Prentsa Oharren banner

Andre Maria Zuriaren plaza boxeo ring bihurtuko da hiriko klima aldaketaren kontrako borrokan energia herritarra pizteko

Koroatzeko BIZANeko adinekoek eta Egibideko ikasleek estreinatu dute ringa, Gasteizen klima-aldaketari aurre egiten laguntzeko belaunaldien arteko lantegi baten ondorioak alkateari aurkezteko

Herritarrek ohitura jasangarriagoak izateko aholkuak biltzen ditu ringak, eta ekainaren 5ean Alde Zaharreko Azokarentzako atal berezi bat izango du, klima-aldaketaren kontra borrokatzen duten Gasteizko saltokien adibideekin

Ekimena Udalaren “% 100 energia herritarra” sentsibilizazio-kanpainaren parte da, zeinak hirian klima-aldaketa arintzea lortu nahi baitu

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak boxeo ring berezi bat inauguratu dute gaur Andre Maria Zuriaren plazan; hurrengo 2 egunetan klima-aldaketaren kontra borrokatzeko gune bat izango da eta herritarren artean ohitura jasangarriagoak sustatuko ditu.

Sentsibilizazio-jarduera hori Udalak apirilaren 16an aurkeztutako “% 100 energia herritarra” kanpainaren barruan egingo da, klima-aldaketa gure inguruan eragiten ari den arazoez eta gure eguneroko bizitzan haren kontra borrokatzeko beharraz pertsona guztiak kontzientziatzeko helburuarekin.

Ringa “eskuoihalez” beteta dago, gure egunerokotasunean klima-aldaketari aurre egiteko aholkuekin, eta Koroatzeko zentroko adinekoek eta Egibideko ikasleek maiatzean elkarrekin egindako lantegiaren ondorioak aurkeztu dira bertan. Haiek aurkeztu dizkiete alkateari maiatzean elkarrekin landutako klima aldaketaren kontrako mezuen kartelak, “esperientzia polit honetan adinekoen esperientziak eta sen onak eta gazteen indarrak eta aldatzeko gogoak bat egin dute, erronka hau guztion ardura dela argi uzteko”, azpimarratu du alkateak.

Horrela, bi belaunaldiek gainerako herritarrak kontzientziatu nahi dituzte, eguneroko bizitzan klima-aldaketaren kontrako “ekintzaile” bihur daitezen, adibidez elikagaiak xahutzea saihestuz, kutsatu gabe mugituz eta tokiko kontsumoa sustatuz. Oso ondo definitu dute mezu batean: “Klima-aldaketarena da gurekin betidanik dagoen pandemia”.

18:30etik aurrera, hiriko “klimaren enbaxadore” batzuk bilduko dira gune horretan. Pertsona horiek haien lanekin edo proiektuekin karbono isuriak murrizten laguntzen ari dira ekonomia eta gizarte berdeago bat sustatuz. Hainbat sektoretako esperientziak dira, hala nola merkataritzakoak, nekazaritzakoak edo berrikuntzari loturikoak, eta haien ekimenak aurkeztu, eta hirian trantsizio ekologiko hori nola bultzatu eztabaidatuko dute. Parte-hartzaileen artean CIC energiGUNE Miñaoko ikerketa-zentroko ordezkari Sara Ortiz eta RE-Utiliza, altzariak birziklatzeko eta berrerabiltzeko Aranbizkarreko dendaren sortzailea izango dira, besteak beste.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Mundu Eguna da, eta klimaren aldeko ringa Gasteiz ON elkarteak antolatu ohi duen Alde Zaharreko Azokaren bihotz berdea izango da. Gune horren inguruan, hiriko 7 saltokik standak jarriko dituzte, modu batera edo bestera aldaketa globalaren kontra borrokatzen duten produktu eta zerbitzuekin. “Helburua da herritarrei erakustea tokiko merkataritza garrantzitsua dela arazo global hori arintzeko, eta herritarrak animatzea modu jasangarriagoan kontsumitzera”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Hala, adibidez, Almacenes Caypek karpa bat jarriko du haurrekin lantegi jasangarriak egiteko, baina RE-Read liburudendaren standa, Tierra Viva produktu ekologikoen denda, Luz y Bellezaren kosmetika jasangarria, Eguren upategiaren ardo ekologikoa eta Wilco eta Tribal Area Gasteiz denden jantzi jasangarriak ere izango ditugu.

12:30ean saltokiak ringera igoko dira eztabaidatzeko tokiko merkataritzak nola egin diezaiokeen aurre modu aktiboan klima-aldaketari eta aldi berean komunitatean aberastasuna sortu. Edukiera gehienez ere 20 pertsonatara mugatuko da, bai saio honetan, bai ostiral arratsaldekoan, COVID-19aren aurkako araudia betetzeko. Ring-gunea larunbateko 20:00ak arte egongo da zabalik, herritarrek planetaren egungo erronka handienetako bati aurre egiteko aholkuak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dezaten.

