Prentsa Oharren banner

FICMA-Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren erakustaldia hartuko du berriro ere Gasteizek. Sei film proiektatuko dira, Artium museoan. Ingurumenarekin begirunez jokatuko duen aldaketa sozialaren inguruko hausnarketa bideratzea du xede jaialdiak, duela 25 urte sortu zenez geroztik, eta joan den azaroan izan zen azken edizioa, Bartzelonan. Hamabost aldiz ekarri du dagoeneko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Kataluniako jaialdi horren erakustaldia Gasteizera. Bihartik aurrera, Artiumekin lankidetzan, sei dokumental proiektatuko dira.

Ingurumenaren arloko gaiak jorratzen dituen zinema-jaialdi aitzindaria da mundu osoan Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Izan ere, zaharrena da, 25. edizioa izan baita azkena, eta erreferente bihurtua da ingurumen-dokumentalen arloan, baita jaialdi berritzaile gisa ere. Zinema eta zinemaren industria lantzen ditu, eta ingurumenaren arloko edukia eta ingurumen-hezkuntza, hainbat jarduerarekin.

Bihartik —urtarrilak 15— eta hilaren 31ra bitartean izango da proiekzioak ikusteko aukera. Aurten, bigarren urtez, Artium museoan izango dira. Film hauek ikusi ahal izango dira: ‘The reclutant radical’ (urtarrilaren 15ean), ‘Hondar 2050’ (urtarrilaren 17an), ‘Rush tour’ (urtarrilaren 22an), ‘The uncertainly has settled’ (urtarrilaren 24an), ‘Unfractured’ (urtarrilaren 28an) eta ‘Chamán’ (urtarrilaren 31n). 19:30etan hasiko dira proiekzioak, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, eta doan izango dira.

Pinakotekak jaialdiarekin bat egin duelarik, sendotu egingo da ingurumen-zabalkundearen eta gizartearen arteko lotura, ingurumenaren eta artearen eta kulturaren artekoa. Gainera, Artiumeko funtseko artelanen bisita gidatuetan parte hartzeko aukera eskaintzen da, eta familia osoarentzako lantegi bat, arte plastikoen bitartez naturara hurbiltzeko. Errioxako Würth Museoari buruzko hitzaldi bat izango da urtarrilaren 16an, eta argazkiak hostoen gainean errebelatzen ikasteko lantegi bat, urtarrilaren 24an.

 “Gasteizen etorkizun iraunkorragoa lortze aldera bideratzen ari garen proiektuekin uztartzen dira dokumentaletan jorratzen diren gaiak. Energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza direla medio trantsizio energetikoa bultzatzeko konpromisoa hartua dugu, Koroatzeko proiektuaren eta Mugikortasun Planaren gisako proiektuen bitartez, Azpiegitura Berdearen Estrategiaren bitartez klima-aldaketara egokitzeko, elikagaien estrategiaren markoan lurraldeko janari-produkzioa lehenetsi eta jarduera horrek ingurumenean duen inpaktua gutxitzeko, ekonomia jasangarria bultzatu eta hondakinak murrizteko… Hori guztia, herritarren partaidetzarekin”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

“Nire aldetik nabarmendu nahiko nuke Artium, gaur egungoaz arduratzen den Zentro-Museo gisa, gizarte garaikideari eragiten dioten eta interesatzen zaizkion gai guztiei adi dagoela. Eta ingurugiroa da horietako bat, agian gizadiaren etorkizunerako garrantzitsuena. Hori dela-eta, Jaialdiaren proiekzioen egoitza gisa parte hartzeaz gainera, aurten Artiumek, iaz ere egin zuen bezala, beste eduki batzuk ere eskainiko ditu, artea eta artistak ingurugiro gaietara nola hurbiltzen zaizkien ezagutzera emateko, edota nola eragin daitekeen artearen mundutik gai horri buruzko gogoeta eta kezka”, adierazi du, bere aldetik, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak.

 

Share