Prentsa Oharren banner

Félix Calvo argazkilariaren erakusketa inauguratu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak; gure inguruneko hezeguneetako espezieetan oinarritutako argazki-erakusketa

– Hezeguneek hegaztientzat duten garrantziari buruzko “Hegaztiak, bizi-zantzuak” erakusketa Atarian

– Formatu handiko 22 argazkiz osatuta dago erakusketa

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Felix Calvo argazkilariaren “Hegaztiak, bizi-zantzuak” erakusketa inauguratu du Salburuko Interpretazio Zentroan. Argazkilariak 1981etik hona Euskadiko hezeguneetan atera dituen irudiak dira ikusgai.

Urriko azken igandera arte zabalik egongo den erakusketa honetan, Irungo argazkilariak azken hamar urteetan egindako lana jasotzen da . Urte horietan gizakion begientzat iheskorrak diren istant labur eta iheskor horiek harrapatu ditu, argazkigintza-diziplina eta -teknikei buruz eta espezien biologia eta etologiari buruz dituen ezagutzei esker, eta, jakina, lana ontzeko behar beste denbora hartuta. Egileak zehaztu duenez, “inguruneari lapurtutako istant horiek” erakusten dituen lan hau da azken emaitza

“Argia osagarri aparta da Atarian aurkezten ditudan 20 lanetako istant bakar eta paregabeak apaintzeko” adierazi du Felix Calvok, zeinek argazki bakoitzean kontrastea egiten duen hondoa aurkitzen saiatu baita, argazkiko hegaztia nabarmentzeko. Beraz, “hondo neutro eta homogeneoek ez diote hegaztiari protagonismorik kentzen, horiek dira ardatz nagusi, Aitzitik koadro bakoitzari ikusgarritasuna ematea lortzen dute, mugimendu-sentsazioa edo hegaztia nagusitzen duten posizioak bilatzen dituelako, egiten ari den ekintzaren arabera.” Mugimendu-sentsazioa ematen du teknika honek, bilatu egiten baitu hegoen puntak apur bat mugituta geratzea, edo hegan hastean hegaztiak ura edo hondarra mugitzea.

Urriaren 31ra arte izango da ikusgai, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Salburuko interpretazio zentroan. Halaber, Hegaztien Mundu Eguna dela eta, bisita gidatu bat antolatu du IGIK erakusketara. Urriaren 3an, igandea, izango da, arratsaldeko bostetatik aurrera, Atarian.

Share

Klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide jarri ditu abian IGIk

Txagorritxuko haur-eskolak eskoletako patioak naturalizatzeko proiektua estreinatuko du, hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren barruan.

Germoplasma-bankuak flora autoktonoaren berariazko bilduma osatuko du, lurzoru kutsatuak lehengoratzeko.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ikerketa eta esperimentazioa baliatuz klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide onetsi ditu gaur, eta horrek berrikuntza berdearen alorrean erreferentziazko zentro gisa duen lekua berretsiko du.

Batetik, Txagorritxuko haur-eskolako patioa naturalizatzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onetsi du IGIk, 26.544 euroko aurrekontuarekin, 4 hilabetetan gauzatzeko. Gasteizek azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko aurkeztutako programen artean Udalsareak aukeratu duen proiektuetako bat da hori; horri beste proiektu gehituko zaio: Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena.

IGIren lehendakari Ana Oregik IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien guztien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2aren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.”

Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain ikastetxe batean ekin diogu proba-proiektuari, hain zuzen ere, horrelako ekimenak eredugarri izan daitezen eta ingurumen eta gizarte onurak ekar ditzaten, Gasteizko eta beste udalerri batzuetako espazioetan errepikatzerik izan dadin” azpimarratu du Ana Oregik.

 

Bertako landareen katalogoa lurzoru hondatuak lehengoratzeko

Bestetik, germoplasma-bankuan flora endemikoaren bilduma bat osatzeko laguntza teknikoa kontratatzea erabaki du IGIko kontseiluak, horren  bitarteaz lurzoru hondatuak berreskuratzeko asmoz, Mendebaldea proiektuan —Phy2SUDOE proiektu europarraren barruan— egiten ari den bezala. 18.000 euro bideratuko dira katalogoa osatzera.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankua arduratuko da Mendebaldea proiektuko kokapenetan flora fitorremediatzailea bilatu eta kontserbatzeko ekintzak abian jartzeaz, eta laguntza teknikoa behar du horretarako.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma bankuak ekarpen handia egiten dihardu Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitatea zaintzen eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzen, mehatxatutako flora espezieak –horietako batzuk desagertzeko arriskuan– iraunaraztea bermatzen baitu“, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Esperientzia pilotua baso-sail batean

Naturan oinarritutako irtenbideen esperientziaren barruan, orobat, Gamiz herriko (Gasteizko udalerria) baso-sail batean esperientzia pilotu bat egitea onartu du IGIk, BC3-BasqueCenter zentroarekiko lankidetzan.

