Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 uztaila 2018 13:01

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea Kanadako Windsor hiriko ordezkaritza teknikoarekin bildu da; hirien arteko nazioarteko lankidetzarako IUC europar programaren barruan etorri dira Gasteizera, zeinaren helburua baita Europako eta Ipar Amerikako udalerrien artean ezagutzak partekatzea. Gaurtik ostiralera arte, Windsorreko erakundeen ordezkariek bertako jardunbide iraunkorren adibideak aztertuko dituzte hainbat arlotan: mugikortasuna, energia-aurrezpena, klima-aldaketaren kontrako borroka eta naturaren zein biodibertsitatearen babesa. Besteak beste, leku hauek bisitatuko dituzte: Koroatze auzoa (SmarEnCity proiektua lantzen ari da bertan), Europa biltzar jauregia (birgaikuntza iraunkorraren adibidea) eta Salburuko hezeguneak.

Hauek osatzen dute Windsorreko udaleko ordezkaritza: Josette Eugeni, Mugikortasun Planaren zuzendaria; Gregory Atkinson, garapen ekonomikoaren eta ingurumenaren babesaren alorreko politiken goi mailako planifikatzailea, eta Karina Richters, ingurumen iraunkortasunaren eta klima aldaketaren alorreko ikuskatzailea. Haiekin batera etorri da  IUC europar programaren Kanadarekiko koordinatzaile Lisa Cavicchia.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2018 13:46

 

 

 

 

 

 

Nantes hiritik 60 kilometrora dagoen François Truffaut lizeoko 30 ikasle inguru bisitan dira egun hauetan Gasteizen, eta gaur goizean udalera hurbildu dira, hiriko iraunkortasun-politikak ezagutzera. Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak bere sailaren ildo nagusiak azaldu dizkie, eta hiriko berdeguneak ezagutzera gonbidatu ditu, bereziki bandera-ontziak: Eraztun Berdea eta Ataria.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2018 11:47

Gasteizko Udalak Eraztun Berdeko Bizikleta Biraren 14. edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Goiena mendi taldeak antolatzen dute. Aurten ekainaren 17an egingo da lehia-asmorik gabeko martxa, zeina aukera paregabea baita Eraztun Berdean barrena ibiltzeko. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentrotik abiatuko da, 9.30ean, eta 14 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Dagoeneko eman daiteke izena, udalaren web-orrian eta Aldabe, Pilar, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua eta Salburuko gizarte etxeetan. Lekuak mugatuak dira: 300. Prezioa 3 eurokoa izango da.

Parte-hartzaileen eta Goiena taldearen lanari esker egiten den jarduera guztiz sendotuta dago Udalaren ingurumen eskaintzan.“Kontzientziazioaren alorrean, funtsezko ekitaldia da, herritarren artean izaera ‘berdea’ eta ingurumenarekiko errespetua sendotzen laguntzen baitu. Gainera, kirola egin eta gure hiria deskubritzeko aukera paregabea da”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. Prentsaurrekoa Goienako Javier Antunez koordinatzailearekin egin du.

Lehia-asmorik gabeko martxa tropelean egiten da, eta aukera paregabea da Eraztun Berdearen 31 kilometroak osatzeko.  Hauxe da Goienak koordinatu duen ibilbidea: Ataria-Salburua-Nebera gaina-Zubigarai-Olarizu-Gardelegi-Lasarte-Armentia-Zabalgana-Gobeu-Atxa-Abetxuku-Gamarra-Eskalmendi-Alegria ibaia-Ataria. Antolakuntzako kideak joango dira tropelaren hasieran eta bukaeran, nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea eta bitan banatuko dira jan-edanak.  Parte hartzaileei opari bana emango zaie eta segurua izango dute.

INFO +

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 urria 2017 12:08

 

 

 

 

 

 

 Udalak Abetxuku, Judimendi eta Santa Luziako zuhaitzak kudeatzeko planak egingo ditu, Zaramagako eta Pilarreko esperientzia pilotuaren emaitza bikainak ikusita.

