Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 abendua 2019 11:48

Tokiko Gobernu Batzarrak Gao Lacho Drom eta Caritas Diocesana elkarteekin hitzarmenak sinatzea onartu du gaur, gizarteratzeko bi programa garatzeko: bata ijitoen kolektiboko pertsonentzat, eta bestea udaleko gizarte zerbitzuek artatutako pertsonentzat.

Lehenengo hitzarmenak 60.756 euroko zuzkidura du eta ijitoen komunitateko pertsona, familia eta taldeei inklusio-prozesuetan laguntzea eta jarraipena egitea du xede Emakumeengan jartzen du arreta, bereziki, eta trebetasun pertsonak, sozialak eta laneratu aurrekoak lantzen dira. Horretaz gain, udalarekiko koordinazioa ere hobetu egiten da “ tratu txar eta genero-indarkeria egoerei hobeto heltzeko”.

Antonio Machado kaleko udal lagapeneko lokal baten irisgarritasuna hobetzeko obrak egitea ere jasotzen du hitzarmenak.

Elizbarrutiko Caritas

Elizbarrutiko Caritasekiko hitzarmenari dagokionez, honek enplegu bidezko inklusio-proiektu bat garatzea ahalbidetzen du, gizarte zerbitzuetan artatutako 10 pertsonak lan aurreko lantegietan zein lantegi okupazionaletan parte hartuta.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 72.000 euro jarriko ditu bekadun prestakuntzako proiektu hau egiteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 uztaila 2019 12:28

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak lankidetza-hitzarmen bana lotu ditu Gurutze Gorriarekin eta Zaramagako Emakume Boluntarioen Elkartearekin, adinekoei zuzendutako programak egiteko. Gaur onetsi ditu Udal gobernuak bi hitzarmen horiek.

Lehenak 6.143 euroko zuzkidura du eta, horren bidez, Gurutze Gorriak udal egoitzetan esku hartzeko programa bat garatuko du egoiliarren arteko harremanak eta belaunaldien artekoak sustatzearren. Erakundeko boluntarioek lagun egingo diete adinekoei, bazterketari aurrea hartu eta haien gizarteratzea eta parte hartzea sustatzeko.

Zaramagako Emakume Boluntarioen Elkarteak, berriz,  auzoko emakume erretiratuentzako aisialdi programa garatuko du, zahartze aktiboa sustatu eta bakartze egoerak saihesteko.

Besteak beste, jarduera hauek antolatuko dituzte:

  • Pintura, gakorratz eta mandala lantegiak, eta kultura orokorrari eta gaurko gaiei buruzko lantegia.
  • Emakumearen Eguna ospatzea, txangoak eta beste jarduera puntual batzuk, Zaramagako udal zerbitzuekin batera.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 1.400 euro jarriko ditu jarduera horiek egiteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2019 15:00

Tokiko Gobernu Batzarrak San Martineko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala egokitzeko lanen esleipena onetsi du. Urte amaieran ateak irekitzeko moduan izango da zentroa, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 823.050 €-ko inbertsioa egin ostean.

Construcciones Segurola enpresak 6 hilabeteko epea izango du Udalak Vera Fajardo Margolariaren kalean dituen hiru lonjak egokitzeko, lanak amaitzean zentroaren zerbitzuak hartzeko.

San Martineko AZSK-ko azalera 1.300 m2 ingurukoa izango da, erabilera zehatz eta autonomoa izango duten hiru aretotan banatuta.

Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da. Bigarrenak hiruetan handiena izango da, 740 m2-rekin, zentroko zerbitzu eta jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.

Azkenik, hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua egongo dira.

San Martineko zentro soziokultural berria udal sareko 16.a izango da; orotara 34.000 bazkidetik gora ditu sareak.

Hitzarmenak

Udal gobernuaren bilkura berean Gizarte Politiken Saiak Gasteizko zenbait kolektibo sozial eta soziosanitario batzuekiko hitzarmenak onetsi dira, honako hauek:

  • Natura Defendatu eta Ikertzeko Arabako Taldearekiko(GADEN) hitzarmena, Gasteizko udalerriko katu-koloniak kudeatzeko. Zenbatekoa: 18.500 euro.
  • Arabako Gizarte Lan Elkartearekiko (AGLE) hitzarmena, gaixotasun kronikoak, degeneratiboak, tumoreak eta gaixotasun terminalak dituztenen familiei laguntzeko programa egiteko. Zenbatekoa: 10.970 euro.
  • Arabako Epilepsia Elkartearekiko hitzarmena, epilepsia duten pertsonei arreta, aholku eta laguntza psikologikoa emateko programa garatzeko. Zenbatekoa: 4.030 euro.
  • ADELES- Lupus gaixoen Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoei laguntza fisioterapeutikoa emateko programarako. Zenbatekoa: 3.750 euro.
  • ADELA-Alboko esklerosi amiotropikoaren Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoei laguntzeko programa integrala gauzatzeko. Zenbatekoa: 5.650 euro.
  • ANADAHI-Arreta eza, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna duten haur eta helduen elkartearekiko hitzarmena, eragindakoei eta senitartekoei arreta eta laguntza emateko programa bat garatzeko. Zenbatekoa: 3.750 euro.
  • ASAMMA- Bularretako minbizia edo ginekologikoa duten emakumeen Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoak eta horien senitartekoen alde emozionala berreskuratzeko programa garatzeko. Zenbatekoa: 2.800 euro.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 urtarrila 2018 12:33