Proiektu horren bidez klima-aldaketak erkameztien heriotzan duen eragina hobeto ezagutu nahi da, eta basoen kudeaketarako neurriak eta estrategiak proposatu kudeaketa jarduerak etorkizuneko agertokietara egokitzearren, aldaketa globalaren aurrean erresilenteagoak izango diren basoak lortzeko xedez. Hori dela eta, ezagutza horiek baso-kudeatzaileei zein basoen jabeei jakinaraztea da proiektuaren oinarrizko helburuetako bat. 15.000 euroko aurrekontua du ekimenak.

 

 

Share

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian

 

– Lehiaketa ospetsu horretan iazko edizioan sariak eta aipamen bereziak lortu dituzten 80 lanek osatzen dute erakusketa.

– Hemen dago eskuragarri informazio guztia: www.ataria.es

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian; asteburu honetatik 2021eko urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai, doan. Asteartetik igandera bitartean ikusi ahalko da, 11.00etatik 13.00etara zein 16.00etatik 19.00etara; astelehenetan itxita egon ohi da zentroa.

GDT-Gesellschaft Deutscher Tierfotografen elkarteak (Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartea) antolatzen du erakusketa, 2001az geroztik. Gaur egun, 18.000 argazki inguru jasotzen dituzte lehiaketan, Europako 30 herrialdetatik iritsitakoak. Bai lehiaketa bai Atarian jarritako erakusketa bederatzi ataletan daude banatuta, eta horietako bakoitzean irabazlea, finalista eta zortzi ohorezko aipamen ikus daitezke, Argazkilari Gazteak atalean izan ezik, horri lau argazki baitagozkio, bi azpiataletan banatuta (14 urte artekoak eta 15-17 urtekoak). Gainera, epaimahaiaren ustez ororen arteko argazki onena denari European Wildlife Photographer of the Year saria ematen zaio. Aurten Eduardo Blanco Mendizábal argazkilari espainiarraren ‘Mamua’ argazkiak irabazi du saria. Katamotz iberiar bat da protagonista, eta gutako ia inork ezin izango du horrelakorik ikusi, katamotza oso herabea izateaz gain oso bakana baita. Erakusketako lan guztiek ere baduten maila teknikoaz eta adierazkortasunaz gain, argazkiak aparteko une bat jasotzen du: ilunabarra. Gogoratu beharra dago habitataren zatiketa dela ugaztun horren banaketa eta populazioen arteko trukea mugatzen duten faktore nagusietako bat, eta mehatxu horrek katamotzari ez ezik beste espezie askori ere eragiten diela, esate baterako, basakatuari eta igarabari.

Pazientzia eta ahalegin handia behar izan dira lehiaketara aurkeztutako argazkiak hartzeko. Naturaren, landareen eta animalien aparteko edertasuna erakusten dute; gertakari deigarriak erakusten dituzte, eta haien argitasunak edo dinamikak harritzen gaituzte. Berriro ere, argazkilariek beren iaiotasuna eta gaien funtsezko alderdiak harrapatzeko begi ona erakutsi dute, direla paisaiak direla espezie jakinen xehetasunak. Baina begi zolia eta pazientzia handia ez dira argazkilarien ezaugarriak bakarrik: naturaren behatzaile orok behar ditu dohain horiek. Ezaugarri horiexek dituzte populazioak monitorizatu eta zenbatzeko programetan laguntzen dutenek, zeinek biodibertsitatearen eta habitaten kalitatearen berri ematen baitigute.

Horregatik, Ataritik espero dugu argazki indartsu hauek inspirazio iturria izatea askorentzat, naturara gehiago irteteko eta begiak eta belarriak erne izateko. “Pertsonek ezagutzen dutena baino ez duten babesten” leloa aintzat harturik, horixe izan liteke abiapuntua naturaren zaintzan parte hartzen hasteko. Espezieen gainbehera etengabea ikusirik, inoiz baino urgenteagoa da.

 

 

Share

Gazteentzako ‘Kontsumo Txalentx’ txapelketaren lehen edizioak ohitura jasangarri eta arduratsuekin lotutako lau erronka proposatuko ditu

Gazteria Zerbitzuak eta IGIk sustatu dute txapelketa, eta 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeek hartu ahalko dute parte

 

Bihartik, abenduak 17, eman daiteke izena

 

 

 

 

Erronka: Gazteak izeneko Gazte Planak, besteak beste, mugikortasuna eta ingurumena lantzea du lehentasun, gazteak garraiobideen, uraren eta energiaren kontsumo arduratsuaz sentsibilizatzeko asmoz, baita hondakinak murrizteko eta berdeguneak errespetatzeko konpromisoaz ere. Estrategia horiek guztiz bat datoz Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak sustatzen dituenekin.

