Prentsa Oharren banner

 

Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezia berrikusi eta berriro aktibatuko dela iragarri du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotziak. Eraikuntzak hobetuko dira, eta gizarte-  eta ingurumen-izaerako alderdiak hobetuko, baita hirigintza-araudia berrikusi ere, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera

 

Industrialderik zaharrenetan industria-ehun hondatuak biziberritzea proposatzen du Ana Oregik, hala nola Ehari-Gobeun, Arriagan, Armentian, Gamarra-Betoñun, Betoñu-Larraganan, Oreitiasolo-Ansoletan edo Jauregilandan

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren onespena burutzea; hiriko ekimen estrategikoak, hala nola Mendizorrotza, Auditorioa, BEA ezartzea eta kotxetegi berriak; Principal antzokia eraberritzea eta Urrezko auzoak biziberritzea, besteak beste, izango dira Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailaren agendaren muina

 

Herritarrei arreta hobea emateko eta lizentziak emateko epeak murrizteko plan bat landuko da, eta gardentasuna sustatuko, interpretazio-irizpide teknikoak argitaratuz webgunearen bitartez, baita elkargo profesionalekiko komunikazioaren bitartez ere

 

 Sailaren legegintzaldi berrirako ardatzak aurkeztu dituzte gaur goizean Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotzi Ana Oregik, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Nekazaritza-eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Lehenik eta behin, zorionak eman dizkie Ana Oregik “gasteiztar guztiei, hiriak joan den ostiralean Addis Abeban eskuratu zuen Global Green City saria dela eta. Argi dago horrelako lorpenak ez direla jarduera puntualen ondorio, ezpada luzaroan bideratzen ari garen ekintza baten ondorio, eta ikuspegi politiko batekoek eta bestekoek partekatu izan dugu hori, bere egina dute herritarrek. Ardura handia dagokigu, korporazio gisa. Agintaldi berri bati ekin berriak gara, eta egoera bikainean jaso ditugu hiria eta lurraldea, egia da, baina oraindik ere gauza asko dago egiteko eta hobetzeko, eta akordio zabalak eskatzen dituzte. Lehenengo unetik, eskua luzatu nahi diet indar politiko guztiei, baita gizarte gasteiztarrari ere, hiriak eredu izaten jarrai dezan, gobernantzaren itsasargi. Herritarrak eta ordezkari publikoak garen aldetik, jarraitu beharreko bide bat ageri zaigu begien bistan, iraunkortasuna, eta tresna kontrastatu bat dugu baliagarri, 2030 Agenda”, nabarmendu du.

Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategia

Urtaranen gobernuak hiri trinko, inklusibo, seguru eta iraunkorraren eredua garatzeko baliatuko dituen ekintza nagusiak iragarri ditu Ana Oregik, Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategian jasoak, “aldaketa globalak planteatzen dituen erronka eta desafioei erantzuteko, herritarrentzat —eta, bidenabar, planetako biztanle guztientzat, garapen iraunkorreko helburuekin bat etorriz— kalitateko espazio bat eta ongizatea lotzeko orduan dagokigun erantzukizuna geure gain hartuta”.

Zentzu horretan, azaldu du zinegotziak bere saila, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta XXI Zabalgunearen laguntzarekin, eta Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Espazio Publikoaren eta Mugikortasunaren Arloaren barruan, Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategia horretan egituratuko dela, aukera izan dadin modu koordinatuan aurrera egiteko nazioarteko agendetan finkatutako helburuak lortzeko, gure lurraldearen berezitasunak kontuan izanik.

“Era berean, Gasteizerako lurralde-ikuspegi hori Europako Batzordeak bultzatutako RIS3 espezializatze adimendunen estrategiaren barruan sar dadila nahi dugu. Hartara, Eusko Jaurlaritzak eta Europak lehentasunezkotzat identifikatutako ildoekin bat etorriko dira gure jarduerak, eta finantzaketa-aukera berriak ekarriko dizkigu horrek, eta Bizkaian eta Gipuzkoan programatutako jarduerekiko osagarritasun handiagoa bilatzen lagunduko.

Ana Oregik iragarri du 21 Agendaren Tokiko Ekintzarako Plana eguneratuko dela eta, barne nahiz kanpo partaidetza-prozesu baten bitartez, Gasteizko 2030 Hiri Agenda landuko dela, epe ertaineko (2025) ekintza-plan batekin batera.

