Prentsa Oharren banner

Gasteizko susperraldi ekonomikoari laguntzeko 2022ko zergak izoztea proposatzen du Urtaranen gobernuak

Iñaki Gurtubai audioa

 

Aste honetan onetsiko du Tokiko Gobernu Batzarrak udal-gobernuaren datorren urterako zerga, tasa eta prezio publikoei buruzko proposamena. Nabarmentzekoa da bost zerga lokal izoztuko egingo direla: ondasun higiezinak, ibilgailuak, jarduera ekonomikoak, gainbalioa eta eraikuntza, instalazio eta obrak. Udal zergen bitartez jasotzen denaren bi heren bost zerga horietatik jasotzen dira. Neurri horrekin, Gasteizko Udala ekonomia lokala lehengoratzeko eragile aktiboa izan dadila lortu nahi du Urtaranen gobernuak.

“Egungoa bezala testuinguru ekonomiko batean, pandemiak sortutako krisialdiaren aurreko pultsua berriro edukitzen hasiak garen honetan, ez da zergak igotzeko garaia. Familiei, negozioei eta enpresei lagundu nahi die Udalak, iristen ari den bizitza sozial eta ekonomikoa berreskuratzen. Gasteiztarrei zama gehiago ez sortzea esan nahi du zergak izozteak — aurtengoa bezalako urte zail batean ere egin genuena—, eta enpresei laguntzea, berek jasan behar izan baitituzte, bereziki, aldi zail horren ondorioak”, adierazi du alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

2022rako zerga-proposamenak, horrela, jarraipena emango dio Urtaranen gobernua Orain Gasteiz Planaren bitartez Covid-19aren pandemiaren hasieratik ezartzen joan den neurri ekonomikoen kateari.

Tasa eta prezio publikoak KPIaren arabera eguneratzea

Bestalde, tasa eta prezio publikoei dagokienez —zergen bitartez jasotzen duenaren % 35 inguru jasotzen du Udalak horien bitartez—, bizitzaren kostuaren gehikuntza oinarritzat hartuta eguneratzea proposatzen du gobernu-taldeak. Urtetik urterako KPI kontuan izanik —2020ko abuztutik 2021eko abuztura artekoa—, Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen tasa eta prezio publikoak % 3 gehitzea proposatzen du gobernuak.

Planteamendu horrekin, udal zerbitzuen iraunkortasun ekonomikoaren alde egiten du Urtaranen gobernuak, sortzen duten kostuaren eta finantzatu beharko lituzketen tasa eta prezio publikoen bitartez jasotzen denaren arteko diferentzia handitu dadila eragotziz.

“Arduraz jokatu nahi dugu familia eta enpresen egoerarekin, zergak izoztuz, eta orobat Udalaren egoera ekonomikoarekin, gauza jakina baita nolako arrakala dagoen zerbitzuen kostuaren eta horiek finantzatzen dituzten tasa eta prezio publikoetatik jasotzen denaren artean. Horregatik, proposamen serio bat egiten dugu, moderatua eta zentzuzkoa, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen etorkizuna eta herritarren bizi-kalitatea aintzat harturik”, gehitu du Ogasuneko zinegotziak.

% 1,5eko igoera gizarte-zerbitzuen prezio publikoetan

Era berean, Gizarte Politiken Sailaren prezio publikoetan % 1,5eko igoera egitea aurreikusten da Urtaranen gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenean, hots, gainerako zerbitzuetarako proposatutakoaren erdia. Hauei dagozkie, besteak beste, prezio horiek: etxean laguntzeko zerbitzua, otorduak etxera banatzea, jantokiak, etxebizitza komunitario eta egoitzetako egonaldiak eta abar. Kolektiborik ahulenetako kideak dira neurri horren onuradun izango diren pertsonak, diru-sarrerarik gutxien duten gizarte-sektoreak.

Gobernu Batzarrak ontzat ematea izango da oposizioko taldeekin negoziatzeko zabalik egongo den proposamen horren lehen urratsa, eta haiekin harremanetan jarriko da gobernua, akordiorik lortzerik ote dagoen.

 

 

 

 

 

 

Share

10,44 milioi eurora heltzen da Urtaranen gobernuak iruzur fiskalaren kontrako borrokan biltzea aurreikusten duena

 

  • Zergak Ikuskatzeko Plan berri batek 4.530.000 euro berreskuratzea ahalbidetuko du, 2021-2023 aldian

Iruzur Fiskalaren kontrako Planaren (2021-2023) ildo nagusiak zehaztu ditu Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik batzordean. Hainbat berrikuntza jasotzen ditu dokumentuak, alkateak urtarrilaren 22an aurkeztutakoaren aldean. Lehendik ezagutzen ziren 87 ekintzei beste bat gehitu zaie, Zergak Ikuskatzeko Plana, zeinen bitartez 4.530.000 euro berreskuratzea aurreikusten baita. Hartara, hiru urteko aurreikuspen ekonomiko globala 10.448.750 eurora iristen da.