Horrexegatik, Gazteria Zerbitzuak KONTSUMO TXALENTX TXAPELKETA antolatu du IGIrekin batera. Taldeka 4 erronka dinamiko, kolaboratibo eta interaktibo gainditzea da helburua. Ohitura jasangarriekin lotutako jarduerak izango dira: mugikortasuna, energia eta ur kontsumoa, berdeguneak… Gasteizko gazteentzako proposamen berria, aisialdi osasungarri eta eraikitzailea sustatzeko.

‘Kontsumo txalentx’ txapelketak Gasteizko udalerrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeak behar ditu. Bi kategoria egongo dira: 16-20 urte eta 21-30 urte.

Parte hartzen duen talde bakoitzak 4 erronka gainditu beharko ditu 4 astetan:

ERRONKA DATA
1 KONTSUMISMOTIK IHES EGIN:  SCAPE ROOM BIRTUALA abenduak 28- urtarrilak 3
2 JASANGARRITASUNAREN ALDE NAGO ETA BIDEOZ KONTATUKO DIZUT  urtarrilak 4-10
3 GOGOKO LOGOA  urtarrilak 11-17
4 OINEZ ETA BIZIKLETAZ HIRIAN ZEHAR: KM+, CO2 – urtarrilak 18-24
FINALA ZENBAT DAKIZU KONTSUMO JASANGARRIAREN INGURUAN? GALDEKETA urtarrilak 25-31

Kategoria bakoitzean bi sari emango dira:

  1. saria: 180 euroko opari-bonua talde txapeldunarentzat.
  2. saria: 100 euroko opari-bonua talde txapeldunordearentzat.

Bonuak “Gasteiz On” elkartearen saltokietan, ostalaritzan edo zerbitzuetan kontsumitu ahalko dira.

 2020ko abenduaren 17tik  22ra arte eman daiteke izena. Horretarako, taldeek mezu bat bidali beharko dute gazteria@vitoria-gasteiz.org helbidera. Aurrez aurre ere eman ahalko da izena, dokumentazioa Gazte Argibideetarako Udal Bulegora (Espainia plaza 1, behea) eramanez.

 

Share

Berriro egingo da Airearen Zaindariak izeneko herritarren zientziako kanpaina

 

Gasteizko Udalak, IGIren bitartez, 400 marrubi-landare banatuko ditu herritarren artean, gure hirian airearen kalitatea ezagutzeko egitekoa den herritarren zientziako programa esperimentalean parte har dezaten.

Eskualdeko hamasei enbaxadorek lagunduko dute landareak Airearen Zaindariak proiektuan parte hartu nahi dutenei banatzen, eta horren bitartez Espainiako airearen kalitatearen mapa landuko da.

Landareak 12 astez eduki beharko dira leiho edo balkoietan, aire zabalean. Ondoren, hosto-sorta bat moztu eta bidali beharko da lagin gisa, aztertu eta estatuan metal astunen bidezko kutsaduraren mapa osatzearren. 

 

Zer da Airearen Aaindariak programa? 

Airearen kutsadurarekin lotutako parametroak kontrolatzeko ekipo profesionalak erabili ohi dira, datuak zehaztasun handiz hartzen dituztenak gero teknikariek azter ditzaten. Airearen Zaindariak programak auzolanean aritzea proposatzen du, etxetik, lanlekutik, ikastetxeetatik, auzo elkarteetatik… Espainiako airearen kalitateari buruzko datu gehiago lortu nahi dira, metal astun esekiek sortutako kutsadura ikertuz.

Marrubi-landareak, airearekin zuzeneko kontaktuan daudelarik, ingurumen-kutsadura monitorizatzeko estazio bihurtzen dira. Izan ere, partikula eseki horiek hostoetan metatzen dira eta, gero, teknika biomagnetikoak aplikatuz, zein konposatu den identifikatu daiteke. Azterlan metatua eginez, Espainiako airean kutsatzaile zehatz batzuen kontzentrazioa zenbatekoa den jakin ahalko da.

Aurretik egindako azterlanek erakutsi dute metal astunen kontzentrazioak korrelazio handia duela trafikoaren bolumenarekin zein beste eragile batzuekin (trenak edo tranbiak), eta horren ebidentzia lortzen jarraitu nahi dugu.

Airearen Zaindariak proiektuak Anberesko Unibertsitateak egindako Airbezen proiektua errepikatzen du Espainian, Samson Roeland irakaslearen eta Ibercivis fundazioaren arteko lankidetzaren bitartez.

Airearen kalitatea aztertzeko teknologia aurreratuak erabili ohi dira: gailu elektronikoak, sentsore automatikoak, telefono adimentsuetako aplikazioak… Airearen Zaindariak proiektuak aukera irekiagoa eta gizatiarragoa proposatu nahi du, prozesu tradizionaletan oinarrituz, herritarrek beren kaleko edo herriko airearen kalitatearen ikerketan inplikatu daitezen: landarea ureztatu, kimatu, gutun bat posta arruntez bidali… Horrela lortutako datuek estatuko airearen kalitatearen mapa handia lantzeko balioko dute.

