Prentsa Oharren banner

Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako 39 jarduera antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean

  • Lantegiak, ipuin-kontalariak, antzerkiak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika izango dira Gasteizko gizarte etxeetan

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako jarduera programa anitza antolatu du gizarte etxeetan, otsailetik maiatzera.

“Jarduera hauen helburua da herritarrak Liburutegi Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Haur eta familientzako 39 jarduera izango dira guztira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lantegietan askotariko gaiak landuko dira: zientzia, magia, txotxongiloak, manga komikia, eskulanak, musika, ilustrazioa, kaligrafia edo arkitektura, besteak beste.

Horretaz gain, formatu txikiko antzezlanak eta ipuin kontalariak izango dira, eta hainbat gai jorratuko, esaterako, aniztasuna, berdintasuna, beste kultura batzuen ezagutza, liburuekiko maitasuna…
Hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika ere ez dira faltako agendan.

Jarduera nabarmenak

Honakoak aipa daitezke, besteak beste: Mikel Valverde Gasteizko marrazkilari ospetsuaren ilustrazio-lantegia, Iñaki Zubizarretak eskola jazarpenari buruz emango duen hitzaldia –bullyng biktima gisa izandako esperientzia kontatzen duen bere “subnormal” komikian oinarrituta –, eta Irati Landaren solasaldi eta eskalada saioa. Azken honek hain desberdinak diren kirol eskalada eta bertsolaritza arloetan dituen bizipenak kontatuko dizkigu.

Horietaz gain, ipuin kontaketa zeinu-hizkuntzako interpretearekin, Arabako Gorren Elkartearekin lankidetzan, eta familia lantegi bat, euskararik jakin ez arren seme-alaben hizkuntzan inplikatu nahi duten gurasoentzat.

“Aurten mantendu egin dugu programazioa pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Jardueretan segurtasun-protokolo zorrotza beteko dela bermatzen dugu” azpimarratu du Cantok.

Ikuskizunetarako sarrerak gizarte-etxeetako edo kirol-instalazioetako informazio-zerbitzuetan eros daitezke. Jardueretako izen ematea internetez ere egin ahalko da. Biak ekitaldiaren data baino bi aste lehenagotik.

ikus_programa

Informazio gehiago

Share

150 gramo jaialdiaren IX. edizioa Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 38tik 30era

Abonamenduak salgai daude jada, eta sarreren salmenta abenduaren 21ean (astelehena) hasiko da

150 gramo jaialdiaren bederatzigarren edizioa Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 28tik 30era. Ekitaldi hori hiriko espazio publikoetan egin ohi da, azoketan nagusiki, baina pandemia dela kausa, osasunaren arloko agintariek ezarritako arauetarako egokiagoa zen leku bat bilatu dute antolatzaileek.

150 gramo arte eszenikoen pieza laburren jaialdia da: antzerkia, dantza, zirkua, performancea, ipuin-kontalariak…  2011n sortu zen jaialdi aitzindari hori, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, besteak beste. Ondoren, antzeko ezaugarriak dituzten jaialdiak sortu dira Espainiako zenbait hiritan.

“Pez Limbo eta El Mono Habitado tokiko konpainien ekimena da, zeinek azken urteetan aurrerabide handia egin baitute. Egindako ahalegina eskertzen diegu, bereziki guztiontzat hain gogorrak izan diren hilabete hauetan. Horregatik, Montehermosoko ateak ireki dizkiegu, dagoeneko sendotuta dagoen ekitaldia kulturunean egiterik izan dezaten“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan.

Jaialditik 75 konpainia igaro dira, estatukoak zein nazioarteko batzuk.

Aurtengo programa hilaren 28an (astelehena) hasiko da, pieza hauekin: ‘El primero’, Compañía Ensemblerena; ‘Morituri te Salutant’, Raíces aéreas taldearena; ‘Titiriscopio’, Arawakerena,  eta ‘Miñaxoia’, Clara Ferrao Dizena.

