Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 otsaila 2019 13:26

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Emakumeen kirolari, batez ere Araski taldeari, babesa erakutsi nahi diote erakusleihoetan, Saskibaloiko Erreginaren Kopa dela eta

 

Hiriko dendariek Araskiko jokalariak babesteko beste ekimen bat aurkeztu dute: “Erreginen erakusleihoak”. 80 saltegik baino gehiagok bat egin dute ekintzarekin, eta datorren ostegunean jokatzekoa den Saskibaloiko Erreginaren Koparen harira apainduko dituzte euren erakusleihoak. Horretarako, Gasteiz On elkarteak aholkuak eta laguntza logistikoa eman dizkie saltegiek Gasteizen saskibaloi-giroa sortzen lagunduko duten kanpainan.

Iñaki Prusilla Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak parte hartu du “Errreginen erakusleihoak” ekimenaren aurkezpenean, eta erakusleihoetako batzuk bisitatu ditu Felipe García Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zuzendariarekin, Livia López Araskiko lehendakariarekin eta Patricia García Gasteiz On elkarteko kudeatzailearekin batera. Ekimenean parte hartzen dute erdialdeko 26 dendak, Lakua-Pilar-Sansomendi aldeko 8 dendak, Zabalganako 5ek, Babesgabetuak-Frantzia aldeko 8k, Alde Zaharreko 20k, Gasteiz hiribidea-Antso Jakituna-San Martin aldeko 18k eta Zaramagako 3k.

Prusillak nabarmendu du nola inplikatzen diren hiriko saltegiak Gasteizen ekitaldi handi bat egiten den bakoitzean. “Oraingo honetan ezin zen gutxiago izan, eta hala dela egiazta dezakegu: laurogei saltegiren baino gehiagoren erakusleihoek Araskiren kolore berdea oinarri hartu, eta harrituta utziko dituzte bezeroak zein egun hauetan hiria bisitatzen dutenak” adierazi du.

Hala, “Erreginen erakusleihoak” gehitzen zaizkie Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019 ekimenaren barruan espazio publikoa girotzeko Udala sustatzen ari den gainerako ekintzei. Horren harira, besteak beste, banderatxoak jarri dira kaleko kale nagusietan, eta Erreginaren Koparako atzerako kontaketa abian jarri da Udaletxearen fatxadan. Halaber, datozen egunotan, Araskiko jokalarien argazkiekin tamaina errealeko hamabost siluetak korrituko dituzte hiriko zenbait txoko.

Horretaz gain, hiriko dendek “Aurrera neskak” bufanda banatuz ere laguntzen dute Vitoria-Gasteiz Basket Capital ekimenean; bufandak ehun saltegi ingurutan lor daitezke 30 eurotik gorako erosketak egitean.

 

Share

FICMA-Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren erakustaldia hartuko du berriro ere Gasteizek. Sei film proiektatuko dira, Artium museoan. Ingurumenarekin begirunez jokatuko duen aldaketa sozialaren inguruko hausnarketa bideratzea du xede jaialdiak, duela 25 urte sortu zenez geroztik, eta joan den azaroan izan zen azken edizioa, Bartzelonan. Hamabost aldiz ekarri du dagoeneko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Kataluniako jaialdi horren erakustaldia Gasteizera. Bihartik aurrera, Artiumekin lankidetzan, sei dokumental proiektatuko dira.

Ingurumenaren arloko gaiak jorratzen dituen zinema-jaialdi aitzindaria da mundu osoan Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Izan ere, zaharrena da, 25. edizioa izan baita azkena, eta erreferente bihurtua da ingurumen-dokumentalen arloan, baita jaialdi berritzaile gisa ere. Zinema eta zinemaren industria lantzen ditu, eta ingurumenaren arloko edukia eta ingurumen-hezkuntza, hainbat jarduerarekin.

Bihartik —urtarrilak 15— eta hilaren 31ra bitartean izango da proiekzioak ikusteko aukera. Aurten, bigarren urtez, Artium museoan izango dira. Film hauek ikusi ahal izango dira: ‘The reclutant radical’ (urtarrilaren 15ean), ‘Hondar 2050’ (urtarrilaren 17an), ‘Rush tour’ (urtarrilaren 22an), ‘The uncertainly has settled’ (urtarrilaren 24an), ‘Unfractured’ (urtarrilaren 28an) eta ‘Chamán’ (urtarrilaren 31n). 19:30etan hasiko dira proiekzioak, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, eta doan izango dira.

Pinakotekak jaialdiarekin bat egin duelarik, sendotu egingo da ingurumen-zabalkundearen eta gizartearen arteko lotura, ingurumenaren eta artearen eta kulturaren artekoa. Gainera, Artiumeko funtseko artelanen bisita gidatuetan parte hartzeko aukera eskaintzen da, eta familia osoarentzako lantegi bat, arte plastikoen bitartez naturara hurbiltzeko. Errioxako Würth Museoari buruzko hitzaldi bat izango da urtarrilaren 16an, eta argazkiak hostoen gainean errebelatzen ikasteko lantegi bat, urtarrilaren 24an.