Hauek dira planifikatutako ekintzen helburuak: hiri trinko, konplexu eta kohesionatua eraikitzea; landa-ingurunea eta menpeko toki-erakundeak bultzatu eta babestea; kultur, natura- eta paisaia-ondareari balioa ematea, eta Gasteiz hiri iraunkorra eta energetikoki efizientea izan dadin beharrezko diren urratsak ematea, karbonoari dagokionez hiri neutroa lortze aldera.

Industrialde hondatuak biziberritzea

Industria-ehun hondatuak biziberritzea da sailaren estrategian jasota dauden ekintzetako bat, hau da, periferiako industrialderik zaharrenak, hala nola Ehari-Gobeu, Arriaga, Armentia, Gamarra-Betoñu, Betoñu-Larragana, Oreitiasolo-Ansoleta edo Jauregilanda.

 “Urtez urte, ikusten ari gara nola industrialde horietako batzuetako jarduerak behera egiten duen, ekoizpen-lurzorua bertan behar uzten delarik, eta horrek, baldintza egokietan, lehen mailako baliabide ekonomikoa izan beharko luke. Zentzu horretan, Ekonomia Sustapenerako Sailarekin, GILSArekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean —hala nola Araba Garapen Agentzia edo Sprilur—, hirigintza-birgaikuntzarako planak bultzatu nahi ditugu industrialde horietarako, gaur egun jarduerarik gabe dauden lurzoru kontsolidatuak erreaktibatzeko neurriak direla medio.  Badakigu zer-nolako zailtasunak dakartzaten horrelako jarduerek berekin. Nolanahi ere, uste dugu ezinbestekoa dela modu erabakiorrean ekitea; izan ere, gure ustez, gure hiriak duen defizitik handienetako baten aurrean gaude, lurraldearen erabilera iraunkorrari dagokionez. Diagnostiko bat egingo dugu, eta hirigintza-kudeaketarako tresnak sartuko ditugu HAPO berrian”, azaldu du Ana Oregik.

Hirigune Historikorako Plana

Urtaranen gobernuaren konpromisoetako beste bat hirigune historikoaren birgaitze urbano inklusibo eta integrala da, baita 80ko urteak baino lehen eraikitako auzoena ere: Zaramaga, Ariznabarra, Adurtza, Abetxuku, Koroatzea, Arana, Angloa, Judimendi eta San Kristobal.

Hirigune historikoari dagokionez, Ana Oregik iragarri du berrikusi eta berriro aktibatuko dela Erdi Aroko hiriguneko Birgaitze Integraturako Plan Berezia, bereziki kontu eginez bai eraikuntzen hobekuntzari, bai integrazioa eta auzokideen ongizate hobea sustatuko duten gizarte- eta ingurumen-izaerako alderdiei. Era berean, HAPOaren berrikuspena aprobetxatuz, xeheki aztertuko da hirigintza-araudia, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera.

Erdi Aroko hiriguneko Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza-plana ere onetsi eta gauzatuko da, eta Urrezko Auzoen birgaikuntzarekin aurrera egingo da. “Eskura ditugu dagoeneko azterlan sozio-urbanistikoak, eta birgaikuntza integralarekin aurrera egiteko aukera emango digu horrek, hondamen progresiboa geldiaraziz eta bertako baldintza sozio-ekonomikoak eta ingurumenari nahiz eraikuntzari dagozkienak hiriko gainerakoenetara egokituz. Zentzu horretan, Koroatzearen auzoko Smartencity proiektuaren bitartez lortutako esperientzia oso baliagarria izango zaigu”, azaldu du Ana Oregik.

XIX. mendeko zabalguneko kultur paisaiaren eta ondarearen katalogoa ere berrikuste-aldian dago, proiektu pilotu gisa, gero hiri osora zabaldu eta bertatik sortzen diren xehetasunak HAPOren dokumentaziora aldatzeko.

Plan Orokorraren batzorde txostengilea aktibatzea, irailean bertan

Plangintzari dagokionez, Ana Oregik uste du guztiz beharrezkoa dela HAPO burutzea, eta behin betiko onespena ematea, agintaldi honetan. “Badakigu lan handia eskatzen duen helburua dela, eta talde guztien laguntza beharko dugu. Plan Orokorra lantzeko prozesuak sistematika konplexua dakar berekin, eta lantalde teknikoek, talde politikoek, hiriko profesionalen kolektiboek eta, oro har, herritarrek parte hartzen dute horretan. Esparru-dokumentu horrek gidatu behar ditu jarduera guztiak Gasteizen, gutxienez ere hurrengo hamar urteetan.  Gure hiri-eredua jasoko dugu bertan. Funtsezko tresna da gure ekintzak iraunkortasunera zuzentzeko”, azpimarratu du.