Hiriko zuhaitzek ondare-balio handia dute eta oso garrantzitsuak dira hiriko bizi-kalitatea hobetzeko. Gasteizko udalak zuzen kudeatu nahi ditu, kalitateko zuhaitz-sistema lortzeko, ondo garatutako zuhaitz osasuntsuak izan daitezen.  Horretarako ezinbestekoa da herritarrak kontzientziatzeko alderdiak jorratzea. “Gure zuhaitzak ezagutarazi behar ditugu, baita horiek zaintzeko burutzen ditugun jarduera-irizpideak zabaldu ere. Horretaz gain, ezinbestekoa da herritarrak zuhaitzen zainketan inplikatzea” adierazi du Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lehendakari Iñaki Prusillak.

Aurrekari horiek kontuan hartuta, azken urteotan udalak hiriko zuhaitzei balioa aitortzeko hainbat ekimen egin ditu. Azkena, “Hiriko zuhaitzak, Gasteizko azpiegitura berdea osatzen” argazki-lehiaketa. IGIk antolatutako lehiaketa horretara 294 argazki aurkeztu zituzten 110 argazkilarik. Epaimahaiak –Recipientes de Recuerdos, AlavaVision eta Arabako Argazkilarien Elkarteko kideek eta IGIko teknikari batek osatua– honako irizpideak balioztatu zituen: argazkien kalitate artistiko eta teknikoa, originaltasuna, proposatutako mezua edo irakurketa, eta Gasteizko zuhaitzen ondare-balioa erakusteko gaitasuna.

Epaimahaiak argazki hauek saritzea erabaki zuen:

 

  1. saria

Paraguai kalea

Mari Zurbano Gauna

  1. saria

Mendizorrotza ingurua, Rodead02

Hugo Dones Pedron

  1. saria

Bakardade kantoia

Juan José López Azurmendi

 

Udaberriko akzesita

Oxigenoa
Mónica Velasco Sánchez

Udako akzesita

Integrazioa
José Antonio Mortesín Damián

Udazkeneko akzesita

Ariznabarra, udazkena

Ana Nieto

Neguko akzesita

Goiz lainotsua eta paseoa

Sergio Mora-Gil Crespo

 

Saritutako argazkiak eta aurkeztutakoetatik aukeratutako zenbait Atarian izango dira ikusgai, 2017ko abenduaren 10era arte, hiriko zuhaitzen funtzio eta balioen inguruko sentsibilizazio-ekintzen baitan  Guztira, 57 argazki.

 

Auzoetako kudeaketa planak

Hiriko zuhaitzek ingurumenarekin, ekologiarekin, paisaiarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin lotutako funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte. “Hiriko bero-uharte” efektua murrizten dute; giro-hezetasuna handitzen dute; hauts eta eragile kutsagarrien mailari eutsi eta gutxitzen dute, ingurune-zarata gutxitzen dute; natura ingurunearen eta hiriko parkeen arteko jarraikortasun biologikoa ahalbidetzen dute; herritarren osasunari mesede egiten diote; psikologikoki lasaitasuna, atsegina eta ongizatea sortzen dute; estresa arintzen dute; hiri-eremuari esanahia ematen diote, hiriguneei balioa ematen diote, ondare-balioa dute bere horretan.

Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren Zerbitzuak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen Zaramaga eta Pilarreko auzoetarako, modu pilotuan, 2014an, gerora, hiri guztira zabaltzeko askoz, auzo bakoitzeko zuhaitzen ezaugarrien arabera egokituta. Bi auzo horietatik hastea erabaki zen, izan ere, horietan hiriko beste auzoetan baino arazo gehiago zituzten bizilagunek zuhaitzekin. Zaramaga eta Pîlar auzoetan tamaina handiko zuhaitz-espezie ugari, eta horietako asko fatxadetatik oso gertu. Zaramagan 3.600 zuhaitz daude, gutxi gorabehera, eta Pilarren 1.300. Bi kasuetan, alde handiarekin gainera, espezierik ugariena Platanus x hispanica da.

Zuhaitzak kudeatzeko planetan zuhaitz bakoitzaren kontserbazio egoera zehazten da, hiriari dakarzkion onurak identifikatzen dira, bai eta ale batzuek herritarrei egiten dieten enbarazua ere. Agiri horretan, ale bakoitzak behar duen tratamendua adierazten da, eta zuhaizti urbanoan egin beharreko ekintzen lehentasunak zehazten dira. Kudeaketa planean orobat programatzen dira zuhaiztiei balioa aitortzeko eta herritarrak hiri-ondare hau kontserbatzeko konpromisoa bultzatzeko ekintzak.

