Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2018 12:52

 

2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da

Antolatzaileek uste dute 80.000 bat bisitari erakarriko dituela

 Gasteizko Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Arabako hiriburuko leku publiko eta eraikin ezagunenak, 2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an, eta, horrela, hiria eta lurraldea erreferente izango dira turismo, kultura eta teknologia arloan. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestutako ekitaldi honekin batera, kulturarekin lotutako eta profesionalentzako programa bat izango da.

Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak, Cristina González Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Saileko diputatuak eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak aurkeztu dute gaur jaialdi hau, ekitaldia antolatuko duen Argia kultura elkarteko zuzendariekin batera: Joaquín Pérez-Goicoechea, Rafael Gallego eta Carlos Torrijos.

Gasteizko Umbra Light jaialdiaren helburua da Arabako urteroko ekintzen programan izatea. Jaialdiaren lehenengo edizioa 2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da eta lema: Hiri argiak. Hiri paisaia berriak, eta xedea izango da hiriaren hiri eta natura ondare baliotsua beste ikuspegi batetik ikusaraztea, argia erabilita arte esku-hartzeak eginez.

Horretarako, hiriko erdialde historikoko eta zabalguneko hamabost bat leku eta eraikinetan tamaina handiko argi eskulturak izango dira eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eta, horrela, arte ibilbidea osatuko da hirian. Argia izango da lanen protagonista nagusia, baina mugimenduz, musikaz eta bestez osatutako konposizioak ere izango dira.

Antolatzaileek uste dute argi eskulturek eta proiekzioek 80.000 bat pertsona erakarriko dituztela jaialdiak irauten duen hiru egunetan.

“Argi eta arte ibilbide honek aukera emango digu hiriko eguneroko tokiak berrezagutzeko eta orain eta etorkizunean Gasteizek, Arabak eta Euskadik izan behar dituzten balio gakoak jorratu eta indartzeko: natura eta ingurumena, ondarea eta artea, teknologia eta berrikuntza, eta gizarte konpromisoa”, azaldu du Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak.

 

Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, esan duenez, Umbra Light jaialdiak “hirian eta lurraldean mugimendua sortuko du behe denboraldian; turismo sektorean urtarokotasuna murrizten lagunduko du, eta eragin positiboa izango du gure hotel eta landetxeetan, taberna eta jatetxeetan, eta merkataritzan”.

Bestalde, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, “jaialdiak erreferente izan nahi du nazioartean, teknologiarekin eta argiztapenarekin lotutako arlo esperimentalean”. Ekitaldi honek, hirian egiten diren beste askok bezala, erakusten du hiria prestatuta dagoela maila goreneko ekitaldiak hartzeko, besteak beste, saskibaloiko Final Four, Michelin Hirien Kongresua edo IWINETC nazioarteko enoturismo kongresua. 2019 urte borobila izango da Gasteizen”.

Nazioarteko oihartzuna

Gasteizko Umbra Light jaialdiari esker, hiriaren izena hogei bat herrialdetan entzungo da, ILO (International Light Festival Organization) delakoaren sustapenaren bitartez. Nazioarteko plataforma horrek argiztapen jaialdiak antolatzen laguntzen du, ikerkuntzan aritzen da eta horien berri ematen du, eta bi argitalpen espezializatu digital kaleratzen ditu Espainian, Europan eta Iberoamerikan.

Hain zuzen ere, Argia kultura elkarteko zuzendariek azaldu dutenez, umbra hitza aukeratu dute jaialdiaren izenerako eta nazioartean sustatzeko marka sortzeko, “argiarekin lotutako esanahia duelako (itzala) eta 2.000 milioi hiztunek baino gehiagok ezagutzen dutelako edo ulertu dezaketelako. Izan ere, hitz hori elkarrengandik oso ezberdinak diren hainbat hizkuntzatan aurki dezakegu: ingelesa, frantsesa, alemana, malaysiera eta norvegiera”.

Joaquín Pérez-Goicoecheak, Rafael Gallegok eta Carlos Torrijosek uste dute Gasteizko Umbra Light jaialdiaren lehen edizioak eta bertan hiru egunetan izango diren argi eskulturek eta proiekzioek 80.000 ikusle izango dituztela: batez beste, 27.000 ikusle egunean. “Edonorentzako ekitaldia da, bereziki familientzakoa, eta gasteiztarrek, arabarrek eta beste erkidego batzuetako bisitariek izugarri gozatuko dute”.