“Aurreikuspen zuhurra da. Diru-sarrerak handiagoak izan daitezen lan egingo da, iruzur-poltsak hala badira. Serio borrokatu beharra dago iruzurraren kontra. Ez dugu uste fenomeno orokortua denik, inondik ere, baina iruzurraren kontrako ekintza hori zenbat eta hobeto bideratzen dugun, orduan eta zuzenagoa izango da zerga-sistema”, nabarmendu du Urtubaik.

Lau ardatzetan egituratzen dira Iruzur Fiskalaren kontrako Planeko 88 ekintzak: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea; zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza; beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza, eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuen hobekuntza.

Lehenengo ardatzean biltzen dira ekintza gehien, 31, baita diru-bilketaren aurreikuspenik handiena ere, 9.528.750 eurokoa. Zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatze horretan —Zergak Ikuskatzeko Plana barne—, hainbat neurri hartuko dira zerga eta tasak berrikusteko, erreferentziak egiaztatu eta prozesuak automatizatuz. Ahalegin berezia egingo da Gainbalioaren, Eraikuntzen eta Ekonomia-jardueren zergak berrikusteko.

Bigarren ardatzari dagokionez —zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna—, Iñaki Gurtubaik nabarmendu du gestioak egiteko dokumentu elektronikoak ugaldu egingo direla, eta beste hainbat baliabide baliatuko, hala nola PDA gailuak, Udaltzaingotik datozen salaketen tramitazioa arintzeko.

Hirugarren ardatzean —beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza eta koordinazioa—, besteak beste aurreikusten da Probintziako Trafiko Buruzagitzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Zerga Agentziarekin informazioa trukatzeko prozesuak hobetzea.

Azkenik, zergadunei arreta emateko zerbitzuak hobetzeari dagokion ardatzean, Ekonomia-jardueren gaineko Zerga egoitza elektronikoaren bitartez tramitatzeko aukera emango da. Era berean, beste pausurik ere emango da zergen inguruko komunikazio elektronikoei dagokienez, baita tarifa fiskal laua ezartzeari dagokionez ere.

Aldi berean, 2020ko Iruzur Fiskalaren kontrako Planaren emaitzen balantzeko zifrak eguneratu ditu Ogasun zinegotziak. Urriaren bukaeran, alkateak zehaztu bezala,  2.356.359 euro ziren eskuratuak; horietatik, 1.072.968 euro zergak ikuskatu eta berrikustetik. Azkenik, abenduaren 31n itxitako balantzeak aukera ematen du guztira 4.262.183 eurora arte hobetzeko kopuru hori —horietatik, 2.373.979 euro zerga-ikuskaritzatik jasoak—. Guztira 881 dosier izapidetu ziren.

Informazio gehiago: Iruzur Fiskalaren kontrako plana

Share

2021eko aurrekontuak berretsi ditu udalbatzak

2021eko aurrekontuak ontzat eman ditu Gasteizko udalbatzaren osoko bilkurak. 388.002.502 euroko proiektu ekonomikoa da —458.344.818 euro, udal-sozietate eta -erakundeen kontuak gehituz gero—. EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin taldeek lortutako akordio politikoak ahalbidetu du aurrekontuak onestea. Izan ere, azken talde horren 34 zuzenketa bildu dira aurrekontuetara, guztira hiru milioi eurotik gorako zenbatekoa.

 

Aurrekontuetan egin diren zuzenketa horien funtsezko parte gizarte politikei eta etxebizitzari dagokiena da, 21 Zabalguneak bultzatzen dituen birgaitze-programetarako diru-zuzkidura areagotu baita, inbertsio berriak aurreikusi etxebizitza sozialetan eta berariaz bizitegi-larrialdiko egoeretara bideratutako funts bat sortu. Beste proposamenik ere hartu da aintzat, hala nola bakarrik bizi diren adinekoentzako Zaintza eta Loturen Plana, eta beste batzuk, hala nola Gizarteratu lantegiak, diru gehiagoz hornitu.

 

Era berean, aurrekontuan egin diren zuzenketek zenbateko ekonomiko handiagoz hornituko dituzte beste hainbat arlotan aurreikusitako ekintzak, hala nola berdintasunaren arlokoak, euskararen erabilera sustatzera zuzendutakoak, ikastetxeak mantentzeko lanak edo guraso elkarteen jarduerak. Beste zuzenketa sorta bat trantsizio ekologikorako proiektuen inguruko zuzenketek osatzen dute, hala nola udal eraikinetan panel fotovoltaikoak instalatzea, azken miliako logistika edo Jundizko industrialderako azterlan ekoindustrial bat egitea.

