Gasteizko mugikortasunaren benetako gatazkak nabarmendu eta horiek konpontzeko zenbait ohitura aldatzeak duen garrantziaz ohartarazteko. Bideoan grabatuko dira ekintza horiek, gero sare sozialetan barrena zabaltzeko.

Mugikortasunaren alorrean funtsezkoak diren bi kolektiborekin ere prestatzen ari da kaleko ekintza bat, ikasle-jendearekin eta adinekoekin. Urriaren bukaera aldera, ikasleek eta hirugarren adinekoen ordezkariek parte hartuko dute ekintza horretan, zeinen helburua baita belaunaldien arteko sinergiak sortzea, benetako mugikortasun-egoerak biziarazteko eta kanpainaren enbaxadore bihurtzeko, gainerako herritarrak kontzientziarazteko orduan. Egun batez, kanpainako aingeru eta deabruak izango dira, eta, binaka, nola alde onetik jo eta bizikidetza hobea lor daitekeen erakusten saiatuko dira beste oinezko batzuei.

Hirian barrena mugitzeko orduan duten jokabidea ebaluatu ahal izango dute nahi duten gasteiztarrek, Udalaren webgunean zintzilikatuko den inkesta baten bitartez, eta, hartara, hirian barrena dabiltzanean “aingeruak” ala “deabruak” diren jakin ahal izango dute.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 uztaila 2017 13:50

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Herritarren Segurtasunaren Saileko arduaradun batzuk Iruñera joan dira gaur, bertatik bertara ezagutzearren bertako udalak eta Udaltzaingoak San Ferminetako hasiera-ekitaldian beirazko botilak eta zauriak eragin ditzaketen beste objektu batzuk erabiltzea eragozteko hartzen dituzten neurriak.

Gasteizko Udaltzaingoko eta Su Itzaltze Zerbitzuko arduradunak Iruñeko kideekin bildu dira, eta suziriaren jaurtiketa egin ohi den lekuan —Udaletxe plaza— hartzen diren segurtasun eta larrialdi neurriak zein sartzeko kontrolak ikuskatu dituzte.

Nafarroako hiriburuaren esperientzia lagungarria izango da Gasteizen Zeledonen jaitsieran eta igoeran beiraren debekua ezartzerakoan, bai eta bertaratuen segurtasun pertsonalari eta jai-jardueren ohiko garapenari kalte egin diezaieketen gainerako elementuen debekua ere.

“Jaietan segurtasuna eta lasaitasuna izan dezagun lan egiten dugu, eta herritarrei eskatzen diegu aholkuak jarraitzeko eta segurtasun-zerbitzuei aktiboki laguntzeko, eta ez eramateko beirazko botilarik, tapoiz itxitako plastikozko botilarik eta gure jaiez gozatu nahi duten pertsonak zauritu ditzakeen beste elementurik”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

 

Share