Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 urria 2018 11:33

 

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) edukiz betetako programa landu du aurtengo udazkenerako, ia ehun jarduera biltzen baititu datozen hilabeteetan garatzeko, abendura arte. Zehazki, 95 jarduera antolatu dira Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Arabako hiriburuko beste gune natural batzuetan. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, biodibertsitatearen kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak udalaren baliabide ezberdinetan. Ohi bezala, ingurumenarekin lotutako adierazpen artistikoei ere egingo zaie leku.

Udalaren web-orrian, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan eman daiteke izena. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak egiten duen “zabalkunde eta kontzientziazio lana” nabarmendu du, eta “programazioaren bidez herritar guztiengan iristeko ahalegina”.

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroko erakusketei dagokienez, dagoeneko ikusgai dago Santos Bregañaren  ‘Amarauna’ bilduma, azaroaren 4ra arte. Ondoren, Bernardo Rodríguez Lararen ‘Ekosistemak, paisaia berreskuratuak’ erakusketa ikusi ahalko da, azaroaren 13tik abenduaren 16ra. Azkenik, ‘GDT European Wildlife Photographer of the Year’ etorriko da berriro Gasteizera, abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra arte.

Horietaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, lantegiak, natur ibilbideak (oinez edo bizikletaz) eta familientzako jarduerak izango dira. Beste urte batzuetan bezala, “Txoriastea” izeneko programa azpimarratu beharra dago. Aurten, ingurumenari buruzko zinema zikloa, hitzaldi bat eta jai handia (urriaren 7an, igandea) antolatu dira, bi ibilbide ornitologiko ingelesez, landa-txolarreentzako habia-kutxak egiteko lantegia, eta hegaztiak behatzeko hamabi irteera, igandeetan.

Programa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 abuztua 2018 14:08

 

Udalak 1.087.460 kilo hondakin bildu ditu, iazko jaietan baino % 7 gehiago

Jaien osteko garbiketa intentsiboek abuztuaren 24ra arte iraungo dute 

Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketari buruzko balantzea egin du, eta zenbakiek adierazten dute hirian handitu egin dela kontsumoa. Hainbat datuk indartzen dute tesi hori. Hasteko, orotara sortutako hondakinak: 1.087.460 kilo. Horrek esan nahi du % 7 hazi dela kopurua, iazko jaietan 1.009.460 kilo bildu baitziren. Erdialdeko merkataritza-hondakinen eta ostalaritzako beiraren bilketak emandako datuak are esanguratsuagoak dira. Merkataritzako hondakinen kopurua 2017ko 56.970 kiloetatik aurtengo 84.800 kiloetara handitu da. Arabako hiriburuko erdialdeko ostalaritza-establezimenduentzako beira-bilketa berezian, berriz, 13.820 kilotatik 17.400 kilotara igaro da.  Oro har, Gasteizen bildutako hondakin gehienen kopuruak igo dira: etxeetan, txosnetan, ferialekuan, bide publikoan, paperontzietan… Baita edukiontzi urdin eta horietan ere.

“Aurten Andre Maria Zuriaren jaietan kalean jende asko ibili dela ikusi dugu. Eta horren ondorioz, kontsumo handiagoa izan da ziur aski, eta horrek bildutako hondakinen datuak ere handitzea dakar. Azken batean, merkataritza eta ostalaritzako sektoreetako jarduera ekonomikoarentzat jaiak positiboak izan direla uste dugu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilak.

Bestetik, Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak nabarmendu duenez, “aurten baloratu beharreko alderdi nagusia suziriaren jaurtiketan herritarrek erakutsitako kontzientziazio handia izan da”. Zeledonen jaitsieran plazara beira eta latak sartzea debekatu delarik, bildutako “ia hondakin guztiak” plastikozko ontziak izan ziren. Gainera, egoera onean zeudenez zuzenean eraman ahal izan ziren ontziak sailkatzeko Jundizko lantegira, beraz, “nabarmen hobetu da azken hondakinaren kudeaketa, eta birziklatzea erraztu”. Suziriaren jaurtiketaren ondoren 6.020 kilo hondakin bildu ziren. Bestetik, “jarritako sarbide-kontroletan ez zen ia beirazko botilarik eta latarik kendu behar izan”. Udalak 17.000 edalontzi berrerabilgarri banatu zituen, eta Andre Maria Zuriaren jaien hasierako ekitaldian parte hartu zutenek oso harrera ona egin zieten.