Aurreko agintaldian burutu zuen Urtaranen gobernuak aurrerapena, non jasota utzi baitziren, alternatiba gisa, talde politikoen proposamenak oro. Plan Orokorraren jarraipenerako batzorde txostengilea berehalakoan martxan jartzea proposatu du Oregik. Hain zuzen ere, irailean bertan batzorde txostengilea biltzeko deialdia egin dezala eskatu dio batzordeko lehendakariari.

Berrikuspenarekin batera, hirian beharrezko diren aldakuntza puntualak lantzen jarraituko du sailak. Horrela, eta bakar batzuk aipatzearren, lerrokadurak zuzentzea eta herriei lagapenak egin beharra dagoen ala ez definitzea, babes akustiko bereziko zonak (ZPAE) ezartzea —deklaratu ondoren—, lurzoru urbanizaezinaren kartografia doitzea, Udalaren lurzoru ondarea erregularizatzea, apartamentu turistikoak arautzea, besteak beste.

Lizentziak emateko epeak murriztea

Lehendik hasitako lanarekin jarraituko du Urtaranen gobernuak, dosierren kudeaketa informatizatzen eta lizentziak emateko epeak murrizten. Ana Oregik planteatu du, gainera, herritarrei arreta hobea emateko plan bat, eta iragarri du gardentasun-neurri berriak hartuko direla, hala nola interpretazio-irizpide teknikoak argitaratuz webgunearen bitartez, baita elkargo profesionalekiko komunikazioaren bitartez ere.

Proiektu estrategikoak

Hiriko ekimen estrategikoak, hala nola Mendizorrotzeko futbol-zelaia handitzea, Auditorio berria, BEA ezartzea eta kotxetegiak edo Principal antzokia eraberritzea, besteak beste, funtsezkoak dira sailaren agendan.

Hiria dentsifikatzeak, Salburua eta Zabalganeko lursailen banaketa berriak, “aukera ematen du orain barrurako hazkundea lantzeko, justifikaziorik gabeko lurzoru-kontsumoa ekidinez eta hiri trinkoagoa eta iraunkorragoa itxuratuz.  Bukaeraraino eramango dugu prozesu hori, gehiago atzeratu gabe. HAPO berrian jasoko da prozesu horren emaitza, eta, halaber, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plan berrian, erabateko koordinazioa izan dadin bi ekimenen artean”, azaldu du Ana Oregik.

Bizitegi-sektorea karbonogabetzen ere lan egin nahi du Urtaranen gobernuak. Horretarako, Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuarekin elkarlanean arituko da saila, berriki onetsi den Euskadiko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legetik ondorioztatzen diren neurri eta ekintzetan, bai udal ondare higiezinean, bai dentsifikatze berriari lotutako garapen berrietan eta aipatutako birgaitze-jardueretan.

Legeak planteatzen dituen eskakizun berriak ere aintzat hartuko dira, hiri osorako hiri-azpiegitura berdeak garatuz, eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta horiek arintzeko neurriak ezarriz, naturan oinarritutako irtenbideak abiapuntutzat hartuta.

Udalaren lurzoru ondareari dagokionez, zinegotziak beharrezkotzat jotzen du erregularizatzea eta inbentario bat egitea, eta modu arinean kudeatzeko aukera emango duen aplikazio bat. Horretarako, Ogasun Sailarekin batera lan egingo da, Udalaren aktibo higiezinen kudeaketarako baliagarri izango den tresna bat edukitze aldera.

Orobat nabarmendu du Ana Oregik nazioarteko presentziak eta lankidetzak duten garrantzia. “Hiri-sareetan parte hartzen dugu, eta lankidetza-proiektuetan, hiria ikusgarriago egiten baitu horrek, eta aukera ematen baitigu zenbaiten praktika hobeetatik ikasteko, eta, zenbaitetan, proiektu pilotuetarako finantzaketa lortzeko. Zentzu horretan, lan-ildo horiekin jarraituko dugu, ikerketa-zentroekin akordioak bilatuz, hiri iraunkorrei dagozkien konponbideak aurkitzeko, baita gure hiriak dituen arazoentzako konponbide berritzaileak ere”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 uztaila 2019 11:15

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

 

 

 

 

Bitarteko berezia jarriko da suziriaren jaurtiketara beirarik, latarik eta bestelakorik ez sartzeko