Anberes eta Zaragozako esperientziaren ondoren (2014 eta 2017, hurrenez hurren) eta Airearen Zaindarien estatu mailako lehen edizioaren ondoren (2019/2020), bigarren edizioa antolatu dugu, landare gehiago banatzeko eta ikertzeko interesgarri diren leku gehiagotara iristeko asmoz, talde gehiago inplikatuta.

Espainia osoko hamasei leku bihurtuko dira airearen zaindarien eskualdeko enbaxadore;  deialdi irekia egin da, eta proiektuaren zuzendaritzak irizpide zientifiko eta logistikoei jarraitu die horiek aukeratzeko. Enbaxadore horietako bakoitza herritarrei lorontziak banatzeko gunea bilakatzen da, eta 2020ko urriko lehen astean egiten da banaketa. Proiektuaren web-orrian kontsultatu daiteke zein gunetan banatuko diren.

Lorontziarekin batera, parte-hartzaileek horiek non jarri eta nola zaindu jakiteko jarraibideak jasoko dituzte, baita lorontzia erregistratzeko formularioaren esteka ere; landarea jasotzen duen unean bete ahalko du hori, eta zaintzako 12 asteetan proiektuaren inguruan sortzen diren berrikuntzak, aholkuak eta albisteak eskuratu ahalko ditu. Garrantzitsua da parte-hartzaileek lorontzia hasieran erregistratzea, proiektuaz arduratzen den taldeak partaide guztiei laguntzerik izan dezan.

Abenduaren 16tik 23ra bitarteko astean hartu eta bidaliko dira laginak. Horretarako, landarearen hosto-sorta bat antolatzaileek emandako gutun-azalaren barruan sartu eta bidaliko da, azken formularioarekin batera —online edo paperean beteta—; zaintzen aritutako asteetan landarea nola egon den azalduko da bertan.

 

 

Share

Udalak iraunkortasunaren arloko politikak eta ekintzak jaso ditu argitalpen batean, “beste hiri batzuetarako gida eta tresna” izan daitezen

 

Ibilbidea eta egindako esku-hartzeak errepasatzeaz gain, “Vitoria-Gasteiz. Giza eskalako hiri bat” liburuak etorkizuneko jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten ditu

 

Alkateorde eta IGIko presidente Ana Oregik “VITORIA-GASTEIZ GREEN CAPITAL: giza eskalako hiri bat” liburua aurkeztu du gaur goizean. IGIk argitaratu du, azken 20 urteetan gure hirian mugikortasun iraunkorrari, biodibertsitateari eta azpiegitura berdeari lotuta egin diren politikak biltzeko.

“Oso tresna praktikoa da, eta Europako Hiriburu Berdea (2012) eta Global Green City (2019) izateak bultzaturik argitaratu dugu. Orrialde hauen bidez, gainera, hiri jasangarri eta erresiliente baterantz lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, pertsonak —haien osasuna, segurtasuna eta ongizatea— beste alderdi batzuen gainetik jarrita beti“, nabarmendu du Ana Oregik. Azaldu duenez, “neurri horiek liburu batean biltzea eta zabaltzea, horietako asko hiri-bizigarritasunaren alorrean jardunbide egokitzat jotzen baitira, Gasteizko herritarrei ezagutarazten laguntzen du eta beste hiri batzuei kopiatzerik izatea ahalbidetzen die, denok batera aurrera egin dezagun NBEk ezarritako GIHak betetzeko bidean, hirien etorkizuneko garapenari begira“.

Mugikortasunaren arloan, adibidez, kaleak oinezkoentzako bihurtzeko eta bizikleta sustatzeko politikak, garraio publikoaren berregituraketa edo lehen superetxadiaren egokitzapena gogoratzen dira.

Azpiegitura berdearen jarduketen artean, Eraztun Berdearen sorrera eta hiriko hainbat auzo eta espaziotan gauzatutako naturalizazio-proiektu ugariak nabarmentzen dira. Horien artean, erabilerarik gabeko orubeetan baratzeak eta hiri-basoak sortzea, landaredi autoktonoa sartzea eta faunaren babeslekuak sortzea, besteak beste.

“Jarduera horien bidez, batetik, motordun ibilgailuen trafikoa murrizten eta espazio publikoa handitzen ari da, eta, bestetik, natura hirian integratzen. Hori guztia lagungarria da airearen kalitatea hobetzeko, lurpeko ur-erreserbak handitzeko, uholde-arriskua murrizteko eta, azken finean, klima-aldaketari aurre egiteko eta hiria horretara hobeto egokitzeko “, adierazi du IGIko presidenteak.