Gizarte Politiken Sailak 2,3 milioi euro emango dizkie talde horiei

Gaur goizeko bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait hitzarmen sinatzea onetsi du, zehazki, Hiesaren aurkako Batzordearekin, Clara Campoamor elkartearekin, IRSErekin eta Elkarte Afroamerikarrarekin; horien bidez, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 2.314.407 euro jarriko ditu gizarte alorreko zerbitzuak emateko.

Gobernuak ontzat eman ditu Udalak Hiesaren aurkako Herritarren Arabako Batzordearekin dituen lau hitzarmenak, Aterpe gaueko zentroa, Estrada eguneko zentroa, Etxe Irekia harrera egiteko udal zentroa eta udalaren zainpeko etxebizitzak kudeatzeko.

Hiesaren aurkako Batzordeak 1.481.377 euro jasoko ditu orotara aurten, honela banatuta:

  • Aterpe (442.453 €). Etxerrik ez duten pertsonei gauez harrera emateko baliabidea, unean bertan oinarrizko prestazioak eskaintzen dituena: ostatua, gosari eta higienea.
  • Estrada (452.892 €). Eguneko arretako zentroa, bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzeko. Gizarteratze komunitarioa eta aisialdiaren erabilera sustatzen ditu.
  • Etxe Irekia (314.829 €). Bizitegi-bazterketa kronifikatuan dauden eta gainbehera etorritako pertsonei ostatua eta bizikidetza emateko baliabidea da, iraupen luzeko zerbitzua eskaintzen duena. Ostatu eta mantenu zerbitzuak eskaintzen ditu, laguntzarekin batera.
  • Zainpeko etxebizitzak (271.203 €). Iraupen ertain edo luzeko egonaldietarako etxebizitza kolektiboak, bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsona eta familiei ostatua emateko.

Datozen egunetan, Udalak zenbateko horien % 25 ordainduko dio Hiesaren aurkako Batzordeari, lehen hiruhilekoaren ordainketa gisa.

Beste hitzarmen batzuk

Hiesaren aurkako Batzordearekiko hitzarmenaz gain, hitzarmenak onetsi dira Clara Campoamor elkartearekin, IRSErekin eta Elkarte Afroamerikarrarekin, eta haiek ere dagokien zenbatekoaren % 25 jasoko dute laster.

Clara Campoamor elkartea (283.564 €). Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei harrera emateko etxebizitzen programa garatzeko hitzarmena.

IRSE (55.000 €). Zainpeko etxebizitza batean gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programa bideratzeko hitzarmena, gizarte ahultasun-egoeran dauden pertsonei zuzendua.

Biztanle afroamerikarren Afro elkartea (494.466 €). Zainpeko etxebizitzetan gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programa bat garatzeko hitzarmena, migratzaileei zuzendua.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 ekaina 2017 11:00

Tokiko Gobernu Batzarrak arlo sozialean diharduten hiriko bost elkarterekin hitzarmen bana formalizatzea onetsi du. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 115.530 euro jarriko ditu gizarte eta osasun arloko eta gizarteratze eta laneratze arloko proiektuak garatzerik izan dezaten.

Gaur onetsitako hitzarmenen arteko oparoena Elizbarrutiko Cáritasekikoa da, 72.000 euro jasoko baitu gizarteratzeko eta laneratzeko programa bat garatzeko, lantegi okupazionalak eta laneratu aurrekoak eginez.

ASAFESek 24.000 euroko laguntza jasoko du buruko osasunaren arloko sentsibilizazio eta prebentzio programa bat abian jartzeko; horren bidez, sostengu emango zaie buruko gaixotasuna duten pertsonei eta horien familiei, eta buruko gaixotasunei buruzko ezagutzak eskainiko, gizartean duten estigma desagerrazteko asmoz.

EZEBA-Arabako Zeliakoen Elkarteak 8.400 euro jasoko du  zeliakoei eta horien senitartekoei arreta integrala emateko programa bat garatzeko, ekintza hauen bidez: eragindakoei laguntzea, elikadura osasungarria sustatzea, janarien analisiak egitea, eta ostalari eta sukaldariei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

Beste bi hitzarmenak ADELA eta AEMAR elkarteekikoak dira. Alboko Esklerosi Amiotropikoaren Arabako Elkarteak 5.650 euroko udal-finantzaketa izango du gaixotasunak jotako pertsonei laguntzeko programa garatzeko: fisioterapia, lanbide terapia, logopedia eta laguntza psikologikoa.

Azkenik, Gizarte Politiken Sailak 5.480 euro emango dio Esklerosi Anizkunaren Arabako Elkarteari, eragindako pertsonentzako terapia okupazionala, fisioterapia eta logopedia jarduerak garatzeko.

Share