Zuhaitzak Kudeatzeko Plana  hiru urtez egon da indarraldian, eta  kontuan hartuta bere erabilera oso positibotzat jo dela eta Zaramaga eta Pilar auzoetan ikasitakoa, Udalak esperientzia hau beste auzo batzuetara zabaltzea erabaki du. Hori dela eta, Abetxuku, Judimendi eta Santa Luzia auzoetako zuhaitzak kudeatzeko plana prestatzea erabaki du, 15.500 euroko aurrekontuarekin. Horretaz gain, egun bi lehiaketa deituta daude; bata “Hiriko zuhaitzei buruzko jarraibideak eta hiriko zuhaitzen eta hiriko zuhaitzen sistemaren balioetarako ekintza planerako eta zabalpen planerako proposamena” izeneko agiria idazteko, 21.500 euroko aurrekontuarekin, eta bestea, “Hiriko zuhaitzen ureztapena kudeatzeko plana”, 13.000 euroko aurrekontuarekin.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 iraila 2017 13:35

Gasteizko Udala mugikortasun iraunkorrari buruzko mahai-inguru baten protagonista izan da gaur, Madrileko Comillas Unibertsitatean. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak Gasteizko eredua aurkeztu du Energia eta Iraunkortasunaren BP foroan, aipatutako unibertsitateak antolaturik. Sevilla, Madril eta Bartzelonako udaletako ordezkariek ere hartu dute parte mahai-inguruan.

ICADEren hitzaldi-aretoan izan da ekitaldia, 12.00etatik 14.00etara. Iñaki Prusillak Gasteizen mugikortasun iraunkorraren eremuan izandako bilakaera laburtu du. Zinegotziak Arabako hiriburuan duela hamar urte zegoen egoera gogoratu du, orduan jarri baitziren abian Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana eta Gasteizko Ziklisten Mugikortasunaren Gida-plana. “Garai hartan autoa asko erabiltzen zen, garraio publikoa ez bezala. Era berean, gero eta gutxiago ziren oinez mugitzen zirenak, eta ibilgailu pribatua espazio publikoaz jabetzen zen”, nabarmendu du. Horren aurrean, Udalak zenbait neurri bultzatu zituen: bidegorri sarea hedatzea, super-etxadiak eta “30eko eremuak” sortzea, eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzea.

Ahalegin horri esker, aurrerapen handia egin da udalerriko iraunkortasun-politiketan. Mugikortasun aktibo eta iraunkorrari dagokionez, bizikletaren erabilera % 1,4tik (2002) % 12,3ra (2014) hazi da. Oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriak hiri-mugikortasun orokorraren heren bat dira dagoeneko. Bestetik, Iñaki Prusillak nabarmendu du “garraio publikoaren sistema eredu efikaz, eraginkor eta iraunkor batera bideratzea funtsezkoa” dela “aurrera egiten jarraitzeko, hirian barrena egiten diren joan-etorriak oinez edo bizikletaz egin daitezela sustatzen jarraitzeaz gain“. Horrekin lotuta aipatu du udal gobernua hainbat proiektu sustatzen ari dela agintaldiaren hasieratik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, hala nola tranbiaren luzapena eta autobus elektriko adimentsuaren ezarpena.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2017 11:11

  • Energiaren Agentziaren datuen arabera, Udalaren urteko elektrizitate gastua 18 milioitik gorakoa da
  • Udal merkaturatzaile batek aukera emango luke soberakinak baliabide gutxiko taldeei lagatzeko edo dohaintzan emateko eta pobrezia energetikoa murrizteko

Gasteizko Udalak energia elektrikoa oraingoez bestelako formulen bidez erostearen bideragarritasuna (ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege ikuspuntuetatik) aztertuko du, Energiaren Agentziaren bitartez. Zehazki, elektrizitatearen handizkako merkatuan zuzenean kontsumitzea edo udalaren merkaturatzailea sortzeko aukerak. Bigarren aukera horren bitartez, Udalak autonomia handiagoa izango luke erosle gisa, eta soberakinak baliabide gutxiko taldeei lagatzea edo dohaintzan ematea eta hartara pobrezia energetikoa murriztea ere ahalbidetu lezake. Oraingoz, Udalak azterlan bat agindu dio ‘Som energía-Energia gara’ enpresari, 6.929 euroan (BEZa barne), etorkizunerako hainbat aukera balioestearren.