Egindako ibilbidea eta esku-hartzeak errepasatzeaz gain, jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten dira, horien bidez etorkizuneko erronkei aurre egiten jarraitu nahi baitu Gasteizek.

Argitalpen hau COVIDen ondorioak pairatzen ari garen honetan iritsi da, eta agerian uzten du ingurumen osasungarria eta espazio publiko eta berdegune nahikoak eta kalitatezkoak izateko beharra“, nabarmendu du Ana Oregik.

Liburuan jasotako etorkizuneko erronken artean alkateordeak honako hauek aipatu ditu:

  • Gasteizko azpiegitura berdearen eraikuntza kolektibo eta partekatuan aurrera egitea, berdeguneak zabaltzeko eta azpiegitura berdea indartzeko kanpainak eta ekimenak sustatuz, gizarte-eragileen parte-hartzearekin.
  • Eraztun Berdea ixtea, Larragorri eta Mendebaldea proiektuen bidez.
  • Aramangeluko parke agroekologikoa sustatzea, Áncora de Abechuco lantegia zena birgaituz, hari lotutako ekipamendu berri gisa.
  • Olarizuko Lorategi Botanikoa sendotzea, erabilera publikoko ekipamenduak osatuz eta indartuz, eta ikerketa-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-programa berriak bultzatuz.
  • Hiriko berdeari lotutako onurei buruz ikertzea eta ezagutza hobetzea.
  • Superetxadien ezarpenean aurrera egitea hiriko bizitegi-eremu osoan.
  • Superetxadien barrualdeetan oinezkoen lehentasuneko eremuak orokortzea, elkartzeko eta sozializatzeko espazio osasungarri gisa.
  • Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideen eskaintza sendotzea eta hobetzea, industrialdeekiko loturak
  • Eskola-bide seguruak
  • Bizikletentzako aparkaleku-irtenbide seguruen eskaintza zabaltzea.
  • Hiri-mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egitea, garraio publikoaren elektrifikazioa eta hiri-logistikaren optimizazioa osatuz.
  • Aparkatzeko eskaintza arautua berrantolatzea, automobilen joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako kudeaketa integral baten bidez.

Liburua paperean eta digitalean argitaratu da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, interesa duen edozein pertsona eta kolektibok eskuragarri izan dezaten. Argitalpena askotariko hartzaileei zuzenduta dago, eta, batez ere, administrazioetako teknikariei, hainbat sektoretako (mugikortasuna, lorezaintza, uraren kudeaketa, etab.) enpresa eta profesionalei, eta beste kolektibo sozial eta herritar batzuei.

Paperean, 250 ale argitaratu dira gaztelaniaz, 150 ingelesez eta 100 euskaraz, eta honako hauen artean banatuko dira: haiekin lan egiten duten hirien sareak, azterketa- eta ikerketa-zentroak, ingurumen-sektoreko enpresak eta haiekin lotutakoak, unibertsitatea eta herritarren kolektiboak, besteak beste.

Deskargatzeko estekak:

 

www.vitoria-gasteiz.org/ciudadaescalahumana

www.vitoria-gasteiz.org/humanscalecity

www.vitoria-gasteiz.org/gizaeskalakohiria

 

Share

Urtaranen gobernuak 50.000 euroko laguntzak lortu ditu iraunkortasunarekin eta ekintzailetzarekin lotutako bi proiektu aktibatzeko

  • Udalak KONPONDU proiektua garatuko du enpresa eta saltokiekin, hainbat gai berrerabili eta birziklatzeko, arropatik hasita makineria industrialeraino
  • IGIk, berriz, espazio pribatu eta publikoetan azpiegitura berdea sortzeko proiektu bat sustatuko du: eskola bat, ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategi bat, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako berdegune terapeutikoa

 

Urtaranen gobernuak Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sareak (Udalsarea 2030) emandako bi laguntza lortu ditu, bakoitza 25.000 eurokoa —eskura daitekeen gehieneko kopurua—, Udalak sustatutako bi proiektutarako, EHU, Egibide, ACLIMA eta lurraldeko beste entitate, enpresa eta erakunderekin batera lantzekoak.

Laguntzetako baten bidez, Ingurumen Plangintzaren Zerbitzuak eta Enpresen Zerbitzuak KONPONDU proiektua jarriko dute abian, ekonomia zirkularra bultzatzeko politiken barruan, zeinak beste sektore batzuetan arrakastaz garatzen ari baitira. Produktuen bizitza baliagarria luzatzen laguntzea da helburua, horiek konponduz, hondakin bihur ez daitezen.

Kanpaina bat egingo da Gasteizko herritarrek kontsumo-ereduak alda ditzaten, produktu bat bota beharrean hori konpontzearen alde egin dezaten sustatuz, eta erosketa-erabakietan gehiago irauten duten produktuak eta zirkularitate-irizpideei jarraituz diseinatutakoak aukeratu ditzaten, hau da, konpondu eta eguneratu ahal izateko ekodiseinatukoak.