Iñaki Gurtubai ogasuneko zinegotziak adierazi duenez, aurrekontuak hobetzen dituzten zuzenketak dira, zeinen helburu nagusia baita Gasteizen susperraldi sozial eta ekonomikoa. Inbertsio publikoaren hazkunde handia aurreikusten da horretarako, 34,4 milioi eurokoa, iaz baino hamar gehiago. Inbertsio handiago horri esker, 521 lanpostu berri sortu ahal izango dira. Enplegua sortzeko eta Covid-19aren pandemiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko laguntzetatik sortzen direnak gehituko zaizkie horiei.

 

Udalbatzak ontzat eman ondoren, bi asteko epea zabalduko da otsailaren 2an, 2021eko aurrekontuen gaineko alegazioak aurkezterik izan dadin. Alegaziorik aurkezten ez bada, otsailaren 27an jarriko dira indarrean, besterik gabe. Aurkezten bada, berriz, martxoan.

Share

Ogasun Sailaren 2021erako aurrekontuan pandemiak sor ditzakeen gastuei aurre egiteko partidak sartu dira

Iñaki Gurtubai alkateordeak bi partida nabarmendu ditu Ogasun arloaren 2021erako aurrekontua aurkeztean: batetik, koronabirusarekin lotutako osasun gastuetarako partida, 260.000 euro, pandemiari aurre egiteko behar diren hornikuntzak eta ekintzak berariaz ordaintzeko. “Partida hori arazorik gabe handituko da sortzen diren beharren arabera, guztiz lehentasunezkoa baita“, azaldu du Ogasuneko zinegotziak, eta gogorarazi du aurten COVID-19ak eragindako osasun gastuak milioi eurotik gorakoak izango direla.

Bestetik, 1.143.000 euroko kreditu-partida global bat aurreikusi da (2020ko aurrekontuan 208.393 euro agertzen ziren kontzeptu bererako). Zenbateko horrek ez du xede zehatzik, hau da, berme-funts bat da, inbertsioetarako, gastu berezietarako edo sor daitekeen beste edozein gorabeherari aurre egiteko, oraingo pandemiari, esate baterako.

Ogasun arloak datorren urterako izango duen aurrekontua 44.416.461 euro da orotara. Horren barruan, mailegu-amortizaziorako kontzeptua da handienetako bat: 12.803.762 euro; hartara, ahalegina egingo da Udalaren egoera ekonomikoa gehiegi desorekatu ez dadin, 2021ean aparteko zorra eskatuko baita.

Ohi bezala, udal sozietateentzako ekarpenek ere pisu handia dute Ogasunaren aurrekontuan; besteak beste, TUVISArentzako transferentziak (14.666.796 euro gastu arrunterako eta 945.900 euro inbertsioetarako), Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarentzat (2.390.939 euro gastu arrunterako eta 125.000 euro inbertsioetarako) eta 21 Zabalgunearentzat; azken horri milioi erdi euroko transferentzia egingo zaio, etxebizitzak birgaitzeko laguntzen politikak osatzeko.

Gobernu-taldeak udalaren lurzoru ondarea besterenduz datorren urtean lortu nahi dituen diru-sarreren aurreikuspenak ere zehaztu ditu Iñaki Gurtubaik. Nabarmentzekoa da Gure Txokoa eraikinaren lursaila besterenduz 3,9 milioi euro eskuratzea aurreikusi dela. Aldi berean, 21 Zabalguneari 1,93 milioi euroko konpentsazioa ematea aurreikusi da, egoitza jartzeko higiezinean egin zituen inbertsioen truke.

Giza Baliabideak

Gurtubaik Giza Baliabideen ardura ere badu; beraz, horri dagokion aurrekontua azaldu du. Kopuru nabarmengarriena langile-gastuetarako da: 151,4 milioi euro, iaz baino 2 gutxiago. Ordainsariak % 0,9 igotzeko aurreikuspena sartu da kopuru horren barruan, Estatuko Aurrekontu Orokorretan xedatutakoari jarraituz. Borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeagatiko sariek etenda jarraituko dute, eta ordezkapenak kudeatzeko sistema deszentralizatu berria ezarriko da. Horrek datorren urtean 1. kapituluan gastuari eusteko helburua lortzea ahalbidetuko du.