Argiztapen jaialdiak kultura eta teknologia ekitaldiak dira; laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi ziren egiten, eta gero eta zabalduago daude. Europan, Asian, Ameriketan eta Ozeanian hamaika dira era honetako ekitaldiak urtero antolatzen dituzten hiriak. Europako hiriak adibide jarriz gero, Lyon, Amsterdam, Helsinki, Eindhoven eta Durham aipatu behar ditugu, hainbat edizio arrakastatsu egin baitira hiri horietan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 azaroa 2018 09:51

Urtaranen gobernuak umeentzako hiru jolas-eremu berritzea sustatuko du, eta 140.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretara. Leku hauek eguneratu eta modernizatuko dira, 1990eko hamarkadaren erdialdean instalatu baitziren, eta zaharrak eta ezerosoak baitira: Sansomendiko parkea, Arriagako parkeko tirolinak, eta Arriagako atearen eta kiroldegiaren atzealdea. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du lan horietarako kontratazio dosierra.

Udalak aukeratzen duen enpresak oraingo jolasak eta kautxuzko lauzak kendu beharko ditu, eta jolas berriak jarri, baita kautxuzko zoru jarraitua ere. Lehiaketa publikora aurkezten diren enpresek nahi duten bezala diseinatu ditzakete jolas-eremuak, 0 eta 12 urte bitarteko umeentzat.

Besteak beste, kopurua, kokapena eta joko motak balioetsiko dira. “Diseinuek praktikoak, iraunkorrak, dibertigarriak eta ume guztientzat seguruak izan beharko dute”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Beste aldagai batzuk ere hartuko ditu kontuan Sailak: epeltasuna, orientazioa, argiak eta itzalak, euriaren eta haizearen eragina…

Horretaz gain, ezintasun motriz edo psikikoa duten umeentzat bereziki diseinatutako jolasak sartu beharko dira, eta banaka zein taldeka parte hartzea sustatuko da; orobat, erabiltzaileen irudimena sustatzen duten jokoak izan beharko dute. Bi urteko bermea eskatuko da jolasek akatsik badute ere, edo fabrikazio eta muntatze hutsik bada ere. Kontratua esleitzen denetik bi hilabeteko epea emango da jolas-eremu berria jartzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2018 12:43

Udalak lan hauek egingo ditu: bidegorria jarri, espaloiak zabaldu, galtzada konpondu, zuhaitzak landatu eta eserlekuak jarri.

Bidenabar, argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetzeko dira

Urtaranen gobernuak 714.964,97 euroko inbertsioa egingo du Salvador kalea eraberritzeko. Lanak hau hilabetetan egingo dira, esleitzen direnetik kontatuta. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanetako lehiaketa. Pilar auzoko gune zahartu honek hainbat arazo ditu: hondatutako galtzadak eta egoera txarreko zoladurak, esaterako. Bizilagunekin adostutako esku hartzea medio, oinezkoentzako gune gehiago izango da ,eta espazioa modernizatuko. Halaber, eta Udalaren Mugikortasun Iraunkorrerako Planak xedatzen duenari jarraiki, bidegorri bat jarri eta zirkulazio-abiadura “lasaitu” egingo da, orain arte ibilgailuentzako zen erreietako bat kenduta. Horretaz gain, honakoak ere egingo dira: zuhaitzak landatu, hiri-altzari berriak jarri eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetu. “Herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, Salvador kalea ingurune atseginagoa bihurtuta auzotarrentzat” adierazi du Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Gobernu-taldeak sustatutako lan hauek hainbat jarduera-eremu dituzte. Ekialdean zabaldu egingo da espaloia -lau eserleku jartzeko tokia geratuko da- eta bateriako aparkamenduak ilarako aparkamendu bihurtuko dira. Mendebaldean ere zabaldu egingo da espaloia, eta bost eserleku jarri eta 17 zuhaitz landatuko dira. Alde horretako aparkamenduak bateriakoak izaten jarraituko dute baina galtzadaren erdialdera aldatuko dira.

Zirkulazio erreietan aurreikusitako esku hartzeen ondorioz egin ahalko dira aipatutakoak. Desagertu egingo da orain arte hegoaren eta iparraren arteko lotura egiteko aukera ematen duena, eta horren ordez bidegorria jarriko da. Beste erreiak, iparra-hegoa, trafiko lasaitua izango du, “30 eremua” izatera pasata. Bidenabar eta ohi denez, udalak argiteria-, saneamendu-, eta drainatze-sareak hobetuko ditu.