Orotara, 2.367.000 litro ur erabili ziren jaietan kaleak garbitzeko, eta 916 kilo garbiketa-produktu (disolbagarriak, usaina-kentzekoak, bakterizidak eta koipea kentzekoak). Hau da, iaz baino 200 kilo gehiago, orduan 705 izan baitziren.

 

Jaien osteko garbiketa bereziak

Andre Maria Zuriaren jaiak bukatu ondoren, hiria sakon garbitu beharra dago. Batez ere erdialdeko lekuak. Horretarako, gaurtik hasita abuztuaren 24ra arte, lan hauek egingo dira:

– Kaleetako zoruak garbitzea, zoladura onik uzteko.

– Estolda-zuloak garbitzea.

– Edukiontzien inguruak garbitzea. Presiopeko ura, desinfektatzailea eta usaina ematekoa erabiliko dira. Edukiontziaren barrualdea, kanpoaldea eta ingurua garbituko dira.

– Pintada eta kartelak kentzea.

– Berdeguneak garbitzea.

Hilaren 13tik 16ra Erdi Aroko hirigunean egingo dira lanak. Hilaren 17an, FCC eta GMSM enpresa-elkarteko langileak Zabalgunean ibiliko dira gehien bat: Dato kalea, Posta kalea eta Plaza Berria. Abuztuaren 20tik 24ra bitartean kale hauetan lan egingo dute: zezen plaza, Florida, Ramon Ortiz de Zarate, San Antonio, Prado eta Vicente Goikoetxea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2018 13:27

 

Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, ‘Eraztun Berdea, 25 urte’ sariak banatu ditu gaur goizean, ‘2025 ikuspegia – Hiria naturarekin lotzen’ jardunaldiak irekitzeko ekitaldiaren barruan. Europa jauregian egindako ekitaldian hauen lana eta inplikazioa aitortu da: Paquita Sambartolomé auzo liderra, John Celecia biodibertsitate espezialista, Club Goiena eta Peña Karria kirol taldeak, SEA Arabako Enpresaburuak elkartea, eta Paco Góngora kazetaria. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak eta Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolak banatu dizkiete diplomak gizarte gasteiztarreko sektore ezberdinen bost ordezkari horiei. 

Paquita Sambartoloméri zendu ostean emandako aitorpena haren alabak jaso du. IGIko zuzendari Luis Andrés Oriveren hitzetan, “Urarteko baratzeak-Eraztun Berdea proiektuan auzokoen inplikazioa bultzatzeagatik” eman zaio saria. John Celeciari, berriz, “UNESCOren barruan Eraztun Berdeak eta Gasteizek nazioarteko aitorpena lortzeko emandako laguntza eta bultzada” eskertu dizkiote, “han jardun baitu bere ibilbide profesionalean”. SEA Arabako Enpresaburuak elkartearen saria Andoni Lorenzok jaso du, ingurumen alorreko ordezkari gisa, “enpresek Salburuan uholdeen prebentziorako proiektuan izandako inplikazioagatik eta emandako bultzadagatik“. Club Goiena eta Peña Karria kirol elkarteei “ingurumena errespetatzen duten kirol ekitaldi herrikoiak antolatuz Eraztun Berdea erabiltzea eta gozatzea bereziki sustatzeagatik” eman zaie aitorpena. Paco Góngora kazetariari, azkenik, eskerrak eman nahi izan zaizkio El Correo egunkariaren orrietatik “Eraztun Berdearen balioak zabaltzen eta aldezten izandako inplikazioarengatik eta egindako lan handiarengatik”.

Sariak banatzeko ez ezik, Hiri Paisaiari buruzko 6. Foroaren barruko Paisaia Jardunaldiak inauguratzeko balio izan du ekitaldiak; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatuko jardunaldiak Eraztun Berdearen 25. urteurrena arlo teknikoan ospatzeko ekintza nagusietako bat dira. Gaurtik ekainaren 1era arte (ostirala) egingo dira, Europa jauregian. Esteka honetan kontsultatu daiteke programa

Munduko aditu nagusiak izango dira jardunaldietan. Hasiera ekitaldian, Iñaki Prusillak nabarmendu du: “aditu kopuru handia elkartu dugu, haien ikuspegien eta beste leku batzuetan garatutako adibideen bidez gure lurraldearen etorkizunaz hausnartzera gonbidatuko gaituztenak, Eraztun Berdetik eta Eraztunaz haratago. Hiru  egun hauetan, askotariko parte-hartzaileek —hiriak, unibertsitateak, ordezkari politikoak, teknikariak eta profesionalak— hainbat alorretako esperientziak eta lanak aurkeztuko dizkigute: eraztun berdeak, sistema berde integratuak, nekazaritza espazio funtzionalak, karbonoan neutro diren hiri eta eskualdeak, eta etorkizuneko bioeskualdeak”.