Share

Urtaranen gobernuak 2021erako aurrekontu-proiektua aurkeztu dio korporazioari

Alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik 2021erako aurrekontu-proiektuaren xehetasun nagusiak aurkeztu dizkie talde politikoei. “Aurrekontu honen helburu nagusia da Gasteizko ekonomia eta gizartea suspertzea, eta horretarako hiru izango dira lehentasunak: gure osasuna babestea, ongizate politikak indartzea, eta enplegua sortzen laguntzea” gogorarazi du. Proiektuaren zenbateko osoa 388 milioi euro da (458,3 miloi sozietateen eta erakunde autonomoen aurrekontua gehituta), zeinean inbertsioetarako kapitulua nabarmentzen baita, 34,4 milioi euro, hau da, iaz baino hamar milioi gehiago.

Ohiko diru-sarrerak txikiagoak izango direnez, aparteko zorpetzearen beharra argudiatu du Gurtubaik. Izan ere, finantza-erakundeei 10,7 milioi euro eskatzea aurreikusi da datorren urterako, eta Aldundiari ere aparteko mailegua eskatuko zaio, 6,3 milioi eurokoa. Horretaz gain, FEPELeko urteko likidazioa bi urtez etetea hitzartu da Foru Aldundiarekin, beraz, datorren urtean 9.350.000 euroko zorra egingo da erakunde horrekin.

“Aurten zorpetzea tokatzen zaigu, beste edozein egoeratan baino gehiago, baina gogoan izanik zorrak itzuli egin behar direla eta, beraz, zentzuz jokatu beharra dagoela. Inbertitzeko zorpetu beharra dagoela uste dugu, inbertsio horrek tokiko ekonomiari eragiteko balioko baitu”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak; inbertitzeko asmo horren adibideak eman ditu ondoren.

Ogasun Batzordeak aurrekontu-proiektuaren tramitazio egutegia onetsi du: urtarrilaren 14an agiria jendaurreko entzunaldian aurkeztuko da; urtarrilaren 21-22an, talde politikoen zuzenketak eztabaidatuko dira, eta urtarrilaren 26an, Udalbatzak proiektua onestea aurreikusten da.

“Aurrekontu ona da. Bada hobetzerik, ordea, eta oposizioko taldeek hala ulertzea espero dugu, onartzeko moduko hobekuntza-proposamenak planteatuz. Inork ez luke ulertuko Gasteizko Udalak datorren urtean aurrekonturik ez izatea. Gobernuaren erantzukizuna da, baina oposizioarekin partekatutako erantzukizuna, eta haiek zirkunstantziek eskatzen duten maila eman beharko dute”, amaitu du Iñaki Gurtubaik.

Argibide gehiago: 2021eko ekitaldirako Udal Aurrekontu Orokorren proiektua

Share

Udalak FOFELetik jasotzen dituen diru-sarreren galera 28,8 milioi eurokoa izango dela zehaztu da

Udalak Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsetik (FOFEL) jasoko dituen diru-sarreren aurreikuspena eguneratu du Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik. Hasiera batean, 2020ko aurrekontuan kalkulatutako 177 milioi euroetatik 45 gutxituko zirela aurreikusi zen. Uda igaro ondoren, sarreren galera 38 milioikoa izango zela jo zen. Azkenean ezagutu da Gasteizko Udalak FOFELen aurreikuspenaren aldean galduko duen kopurua, zehazki, 28.871.614 euro.

“FOFELari dagokion diru-bilketa martxoan eta irailean espero genuena baino nabarmen gutxiago jaitsiko da. Sarreren jaitsiera garrantzitsua da, edonola ere, baina albiste ona da, hemendik aurrera doikuntza txikiak baino ez baititugu egin beharko ekitaldi ekonomiko honetan“, adierazi du Gurtubaik.

Ogasun zinegotziak gogorarazi du une batean Udalak kreditu-atxikipen handia egin behar izan zuela 2020ko aurrekontuan. “Doikuntza handi eta beharrezkoak ziren. Denborak erakutsi du asmatu genuela erabaki hura hartzean, urte bukaeran ez baita beharrezko izango doikuntza-neurri gehiagorik hartzea, kudeaketa eragiketa txiki batzuk kenduta“, erantsi du Gurtubaik.

Orobat, datorren urtean FOFELetik jasotzekoak diren diru-sarreren aurreikuspena egin du  Udalak: 163,15 milioi euro. Hasiera batean 2020rako aurreikusi zen  177 milioi euroko kopuruaren % 8,42 gutxiago da. “Albiste ona da, ez bere horretan, baina bai kontuan hartzen badugu hurrengo udal aurrekontuari begira aurreikusten genuena nabarmen txarragoa zela”, azaldu du Ogasun zinegotziak.

,Arabako Foru Aldundiak udalei baimendu dien zorpetze-ahalmenari dagokionez, Gurtubai ahalik eta zorpetze txikiena egitearen alde agertu da. “Gobernu honek ez du geroan hiria kudeatzen duten korporazioei arazo ekonomiko konponezina uzteko inolako asmorik”, amaitu du.

 

 

Share