“Gure ustez, Udalak sailen arteko gogoeta-prozesu bati ekin behar dio, etorkizunean Gasteizko eredu energetikoa aldatzeko asmoz. Aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak ezartzea izango dira helburuak, eta udal langileek eta herritarrek berek ingurumen balioak bereganatzea. Hamarkada bat baino gehiago daramagu klima-aldaketaren kontra babesteko estrategiak sustatzen, Europako alkateen ituna sinatu dugu, bat egin dugu ‘Compact of Mayors’ ekimenarekin… Garbi dago Gasteiz hiri konprometitua dela ingurumenaren alorrean eta beroketa globalaren kontrako borrokan. Eta ildo horretan, funtsezkoa da datozen urteetan trantsizio energetikoa egitea emisioak gutxitzeko, eraginkortasuna handitzeko eta gastua murrizteko”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Gainera, txostena egitea Ahal Duguren udal taldearekin aurrekontu akordioan sinatutako konpromisoaren emaitza da”, esan du.

Talde morearen bozeramaile Jorge Hinojalek lortutako akordioa bete izana nabarmendu du, “lehen urratsa” baita “utopia ematen duen baina ez den zerbait lortzeko: Gasteizko udalerriaren burujabetasun energetikoa”. “Oposizioa kritikatik ez ezik erantzukizunetik ere egiten denean, herritarrei alderdien siglei baino mesede handiagoa egiten dieten aurrerapenak lortu ditzakegu”, azpimarratu du zinegotziak. Ahal Duguk agintaldiaren hasieratik ahalegin handia egin du lan-ildo horretan, eta azterlana esleitu izanak hori gauzatzea dakar.  “Udalean sartu ginenetik Udala bera energia elektrikoa erosten inplikatzeko beharra aldarrikatu dugu. 2016ko urtarrilean jada mozio bat aurkeztu genuen, eta onetsi egin zen, eta horren bidez udal gobernuari eskatzen zitzaion energia merkaturatzaile bihurtzeko aukera aztertu zezan, edo beste aldagai eraginkorren bat”, gogoratu du Hinojalek.

Ahal Duguk espero du ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege bideragarritasunaren azterketak proiektua ezartzearen aldeko datuak emango dituela. “Baina horrekin ez gara pozik geratuko. Udal eraikinekin eta argiteria publikoarekin hastea positiboa da, baina ez nahikoa. Ahal Dugutik trantsizio energetikoaz ari garenean, udalaren energia merkaturatzaileak gasteiztar orori zuzenean zerbitzu eman ahal izateaz ari gara eta, beraz, arazo ekonomikoak direla kausa berogailua edo bonbilla bat pizterik ez duten etxeetara iristeaz eta pobrezia energetikoaren kontra borrokatzeaz. Bitartekariak kentzeaz eta, epe luzera, berriztagarrien bitartez geure energia sortzeaz eta burujabe izateaz ari gara” , aldeztu du taldeko bozeramaileak.

18 milioiko gastua energian

Gaur egun, Udalaren Energiaren Agentziak dituen datuen arabera, Udalak ia 18 miloi euroko elektrizitate-gastua du (2015eko datuak), argiteria publikoa (3,8 milioi), eraikinak (10,2 milioi) eta beste alderdi batzuk, hala nola garraio publikoa eta berdegune eta lorategien mantentzea (3,8 milioi) batuta. “Datu horrek erakusten digu oraindik lan handia egin beharra dugula ingurumen erronkei aurre egiteko. Ez dugu ahaztu behar, bestetik, kontsumo horiek udal aurrekontuan pisu handia dutela”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Azterlana egiteko Gasteizko Udalak erakundeaz eta udal enpresez dituen elektrizitate-datuak hartuko dira oinarritzat. Orain arte egindako ekonomia eta energia diagnostikoak erabiliko dira, udal eraikinak zein espazio publikoa kontuan hartuz.

Kontratatutako enpresak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu oraingo elektrizitate-merkatuaren deskribapena eta Udalak izan ditzakeen aukeren ebaluazioa. Gainera, aukera paralelo eta osagarri ezberdinak aztertuko ditu, alderatu eta emaitzei buruzko agiria landuko. ‘Som energía-energia gara’ enpresak aukera bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak jasoko ditu agiri batean, eta beste hiri batzuetan burututako esperientziak azalduko. Era berean, etorkizunean ezarri beharreko ekintzen kronograma bat eta bide-orri bat zehaztuko ditu txostenak.