Horretaz gain, arropatik hasita makineria industrialeraino konpontzen diharduten enpresa eta negozio lokalak —600 inguru—bultzatuko dira ekimenaren bidez, eta Gasteizko ekintzailetza ekosistemako beste enpresa eta pertsona batzuei lagunduko diegu, konponketa aurreratuaren, birmanufakturaren, berregokitzapenaren eta negozioen ikuspegi-aldaketaren alorretan ekintzailetza proiektuak gara ditzaten“, azaldu du alkateak.

“KONPONDU hitzaren bidez bi arlo aipatu nahi dira: batetik, gauzak konpontzean oinarritutako kontsumo eta negozio ereduen aldeko apustua; bestetik, pandemiaren inpaktu ekonomikoa konpontzen laguntzea, eredu horiek enpresek egoera aldakorretan zailtasunak gainditzeko duten ahalmena sustatzen baitute, eta lurraldean finkatzen laguntzen”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Proiektu horrekin, hondakinen kudeaketaren lehentasuna dena azpimarratzen du Udalak, Agenda Gasteiztarrean eta Vitoria Gasteiz Green Deal agirian jasotako ekintzen arteko bat izanik: prebentzioa. Era berean, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako 2030 Estrategiarekin lerratzen da, horren arabera, alor jakin hauetan enplegua sortzeko aukera handiagoak izan baitaitezke: konponketa, birfabrikazioa, eguneratzea, birziklatzea, alokairua edo leasinga.

Bestetik, aurrea hartzen dio European Green Deal egitasmoaren alderdi batzuk katez kate apliklatzeak tokiko esparrura ekar ditzakeen ondorioen etorrerari: konponketaren alorrean gaitasunak garatzea, kontsumitzaileei produktuak non eta nola konpon ditzaketen jakinaraztea eta, oro har, ekonomiaren suspertzea ekonomia zirkularrean eta enpresak lurraldean finkatzean oinarritzea.

 

Lorategiak ikasteko eta bitarteko terapeutiko gisa

Udalsarea 2030en beste laguntza bat (25.000 eurokoa) jaso du Udalak, hiru proba-proiekturen bitartez Gasteizko azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko programa bat garatzeko:  Txagorritxuko haur-eskolako jolastokia naturalizatzeko proiektua; Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena, eta Adurtza okupazio-zentroan (Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du) adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako mikropaisaia edo berdegune terapeutikoa sortzeko proiektua.

IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek alkateak. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2ren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.

Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain mota ezberdinetako hiru proba-proiektu hauek (hezkuntza, asistentzia eta terapia alorretakoak) planteatzen dira, eredugarri izan daitezen eta ingurumen- eta gizarte-onurak ekar ditzaten, eta gero Gasteizko beste leku batzuetan eta beste udalerri batzuetan kopiatzerik  izan dadin“, azpimarratu du alkateak.

 

 

 

Share

IGIk uda honetarako ingurumen hezkuntzako jardueren programari ekingo dio berriro, Atarian eta Olarizun

 

Ikastaroak online, natur ibilbideak, erakusketak, aurrez aurreko lantegiak eta lehiaketak aurki daitezke IGIren proposamenean, biodibertsitatea eta natura-ondarea ezagutzea eta horietaz gozatzea helburu 

Aste honetatik aurrera egongo dira erabilgarri Salburuko parkean ibiltzeko bizikletak 

Haur eta familientzako jarduerak behar diren higiene- eta distantzia-neurriak hartuta egingo dira, leku irekietan edo internetez

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak berriro ekin dio ingurumen hezkuntzako programazioari osasun-larrialdiak eragindako geldialdiaren ondoren, eta haur eta familientzako zenbait jarduera eskainiko ditu ekainean bertan, osasunaren arloko prebentzio- eta segurtasun-neurrietara egokituta.

Horregatik, haur eta familientzako jarduerak gehien bat espazio irekietan egingo dira. Online egiteko jarduerak ere sartu dira programan.

Ikastaroak online, natur ibilbideak, erakusketak, aurrez aurreko lantegiak eta lehiaketak aurki daitezke IGIren proposamenean, biodibertsitatea eta natura-ondarea ezagutzea eta horietaz gozatzea helburu.

Nabarmentzekoa da aldi baterako erakusketak berreskuratu izana, Atariaren erakargarri nagusietako bat baitira. Abuztuaren 30era arte bi erakusketa antolatu dira.

Gainera, aste honetatik aurrera egongo dira erabilgarri Salburuko parkean ibiltzeko bizikletak.

Programazioa udalaren webgunean kontsultatu daiteke, baita IGIren, Atariaren eta Olarizuko lorategi botanikoaren web-orrietan ere.

Orobat, webgunean eman daiteke izena, edo hori ezinezkoa bada, 010 telefonoan.