 

10.30ean, zehazki, European Topic Center on Biological Diversity zentroko zuzendari Dominique Richard andreak emango dio hasiera eztabaidari, eta ondoren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andres Orive eta University College London ikastetxeko Rebeca Dios arituko dira —azken hori eraztun berdeetan espezializatutako ikertzailea da—. Arratsaldez nazioarteko erreferente nagusietako bi aditu izango dira: Virginiako Unibertsitateko Thimothy Beatley eta Singapurreko National Parks Board-eko Lena Chan; hain zuzen ere, natura ondoen integratzen jakin duten hirietako bat da hori. Ondorengo bi egunetan hausnarketa eta eztabaidekin jarraituko da, goi mailako hizlariekin, besteak beste: Fundicot-eko lehendakari Antonio Serrano, Nueva Yorkeko Syracuse Unibertsitateko irakasle Emanuel Carter, Bergamoko unibertsitateko kide eta Dei Colli parkeko administrari Renato Ferlinghetti, Energi Cities-eko kide Claire Roumet eta Fernando Prats hiri-arkitektoa.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 apirila 2018 14:26

 

 

 

 

 

 

Iñaki Prusillaren adierazpenak

Dena prest dago Lasarteko atean barrena Mendizorrotzeraino bizikletentzako bidegorria egiteari ekiteko, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera arteko zatian. Enpresa adjudikaziodunak —Campezo Obras y Servicios— dagoeneko jarri ditu obra-etxolak, eta makinak ostiralean lanean hastekoak dira.

Urtaranen gobernuak diseinatu duen esku-hartzean 106.203,35 euro inbertituko dira. Obra horren bitartez, bizikletaz ibiltzeko beste 400 metro egokituko dira, eta hartara bizikletentzako bide jarraitu eta seguruen sarea garatzen segituko du Gasteizko Udalak, eta bizikletaren erabilera sustatzen, hiri-garraiobide iraunkor gisa. Gaur egun, 158 kilometro inguru hartzen dute Arabako hiriburuko bizikletentzako bideek —bidegorriak, pedalak dituzten ibilgailuak ibil daitezkeen espaloiak, pistak, zidorrak eta bizikletek tranbiarekin edo autobusekin nahiz ibilgailu motordunen trafikoarekin eta oinezkoekin partekatzen dituzten bideak batzen direlarik—.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu duenez, Lasarteko ateko bidegorri berria interes berezikotzat jotzen da; izan ere, “bizikleta ugari ibili ohi da tarte horretan, eta leku berezia da. Hiriaren iparraldea Mendizorrotzeko igerilekuekin eta Estadioarekin lotzen du, eta Mendizorrotzeko futbol-zelaiarekin, Lasarteko institutuarekin, Olabide ikastolarekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin”. Gaur egun, Lasarteko ateko tarte hori, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera artekoa, estua da, kalearen alde horretan Gure Txokoa eraikinaren lursailaren mugek hautsi egiten baitute lerrokadura, eta etena sortzen, bizikletentzat beste aldean dagoen bidegorri zaharkituan. Bestalde, Salbaterrabiden, Lasarteko atearen eta Amadeo García de Salazar plazaren artean, ez dago bizikletentzako biderik Mendizorrotzerantzat.

Egoera hori aldatzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi noranzko izango dituen bizikletentzako bidea proiektatu du, 2,20 eta 3 metro arteko zabalera aldakorra izango duena, zati bat galtzadan kokatua eta beste bat espaloian, betiere zintarriaren ondoan, zein Gure Txokoaren lursailaren ondotik joango baita. Horretarako, atzera eramango da lursailaren itxitura, eta zolatu egingo da libre geratzen den lekua. Era berean, Lasarteko atearen mendebaldean dagoen aparkaleku-lerroa ekialdera aldatuko da. Bidegorri berria egiteko lekua uzteko aukera emango du horrek. Salbaterrabiden, berriz, aparkaleku batzuk kenduko dira, bizikletentzako bideak modu naturalean jarrai dezan Mendizorrotzeraino. Beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola tarteko babeslekuak jartzea, eta bidegurutzeak oinezkoentzako pasabideen ondotik egitea. Halako pasabide berri bat ere egingo da. Orobat, farolak eta hustubideak mugituko dira, oztopoak kentzeko. Era berean, Gure Txokoaren lursaileko hormatxoaren ordez antzeko beste bat jarri beharko da, baina taxuketa berriaren arabera lerrokatua.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 abuztua 2017 13:20