Azken hilabeteetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak estatuko beste udal batzuek emandako pausoak aztertu ditu. Avilésen, esaterako, energia elektrikoa merkatuan erosten dute zuzenean espazio publikoan erabiltzeko, eta Zaragozan ere eredu horri jarraitu nahi diote. Iruñean eta Bartzelonan, berriz, merkaturatzaile bat martxan jartzeko asmoa dute. Valentzian ere Gasteizek agindutako azterlanaren antzekoa landu dute, baina oraindik ez dute erabaki zein aukeraren alde egingo duten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 maiatza 2017 14:21

Udal gobernuak uste du enpresak ez duela Gasteizen zerbitzua ematen jarraitu nahi

Azken orduetan, Gasteizko garbiketa zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den aldi baterako enpresa-elkarteak —FCC eta GMSM enpresek osatutakoa— uko egin dio udal gobernuak akordio batera iristeko aurkeztutako azken proposamenari. Horrenbestez, bi hilabete iraun duten negoziazioak amaitutzat jo dira; kaleratutako bost pertsonak berriro hartzea jarri zion lehen baldintza gisa kontratari Udalak. Urtaranen gobernuak ahal izan duen guztia egin du akordioa lortzeko, baina enpresak ez du haren proposamena onartu.

Azken orduetan jasotako erantzuna ikusita, udal gobernuak uste du enpresa-elkarteak ez duela Gasteizen zerbitzua ematen jarraitu nahi. “Enpresak iritzia aldatu ezean, enpresa-elkarteak hirian zerbitzua ematen jarraitzea baztertu duelakoan gaude”, azaldu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak.

Udalak eta aldi baterako enpresa-elkarteak martxoan lortu zuten akordioaren ildotik, orain enpresaren irteera negoziatua hitzartu beharko litzateke, baina Urtaranen gobernuak ez du baztertzen hiru aukera hauetakoren bat gertatzea: lehena, enpresarekin akordioa lortzea eta Gasteizen bake soziala izatea eta hiria garbitzeko zerbitzua betetzea; bigarrena, enpresarekin irteera baketsua hitzartzea, eta Udalak beste baldintza-agiria berri batekin kontratu baterako lehiaketa deitzea, zerbitzua beste enpresa batek eman dezan; hirugarrena, Udalak bere gain hartzea garbiketa zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 maiatza 2017 13:04

 

 

 

 

 

 

 

 

XVI. Bizikletaren Astea maiatzaren 15etik ekainaren 4ra bitartean egingo da, IGIk, Bizikleteroak elkarteak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak antolaturik; hiriko gizarte etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira horren barruan.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek, IGIko lehendakari eta zinegotzi Iñaki Prusillak eta Bizikleteroak elkartearen ordezkari Andrés Ruiz de Gaunak aurkeztu dituzte jarduerak prentsaren aurrean.

Martínezen hitzetan, “begi bistakoa da azken urteetan bizikletaren erabilerak gure hirian hartu duen indarra, hainbesteraino ezen bizikletaren kultura gero eta errotuago batez hitz egin baitezakegu.  Bide horretatik jarraitu eta hori sendotzeko beharrezkoak dira honelako ekintzak, adin orotakoentzat eta irekiak”.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ere lagundu du Bizikletaren Astea prestatzen. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak nabarmendu duenez, “positiboa gertatzen da udaleko sail ezberdinek batera lan egitea Gasteiz iraunkorragoa izan dadin mugikortasunaren alorrean. Gaur egun, joan-etorrien % 13 inguru egiten dira bizikletaz. Gasteiz hiribidean instalatutako bizikleta-kontagailuaren datuak kontuan hartuz, 2017ko martxoan 69.914 pertsona igaro ziren bertatik; iazko hilabete berean, berriz, 55.800. Horrek adierazten du Gasteizen gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dutela bizikleta”.

Aurtengo  edizioan hitzaldiak, ikastaroak, bizikleta-irteerak eta beste jarduera asko antolatu dira. Aldabeko gizarte etxean bizikletarekin lotutako bost hitzaldi emango dira. Landatxoko gizarte etxean, bestatik, bizikletaz ibiltzen ikasteko eta praktikatzeko ikastaroa egingo da; bost egun iraungo du,  eta goizez zein arratsaldez eskainiko da.  Salburuko gizarte etxean bizikletaren mekanikari buruzko ikastaroak egingo dira, zenbait mahai-inguru, eta mugikortasunaren jaia.