ATARIKO PROGRAMAZIOA

  1. Aldi baterako erakusketak
  • Iragankorra

Ekainaren 1etik 28ra arte.

“Iragankorra” da Mario Cea natura-argazkilariaren erakusketaren izenburua. Naturan gertatzen diren eta gehienetan gure begientzat ikusezin diren une bakanak erakusten dizkigu.

 

  • Euskal Herria Nature

Uztailaren 7tik abuztuaren 30era arte.

Erakusketa osatzen duten argazkiak hurbilen dugun izadiaren isla dira, EAEko eta Nafarroako izadiarenak. Clic! Taldearen helburua leku, oroitzapen, une, argi eta koloreak bildu eta ezagutaraztea da, baita inguru naturalak eragiten dituen sentsazio eta sentimenduen berri ematea ere.

 

  1. Ikastaroak online
  • Hezeguneko hegaztien identifikazioari buruzko hastapenak

2020ko ekaina.

Bi ordu irauten duen ikastaroa online. Hezegunean bizi diren paseriformeak eta hegazti urtarrak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

 

  • Hezeguneetako landareen identifikazioari buruzko hastapenak

2020ko ekaina.

Bi ordu irauten duen ikastaroa online. Hezegunean bizi diren landare espezie nagusiak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

 

  • Odonatoen identifikazioa

2020ko ekaina.

Hiru ordu irauten duen ikastaroa online. Animalia horiek identifikatzen ikasi eta sakonago ezagutzea da helburua. Gainera, Herritarren Zientziako programa batean parte hartu nahi dutenentzat abiapuntu ezin hobea izango da.

  • Aztarnen identifikazioari buruzko hastapenak

2020ko uztaila.

BI ordu irauten duen ikastaroa online.  Hezegunean bizi diren hegazti eta ugaztun espezie nagusien aztarna, arrasto eta seinaleak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • Ornogabe handien identifikazioari buruzko hastapenak

2020ko uztaila.

Bi ordu irauten duen ikastaroa online. Hezegunean bizi diren uretako ornogabe handien espezie nagusiak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

 

 

  1. Natur ibilbideak
  • “Orkideak ezagutu”

2020ko ekainaren 14an, igandea. 10:00 – 14:00

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat; Eraztun Berdeko orkideak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Natura familiartean: burruntziak eta sorgin-orratzak”

2020ko ekaineko astearte eta ostiraletan. 12:00 – 13:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat, astearteetan, 7-9 urte bitartekoentzat, eta ostiraletan, 10-12 urte bitartekoentzat. Atarian bizi diren odonatoak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Natura familiartean: hezeguneko biztanle sekretuak”

2020ko ekaineko eta uztaileko asteazkenetan. 12:00 – 13:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat (5-7 urte). Atariko urmael txikian bizi diren uretako animaliak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Salburuko gaueko tximeletak”

2020ko ekaineko ostiraletan. 21:00 – 24:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat; Salburuko gaueko tximeletak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

 

  1. Familientzako jarduerak
  • Argazki-lehiaketa: “Gasteizko hiri-natura”

Proiektu honek hiru hilabetez Instagramen argazki-lehiaketa bat egitea proposatzen du, non gure jarraitzaile-komunitateak nahi beste argazki zein argazki-muntaketa aurkeztu ahalko duen, betiere Gasteizko “hiri-natura” islatuko dutenak.

  • “Natura familiartean: Atarian bizi diren tximeletak”

2020ko ekaineko astearte eta ostiraletan. 12:00 – 13:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat, astearteetan, 7-9 urte bitartekoentzat, eta ostiraletan, 10-12 urte bitartekoentzat. Atariko lepidoptero oasian bizi diren tximeletak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Natura familiartean: burruntziak eta sorgin-orratzak”

2020ko ekaineko astearte eta ostiraletan. 12:00 – 13:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat, astearteetan, 7-9 urte bitartekoentzat, eta ostiraletan, 10-12 urte bitartekoentzat. Atarian bizi diren odonatoak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Natura familiartean: hezeguneko biztanle sekretuak”

2020ko ekaineko eta uztaileko asteazkenetan. 12:00 – 13:00.

Aurrez aurreko lantegia, 10 pertsonarentzat (5-7 urte). Atariko urmael txikian bizi diren uretako animaliak ezagutu eta identifikatzen ikastea da helburua.

  • “Berdeguneak, leku isilak”

Ekaineko eta uztaileko ostegunetan. 19:00 – 20:00.

Hiru saio egingo dira batera, Atariko hiru lekutan, eta orotara 15 pertsonak eta  Ixileku elkarteko arduradun batek hartuko dute parte: gela isila (3 lagun), begiratokia (5 lagun) eta tximeleten oasia (7 lagun). Gela isilean eserlekuak jarriko dira, behar bezala desinfektatuta; beste lekuetan, bakoitzak bere eserleku edo kuxina eraman beharko du.