Eraberritze lan hauek gehitu egiten zaizkie joan astean iragarritako Peru kalean egitekoak diren antzeko lanei. Urtaranen gobernuak onetsi ditu lan hauek kontratatzeko izapideak, eta 780.000 euroko aurrekontua izango dute, eta Costa Rica kaleari ere eragingo diote.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2018 13:35

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak berak eskatuta egin duen agerraldian gogoratu du udal zerbitzu teknikoen jarduera zuzena izan dela, kontu-hartzaileak urtarrilaren 26an egindako txostenak jasotzen duen bezala

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusilla berak eskatuta agertu da batzordean, EH Bildu udal taldeari zuzenketa eskatzeko, Gardelegiko zabortegia kudeatzeko kontratuan “gain-kostu irregularrak” izan zirela salatu baitzuen publikoki. Iñaki Prusillak esan du salaketa horiek “oso larriak” direla, funtsik gabeak baitira, eta azaldu du bi ibilgailu berriak (makina trinkotzaile berezi bat eta ‘bulldozer’ bat) 2018an hasiko direla erabiltzen zerbitzu emateko,  “udalaren interesarekin bat etorriz, udaleko zerbitzu teknikoek eskaturik, eta aurreko kontratutik zeuden makinen bizitza erabilgarria luzatzeko asmoz”. Gainera, Iñaki Prusillak hainbat argudio azaldu ditu EH Bilduren salaketa larriak gezurtatzeko, eta udalaren jarduera zuzena izan dela egiaztatu du, kontu-hartzaileak urtarrilaren 26ko txostenean berretsi duen bezala. Aipatutako agirian, kontu-hartzaileak “uste du orain arte kontratua bete izana justifikatuta dagoela”.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak berak eskatuta parte hartu du batzordean, joan den abenduaren 19an EH Bilduk alkatearen agerraldia eskatuko zuela iragarri zuen arren ez baitu halakorik egin.  2015eko apirilaren 24an FCC-Yarritu aldi baterako enpresa-elkartearekin sinatutako kontratuan udal zerbitzu teknikoek nola jokatu duten aztertu du Iñaki Prusillak batzordean.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, Gardelegiko zabortegia kudeatzeko kontratuaren baldintza teknikoen agiriaren 10. puntuak ezartzen du esleipendunak bi ibilgailu berri erosi beharko dituela zerbitzua emateko. Kontratuko klausuletan, ordea, ez da inon azaltzen makina horiek kontratuaren hasieran eskuratu behar direnik. Bestetik, kontratuaren II. eranskinean, ekonomia- eta finantza-azterketan, hauxe zehazten da: “kontratuaren indarraldian egiten den edozein inbertsio Udalaren jabetzakoa bihurtuko da, hasieran erosi ez bada ere“. 8. klausularen arabera, kontratuak sei urte iraungo du. Orobat zehazten du epea bukatutakoan baldintza-agiriak eskatutako inbertsioak Udalaren jabetzara igaroko direla, inolako kosturik gabe.

Kontratuak berak, bestalde, hau zehazten du 13. klausulan, hitzez hitz: “kontratistak konpromisoa hartzen du preskripzio teknikoen agirian eskatutako eta eskaintzan jasotako baliabide materialak eta giza baliabideak erabiliko dituela kontratua betetzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zerbitzu teknikoek horretaz emandako jarraibideak aintzat hartuz“. Horrenbestez, eta kontratuan ezarritakoaren ildotik, udal zerbitzu teknikoek erabaki zuten aurreko kontratutik zegoen makineria erabilgarriaren bizitza luzatzea, eta 2018ra arte atzeratzea bi makina berrien erosketa. “Erabaki horrek ahalbidetuko du makina berriei balio eta erabilgarritasun handiagoa ateratzea, eta zabortegia kudeatzeko hurrengo lehiaketan aurrezpen handia egitea, ez delako makina berririk beharko. Erabaki laudagarria da, Udalaren interesa defendatzeko xedea baitu”, azaldu du Iñaki Prusillak.

EH Bilduren ustez, halaber, irregularra da kontratuaren urteko prezioa ez murriztea makinak zerbitzuari ez gehitzeagatik, baina administrazio agiria oso argia da horri dagokionez. Izan ere, agiriaren arabera, enpresaburuak “zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko du, bere gain eta galorde”. Eta esleipendunak eskainitako prezioak (1.008.507,50 euro) “agirietan eta eskainitako hobekuntzetan eskatutako prestazio guztak barne hartzen ditu. Ez da prezioen inolako berrikusketarik aurreikusten”, adierazi du Iñaki Prusillak. Makinak erosteak ez du urteko prezioaren zenbatekoa aldarazten inondik inora.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak esan  du “onartezina” dela EH Bilduren salaketa publikoen zorroztasun falta. Adierazpen horiek “euskarri juridiko gutxienekorik gabeak eta funtsik gabeak” dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2018 13:09