Hilaren 29ko programa lan hauek osatzen dute: ‘Souveniers’, El Mono Habitadorena; ‘Con los pies por delante’, Ékoma teatrorena; ‘Fósforos, momentos de vida’, Fósforosena, eta ‘Carretería’, Tangel /Benzalena. Hilaren 30ean (asteazkena), azkenik, pieza hauek eskainiko dira: Hannah Whelanen ‘All gifts’, Pez Limboren ‘Itsas behera’, La Únicaren ‘Algo grande’ eta Unaiunaren ‘Dosis’.

Abonamenduak dagoeneko salgai daude, abonos150gr@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez. Eguneko abonamenduak 12 euro balio du, eta hiru egunekoak, 30 euro.

Sarrerak (4 euro ikuskizuneko) Dendarabako lehen solairuan salduko dira, abenduaren 21, 22 eta 23an, 17:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 28, 29 eta 30ean, 11:00etatik 13:00etara.

 “Gasteizko ikusleak 150 gramo jaialdira etortzera animatzen ditugu, abenduaren 28tik 30era, Montehermoson. Kultura segurua dela gogorarazten diegu“, azpimarratu du Cantok.

150 gramo jaialdiaren programa

Share

Ostiralean, hilak 18, jarriko dira salgai San Anton eguneko zozketarako 30.000 txartelak

 

Urtarrilaren 17an egingo da zozketa, 18:00etan, baina ez da ospakizunik izango, COVID-19a dela eta

Ostiralean, abenduak 18, jarriko dira salgai San Anton abadearen eguneko zozketarako 30.000 txartelak. Gasteizko gizarte etxeetan, San Prudentzio egoitzan, Azoka plazan, Peña Dulce gozo-dendan eta La Unión-BÝRA tabernan erosi ahalko dira.

 

Urrezko Zeledonen plazan zurezko etxola ere jarriko da txartelak saltzeko, urtarrilaren 11tik 17ra, ordutegi honetan:

  • Urtarrilaren 11tik 16ra, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara.
  • Urtarrilaren 17an (igandea), 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara.

Txartel bakoitzak 0,60 euro balioko du, eta biltzen den dirua San Prudentzio egoitzari emango zaio.

Aurten sari hauek banatuko dira: ezkur txerri iberikoaren produktuen sorta, Teneriferako bidaia bi pertsonarentzat, sei eguneko zirkuitua Extremaduran barrena bi pertsonarentzat, gau bateko relax ihesaldia Orduña Plaza bainuetxe-hotelean bi pertsonarentzat, hiriko bizikleta bat, Principal antzokiko denboraldiko abonamendua bi pertsonarentzat, 10.1 hazbeteko tablet pc bat, Bluetooth bozgorailu bat, liburuak erosteko bonu bat, eta Laboral Kutxa Plus etxebizitza aseguru bat urtebeterako.

“Gasteiztarrak San Anton eguneko zozketa tradizionalean parte hartzera animatzen ditugu; urtarrilaren 17an (igandea) egingo da, arratsaldeko seietan, San Prudentzio egoitzaren alde. COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ez da ospakizunik izango Espainia plazan”, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

Share

‘Déjà vu’ ikuskizunarekin inauguratuko da, igandean, Eguberrietako denboraldia, Principal antzokian

Salgai daude, dagoeneko, familientzako ikuskizun horretarako sarrerak, ohiko lekuetan

 

Datorren igandean, azaroak 29, inauguratuko dute Gasteizko antzokiek Eguberrietako denboraldia, Manolo Alcántararen konpainiaren ‘Déjà vu’ ikuskizunarekin —bigarren ikuskizuna dute, ‘Rudo’ren ondoren—.

Berriro ere, protagonismo berezia bereganatzen du eszenografiak. Etengabe eraikitzen ari zen espazio bat bazen orduan, oraingo honetan, berriz, protagonistak —Kafkaren ipuin bateko gizon arrunta, errutinak gogaitua— ezinezko abenturak amesten dituen markoa izango da. Gurearen antzeko unibertso oniriko bat, non objektuek ezinezko neurriak hartzen dituzten, izan behar luketen baino handiagoak edo txikiagoak diren.