 

Abuztuaren 2an, 3an eta 4an informazio-karpa ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegi eta jarduerak antolatuko dira ume eta gazteentzat

 

“Informatzaile taldea” itzuliko da, 19 irudi trokelatu,  hiria garbi eduki, berrerabili eta birziklatzearen garrantzia gogorarazteko

 

Udalak eta Vital Fundazioak plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina bat sustatu dute aurten: edalontzi berrerabilgarria, abuztuaren 3tik zenbait ostalaritzako establezimendutan eskuratu ahalko dena

Urtero bezala, Gasteizko Udalak dena emango du Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketan eta hondakinen bilketan, Arabako hiriburuko bizilagunek zein bisitariek astebeteko dibertsioaz giro garbi eta higienikoan gozatzerik izan dezaten. Bereziki, hilaren 4an, Zeledonen jaitsieran. Udalak iragarri duenez, egun horretan debekatuta egongo da plazan beira eta latak sartzea.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak ahalegin berezia egingo du Herritarren Segurtasunaren Sailaren antolaketari laguntzeko, eta kontzientziazio-kanpaina bati ekin dio.

Gutxiago zikintzea eta plastiko gutxiago erabiltzea

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak Egibideren laguntzarekin sustatutako kanpainaren helburua da “jaietan gizalegez jokatzera bultzatzea, gutxiago zikintzera eta erabilera bakarreko plastiko gutxiago kontsumitzera, azken batean, hiria eta ingurumena errespetatzera. Udalak jaien aurretik zein jaiegunetan egindako ahaleginez eta herritarren inplikazioaz dibertsioa, garbitasuna eta ingurunearekiko errespetua ez direla elkarren etsai erakustea da xedea“, azaldu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landak.

Kontzientziazio-kanpaina indartzeko, aurten ere “informatzaile taldea” aterako da kalera, eta mezu berriak zabalduko ditu. Iazko mezuek birziklatzea azpimarratzen zuten, eta herritarrak “gehiago eta hobeto” birziklatzera animatzen zituzten; aurten, berriz, bakoitzaren kontzientziari egingo zaio dei, jaietan gizalegez jokatu dezagun, gutxiago zikindu, behin erabiltzeko edalontzien ordez berrerabilgarriak baliatu ditzagun, eta dibertsitatea errespetatu.

Aldi berean, Udalak eta Vital Fundazioak sustatutako edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko da kanpainaren bidez. “Gogoan izan behar da edalontzi berrerabilgarria ez dela beiraren ordezkoa, behin erabiltzeko edalontziena baizik, horiek oso kaltegarriak baitira ingurumenerako eta hiriaren garbiketarako”, azaldu du César Fernández de Landak. Horretarako,  2×2 metroko kubo formatua duten bi informazio-panel jarriko dira, Andre Maria Zuriaren plazan eta Urrezko Zeledonen plazan.

Informazio-karpa asteburu osoan

Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuko buru Joseba Sánchezek azaldu duenez, abuztuaren 2an, 3an (arratsaldez) eta 4an (goizez) informazio-karpa bat ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegiak egingo dira ume eta gazteentzat. Bide batez, segurtasun arrazoiengatik suziriaren jaurtiketan beira, lata eta objektu zorrotzik ez sartzearen garrantziaz informatu eta sentsibilizatuko dira herritarrak, eta edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko. Karpa hirugarren urtez jarraian instalatuko da, eta ingurumen-monitoreek jardungo dute bertan.

Antolaketa berezia suziriaren jaurtiketarako: 42 ingurumen-monitore eta edukiontzi gehiago

 Hirugarren urtez jarraian, Udalak antolaketa berezia prestatu du txupinazora beira eta latarik sar ez dezaten.  Polizia antolaketaz gain, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak kontzientziazio-lan indartsua egingo du, Egibideko 42 ingurumen-monitoreren laguntzaz. Materialen erabilera arduratsuaz kontzientziatzea izango da haien lana, edalontzi berrerabilgarriak sustatuz eta segurtasun arrazoiengatik plazara beira eta latak sartzeko debekua gogoraraziz.

Aurten edukiontzi gehiago jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrek hondakinak botatzerik izan dezaten, eta plazaren sarbideetan ere jarriko dira. Iaz 1.100 litroko 4 edukiontzi ipini ziren. Aurten, 3.200 litroko 6 edukiontzi instalatuko dira.