-Beren etxebizitzek ingurumenean duten eraginaz kezkatuta dauden familiek martxoaren 4ra arte eman ahalko dute izena hezkuntza-programa horretan; otsailaren 8an aurkezpena egingo da Kordoi Etxean

– Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute ia urtebetez

-Vital fundazioarekiko lankidetzan eta Gasteizko Leroy Merlin saltokiaren laguntzarekin garatuko da jarduera

 

 

Gasteizko Udalak ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioareekiko lankidetzan eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen dugu, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen dugu“, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Parte hartzen duten familien interesari esker sendotu da ekimena”, nabarmendu du zinegotziak.

Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2018an 50 familiak parte hartu ahalko dute programan, azken edizioetan bezala. “Heziketa da helburu nagusia. Herritarrak konprometituagoak eta inplikatutagoak izatea nahi dugu, eta beren ekintzen eraginaz kontzienteagoak”, azaldu du. ‘Hogares Verdes – Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.

Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, berriz, esan du: “Vital fundazioak hamasei urte daramatza ingurumen arazoekiko eta hiri inguruneen iraunkortasunarekiko erantzukizun kolektiboa indartzearen alde egiten, eta herritarren parte-hartzea eta prestakuntza sustatzen, IGIrekin harreman estua baitugu. Lankidetza horren adibide dira erakusketak, hitzaldiak, mendi-ibilerak, landaketa programak edo adinekoentzako jarduerak“.

Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Aurteetan parte hartu zuten familien jarraipena ere egingo da.

Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan (www.vitoria-gasteiz.org/hogaresverdes); posta elektronikoz  (cea@vitoria-gasteiz.org)  edo telefonoz ere (945 161616, 4950 luzapena) eman daiteke izena. Otsailaren 8an, aurkezpen jardunaldi irekia egingo da, Kordoi Etxean. 19:00etan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abendua 2017 09:19

 

 

  • Espaloietako zirkulazioa aurreko urteetako maila beretsuan dago
  • Hazten ari da argien eta islatzaileen erabilera, bai eta lapurreten aurkako gailu seguruagoena ere

 

 

Bizikletaren Behatokiak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren laguntzarekin txirrindularien portaerari buruz egin duen azterlanaren arabera, azken bi urteetan nabarmen hazi da bizikleta trafikoa, % 17, eta 2014-2017 aldia kontuan hartuz gero, hazkundea % 80koa izan da. Done Jakue hiribidean, Gorbeia kalean, San Antonio kalean, Florida kalean, Frantzia kalean, Errege-Erregina Katolikoen kalean, Senda ibilbidean, Gasteiz hiribidean eta Alaba Jeneralaren kalean hartu dira laginak; horiek adierazten dutenez, San Antonio kalean eta Gasteiz hiribidean handitu da gehien bizikleten zirkulazioa, eta Errege-Erregina Katolikoen kalean gutxien.

Kaleak 2017

Txirrindul./h

2015

Txirrindul./h

2014

Txirrindul./h

2017-2015 aldea 2017-2014 aldea
Done Jakue 80,0 75,0 50,0 + % 6,6 + % 60,0
Gorbeia 85,7 66,6 50,0 + % 28,7 + % 71,4
San Antonio 150,0 133,0 50,0 + % 12,8 + % 200,0
Florida 63,8 52,2 46,0 + % 22,2 + % 38,7
Frantzia 150,0 109,0 75,0 + % 37,6 + % 100,0
Errege-Erregina Katolikoak 100,0 100,0 85,7 + % 16,7
Senda ibilbidea 230,0 200,0 109,0 + % 15,0 + % 111,0
Gasteiz hirib. (IàH) 171,4 70,6
Gasteiz hirib. (HàI) 150,0 100,0 54,5 + % 50,0 + % 175,2
Alaba Jenerala 193,5 133,3 150,0 + % 45,2 + % 29,0
Media 133,6 114,05 74,08 % 21,8 % 89,1
Desbideratze tipikoa 55,7 46,5 33,4 % 18,1 % 64,1

 

“Beste behin ere, datuek berresten dute bizikleta garraiobide alternatibo gisa garrantzi handia hartzen ari dela. Gero eta jende gehiago ohartzen da bizikleta onuragarria dela kutsaduraren aurkako lehian, joan-etorrietarako tresna malgua dela, eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatzen dituela. Gure konpromisoa da Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren barruan lanean jarraitzea, bizikletentzako bideak hobetuz, trafikoa lasaituz eta prestatzeko eta sentsibilizazio ekintzak eginez bizikletak protagonismoa irabazten jarrai dezan. Horrekin lotuta, Gasteizko Bizikleteroak elkartearen laguntza eskertu nahi dugu, balio handiko ekarpenak egiten baititu, txosten hau, esaterako”, adierazi du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