Landazuriko kiroldegian ere mekanikarekin lotutako jarduerak eta hiri txirrindularitzari buruzko hitzaldiak antolatu dira. Pilarren, berriz,  Olarizuko lorategi botanikoan zehar adinekoentzako triziklo-ibilaldiak eskainiko dituzte. Gainera, bizikleta-irteerak, bizikletari buruzko kontakizun laburren VII. lehiaketa eta “Selfie bat nire bizikletarekin” argazki-lehiaketa ere programatu dira.

Jarduera batzuetan parte hartzeko (lantegietan edo bizikleta-irteeretan) izena eman beharko da. Gizarte etxeetan, kiroldegietan edo internetez eman ahalko da izena, gaurtik aurrera.

20170502 Semana de la bicicleta

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 abendua 2016 12:57

 

 

 

 

 

 

 

 

Basabizitzari buruzko 84 argazkik osatzen dute erakusketa, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai Salburuko interpretazio zentroan

Erakusketaren helburu nagusia naturaren ezagutza sustatzea eta argazkilaritzaren bidez hura kontserbatzeko garrantzia azpimarratzea da

“GDT European Wildlife Photographer of the Year” argazki-erakusketa arrakastatsua berriro etorriko da Ataria zentrora, urtarrilaren 22ra arte. Alemaniako Natura Argazkilarien Elkarteak (GDT) antolatzen duen lehiaketan saritutako lan guztiek osatzen dute erakusketa; orotara 13.267 argazki aurkeztu dira, 37 herrialdetako 10.000 argazkilari profesional eta amateurrek baino gehiagok eginak. Aurtengo edizioan Richard Peters ingelesak irabazi zuen sari nagusia, “Ilunpeko ibiltaria” argazkiarengatik.

Erakusketa kalitate handikoa da, erraz muntatzeko modukoa, eta izenburu berarekin azken urteetan programatu den erakusketa-multzoari jarraipena emateko aukera paregabetzat jo da. “Erakusketa hau gasteiztar guztientzat erreferentea delakoan gaude, eta funtsezko osagaia da Gasteizko Udalak biodibertsitatearen berri emateko antolatzen duen programazioan”, azaldu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak.

Erakusketak 84 argazki biltzen ditu, sormen eta egiazkotasun handikoak. Horietako bakoitzean, animaliak, landareak eta paisaiak beste ikuspegi batetik erakusten dizkigute egileek, arreta emateaz gain, biodibertsitatearekiko interesa eta hura babesteko gogoa pizteko asmoz. “Irudiei laguntzeko testu laburrak erantsi dira euskaraz eta gaztelaniaz, zeinetan argazkilariek pasadizoak, teknikak, asmoak eta bitxikeriak azaltzen baitituzte”, nabarmendu du Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak.

Erakusketaren helburu nagusia naturaren ezagutza aktiboki sustatzea eta argazkilaritzaren bidez hura kontserbatzeko garrantzia azpimarratzea da. Orobat, herritarrei erakutsi nahi zaie argazkilaritzaren bidez natura agerrarazi eta defendatzeko aukera dutela, eta horretarako ilusioa piztu.

Aurtengo “GDT European Wildlife Photographer of the Year” lehiaketak beste errekor bat ezarri du parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, eta beste lehiaketa batzuen aldean lortu duen ospearen erakusgarria da hori. Aurreko edizioan, bilduma estatuko 34 hiritan baino gehiagotan erakutsi zen, eta horietako batzuetan urteroko tradizioa bihurtu da, hilean batez beste 11.800 bisitari erakartzen baitu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 azaroa 2016 13:30

Gasteizko ordezkaritza bat Ingurumenaren Biltzar Nazionalean (CONAMA 2016) parte hartzera joan da gaur, Gorka Urtaran alkatea buru zela. Ingurumenaren alorreko Estatuko ekitaldi garrantzitsuena den horrek berotze globalari  aurre egiteko garapen iraunkor, berritzaile, bideragarri eta lehiakorrean oinarritutako eredu batera iristeko erakunde-estrategiak koordinatzea du helburutzat, eta dagoeneko 13. ediziora iritsi da. Gorka Urtaranekin batera Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusilla joan da hitzordura.