Garbiketa-lanak indartzea leku eta ordutegi berezietan

Bestalde, Gasteizko Udalak garbiketa eta hondakin bilketarako programa indartu du hilabete honetan, jaietan hiriko kaleak eta plazak txukun edukitzearren. Uztailaren 11n hasi ziren garbiketa bereziak, eta hiri osora hedatuko dira. Besteak beste, estolda-zuloak eta estolderia sarea garbitzen dira, kartelak kentzen, pintaketak ezabatzen eta zorua garbitzen.

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

Jaiak igaro eta gero, abuztuaren 24ra arte jarraituko da garbiketa bereziak egiten, eta egun horretan emango dira bukatutzat Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak jaiak direla eta egiten dituen aparteko lanak.

Erdi Aroko hiriguneko eta Zabalguneko zenbait lekutan pixa-uxagarria —CK Splash back izeneko produktu gasteiztarra— banatu da. Produktu garden eta kaltegabea da, likidoa uxatzen duelarik azaleran barneratzea eragozten duena, errazago garbitzearren.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 11:50

13 egunez, garbiketa-lantaldeak arreta guztia jarriko dute hustubideak eta estolda-sarea garbitzen, kaleetako zorua sakon garbitzen eta kartel eta pintaketak kentzen 

Prebentzio-lan hauen helburu nagusia jaietan zehar gehiegizko zikinkeria pilatu dadila ekiditea da

Gaurtik hasita, garbiketa-saio intentsiboei ekingo diete garbiketa-taldeek, hiria Andre Maria Zuriaren jaiak Andre Maria Zuriaren jaietarako prestatzeko. 13 egunez, arreta guztia jarriko dute hustubideak eta estolda-sarea garbitzen, kaleetako zorua sakon garbitzen eta kartel eta pintaketak kentzen, besteak beste.

Izan ere, aste hauetako jarduera garrantzitsuenetako batzuk prebentzio-garbialdia dira, erdialdeko kaleak prestatzeko, hartara jaietan ohikoaz gain, gehiegizko zikinkeria pilatu dadin ekiditeko, eta hustubideak behar bezain txukun egon daitezen, garbitzaileen lana eraginkorra izan dadin.

“Uztaileko azken egunak eta abuztuko lehenak oso intentsuak ohi dira Gasteizen. Santiago Egunak, bezperek eta, batez ere Andre Maria Zuriaren ohorezko jaiek elkartzeko eta ospatzeko leku bihurtzen dituzte Gasteizko kaleak, musika eta giro oneko leku. Baina jarduera horiek guztiek eragin handia dute hiriaren gainean, eta bertako kale eta plazak egoera onean edukitzea funtsezkoa da herritarrek gozatu ahal dezaten, azpimarratu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernandez de Landak.

Hauek dira garbituko diren lekuak eta gutxi gorabeherako datak (betiere lantaldeen errendimenduaren arabera):

  • Uztailak 15, astelehena: Dato kalea eta Geltoki plaza.
  • Uztailak 16, asteartea: San Prudentzio kalea eta Arka plaza.
  • Uztailak 17, asteazkena: Andre Maria Zuriaren plaza, Loma Jeneralaren plaza, Prado kalea.
  • Uztailak 18, osteguna: Baratxuri azoka egiten den alderdia.
  • Uztailak 19, ostirala: Erdi Aroko hiriguneko mendebaldeko malda.
  • Uztailak 22, astelehena: Santa Maria katedrala eta Erdi Aroko hiriguneko goi aldea.
  • Uztailak 23, asteartea: Posta kalea, Independentzia kalea, Foru kalea eta Foru plaza.
  • Uztailak 24, asteazkena: Alaba Jeneralaren kalea, Foru kalea eta San Antonio kalea.
  • Uztailak 26, ostirala: Baratxuri azoka egiten den alderdia.
  • Uztailak 29, astelehena:
  • Uztailak 31, asteazkena: Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate kalea eta babesgabetuen plaza
  • Abuztuak 1, osteguna: Foru kalea, San Prudentzio kalea eta San Antonio kalea
  • Abuztuak 2, ostirala: Santa Maria katedrala eta Erdi Aroko hiriguneko goi aldea.

 

Pixaren aurkako babesa 27 lekutan

Gainera, eta jai guneen higienea zaintzeko, pixaren aurkako produktu bat aplikatuko da –laugarren urtez segidan– gizalegez besteko jokabide horren ondorioak gehian pairatzen dituzten eraikinetan, hiriaren 27 lekutan.

 

 

Share