Azterlanak erakutsi du, halaber, gizonezkoek gehiago baliatzen dutela bizikleta emakumeek baino. Zehazki, % 64,6 eta % 35,4, hurrenez hurren. Generoaren araberako alde hori urriagoa da bizikletentzako bide bereiziak dauzkaten kaleetan. Ibilgailu motordunekin konpartitu behar ez diren txirrindularientzako bideetan emakume gehiago ibiltzen da.

Espaloiko zirkulazioari dagokionez, txostenak ondorioztatzen du 2014tik hona maila beretsuan dagoela adierazle hori, apenas aldaketarik gabe. Txostenean kontabilizatutako txirrindularien % 28 inguru ibiltzen da espaloitik. Hazkuntza 2 puntukoa izan zen 2014tik 2015era bitartean, baina 2017an puntu bateko jaitsiera erregistratu da.

 

ESPALOIKO ZIRKULAZIOA (2017) Emakumeak Gizona 2017 2015 2014
Kop. % Kop. % Kop. % % %
EZ 160 % 71,7 342 % 71,7 502 % 71,7 % 70,6 % 72,2
BAI 63 % 28,3 135 % 28,3 198 % 28,3 % 29,4 % 27,8
Guztira 223 % 100,0 477 % 100,0 700 % 100,0 % 100,0 % 100,0

 

Laginean aztertutako kaleen artean, Errege-Erregina Katolikoen kalean erabiltzen dira espaloiak gehien (% 78), hau da, aurreko azterlanean bezala, baina 2014an baino 4 puntu gutxiago. 2014ko neurketarekin alderatuz gero, espaloiko zirkulazioa areagotu egin da kale hauetan: Done Jakue (9 puntu), Florida (8 puntu), eta San Antonio eta Frantzia (2na puntu kale bakoitzean).

Kaleak Espaloiko zirkulazioa, 2017 Espaloiko zirkulazioa, 2015 Espaloiko zirkulazioa, 2014
EZ BAI EZ BAI Ez Bai
Done Jakue 58 42 72 28 67 33
Gorbeia 79 21 66 34 67 33
San Antonio 95 5 93 7 97 3
Florida 66 34 67 33 74 26
Frantzia 84 16 86 14 86 14
Errege-Erregina Katolikoak 22 78 22 78 18 82
Alaba Jenerala 98 2 88 12 96 4
Guztira 502 198 494 206 505 195
% (Kop.=700) % 71,7 % 28,3 % 70,6 % 29,4 % 72,2 % 27,8

 

Txirrindulariek semaforo bidez araututako bidegurutzetan duten portaerari ere erreparatu dio azterlanak. Zehazki, Olagibel eta Bake kaleen arteko bidegurutzean behatu da txirrindularien portaera. Lortutako datuetatik ondoriozta daiteke argi gorria errespetatzeko joera positiboa dagoela. 4,7 puntuko hobekuntza antzeman da 2015. urteari dagokionez, eta 6 puntukoa 2014.ari dagokionez. Emakumeek gizonek baino gehiago errespetatzen dute: % 77 eta % 64,5, hurrenez hurren. Edonola ere, aipatu beharra dago semaforo gorria errespetatu ez zuten txirrindularien arteko inork ez ziela arriskurik sortu oinezko edo ibilgailu motordunei.

Argien eta islatzaileen erabilerari dagokionez, 20 puntu igo bada ere, txikia izaten jarraitzen du, kontuan izanik hainbat kanpaina egin dela gailu horiek erabiltzea nahitaezkoa dela eta txirrindularien segurtasunerako garrantzitsua dela azpimarratuz.  Zenbatutako txirrindularien % 50ek baino ez zeramaten argia. Lagina ilundu ondoren egin zen. Arlo honetan ere, handiagoa da emakumeen erabilera (% 64,4) gizonena baino (% 43,6).