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Udalbatza, alkateorde Peio López de Munain buru dutela, Iñaki Prusilla eta Udalbatzako beste kide batzuk, eta Batzar Nagusietako eta Foru gobernuko ordezkariak, diputatu nagusi Ramiro González buru dutela, atzo Bartzelonan izandako erasoaren eta bart gauean Cambrileseko izandako gertakarien aurrean arbuioa adierazteko elkarretaratzean.

Bartzelonako zenbait udalerritako zinegotzi eta alkateek ere hartu dute parte elkarretaratzean, inguru hauetan baitzeuden, besteak beste, Sant Climent de Llobregat (Bartzelonako Eremu Metropolitarra) udalerriko alkate Isidro Sierra i Fusté.

López de Munainek bi gertakariak gaitzetsi ditu, eta “Kataluniako herriari gure maitasuna eta laguntza” helarazi dio, “eta bereziki zaurituei, laster sendatzea opatuz, eta zentzugabekeriak maite zituztenak kendu dizkien familiei”.

Ziur gaude Katalunia osatuko dela; izan ere, terroristek indarkeriarekin zerbait lortzen badute, erlijioarekin edo ideologiarekin bateraezina baita, demokraziak irabaztea da, demokratok elkartzea, eta haien ideiek galtzea”, nabarmendu du udal arduradunak.

Azkenik, iragarri du Gasteizko Udalak makila erdian jarri dituela banderak, dolua eta gaitzespena adierazteko.

Bestetik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Salou udalerriko elkarretaratzean hartu du parte, han baitzegoen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 14:00
  • Iñaki Prusillak datorren urteko Txupinazoan ere plastikozko hondakinen murriztapenaren alde egingo du, beira erabiltzeko debekuaren arrakastaren ondoren.

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketaren balantze orokorraren arabera, iaz sortutako hondakinen kopuruan izan zen jaitsiera nabarmena sendotu egin da aurten. Jaiegun guztietan zehar, guztira 1.009.460 kilo hondakin eta gai birziklagarri bildu da. Hori iaz baino % 0,34 gehiago da eta 2015ekoa baino % 10,26 gutxiago; beraz, 2016an izandako jaitsiera baieztatua geratzen da.

Kopuru horren zehaztapenean azpimarratzekoa da, lehenengo, Gasteizko herritarrek beirarik gabeko Txupinazoan izandako jokabide eredugarria: Andre Maria Zuriaren plazaren sarbideetan aurten 300 botila bildu dira, iaz, berriz, 16.000. Gainera, Zeledonen jaitsieraren ondoren plazako zorutik 2.680 kilo hondakin bildu ziren, 2016an, ordea, 10.500etik gora izan ziren. Alde horrek argi eta garbi erakusten du iazko hondakina beira izan zela, aurten berriz, plastikoa besterik ez da bildu.

“Herritarren kontzientziazioak eta garbiketa zerbitzuen esku-hartze eraginkorrak uztartuta ekarri dute jaien hasiera eredugarria. Iraunkortasun eta segurtasunaren arloetan mugarria ezarri dugu, iragana eta etorkizuna bereiziko dituena. Datorren urtera begira, Txupinazoan sortzen diren plastikozko hondakinak murrizteko ere lan egingo dugu, eta likidoekin plazan sartzeko gai berrerabilgarrien aldeko apustua egingo dugu. Horretarako, funtsezkoa izango da kontzientziazioaren alorrean aurrera egitea, plazan edukiontzi horiei protagonismo handiagoa emateaz gain”, azpimarratu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Beste datu oso positiboa da herritarrek kalean utzitako hondakinen jaitsiera handia (% 26,3). “Kalean bildutako hondakinen bolumena 30.000 kilotik gora jaitsi da, eta horrek adierazten du jaien hasieran erakusten dugun kontzientziazioa gainerako egunetara zabaldu dela”, azpimarratu du Iñaki Prusillak.

