Prentsa Oharren banner

Ikerketa baten arabera, Gasteiz gai da industria-hondakinen erdia baino gehiago ekoizpen-katean aprobetxatzeko enpresen arteko hitzarmenen bitartez

Gasteiz izaera industrialeko hiria da eta ingurumenaren gainean eragin gutxiago duten ekoizpen sistemetara igarotzeko ahalmena du. Hala dio Ekonomia Sustapenerako Sailak eskatutako txosten batek, zeinaren bidez lehengaien sarrera, hondakinen sorrera eta ekonomia zirkularreko ereduetara igarotzea antolatzeko egon litezkeen sinergiak aztertzen diren. Azterlanaren arabera, orain industrialdeetan aprobetxatzen ez diren hondakinen % 58 ekoizpen prozesuetan berrerabil litezke. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizek aurkeztu dituzte gaur dokumentuaren ondorioak; izan ere, Elkarrekin taldeak diagnostiko hori egitea sustatu zuen 2020ko aurrekontuei baietza eman zienean.

Txostenak sinergia industrialak gauzatzeko oinarriak finkatzen ditu. Sinergia horiek ingurumen-onurak lortzea ahalbidetuko lukete emisioak murriztuta, lehengaiak erostean aurreztuta, eta, ondorioz, enpresen kostuak murriztuta. Diagnostikoari dagokion lehen fasean, berariazko software bat erabili da, besteak beste, enpresa batek sortutako hondakinetatik lehengai gisa inguruan zein erabil litekeen hautemateko. Kontuan hartu behar da euskal ETEen gastuen % 61 materialak erostearekin dutela zerikusia, eta material gehienak inportatuak direla.

Material-fluxuen azterketa hori “oso interesgarria da ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik Gasteiz bezalako hiri batean, non industria BPGaren % 27 den eta lau enplegutatik ia bat sektore horri dagokion”, azpimarratu du Etxebarriak. Alkateordeak esan duenez, “kontuan izango ditugu datu horiek sektorearekin lantzen ari garen Industriari Laguntzeko 2021-2024 Planean neurriak antolatzean”. Estrategia hori “ekonomia zirkularrera igarotzea, digitalizazioa eta berrikuntza bezalako euskarrietan oinarrituko da”.

Garbiñe Ruizek azaldu duenez, udalaren azterlanak “balio izan digu egiaztatzeko, aurreikusten genuen bezala, enpresek hobetzeko aukerak dituztela, sektorea ingurumen-eragin gutxiago duten negozio-ereduetara igarotzea errazteari begira”. Elkarrekineko zinegotziak nabarmendu duen moduan, “industriak pisu handia du ekonomian eta enpleguan. Sektore hori ezin da hiriaren izaera berdetik kanpo gelditu, ezta datorren hamarkadako eredu ekonomikotik kanpo ere. Premiazkoa da industriek ahalik eta azkarren egitea trantsizio ekologikoa, enpresen artean ekonomia zirkularreko prozesuak ahalbidetuz”.

Ruizek zehaztu duenez, Ekonomia Sustapenerako Sailaren azterlanak hautemandako aukera nagusiak honako hauek ustiatzearekin daude lotuta: eraikuntzako hondakinak, galdaketa hondarrak eta zepak, eraisteetako asfaltoa, lohi organikoak, garbiketa prozesuetako urak, edo ehun-hondakinak, besteak beste. Etxebarriak gogorarazi du 2020an egindako diagnostikoa hiru urteko proiektuaren lehen faseari dagokiola. Zirkularizazio-indizea identifikatu ondoren, Ekonomia Sustapenerako Sailak ekonomia eta ingurumen balantze bat kontratatuko du laster, estrategia horren eragina neurtu ahal izateko ingurumenaren, ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik. Hirugarren fasean, 2022an, Gasteizek proiektu pilotu bat eta baterako lan saioak jarriko ditu abian.

 

 

 

 

 

Share