Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 ekaina 2017 14:03

 

 

 

 

 

 

  • Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Gorka Urtaran alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Vitoria-Gasteizko hiriburutza sustatzen jarraitzeko
  • “Gasteiz 2020 Proiektuak”, kanonaz gain, etxebizitza, enplegua eta gizarte-politikak; osasun-azpiegiturak; hezkuntza eta kultura; eta garapen ekonomikoaren eremuak hartuko ditu hiriburua hobetzen jarraitzeko eta herritarrentzako bizi-kalitatearen eta ongizatearen helburuari eusteko

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gorka Urtaran alkateak gaur goizean lankidetza-hitzarmena sinatu dute, “Gasteiz 2020” proiektua sustatzeko. Gobernuak 40 milioi euro bideratuko ditu hiriburutzara, herritarrentzako bizi-kalitatearen eta ongizatearen erreferente gisa hobetzen jarraitzeko. Bi arduradunek balioa eman diote hiriburutzaren kanonerako zenbatekoa bikoizteko aukera eman duten erakundeen arteko lankidetzari.

Gaur eguerdian sinatu da Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz EAEko erakunde komunen egoitza gisa sustatzea finantzatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du “Gasteiz 2020” proiektua “hiriburuarentzako etorkizuneko apustua” dela eta bere Gobernuarentzako “lehentasunezkoa”, izan ere, bere programaren zatia da. Azaldu duenez, ekarpena urtero egingo da, bi ataletan: “hiriburua sustatzeko kanona” (7,5 milioi euro urtean); eta “hirirako ekipamendu berri”etarako inbertsioak (2,5 milioi euro urtean).

Bestalde, Vitoria-Gasteizko alkatea pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak hiri honetan erakutsitako inplikazioagatik. “Hori agerikoa da, hiriburutzaren kanona bikoiztu egingo delako legegintzaldi honetan. Gainera, kanonaz gainera, Urkullu lehendakariaren Gobernua, pasa den legegintzalditik, inbertsio handiak egiten ari da sektore estrategikoetan, eta hala egiten jarraituko du legegintzaldi honetan ere, Vitoria-Gasteizen garapenerako, besteak beste, osasunean, hezkuntzan eta mugikortasunean”. Gorka Urtaranek, halaber, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko sintonia azpimarratu du. “Erakunde-lankidetza bikaina da, eta, hori dela eta, Euskadiko hiriburuari hiri modernoa, aitzindaria eta berritzailea izaten jarraitzeko aukera ematen dioten proiektuetan aurrera egin daiteke”, esan du.

Akordioaren zehaztasunak

Lehendakariak deskribatu ditu Eusko Jaurlaritzak 2017. urte honetan akordio honen esparruan egingo dituen jarduketa batzuk. Akordioak honako eremu hauek barne hartuko ditu, besteak beste: etxebizitza, enplegua eta gizarte-politikak; osasun-azpiegiturak; hezkuntza eta kultura; eta garapen ekonomikoa.

–        Laudio plazako konfigurazio berria

–        San Anton plazaren inguruko jarduketa.

–        San Ignacio Loiolakoaren kaleko obrak

–        Konstituzio plazaren irisgarritasuna.

–        Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanak.

–        Birgaitze-obrak auzoetan.

–        “Bost Enparantza” proiektua, bost plaza publiko berritzeko, Santa Barbara plazako lehen fasearekin hasita.

–        Hiriko inbertsio-proiektuak, herritarrek parte hartzeko prozesuekin eta auzo-ekimenekin lotuta: hiri-baratzeak; Latinoamerika plaza; Arana inguruko aparkalekua; Europa parkinga edo Gasteiz Antzokia.

Datozen urteotan, gaur sinatutako hitzarmenari dagozkion eranskinen bidez, akordio honen kargura finantzatuko diren inbertsio eta obrak ezarriko dira.

Share