  • “Ibilaldi kontzienteak”

Ekaineko eta uztaileko igandeetan. 12:00 – 13:00.

Bi saio egingo dira batera, 15 pertsonarentzat, Atariaren sarrerako enbor zirkuluaren inguruan; jendea bi zirkulu zentrokidetan jarriko da (zirkulu bakoitzean ongi etorria emateko lekua seinaleztatuko da, eta beste pertsonekiko 2 m-ko distantzia gordeko da). Ibilaldia ilaran egingo da, parte-hartzaileen artean 4 m utzita eta agintariek parkean adierazitako noranzkoari jarraituz.

 

  1. Bisita birtualak

Atariak Salburuko parkea eta bertako fauna online ezagutzeko bisitak antolatu ditu.

  • “Bisita birtualak: bizitza Salburuan”

2020ko ekainean eta uztailean, asteartetik ostiralera. 10:00 – 11:00.

Instagram sare sozialaren bidez emandako bisita birtuala, parkeko giro nagusiak eta bertako animalia urtarrak ezagutu eta identifikatzen ikasteko.

 

 

OLARIZUKO LORATEGI BOTANIKOKO PROGRAMAZIOA 

Lantegiak  

  • Udako solstizioko landareak

Udako solstizioa, urteko egun luzeen eta argitsuenak, gure inguruko landare asko loratzen diren garaia da. Landare horiei propietate ezberdinak egotzi zaizkie historian zehar. Askok usadio, kondaira eta erritu ugarietan garrantzia izan dute, bai gure kulturan eta baita beste zibilizazioetan ere.

Lantegi honetan uda hasierako garaian hazten diren landare batzuei buruz arituko gara, zeintzuk diren eta espezie bakoitzaren erabilerak, kondaira eta mitoak nabarmenduz.

 

  • Lorategi botanikoaren eguzki mapa

2020ko ekainaren 19an

Udako solstizioaren garaian Olarizuko lorategi botanikoa mapeatuko dugu, lata eta poteak berrerabiliz eraikitako argazki kamerez. Kamera horiek solarigrafia teknika praktikan jartzeko erabiliko ditugu. Argazki solarigrafikoek eguzkiak zeruan egiten duen bidearen aztarna gordetzen dute.

Kamera ilunaren eta trepeta optiko zenbaiten oinarrizko printzipioak ezagutuko dituzu. Parte-hartzaile bakoitzak kutxa, pote edo lata txiki bat ekarri beharko du, erraz itxi daitekeena argia barrura sar ez dadin.

  • Ur-ahiz margotutako paperak

2020ko ekainaren 27an

Ur-ahia eta koloretako margoak erabiliz, paperak tindatu, testura eman eta apaintzeko teknika. Sortutako paperak liburuak, koadernoak edo karpetak forratzeko edo opari-paper moduan erabili ahalko dituzu.

  • Monotipia botanikoak

2020ko uztailaren 27an

Objektuak tindatuz irudi bakar eta errepikaezina lortzeko estanpazio teknika bat da. Parte-hartzaileek landareak eta testurak monotipiatuko dituzte, paisaia propioak sortzeko.

 

Familientzako jarduerak

  • Aspaldiko haur jolasak landareak baliatuz

2020ko uztailaren 5ean

Aurreko belaunaldietako umeek ehun landare-mota baino gehiago erabili dituzte jolasteko: objektuak egiteko, borroka kaltegabeetan aritzeko, puxtarri gisa erabiltzeko, afariketan jolasteko, txistu egiteko, etab.  Landareekin jolasteak irudimena lantzea eta materialak soiltzea ahalbidetuko digu, baita naturara hurbiltzea eta era ludiko batean ezagutzea ere. Jolasetako batzuk Joxe Miel Barandiaranen etnografia taldeak jasotakoak dira, eta beste batzuk begiraleek berek bizi izandakoak.

  • Musika eta natur saioa haurrentzat

2020ko uztailaren 8an

0-12 hilabete bitarteko haurrentzako musika saioa, heldu batek lagunduta; gune atsegina sortuko dugu aire zabalean, musikaz eta esperimentazioz betea. Dinamikak naturarekiko zuzeneko harremanean egingo dira, material birziklatu eta naturalak erabiliz. Gune musikal aberats bat sortuko dugu guztion artean, haurrei musikaren kolore, testura ezberdinak eta mugimendu librea esperimentatzeko aukera emango diena, material birziklatu eta naturalekin (egurrezko instrumentuak, birziklatutako objektuak, soinua duten haziak…).

Natur ibilbideak

  • Bisita gidatua botanikora

2020ko uztailaren 18an

Botanikari batek gidatuko du Olarizuko lorategi botanikoaren bisita, eta arboretoko bildumei zentzumenen bidezko hurbilketa eskainiko.

 

 

 

Share