Prentsa Oharren banner

Larunbatean jarriko da berriro martxan partaidetza-prozesua herritarrek Gasteizen etorkizunerako plangintzari buruzko ikuspegia azal dezaten

Larunbatean, ekainak 6, jarriko da berriro martxan partaidetza-prozesua herritarrek Gasteizen etorkizuneko  hirigintza-diseinuari ekarpenak egiterik izan dezaten. Lehenengo saioan, lurraldeari eta klimari buruz hausnartuko da, Juan Requejo plangintza aholkulariak online emango duen hitzaldian: gai orokorrak (klima-aldaketa, nekazaritza eraztuna edo azpiegitura berdea) zein zehatzagoak (ekoizpen-erabilerak edo paisaia irizpideak) aztertuko ditu.  Ekainaren 6an (larunbata) izango da hitzaldia, 11:00etan, eta  esteka honen bidez (You tube) jarraitu ahalko da. Parte-hartzaileek galderak egiteko aukera izango dute, txata baliatuz.

Ekainaren 13an egingo da lantegiaren bigarren saioa; izena emateko formulario hau bete beharko da. Gure ingurunea sistema konplexu interkonektatutzat jotzen duen ikuspegia lantzen jarraituko da lantegian, funtzio eta prozesu ezberdinak elkarren artean erlazionatzen baitira, eta hiriaren eta ingurunearen arteko harremanak ere landuko dira.

Berrasmatu partaidetza-prozesuaren 2. fasea  larunbatetik ekainaren 25era arte garatuko da, herritarrek hiriaren etorkizuneko diseinuan parte hartzerik izan dezaten zenbait jarduera eta lantegitan parte hartuz. Datorren astean gai monografikoak landuko dira herriei eta ekonomiari buruzko foroetan zein Borinbizkarra, Tres Santos eta lurperatze proiektuen gainekoetan. Hurrengo astean lantegiak egingo dira online, eta ekainaren amaieran, aurrez aurreko saioak Europa jauregian. 

“Mugi ezazu fitxa Gasteizko etorkizuna diseinatzen!” lemaren pean, partaidetza planak era didaktiko eta ulergarrian ezagutaraziko ditu udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzakhiri trinkoa, nekazaritza-ingurunea, ondarea, iraunkortasuna, ekonomia suspertzea eta herritarrak. 

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeak hirigintza araudia egokitu eta eguneratzea eta etorkizunean izan nahi dugun udalerria planifikatzea dakar berekin. Indarrean dagoen plana 2003koa da, eta hiriaren egoera, ingurune sozioekonomikoa eta araudi zein legeak nabarmen aldatu direlarik, hori ere berritu beharra dago. Gasteizek hiri-eredua birplanteatu beharra du, hiri kohesionatua izan dadin, inklusiboa eta aintzat hartzen dituena zorua okupatzeko modua, dentsitateak, hiriaren proiektu estrategikoak, nekazaritza-inguruaren garrantzia eta iraungarritasun-irizpideak“, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik. 

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berria amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak.

Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita Udalaren sare sozialetan (#reimagina) ere.

 

 

 

Share