“% 100 energia herritarra” kanpainak ekainaren 16an jarraituko du “Herritarrak eta klima-aldaketa” gaiari buruzko web mintegi batekin. Bertan, karbonoan neutro den hiri baten alde lan egiteko bat egin duten pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, eta Zaragozako Ecodes fundazioak sortutako Klimaren Aldeko Komunitatearen zuzendaria izango dugu bere esperientzia azaltzeko.

Europako Intensify programak diruz lagundutako kanpaina horren baitan hainbat ekintza egin dira bi hilabetetan zehar, besteak beste: “Klimaren zaindariak” jarduera, Ibiltaria eta Toreatzailea azken 50 urteetan hirian eman den klima-aldaketaren lekuko bihurtu zituena; herritarrak sentsibilizatzeko bi ikus-entzunezko pieza zabaltzea; eta “Klimaren enbaxadoreak” ekintza, zeinaren bidez hiriko 5 pertsonak erakutsi duten nola aurre egin dakiokeen klima-aldaketari hainbat sektoretatik, hala nola ikerkuntzatik, nekazaritzatik, mugikortasunetik, tokiko merkataritzatik edo arkitekturatik. Lantegiak eta topaketak ere egin dira, eta asteburu honetako kaleko ekintza topagune garrantzitsu bat da herritarrei mezu hori helarazten jarraitzeko.

 

 

Share

Gasteizek ingurumen-kalitatearen mailei eutsi zien 2019an

Alkateak Tokiko 21 Agendaren adierazle nagusien aurrerapena aurkeztu du, Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta

 

Gasteizko udalerriak, oro har, ingurumen-kalitatearen mailei eusten die; horixe ondorioztatzen da Tokiko 21 Agendaren adierazle nagusien aurrerapenetik, zeina Gorka Urtaran alkateak aurkeztu baitu gaur goizean, Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta.

Gasteizko Udalak hamarkadak daramatza lanean udalerria garapen iraunkorrerantz bideratuz. Iraunkortasuna prozesu etengabea da, eta hori ebaluatzeko moduetako bat aldian behin zenbait adierazle kalkulatzea da, gai eta sektore ezberdinetatik, udalerriaren ikuspegi zabal eta ekosistemikoa lortu eta hala haren funtzionamendua eta eboluzioa ulertzeko.

Horixe da modu bakarra ingurumen-kalitatea eta gizarte- eta ekonomia-baldintzak hobetzeko, eta, azken batean, iraunkortasunerantz aurrera egiteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko“, adierazi du alkateak.

Aurten, Nazio Batuen Erakundea biodibertsitateari eta horrek gizakiarekin duen konexioari begira jarri da Ingurumenaren Mundu Egunean. Gorka Urtaranek biodibertsitatearen garrantzia azpimarratu du, “giza bizitzari eta osasunari eusten dion oinarria” baita. “Sareko osagai bat aldatzeak edo kentzeak bizitza sistema osoari eragiten dio,  eta ondorio konponezinak ekar ditzake, basogabetzeak, nekazaritza intentsiboak edo klima-aldaketaren azelerazioak dakartzatenak, esaterako. NBEk adierazten duenez, 1,6 Lur planetaren baliabideak beharko lirateke urtean gizakien eskaera asetzeko. Bide horretatik jarraitzen badugu, biodibertsitatearen galerak ondorio larriak izango ditu guztiontzat.  Halaxe erakutsi du gaurko mundu pandemiak”.

Airearen kalitatea

 Airearen kalitateari dagokionez, 2019an kutsatzaileen kontzentrazioa —batez ere partikulena— handitzea eragin zuten eguraldi gorabeherak eta suteak izan ziren, baina legez ezarritako eguneko eta urteko gehieneko mugak aise bete dira.

Iaz, egunen % 65ean airearen kalitatea ona edo oso ona izan zen.  Airearen kalitate “txarreko” egun bakarra erregistratu zen.

Hots kutsadura

Gasteizko Udalak Soinu-giroa Hobetzeko Ekintza Plana (2019-2023) onetsi zuen 2019an. Datozen bost urteetan zarataren kontra bideratuko diren ekintzak jasotzen dira plan horretan, zarataren eraginpean dagoen populazioa poliki-poliki gutxitzen joan dadin. Udalak neurketak egiten ditu ingurune-zarata monitorizatzeko sarearen bidez, eta horiek herritar ororen eskura jartzen dira denbora errealean, informatuta egon daitezen.

Neurketa horien arabera, eguneko 24 orduetan eraginpean dauden kaleetan bizi diren biztanleen kopurua nabarmen gutxitu da, 2013an 67.123 biztanle baitziren, eta orain, 31.063.