Argien erabilera 2017an, BIDEGORRIA + GALTZADA
  Txirrindulari-kopurua Bi argiak daramatzatenak Argiak bai

%

2017

Argiak bai

%

2015

Argiak bai

%

2014

Kop. % Kop. % (Kop. =208) %

% (Kop.=413)

Emakumeak 151 % 36,6 89 % 42,8 % 21,5 % 58,9 (Kop.=151) % 36,7 (Kop.=117) % 36,7 (Kop.=148)
Gizonak 262 % 63,4 119 % 57,2 % 28,8 % 45,4 (Kop.=262) % 26,4 (Kop.=197) % 23,0 (Kop.=269)
Guztira 413 % 100,0 208 % 100,0 % 50,3 Aldea=13,5 puntu Aldea=10,5 puntu Aldea=8,7 puntu
        2015 % 30,3      
        2014 % 26,1    

 

Lapurreten aurkako gailuen erabileraz denaz bezainbatean, kateko giltzarrapoen erabilera 17 puntu hazi da, eta kiribil erakoak ia hein berean jaitsi dira. Horren azalpena litzateke katekoak kiribilekoak bezain funtzionalak direla bizikletak lotzeko, eta askoz seguruagoak. Segurtasun handiko giltzarrapoen erabilera (U motakoak eta artikulatuak) zertxobait handitu da 2014tik (0,5 eta 1,9 puntu, hurrenez hurren). Bizikletak lotzeko lekuei dagokienez, hiri-altzarien eta zuhaitzen erabilera zertxobait hazi da (2014tik 3,2 eta 1,1 puntu, hurrenez hurren), informazio- eta salaketa-kanpainak egin diren arren. Lagineko bizikleten ia % 15 bizikletak aparkalekuetatik kanpo zegoen lotuta.

 

2017 Bizikleta aparkalekuak Hiri altzariak Zuhaitza Guztira  2015 %(Kop.=441) 2014 % (Kop.=490)
Kop. % Kop. % Kop. % Kop. %
U motakoa 16 % 6,3 2 % 5,4 0 % 0,0 18 % 6,0 % 5,2 % 5,5
Katea 131 % 51,4 14 % 37,8 4 % 57,1 149 % 49,8 % 33,6 % 32,4
Pitoia 37 % 14,5 11 % 29,7 0 % 0,0 48 % 16,1 % 21,3 % 20,6
Kiribila 63 % 24,7 10 % 27,0 2 % 28,6 75 % 25,1 % 38,1 % 41,0
Artikulatua 6 % 2,4 0 % 0,0 1 % 14,3 7 % 2,3 % 1,8 % 0,4
Ferra 2 % 0,8 0 % 0,0 0 % 0,0 2 % 0,7 % 0,0 % 0,0
Guztira 255 % 100,0 37 % 100,0 7 % 100,0 299 % 100,0 % 100,0 % 100,0
2015 % 89,1 % 10,6 % 0,3    
2014 % 89,6 % 9,2 % 1,2    

 

Gasteizko Bizikletaren BehatokiaGasteizko Bizikleteroak elkarteak 2007an sortutako baliabidea da, hirian bizikleta erabiltzeko baldintzak erraztu eta hobetzearren. 2009an, Gasteizko Bizikleteroek eta Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Behatokiaren garapen eta mantentzerako. Zeregin hauetaz arduratzen da Behatokia:

  • Herritarrek bizikleta mugikortasunarekin lotuta dituzten eskaerak, kexuak eta iradokizunak kudeatzea eta Udalari helaraztea.
  • Bizikleta bidezko hiri-mugikortasunaren jarraipena egitea: azpiegiturak eta
  • Bizikleta hiri-mugikortasunerako alternatiba gisa sustatzeko neurri berriak iradokitzea.

2012az geroztik, Bizikletaren Behatokiak, IGIren laguntzarekin, Gasteiz hirian txirrindulariek duten portaerari buruzko azterlana egiten du, alderdi hauek kontuan hartuz: bizikletak zirkulatzen diren espazioak (bidegorriak, trafiko lasaituko kaleak, kontrako noranzkoan zirkulatzeko erreserbatutako erreiak eta bizikletentzako azpiegiturarik ez duten trafiko intentsitate handiko kaleak), argi eta islatzaileen erabilera, eta lapurreten kontra erabilitako gailuen kalitatea eta segurtasuna.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 abendua 2017 10:41

Gaur goizean hasi dira San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberritzeko obrak Zehazki, bidearen alde batean aparkatutako ibilgailuak kendu dira, eta inguruko zenbait zuhaitzekin lanean hasi. Hurrengo egunetan, areagotu egingo dira lanak, Iparraldeko parkearen inguruko eremuan. Urtaranen gobernuak bultzatutako jarduera horren bitartez, kaleko espaloiak zabaldu nahi dira, oinezkoak erosoago ibiltzeko, bidegorria egin, eta puntako orduetan gertatzen diren trafiko-pilaketak gutxitu. Yarritu SA enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 1.424.106,12 euroan. Obrak egiteko epea sei hilabetekoa izango da.