Bestalde, merkataritzari egiten zaion atez ateko hondakin-bilketan jaitsiera nabarmena (% 22koa) ikusi izan da. Beharbada, hori hala gertatu da abuztuaren 5 eta 6 asteburuan tokatu direlako. Aldiz, hiriko ostalaritzari egindako atez ateko zerbitzuan bildutako hondakinetan hazkuntza sumatu izan da. Txosnetako eremuan bildutako zaborren bolumena nabarmen jaitsi da, eta Mendizabaleko feria-lekuan bildutako kopurua iazkoaren antzekoa izan da.

Etxeetako hondakinei dagokienez, papera eta kartoiaren edukiontziaren bilketa % 11,1 igo da, eta birziklatutako ontzien kopuruan, berriz, jaitsiera arina izan da. Azalpen biak uztartuz gero, igoera % 4,6koa izan da.

Azkenik, garbiketako elementuen erabilpenari dagokionez, erabilitako ur litroen kopurua iazkoaren kopuru berbera izan da (2.410.500). Ur litro horiei gehitu behar zaizkie 705 kilo produktu (disolbatzaileak, koipegabetzaileak…).

Ondorengo taulan aurtengo eta iazko jaietako datuen alderaketa jaso da

 

 

 201520162017
Hondakinen bilketa 
Etxeetako hondakinak (edukiontziak)772.445613.850      651.660  
Saltokietako hondakinak (erdialdeko saltokiak, atean bilduta)71.24073.520        56.970  
Ostalaritzako hondakinak (erdialdeko ostalaritza lokalak, atean bilduta)21.90021.000        28.320  
Txosnetan bildutako hondakinak22.72016.860        13.360  
Mendizabaleko ferialekuan bildutako hondakinak16.74014.460        14.320  
Bide publikoan bildutako hondakinak (gaueko aisialdiaren ondoriozko hondakinak) eta paperontzietan bildutakoak92.680127.336        93.720  
    
Materia birziklagarriak 
Erdialdeko ostalaritza establezimenduetako beira bilketa berezia13.0607.780        13.820  
Paperaren eta kartoiaren bilketa (edukiontzi urdina)69.30072.080        80.110  
Ontzien bilketa (edukiontzi horia)44.88059.140        57.180  
    
Garbitzeko baliabideak 
Ura (litrotan)2.375.0002.140.500   2.410.500  
Disolbatzailea-usaina kentzekoa-bakterizida + koipea kentzekoa (kg)780850            705  
    
Bildutakoa guztira (hondakinak + birziklagarriak)1.124.9651.006.026   1.009.460  

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 ekaina 2017 14:11

2015eko ekitaldiko datuetan oinarrituz IGIk egin duen azterlan baten arabera, urteko kontsumoa 18 milioi eurokoa da

Gasteizko Udalak aurrerapausoak ematen jarraitzen du klima aldaketaren kontra duela hamarkada bat baino gehiago abiarazi zuen estrategian, CO2 emisioak murrizteko eta karbonoari dagokionez hiri neutroa bihurtzeko. Zalantzarik gabe, energia-eraginkortasuna da hori lortzeko funtsezko bideetako bat. Horrekin lotuta, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak diagnostiko bat landu du 2016ko abendutik 2017ko ekainera bitartean, Energiaren Udal Agentziak koordinaturik eta udal sailen lankidetzarekin. Lehen txosten horretan Udalaren kontsumo eta kostu globalak aztertu dira, eta hausnarketa prozesu zabalago baten abiapuntua izango da, Udalaren energia eredua eraldatzeko xedez. Diagnostikoaren arabera, energiaren gastua 17.984.137,11 euro izan zen 2015ean, argiteria publikoa (3,8 milioi), eraikinak (10,2 miloi) eta garraio publikoa eta berdegune eta lorategien mantentzea (3,8 milioi) batuta. “Datu horrek erakusten digu oraindik lan handia egin beharko dugula etorkizunerako ingurumen erronkak betetzeko. Gainera, kontsumo horiek pisu izugarria dute udal aurrekontuan”, azaldu du IGIko lehendakari eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Estrategia hori gidatu eta datu horiek hobetze aldera, Udalak egokitzat jo du barne gogoeta-prozesuari ekitea, “energia eredua aldatzeko, aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak kontuan hartuz. IGItik uste dugu oso garrantzitsua dela energiari buruzko balioen aldaketa sustatzea udal langileen eta herritarren artean. Horretarako, ahalegin pedagogiko handia egin behar dugu”, adierazi du Iñaki Prusillak. Hasteko, sail eta zerbitzuen arteko lan-taldea osatuko da, energia-eraginkortasuna eta aurrezpena handitzea ahalbidetzen duten estrategia zehatzak garatzearren. Besteak beste, eraikinak monitorizatzea, azpiegituretan kontratatutako potentzia berraztertzea, edo udal aurrekontuak lantzerakoan energia irizpideak kontuan hartzea aurreikusi da.

