Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 otsaila 2018 11:36

 

 

 

 

 

 

 

 

Talde politikoak gaur hasiko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapena zehazten, batzorde txostengilean

Udal talde politikoak Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bilera-egutegia betetzen hasiko dira gaur, beren ekarpenez Gasteizko hiri planeamendu berriaren aurrerapenaren dokumentu zehaztearren.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie “HAPO idatzi duen taldeari eta saileko teknikariei, egindako lanagatik, baita parte hartu duten beste sailetako teknikariei eta talde politikoei ere. Agintaldiaren hasieran hartu nuen konpromisoetako bat HAPOaren berrikuspena abian jartzea izan zen, tresna berria 2019rako prest edukitzeko. Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzeko, eta tresna hori eguneratzeko, gaur-gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei“, gogoratu du alkateak. 

Udalak berrikuspena idazteko kontratatu zuen taldeak landu duen aurrerapen agiriari dagokionez, alkateak adierazi du “neurri handi batean abiapuntuko egoeraren diagnosia egiten” duela. “Alde horretatik, planteatutako ekarpen eta hausnarketei benetan interesgarri deritzegu. Gainera, diagnostikoaren zati handia bat dator HAPO berrikusteko batzorde txostengilearen barruan sortutako eztabaiden  emaitzarekin. Hiri trinkoa lortzeko helburua da bat-etortze horren eredu argienetakoa”.

Gorka Urtaranek gogoratu du gobernu-taldeak aurrerapenaren fase honetan zuen helburua zela “lan tekniko  eta aseptikoa proposatzea, baldintzapen politikorik  gabea, interferentziarik gabeko eztabaida tekniko eta politikoa ahalbidetzeko. Gobernu taldea garen aldetik, gure iritzia eta proposamenak ditugu, eta talde politikoei eta herritarrei oro har horien berri emango diegu, HAPO berrikusteko batzorde txostengilean aktiboki parte hartuz”.

Gaurtik aurrera, taldeek beren ekarpenak eta balioespenak azalduko dituzte, proposatutako testuak gai hauetaz egindako proposamenen inguruan:

  • Natur ingurunea. Ingurumenarekin lotutako bi aukera planteatzen dira:
    • Zero aukera: oraingo lurzoru urbanizaezina bere horretan uztea, sektoreko araudiari egokituz.
    • 1. aukera: hirigintza alternatibak fusionatzea, hala nola deskalifikatzeak, hutsik dauden bizitokietarako lursailak birdentsifikatzea, edo hutsik dauden zuzkidurazko lursailak aldatzea.

 

  • Hiri trinkoa, konplexua eta kohesionatua.
    • Zero aukera: esku ez hartzea.
    • 1. aukera: sektoreak desklasifikatzea (hiri eremuan).
    • 2. aukera: hutsik dauden bizitokietarako lursailak birdentsifikatzea.
    • 3. aukera: hutsik dauden zuzkidurazko lursailak berrerabiltzea.

Orobat, hiriko hainbat ardatzetan jardutea proposatzen du, hirigunea eta hirigunetik kanpoko eremua kohesionatzeko. 

  • Landa-ingurunea eta menpeko toki-erakundeak babestea eta bultzatzea.
    • Toki-erakundeen ezaugarriak zehazten dira, herri tipologia ezberdinen arabera esku hartzeko modu ezberdinak ezarriz.

 

  • Kultura, natura eta paisaia ondareari balioa ematea.
    • Udalaren kultura-ondarearen inbentarioa osatu eta eguneratzea proposatzen da, kokapenari eta babesari buruzko datuak sartuz, baita ondarearen balioespenari eta kontserbazio-egoerari buruzkoak ere.
    • Paisaiaren alde indartsuak eta ahulak aztertzea.

 

  • Lurralde iraunkorra eta energiari dagokionez eraginkorra.
  • Lurraldearen oreka ekonomikoa.
    • Poligonoen araberako proposamenak egiten dira
    • 0 aukera: esku ez hartzea.
    • 1. aukera: lurraren erabilera optimizatzea eta erreserben zati bat desklasifikatzea.
    • 2 aukera: dauden poligonoetan biziberritzeko eremuak sortzea, erreserben zati bat mantentzea logistikarekin lotutako jarduera ekonomiko posiblerako.
  • Lurralde eredua. Izaera orokorreko proposamenak.
  • Plan Orokorraren kudeaketa. Plangintza eremuak.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 otsaila 2018 13:22

 

Idazten ari den taldeak aurrerapenaren lehen ondorioak aztertu ditu gaur goizean talde politikoekin batera, eta bihar batzorde txostengilea bilduko da, alderdi guztien ekarpenak biltzeko  

Urtaranen gobernuak hitz eman zuen HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko  

Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren berrikuspenak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, eguneratzeko aurreikusi zen egutegia betez; oraingo planak 13 urte daramatza indarrean. Gaur goizean, Udalak berrikuspena idazteko kontratatu zuen taldeak hiriaren eredu berria izango denaren ildo nagusiak aztertu ditu talde politikoekin batera.  Eta bihar, ostirala, batzorde txostengilea bilduko da, alderdi guztien ekarpenak biltzeko.

Urtaranen gobernuak agintaldiaren hasieran hitz eman zuen HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko, “Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzeko, eta tresna hori eguneratzeko, gaur-gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei. Aurreko agintaldian mantso joan zen Plan Orokorra; oraingo gobernuak, berriz, prozesua azkartu nahi izan zuen, eta horretan gainerako udal taldeen laguntza ezinbestekoa izaten ari da, eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean” nabarmendu du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

HAPO berria idazteko lanak ez dira zerotik hasi. Izan ere, agintaldiaren hasieratik, Urtaranen gobernuak aurretik egin beharreko bi prozesu garatu ditu. Batetik, indarrean dagoen planeko alderdi zehatz batzuk berrikusi eta eguneratzea, Plan Orokorraren ponentzia politikoak aldian behin egindako bileretan; bestetik, zenbait alorretako adituekin egindako partaidetza-prozesua, “Gasteiz Berrasmatu” programaren bitartez. Herritarrek eta adituek egindako ekarpenak Plan Nagusia berrikusteko Ponentzia Politikoari helarazi zaizkio, landutako gaiekin harremanetan jarri dira, eta azkenik hainbat proposamen eta aukera landu.

Plan Orokorra udalerriak eta hiriak antolatzeko tresna da. Hiriaren ardatzak zein izango diren zehazten du, zein lursailetan jarriko diren erabilera nagusiak, hau da, non jarriko diren etxebizitzak, industriak, ekipamenduak eta azpiegiturak.

 

 

 

Share