“Espazioa modernizatzea, atseginago bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea da esku-hartzearen helburu nagusia. Orain, espaloiak estuak dira, eta hainbat trafiko-arazo sortzen dira puntako orduetan”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Kale horrek —gutxi gorabehera 230 metro luze da— irisgarritasun-arazoak ditu, eta oso itxura zaharkitua. Espaloiak oso estuak dira, eta bertatik bi ikastetxetako erabiltzaile ugarik igaro behar izaten dute. Bestetik, trafikorako bide garrantzitsua da, Erdi Aroko hirigunearen iparraldeko mugatik baitoa, eta leku nahiko mugatuan autoek eta autobusek zirkulatzen dute. Gainera, gero eta bizikleta gehiago ibiltzen da kale horretatik, Arriagako atearen eta Legutianoko atearen arteko lotura baita.

San Ignazio Loiolakoaren kaleko zoladura ere egoera txarrean dago, txaplatak, bigunguneak eta arrakalak baititu. Espaloiak 2,50 metro zabal dira, eta bi aldeetan dauden zuhaitzek mugatu egiten dute zati erabilgarria. Kaleak ibilgailuentzako bi errei ditu, zirkulazioaren noranzko bakarrean. Aparkatzeko bi lerro ere baditu. Nabarmendu beharra dago kalean autobus-geltoki bat dagoela, eta horrek kaosa sorrarazten duela puntako orduetan eta autobusek aparkatzeko maniobrak egiten ari diren ibilgailu pribatuak topatzen dituztenean.

Inguruko auzokoek planteatutako esku-hartzearen bidez, Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku.

Bi zuhaitz-ilara ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuak zoladura eta galtzada aldatzea eta drainatze-sarea, hustubideak eta saretak berritzea aurreikusten du. Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu- eta hornikuntza-sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitziren.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urria 2017 13:56

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak bere sailaren 2018rako aurrekontuaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean. Urtaranen gobernuak alor horretarako prestatu dituen kontuak “asmo handikoak” dira, % 11,9 haziko baitira 2017koen aldean. Udal gobernuak mugikortasun iraunkorraren alde egindako apustuari irmo heltzea eta Gasteizko kaleak eta plazak hobetzea da helburu nagusia. Sailaren aurrekontu osoa 63,6 milioi izango da, iaz baino 6,7 miloi gehiago. “Gure helburuetako bat hiria eraldatzea da, hirigunea berraktibatuz eta auzoak hobetuz. Hiri berdea eta adimentsua ere lortu nahi dugu, eta mugikortasun iraunkorrarekin dugun konpromisoa berretsi, gutxiago kutsatzen duten garraiobideak baliatuz”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Izan ere, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako partidak gailentzen dira besteen artean. Batez ere, autobus elektriko adimentsua ezartzeko (2.797.250 euro 2018an eta 4.701.500 euro 2019an) eta tranbia hegoalderantz luzatzeko (1.091.750 euro 2018an eta 1.092.000 euro 2019an) partidak. Orobat, 1.000 euroko partida jarriko da tranbia Salbururantz luzatzearekin lotuta. Zerikusia duten beste bi erakundeek —Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia— proiektu horiei egingo dizkieten ekarpenei gehituko zaizkie zenbateko horiek.

Ingurumen Sailak 2018rako  duen proiekturik garrantzitsuena Santa Barbara plazaren eta inguruaren eraberritzea da, Bost Enparantza egitasmoaren barruan, horren bidez erdigunea biziberritu eta Posta kalean merkataritza-korridore bat sortu nahi baita. 2018an 4,8 milioi euro erabiliko dira horretarako. Espazio publikoko inbertsioetarako gida-planerako 1.091.750 euro jarriko dira, Pilarren, Enrique Eguren kalean eta Judimendin esku hartzeko.  Orobat, dagoeneko abian diren zenbait ekintzatarako partidak sartu dira: Los Molinos kalea eraberritzea, Borinbizkarra eta Elexaldeko jolasguneak, Konstituzio plazaren irisgarritasuna eta Lakuako parkour parkea.

Bestetik, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuak munta handiko kontratuak barne hartzen ditu: hondakinen bilketa eta garbiketa zerbitzua (8.085.000 euro), bilketa pneumatikoa (1.876.000 euro), zabortegiaren ustiaketa (1.028.678 euro), Jundizko hiri hondakinak tratatzeko lantegia (8.150.000 euro) eta kaleak garbitzeko kontratua (14.994.604 euro) Zabortegia indarrean dagoen araudiari egokitzeak 750.000 euroko gastua ekarriko du, hainbat lanetarako: lixibiatuen laginak hartzea, emaria neurtu eta analizatzea, eta zabortegiaren zati bat aurre-zigilatzeko lanak hastea.