 “Gasteizen etorkizun iraunkorragoa lortze aldera bideratzen ari garen proiektuekin uztartzen dira dokumentaletan jorratzen diren gaiak. Energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza direla medio trantsizio energetikoa bultzatzeko konpromisoa hartua dugu, Koroatzeko proiektuaren eta Mugikortasun Planaren gisako proiektuen bitartez, Azpiegitura Berdearen Estrategiaren bitartez klima-aldaketara egokitzeko, elikagaien estrategiaren markoan lurraldeko janari-produkzioa lehenetsi eta jarduera horrek ingurumenean duen inpaktua gutxitzeko, ekonomia jasangarria bultzatu eta hondakinak murrizteko… Hori guztia, herritarren partaidetzarekin”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

“Nire aldetik nabarmendu nahiko nuke Artium, gaur egungoaz arduratzen den Zentro-Museo gisa, gizarte garaikideari eragiten dioten eta interesatzen zaizkion gai guztiei adi dagoela. Eta ingurugiroa da horietako bat, agian gizadiaren etorkizunerako garrantzitsuena. Hori dela-eta, Jaialdiaren proiekzioen egoitza gisa parte hartzeaz gainera, aurten Artiumek, iaz ere egin zuen bezala, beste eduki batzuk ere eskainiko ditu, artea eta artistak ingurugiro gaietara nola hurbiltzen zaizkien ezagutzera emateko, edota nola eragin daitekeen artearen mundutik gai horri buruzko gogoeta eta kezka”, adierazi du, bere aldetik, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 abendua 2018 10:56

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) jardueraz betetako programa diseinatu du negurako; zehazki, 103 jarduera garatuko ditu datozen hilabeteetan. Jarduera horiek Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Gasteizko beste gune natural batzuetan egingo dira; aurten, gainera, Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzen da. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumenarekin eta kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko ekimenak udalaren baliabide ezberdinetan. Abenduaren 26tik aurrera eman beharko da izena, 010 telefonoan, Udalaren webgunean, Atarian eta gizarte etxeetan.

“Udalak urteak daramatza jarduerak antolatzen herritarren artean ingurumenarekiko kontzientzia sendotzeko xedez. Are gehiago aurten, Eraztun Berdearen 25. urteurrena delarik eta hiriak jaso dituen aitorpenak kontuan hartuz. Izan ere, IGIren kontzientziazio eta zabalkunde lana oinarrizko tresna izan da Gasteizen hainbestetan aipatzen dugun eta kanpoan ezagun bihurtu gaituen DNA berde hori geureganatzeko”, nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak. Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiarekin batera eman du prentsaurrekoa zinegotziak, eta azpimarratu du programazioa IGIrekin lankidetzan aritzen diren zenbait erakunderekin batera osatu dela.

Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: lehena, Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartearen ‘European Wildlife Photographer of the Year’ erakusketa, 84 irudi harrigarriz osatua eta berriro ere Atarian ikusgai jarriko dena. Dagoeneko bisitatu daiteke. Bigarrena, ‘Saguzarrak: gauaren aliatuak’ izenekoa, SECEMU-Saguzarrak Kontserbatu eta Ikertzeko Espainiako Elkarteak antolatua eta Juan Tomás Alcalde, Iñaki Martínez eta José Manuel Castrilloren lanak biltzen dituena. Gasteizen  bizi diren espezieak ikusi ahalko dira bertan. Martxoan, berriz, AVIS Produkzioak enpresak landutako ‘Klima aldaketari aurre egitea’ bideo-erakusketa irekiko da. Goi mendietako espezieek berotze globalari nola egin behar dioten aurre erakusten du.

Orobat, ingurumen sentsibilizaziorako ildo berria estreinatuko du Atariak, familiei begira. ‘Natura familiartean’ programa da, 6 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familientzat, Salburuko natura basatian esperimentatu dezaten. Horretaz gain, askotariko jarduerak antolatu ditu IGIk: era guztietako hitzaldiak (landareei eta hariztiei buruz, pizido eta akainei buruz, Ebroko deltako parke naturaleko zuzendari Francesc Vidalek emango duena…), ikastaroak (argazkigintza edo boilurrei buruzkoak), natura ibilbideak (baso-igel jauzkaria, urubia edo beste hegazti batzuk ezagutzeko…), inauteri aurreko lantegiak eta Euskadiko Hazien Sareak Olarizun antolatutako ateak zabaltzeko jardunaldiak. Beste berritasun bat ‘Eraiken-ek etxe osasuntsuak aktibatzen ditu’ izeneko jarduera da, martxoaren 14an, eraikuntzaren institutuarekin batera antolatua.

Web-orri hauetan kontsultatu daiteke programa osoa: www.vitoria-gasteiz.org/cea, www.vitoria-gasteiz.org/ataria eta www.vitoria-gasteiz.org/anilloverde . Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren web-orrian, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke.

Agenda Invierno CEA

 

Share