Oso ikuskizun bisuala da; lausotu egiten dira errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak. Ahotsak eta biolinak sortutako soinu-unibertsoak —errepikakorra, bizia, alaia— pertsonaiaren dualtasuna nabarmentzen du. Unibertso oniriko batera eramango gaitu. Ikuskizun bereziki iradokitzailea, ausarta eta liluragarria da… umore finez josia.

“Antzerki fisikoarekin mugakide den eta beste diziplina batzuetan, hala hola txotxongiloetan eta proiekzioetan, oinarritzen den zirku pertsonal honek lilura ditzan uztera animatzen ditugu familiak. Jakin-mina, intuizioa eta gauzak modu berezian azaltzeko gogoa dira eragile bertan”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Manolo Alcantarak sortua da antzezlana, eta berak zuzenduko du, baita agertokira igo ere, Laia Rius, Andreu Sans eta Silvia Compterekin batera.

18:00etan izango da emanaldia, Principal antzokian, behar diren segurtasun-neurriekin. 6 urtetik gorako ikusle ororentzat. Sarrerak dagoeneko salgai daude, leihatilan, telefonoz edo Udalaren webgunean. 9 euro balio dute.

Beste hitzordu batzuk

Era berean, salgai daude sarrerak Korrontzi & Xabier Amurizaren emanaldirako —abenduaren 30ean izango da, Principal antzokian—. Izaroren kontzertuko sarrerak, berriz, agortuta daude dagoeneko.

Udalaren Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioko gainerako ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:00etan, ohiko lekuetan.

Informazio gehiago

 

 

Share

Montehermosok World Press Photo erakusketa hartuko du azaroaren 15era arte

Erakusketa 18 urte jarraian jarri da Gasteizen

Montehermoso kulturuneak World Press Photo erakusketaren beste edizio bat hartuko du, 18.a jarraian, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta erakusketaren koordinatzaile Paco Valderramak prentsaurrekoan azaldu dutenaren arabera.

2020an prentsa-argazkilaritzaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 140 irudiak jarriko dira ikusgai ur biltegian. 24 herrialdetako 44 kazetari grafikok egin dituzte argazkiak. Aurtengo edizioan ia 74.000 argazki aurkeztu dira, 125 herrialdetako 4.282 argazkilarik eginak.

 “Kultura Sailetik sostengu ematen diogu gure kultur egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bati, halakoxea baita World Press Photo, pandemiaren kontrolak dakartzan zailtasunak gorabehera”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Osasun kontrolarekin lotutako neurri guztiak hartu ditugu, jakina: edukiera murriztua; ibilbidearen seinaleztapena, jende pilaketa eragozteko; gela eta maskarak. Gogoratu nahi dugu kultura segurua dela, eta ez naiz hori errepikatzeaz nekatutako“, erantsi du.

Zuzeneko ahotsa

Yasuyoshi Chiba kazetari japoniarraren “Zuzeneko ahotsa” irudia izan da irabazle absolutua: Khartum-en (Sudaneko hiriburua) erregimen militarraren aurka egindako protestetan iluntasunaren erdian telefonoen argitara poesia errezitatzen ari den gazte baten argazkia da.

Erakusketa zortzi kategoriatan banatzen da, besteak beste: gaur egungo gaiak, albisteak, epe luzerako proiektuak, natura, kirolak eta erretratuak. 2020ko World Press Photo lehiaketan hiru izan dira gai nagusiak: batetik, herritarren protesta orokorrak, zeinetan gazteak izan baitira protagonista (Irak, Sudan, Hong Kong, Txile, Aljeria) eta naturarekin lotutako istorio harrigarriak, esaterako, hain ezagun bihurtu den pangolinarena.

Bestetik, askotariko gizarte gaiak: adinekoen bakardadea; IEko borrokalarien emazteak eta seme-alabak, Irakeko eremuetan atxikitakoak; abortua Bielorrusian; Ixil maien komunitatearen sufrimendua, edo Koran osoa buruz ikasten duten neskatilak.