Energia elektrikoaz hornitzeko kontratua (3.790.000 euro) ere munta handikoa da, baina 200.000 euroan murriztuko da, azken urteetan energia-kontsumoa gutxitzeko  egin diren inbertsioen ondorioz. Horren harira, 400.000 euro inbertituko dira argiteria publikoa hobetzen.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzeko egingo dituen zenbait inbertsio ere aipatu ditu Iñaki Prusillak. Arlo horretan, udal gobernuak bizikletaren alde egindako apustu handia nabarmentzen da, 500.000 euroko gastua egingo baita hainbat alderdirekin lotutako partidetan: bizikletak aparkatzekoak eta bizikletentzako lonjak, erdiguneko bidegorriak, bidegorri sarea handitzea, eta  bizikleta gordelekuak. Era berean, zinegotziak zarataren alorrean egitekoa den lana azpimarratu du: zarataren mapa estrategikoa lantzea (75.000 euro), Erdi Aroko hirigunerako sentsibilizazio plana (30.000 euro) eta zarata kontrolatzeko sarea (30.000 euro).

Azkenik, jolastokiak hobetzeko kopuru nabarmena aurreikusi du Sailak. Izan ere, 170.000 euro erabiliko dira zaharkitutako haurrentzako jolasguneak berritzeko; 170.000, haurrentzako jolasguneetan berehala jarduteko taldeetarako, eta 283.480 jolas egokituak jartzeko.

Iñaki Prusillak beste bi zerbitzuren partidak azaldu ditu, halaber: Gazteria Zerbitzuak 673.470 euro izango ditu Gazte Plana garatzeko, eta Euskara Zerbitzuak 1.472.530 euro izango ditu zenbait partidatan banatuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 iraila 2017 11:21

 

Udalak onetsi egin du gaur pertsona fisikoei Urarteko (Abetxuku) aisialdiko udalaren hiri-baratzak erabiltzeko baimena emateko deialdi publikoa. Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman dio halako ekimenari, hiri-baratzeak Natura hirian bertakotzeko oinarrizko elementu direlakoan, baita pixkanaka autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. “Mota horretako ekimenei esker da posible neurri handi batean gure gizartean oinarrizko kontzeptuak zabaltzea, besteak beste, elikadura-burujabetza, tokiko produktuak, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza”, Iñaki Prusilla Ingurumen zinegotziaren ustez.

Abetxukuko udalaren aisialdiko baratzeek 225 lur-zati dituzte partikularrek denbora baterako baimena emanda erabil ditzaten. Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude udalaren web-gunean, eta baratzak gozatzeko interesa dutenek deialdiaren xehetasunen berri izan dezakete 010ean eta San Martineko udal bulego

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:10

 Gasteizko Udalak 180.000 eurotik gora inbertituko ditu Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean zoladura eraberritzeko, baita Etxezarra kalean ere, Fontetxako Gazteluaren kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artean. Gobernu Batzarrak bi kontratazio-dosier onetsi ditu gaur goizean lan horiei ekiteko. Lehenak Mendozako Taldearen kalea eta Biasteriko Taldearen kalea (Mendozako Taldearen kalearen eta Aguraingo Taldearen kalearen artean) barne hartzen ditu, eta 83.779,77 euroko aurrekontua du. Bigarrena Etxezarra kaleari dagokio, eta 96.335,15 euroko aurrekontua du.

Batean zein bestean, hautatutako enpresek hilabeteko epea izango dute lanak gauzatzeko. Lan hauek egin beharko  dituzte: oraingo zoladura kendu, bigunguneetan asfaltozko aglomeratu beroa bota, egoera txarrean dauden zintarriak konpondu eta seinale berriak jarri. Etxezarra kalean 4.690 metro koadro hartuko dute lanek.  Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean, berriz, 4.545 metro koadro hartuko dute orotara.

“Lan txikiak izan arren eragin handia dute esku hartuko dugun inguruetako auzokoen eguneroko bizitzan. Izan ere, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren helburua da Gasteizek kale erakargarri, eroso eta modernoak edukitzea. Inguru horietan bizi diren pertsonek behin baino gehiagotan eskatu dute esku hartzeko, eta orain haien eskaerei erantzungo diegu”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

 

Share

Aurrekoak »