Taldeak ikuspegi integral batetik aztertuko du energia hornikuntzari buruzko informazioa, energia-kontsumo eta kostuen jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, edo energia hobekuntzarako inbertsioak proposatuko (0 kontsumoko polizak, kontsumoak gutxitzeko ohiturak,  energia erreaktiboa, potentzien berrazterketa…). Orobat, energia-eraginkortasuneko irizpideak ezarri beharko ditu, Udalean eraberritzeko proiektuak eta lan berriak egiterakoan aintzat hartuko direnak.

2015eko  ekitaldiko datuak oinarritzat hartuz 2016ko abendutik 2017ko ekainera bitartean egindako lanari esker, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak kontsumoei buruzko adierazleak eta informazio objektiboa ditu orain. Horrek aukera emango du lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurrezteko ahalmen handiena eta inbertsio txikiena behar duten ekintzak hautatzearren. Lortzen den aurrezpenaren kontura xede hori duten inbertsio gehiago egiten jarraitzea da helburua.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2017 12:59

 

 

 

 

 

“Santiagok interes handia du European Green Capital batek, Gasteizek, mugikortasun iraunkorraren alorrean dituen estrategiak eta azpiegitura berdearen proiektua ezagutzeko”, azaldu du Iñaki Prusillak

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Santiago-Txileko Udalarekin, “esperientziak trukatu, prestakuntza eta asistentzia lanak egin eta elkarrekin ikerketa proiektuak egiteko”, azaldu du IGIko lehendakari eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Gasteizko zinegotziak eta Santiago-Txileko Udaleko Ingurumen zuzendari Fernando Vallejok sinatu dute hitzarmena. Gorka Urtaran alkateak Txileko ordezkaria agurtu du udaletxean, ekitaldiaren aurretik.

IGIk zein Santiago-Txileko Udalak ingurumenarekin lotutako alderdi guztiak sustatzeko xedea dute, bereziki natur ingurunea babesten eta kontserbatzen lagunduz. Gainera, bi erakundeek beste administrazio eta entitate batzuekin batera dihardute hainbat proiektutan. Gasteizko Udalaren eta Santiago-Txileko Udalaren helburuak eta lan egiteko modua bat datozenez, eta osagarriak direnez, interesgarritzat jo dute ingurumena eta iraunkortasuna babesteko jardunbide eta ekimen berritzaileak garatzeko zenbait lankidetza-ekimen sustatzen jarraitzea.  Azken urteetan, Santiagoko teknikariak hainbat aldiz etorri dira Gasteizera. IGIko langileak ere joan dira Amerikako herrialdera. “Santiagon masa intelektual indartsua dute, batez ere unibertsitatean, trukeetan egiaztatu ahal izan dugunez. Eta interes handia dute European Green Capital batek, Gasteizek, mugikortasun iraunkorraren alorrean eta azpiegitura berdearen garapenean dituen estrategiak ezagutzeko”, azpimarratu du Iñaki Prusillak.

Gaur udaletxean sinatutako hitzarmenak lankidetzarako esparru orokorra ezarriko da ezagutzak eta esperientziak trukatzeko, elkarri laguntza eta asistentzia emateko, eta elkarrekin proiektuak garatzeko. “Horretarako, bi erakundeetako langileen arteko elkarlana sustatuko da, lan horiek batera garatze aldera, beti ere helburu zientifiko-teknikoekin. Bilera zientifikoak, prestakuntza-programak eta irakaskuntza-jarduerak egingo  dira. Materiala paperean  edo formatu digitalean argitaratzen ere elkarlanean arituko gara, eta datu-bankuak partekatuko ditugu”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Hauek dira proiektu nabarmengarrienak: ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea; talde teknikoen prestakuntza sustatzea; hiriko arazoak konpontzeko irtenbide berritzaileak diseinatu eta aplikatzea, eta lan horietatik lortutako emaitzak ezagutaraztea.

 

 

Share