Aipatzekoa da WPPren aurtengo edizioan ez dela gatazka armatuetan lortutako zuzeneko irudi gordinik; bai, ordea, erretratuak eta lan pertsonal eta barnekoiak.

Aukeratutako 44 argazkilarien artean hiru espainiar daude: Ramón Espinosa, Dorian urakanari buruzko irudi batengatik; Antonio Pizarro, katamotz iberiar baten argazkiagatik, eta Ricardo García Vilanova, Irakeko protesta batean konorterik gabe geratutako gizon baten irudiarengatik.

World Press Photo erakusketa Montehermoso kulturuneko ur biltegian ikusi ahalko da, urriaren 16tik azaroaren 15era (biak barne), 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, egunero, jaiegunak barne.

Bisitarientzako prebentzio-neurriak covid dela eta.

Astelehenetik ostiralera erakusketa ikusteko, sarrera librea izango da, edukiera bete arte, hau da, ez da erreserbarik egin beharko aurretiaz, ezta gonbit-txartelik eskatu beharko ere.

Larunbat eta igandeetan, gonbit-txartela (doakoa) beharko da, eta sarreran erakutsi (paperean inprimatu daiteke, edo gailu mugikor batean deskargatuta). Montehermoso kulturunearen web-orrian lortu dezakezu gonbit-txartela, edo 945 161619 telefonora deituz (astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara).

Informazio gehiago:

https://www.montehermoso.net/pagina.php?id_p=2083&m1=&m2=&i=eus

Yasuyoshi Chiba

Farouk Batiche

Mulugeta Ayene

Romain Laurendeau

Share

Gasteizen Olentzeroren eta Erregeen desfileak bertan behera uztera behartu du pandemiak

Udala herritarren segurtasuna bermatuko duen programazioa diseinatzen ari da Gabonetarako

Gasteizen Olentzeroren eta Erregeen desfileak bertan behera uztera behartu du COVID-19ak. Kaleetan jendetzarik metatu ez dadin hartu du erabakia Udalak, aurreko urteetan 100.000 pertsonatik gora elkartzera iritsi baitira.

Dena dela, Hezkuntza eta Kultura Saila 2020-21eko Gabonetako programazioa lantzen ari da. “Eguberriak desfileak baino gehiago dira; horregatik, zirkunstantzia berrietara egokitutako programazioa lantzen ari gara”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Herritarren osasuna babestea da gure lehentasuna. Baldintza hori oinarritzat hartuta, jai horien benetako protagonisten ilusioa bizirik mantentzea lortuko duen programa bat osatzen ari gara. Hiriko haurrek Eguberriez gozatu ahalko dute, pandemiak Olentzeroren eta Erregeen desfileak lapurtu dizkigun arren”, esan du zinegotziak.

Teknikoki zehaztu eta itxi ondoren emango da egitarauaren berri. “Aukera ezberdinak ditugu aztergai, osasun krisialdiaren eboluzioaren arabera. Eskerrak eman nahi dizkiot nire taldeari, egindako ahalegin handiagatik”, erantsi du.

Share

Raimundo Arbos, Aire Zabaleko XIV. Pintura Lehiaketaren irabazle

Gasteizko Udalak antolaturik, Salburuan egin zen atzo goizean Aire Zabaleko XIV. Pintura Lehiaketa, eta bertan banatu ziren sariak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto izan zen sariak banatzeko ekitaldian.

Orotara 29 lan aurkeztu ziren.

Raimundo Arbos Martínezek irabazi du lehiaketa, ‘Aire’ lanarekin.

Epaimahaiak – Miriam Isasi, Iker Fidalgo eta Elena Aitzkoa artistek osatua– lan hauek saritu ditu.

