Prentsa Oharren banner

Aurrekontu-egonkortasunaren betekizunak bete zituen Gasteizko Udalak 2020an

2020ko ekitaldiari dagozkion aurrekontu-egonkortasunari buruzko txostena eta barne-kontroleko urteko txostena —Udalaren iazko kudeaketa ekonomikoa fiskalizatzen duten bi dokumentuak— aurkeztu ditu Gasteizko Udaleko kontu-hartzaile nagusiak Ogasun Batzordean. Gaur goizean ezagutzera eman duen balantzearen ondorio nagusia da Udalak 2020an bete zituela aurrekontu-egonkortasunaren, gastu-arauaren, zor biziaren eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epearen inguruko arauak.

“Kudeatzea egokitu zitzaigun ohiz kanpoko urte horretan, kudeaketa ekonomiko ona egiteko gomendatzen diren arau guztiak bete ditu Udalak. Administrazio- eta funtzionario-egitura onaren meritua da. Udalarentzat ona delako bete ditugu arau horiek guztiak, eta hain urte zaila izanik ere gogotik lan egin duten profesionalak izan dugulako”, adierazi du Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Urtaranen gobernuaren kudeaketa ekonomikoaren arduradun nagusiak nabarmendu duenez, kontu-hartzaileak fiskalizatutako arauak betetzeko legezko betebeharrik ez badago ere, “Gasteizkoa bezalako udal batek kudeaketa ekonomiko serioa eta arduratsua behar du; burugabekeria litzateke, erakundearen egonkortasunerako beharrezko diren arauak ez betetzea”.

Gastu-arauari dagokionez, Udalak 2019an gainditu egin bazuen ere —inbertsio ugari egin ziren urtea izan zen—, 2020an bete egin dira parametro guztiak. Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea 20,71 egunekoa izan zen iaz —hobekuntza nabarmena 2019koaren aldean, 23,45 egunekoa izan baitzen orduan—. 30 egunetik beherakoa izan dadila eskatzen du araudiak. “Udalak obrak eta zerbitzuak kontratatzen dizkien enpresa guztiek epe egokian kobratzen dute, eta hori ona da gizarte osoarentzat”, nabarmendu du Ogasun zinegotziak.

Zor biziaren muga ere bete zen —ezin du gainditu ez diru-sarrera ez-finantzarioen, ez likidatutako diru-sarrera arrunten portzentaje jakin bat—. Hain zuzen ere, 83,7 milioi eurokoa zen Udalaren zorra urte bukaeran —106,2 milioi udal-sozietateak ere kontuan hartuz gero—.

Azkenik, kontu-hartzaile nagusiak jakinarazi duenez, % 1,61eko finantzaketa-ahalmena zuen Udalak likidatutako 2020ko ekitaldian, diru-sarrera ez-finantzarioei dagokienez, eta, beraz, aurrekontu-egonkortasuna erakusten du. Aurreko urtean % 2,83koa izan zen magnitude hori.

Kontu-hartzaileak egindako gomendioak direla eta, Ogasuneko zinegotziak planteatu du, konpromiso gisa, besteak beste kontratazioan hobekuntzak egitea, hornitzaileen prozedura arrunta izan dadin faktura elektronikoa aurkeztea.

Share