Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 azaroa 2018 13:23

Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako Gasteizko Udalak sustatu duen bigarren laguntza-deialdia ebatzi delarik, orotara hamar ekimenek jasoko dute laguntza, film luzeak eta laburrak, sorkuntza-dokumentalak, gidoien idazketa eta zinema eta telebistarako proiektuak barne. Deialdiak 100.000 euroko aurrekontua zuen orotara, eta besteak beste, Juanma Bajo Ulloa egitekoa den film luze berriari, Paul Urkijoren hurrengo gidoiari eta Myriam Ballesteros zuzendaria prestatzen ari den animaziozko laburrari emango die sostengu.

Laguntza-deialdiak dituen lau kategorien artean, film luzeak eta sorkuntza-dokumentalak ekoizteko modalitateak hartzen du zatirik handiena, 40.000 euro. Kopuru hori bi proiekturen artean banatu da: “Ane”, Amania Films-ena, eta “Baby”, Frágil Zinema-rena. Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako lehen laguntza-deialdian ere “Ane” izenburuko film labur batek lortu zuen sostengua, zeina berriki jaialdietan aurkezten hasi baita. “Baby”, aldiz, Juanma Bajo Ulloaren seigarren film luzea izango da, eta une honetan ekoizpen aurreko fasean dago.

Film laburren kategoriak 25.000 euroko zuzkidura du, eta hiru proiektuk jasoko dute laguntza. Batetik, “Cenicienta Swing” 2Dko animazio digitaleko lanak, Myriam Ballesteros Producciones-enak; ipuinetako pertsonaiak ditu oinarritzat,  eta 8.750 euroko laguntza lortu du. Kopuru bera jasoko du Everywhere Films-en “El Comité” lanak;  Imanol Ortizen “Oculto” laburrari, azkenik, 7.500 euroko diru-laguntza esleitu zaio. Egile horrek “Moda” lana filmatu du 2018an, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako lehen laguntza-deialdian Udalak emandako laguntza ekonomikoarekin.

Zinema eta telebistarako proiektuak garatzeko kategoriak ere 25.000 euroko aurrekontua du, eta beste hiru proiektuk jasoko dute laguntza.  Hauek dira: “Irati”, Ikusgarri Films-ena (tokiko ekoiztetxe horrek “Errementari” filmean ere hartu zuen parte); “The Pact”, Everywhere Films-ena, eta “Northabout – Contra el cambio climático”, Área Audiovisual-ena. Azken proiektuaren xedea da Miguel Gutiérrez gasteiztarrak gidatutako Mars Gaming Northabout espedizioa irudietan islatzea.

Azkenik, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako bigarren laguntza-deialdiaren barruan gidoiak idazteko laguntzen kategoriari dagokionez —10.000 euro— bi proiektu hauek jasoko  dute laguntza: “Las tres olas”, Paul Urkijorena, eta “Ruma”, Juan Félix Fernández Gallegorena.

“Ikus-entzunezkoen sektorea indarra hartzen ari da Gasteizen, eta deialdiaren bidez Udalaren laguntza lortu duten proiektuen aniztasuna da horren froga argiena. Zenbatekoaz haratago, nabarmendu nahi dugu laguntza hauek duten garrantzia beste erakunde batzuen sostengua lortzeko eta finantzaketa errondetan indar handiagoa izateko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteizko Udalaren ikus-entzunezkoen ekoizpenerako lehen laguntza-deialdian “Errementari” filmak (Paul Urkijo zuzendariaren azken lana, 190 herrialdetan saldua), “Vitoria, 3 de marzo” (Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena eta zinemetan estreinatzear dagoena) eta “En busca de la ciudad perdida” dokumentalak jaso zuten laguntza, besteak beste.

 

 

Share