• 1. saria (1.600 €)
‘Aire’, Raimundo Arbos Martínez bizkaitarrarena
Olio pintura

• 2.saria (1.400 €)
‘Arquitectura incrustada’, Yohana Soldevilla Agorreta nafarrarena
Olio pintura

• ‘Vitoria-Gasteiz’ 1. saria (1.200 €)
‘Reflejos’, Paz Larrumbide Moreno gasteiztarrena
Mistoa (olio pintura eta akrilikoa)

• ‘Vitoria-Gasteiz’ 1. saria (1.200 €)
‘Radarra’, Miguel Ángel Medina Alonso gasteiztarrena
Mistoa: (olio pintura eta papera)

Aurtengo edizioan 31 artistak parte hartu dute (18 gizon eta 13 emakume). Jatorriari dagokionez, 20 bertokoak izan dira eta 11 beste leku batzuetatik etorritakoak. 30 urtez azpiko artista bat egon da.

Aurtengo gaia ‘Hirigintza XXI. mendean: Salburua auzoa’ izan da, azken urteetan hiriaren ekialderantz eman den hirigintza-hedapena erakutsi duena.

Parte-hartzaileek, euren lanak egin ahal izateko, batez ere Ekialdeko parkean eta Salburua bulevarrean jarri dituzte euren asto eta oihalak.

Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XIV. edizioa

Share

Gasteizek Cabaret Festival jaialdia hartuko du abuztuaren 1etik 12ra

 

 

Besteak beste, David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico eta India Martínez arituko dira Arabako hiriburuan.

Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, Cabaret Festival jaialdia hartuko du Gasteizek, Iradier Arenan. Musikari ezagunen kontzertuak, umore emanaldiak eta txikienentzako ikuskizunak eskainiko dira.  Radio Gorbeak antolatu du, Televitoriaren laguntzarekin.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ana M. Del Val,  Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Goyo Zurro eta Nervión Flyn-en zuzendari David Camín izan dira jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan. Bertako zenbait artistak ere hartu dute parte: Gatibuko kide Álex eta Haimar, Huntza taldeko kide Josune, eta Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde aktoreak.

Cabaret Festival jaialdi kontzeptu berria da, intimo, dotore eta esklusiboa, Parisko kabaretetan inspiratua eta 20ko hamarkadako estetikan girotua. Herritarrek goi mailako ikuskizunez gozatu ahalko dute, leku ireki batean —Iradier Arenan— eta leku-kopuru mugatuaz, 1.000 pertsona gehienez, osasun arloko agintarien irizpideak betez.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Nervión taldeari, ekitaldi hori egiteko Gasteizen aldeko apustua egin dutelako udan zehar Espainiako hainbat hiritatik egingo duen biran. Pandemiak guztiok geldiarazi gaitu, arlo askotan. Egoera berri honetan, Gasteizko kultura suspertu nahi dugularik, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzen dituzten ekitaldiak lehenesten ditugu“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Jaialdiak maila handiko figurak eta taldeak aurkeztuko ditu: David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico, India Martínez, Gatibu, Omar Montes, Natalia Lacunza, Izaro, Antonio José, Zea Mays eta Huntza. Goyo Jiménez, Carlos Latre, Los Morancos, Luís Piedrahita, Gorka Aguinagalde, Gurutze Beitia, Maribel Salas eta Óscar Terol, berriz, umore ukitua jartzeaz arduratuko dira.  Hiriko  haurrek, azkenik, Cantajuegos eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunez gozatu ahalko dute. Izen horiei beste batzuk ere gehituko zaizkie, baieztatu ahala.

“Gasteizko Cabaret Festival jaialdiaren kartelean bertako artistak Estatuko beste batzuen ondoan agertzen dira, eta horrek tokiko ehunaren balioa nabarmentzen du; izan ere, haiekin eskuz esku aritu gara lanean covid-19a gure hirira iritsi zenetik”, azpimarratu du Cantok. “Gasteiztarrak zein bisitariak ekimen berri horrekin bat egitera animatzen ditugu, Gasteizko uda kolorez beteko baitu. Zain gauzkazue”, erantsi du.

Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12:00etan, www.nervionentradas.com eta www.cabaretfestival.es webguneetan, baita Kutxabanken web-orrian ere.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

Share