Prentsa Oharren banner

Elikagai-xahuketaren kontrako hirugarren astearekin bat egingo du Gasteizko Udalak

 

Elikagai-xahuketaren kontrako hirugarren astearekin bat egingo du Gasteizko Udalak. Hain zuzen ere, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean izango da fabrikatzaile eta banatzaileen AECOC elkarteak koordinatzen duen ekimen hori. Egun horietan, Estatu osoan egingo dira ekintzak, aldi berean, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, elikagaien balioa nabarmendu eta xahuketa eragozteko estrategiak sortze aldera.

Gaurko eguna, irailak 29, Elikagaiak Alferrik Galdu eta Xahutzearen kontrako Mundu Eguna izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. Hori dela eta, berdez argiztatuko dira gaur gauean udaletxeko fatxada, Arkupeko ibilbidea eta Floridako kioskoa, “Xahuketaren kontrako marea berdea” ekintzarekin bat eginez —eraikin enblematikoak argiztatuko dituzte hainbat udalek—.

FAOren datuen arabera, kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat alferrik galdu edo xahutzen da gaur egun munduan, hau da, 1.300 milioi tona urtean. Zaborretara janari gehien botatzen duten herrialdeetatik zazpigarrena da Espainia. Europako Batzordearen datuen arabera, berriz, xahutzen denaren % 42 etxeetan xahutzen da, % 39 industrian, % 14 jatetxeetan eta % 5 merkataritzan.

Gasteizko Udala aktiboki inplikatua dago elikagai-xahuketaren kontrako borrokan, eta Nazio Batuen Erakundeak ezarritako helburua lortzeko ahaleginean, zein baita elikagai-galera hori 2030erako erdira murriztea.

Hain zuzen ere, elikagai-xahuketaren kontrako Euskadiko plataformako kidea da Gasteizko Udala, eta hainbat jarduera bideratu ditu, hala nola Gasteizko jatetxeetako elikagai-xahuketaren diagnostikoa eta jardunbide egokien azterketa, eta “Elikagai-xahuketarik ez” gida egin eta zabaltzea —jatetxeek elikagai-xahuketari aurre egin eta murrizteko informazio baliagarria izan dezaten—, 2019an.

2020an, gidaren 130 ale banatu dira ostalaritza-sektoreko hainbat establezimendutan, eta kasuen % 80an interes handia piztu du, eta harrera oso ona izan du. Era berean, kasuen % 87,67an elikagai-xahuketa murrizteko jarraibideak eta neurriak hartuak dituztela egiaztatu ahal izan da.

+INFO: “Elikagai xahuketarik ez” gida

Share