Arabako hiriburuko alkateak inaugurazio-jardunaldian hartu du parte, eta protagonista izan da hiriek helburu globalekin duten konpromisoari buruzko mahai-inguru batean. Aipatutako saioan, Gorka Urtaranez gain, hauek hartu dute parte, besteak beste: FEMPko Klimaren aldeko Hirien Sarearen lehendakari eta Sevillako alkate Juan Espadas, Málagako alkate Francisco de la Torre, Zaragozako alkate Pedro Santiestevan, eta Manresako alkate Valentí Junyent.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, Klima Aldaketari buruzko Gobernuen arteko Taldeak hainbat txostenetan ondorioztatu du berotegi-efektuko gasen emisio masiboak eragin duela lurreko klimaren aldaketa, eta bai iazko Parisko COP21 biltzarrean bai duela gutxi Marrakexen egindakoan nazioarteko akordioak lotu dira tenperaturaren igoera mugatzeko. “Diagonostiko bat eta erronka bat ditugu: berotegi-efektuko gasen emisioa erabat gutxitzea, karbono maila txikiko gizarte baterantz bideratzeko, esan du Gorka Urtaranek.

Horri dagokionez, hiriek “dute giltza egoera iraultzeko“, bertan sortzen baitira emisio gehienak. Gasteizek urteak daramatza emisoak gutxitzeko xedea duen tokiko plan bat garatzen, bai eta klima-aldaketari egokitzeko plana taxutzen ere, prozesu horren inpaktuen aurrean udalerria hain sentibera izan ez dadin.

Arabako hiriburuko udalak hainbat alorretako estrategiak sustatzen ditu. “Ildo ezberdinetan ari gara lanean, esaterako, ur gehiago aurreztea, uholdeen prebentziorako proiektuak sustatzea, espazio publikoaren erosotasuna hobetzea, elikadura burujabetza lortzea, gure eraikinetan eta argiteria publikoan energia kontsumoa gutxitzea, zerbitzu publikoak ematean eraginkortasun handiagoa bilatzea…” aletu du alkateak.

Orobat aipatu du Gasteizen klima-aldaketaren kontra sustatzen ari diren plan garrantsitzuenetako batzuk hiru sektore gakorekin daudela lotuta: etxebizitza, mugikortasuna eta produkzioa. Etxebizitzei dagokienez, “funtsezkotzat jotzen ditugun neurriak jarri ditugu abian, hala nola etxebizitza energetikoki birgaitzeko laguntzak, 21 Zabalgunea sozietateak tramitaturik –agintaldi honetan gutxienez 4.000 etxebizitza eta higiezin, eta 2,6 milioiko inbertsioa– eta SmartEnCity proiektua, Koroatzearen auzoa osorik biziberritzeko”, azaldu du.

Gasteizerako mugikortasun iraunkorragoa eta osasungarriagoa lortzeko ereduaren garapenari dagokionez, Gorka Urtaranek gogoratu du “hiriko joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten” direla, eta “garraio publikoaren erabilera sustatzearen” alde egin du, “tranbia luzatuz eta autobus azkarra ezarriz. Bizikletentzako azpiegiturak hobetzea ere funtsezkoa da, Gasteizen joan-etorrien % 13 horrelako ibilgailuetan egiten baita”. Produkzio sektoreaz, nekazaritzako elikagaien estrategia sustatzen jarraitzearen aldeko apustua egin du alkateak, produkzioaren eta kontsumoaren arteko zirkuitua laburtzearren. Ildo beretik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean “iraunkortasunaren ikuspuntua kontuan hartu” dela gogoratu du, “karbono maila txikiko udalerria, klima-aldaketaren aurrean erresilientea” lortzeko asmoz. “Gure trinkotasunari, konplexutasunari, ehun ekonomiko aktiboari eta gizarte kohesioari eustea da gure helburua”, erantsi du.

Era berean, Gorka Urtaran alkateak oroitu du helburu horiek “lortuko badira hala tokiko eragile eta elkarteek nola herritarrek oro har partekatu behar” dituztela. Eta gehitu du: “Gasteiz pobreziaren eta desberdintasunen kontra borrokatzen duen hiria da”, iraunkortasunaren izaera sozialabeharrezkoa” dela azpimarratuz.

 

 

Share

Aurrekoak »