Gauean kalitate helburu gisa lortu nahiko liratekeen kanpoko zarata mailak baino zarata handiagoa duten kaleetako biztanleen kopurua ere gutxitu da azken urteetan, trafikoaren zarataren eraginpean dagoen populazioa 62.700 izatetik 28.653 izatera igaro baita.

Trenbidearen zaratari dagokionez, eragindako pertsonen kopurua 2.608 biztanletik 1.456ra jaitsi da.  Aireportuko zaratak ez du eraginik biztanleengan.

Mugikortasun iraunkorra

Arlo horretan, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusten jarraitu zen 2019an.

Garraio publikoari dagokionez, aurreko urteetako ildoari jarraitu zaio. 2019an berriro lortu zen inoizko bidaiari-kopururik handiena. Zehazki, hiriko autobusetako bidaiarien kopurua 16,2 milioitik gorakoa izan zen, aurreko urtean baino % 2,8 gehiago. Kopuru hori beste maximo historiko bat da TUVISArentzat, aurreko urtean baino 449.001 erabiltzaile gehiago izan baitzuen, eta azken urteetako goranzko joera sendotzen du, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana ezarri zenetik etengabe hazi baita.

Tranbian ere hazi da bidaiarien kopurua, 8,3 milioi erabiltzailetik gora izan baitzuen. Bi kopuru horiek batuta, 24,5 milioi erabiltzaile baino gehiago ateratzen da, aurreko urtean baino % 2 gehiago.

Ur kontsumoa murriztea

2019an etxeetako eguneko kontsumoaren murrizketa sendotzea lortu zen, biztanleko eta eguneko 106 litro inguruan, eta ur-eskari osoa biztanleko eta eguneko 200 litrotik behera mantendu zen.

2006az geroztik, eskaera osoa % 30 baino gehiago jaitsi da. Banaketa sarearen errendimenduak, beraz, % 90etik gorakoa izaten jarraitu du, azken urteetan bezala. Errendimendua handia da inguruko beste hiri batzuetakoen aldean.

Elektrizitate kontsumoa

Energiaren arloan, argiteria publikoan eta udal instalazioetan energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna sustatzeko jarduerak abian jartzen jarraitu da. Argiteria publikoari dagokionez hiriko zenbait alderditan egin diren optimizatze-lanak nabarmendu behar dira: LED teknologiako argiteria jarri da lehendik zegoenaren ordez, eta 2019an egindako lan horiei esker urteko kontsumoa 585.689 kWh murriztea lortu da, eta 76.138 euro aurreztea. Hartara, 2019. eta 2018. urteen artean, argiteria publikoko elektrizitate kontsumoa biztanleko 109,7 kWh-tik 104,5era murriztu da, eta helburua da biztanleko 100  kWh-era iristea.

Etxeetako argindarraren kontsumoa ere zertxobait gutxitu da aurreko urtearen aldean: biztanleko 1.007 kWh. Merkataritza eta zerbitzuen sektoreetako kontsumoa, berriz, zertxobait handitu da, biztanleko 1.617 kWh-eraino. Gas naturalaren kontsumoa etxeetan eta merkataritzan % 5 gutxitu da, urteko eta biztanleko 3.903 kWh-raino.

Bestetik, 54.488 etxebizitzak dute energia-ziurtapena, guztizkoaren % 47k. Hala ere, A, B eta C ziurtagiria duten etxebizitzak udalerri osoan % 3,9 dira, aurreko urtearen aldean kopurua % 15,2 handitu bada ere.

Sortutako hondakinak

Hondakinei dagokienez, biztanleko kilogramo baten inguruan egonkortu da etxeetan eta merkataritza-establezimenduetan sortzen direnen tasa. Edukiontzietan edo atez ate gaika bildutako hondakinen kopurua % 30era iritsi da, tamaina handikoak, papera eta kartoia, beira, ontzi arinak, oihalak, pilak, eta puntu berde mugikorrean zein garbiguneetan bildutakoak batuta.

Natura zaintza

 Natura zaindu eta biodibertsitatea babestearen arloan, Biodibertsitatea Kontserbatzeko Estrategia Lokalean onetsitako ekintzak abian jartzen jarraitu da, udalerriko mehatxatutako flora espezieen eta kontserbatzeko interesa dutenen jarraipena eginez zein animalien (intsektu eta hegaztiak) jarraipena eginez.

Esaterako, hiri-parkeetan biodibertsitatearen aldeko hainbat neurri hartzen jarraitu zuten, hala nola leku batzuetan segatze-kopurua gutxitzea, espezie autoktonoak landatzea, hainbat espezierentzako aterpeak jartzea edo egur hileko metak egitea. Aldi berean, hiri-azpiegitura berdearen alorreko jarduerak egiten jarraitu zen.

Naturguneak lehengoratzea

 Hondatutako naturgune eta espazioen ingurumen lehengoratzeari dagokionez, hainbat lan egiten jarraitu da: baso-suteek erretako guneak lehengoratzeko proiektuak; ibaiertzak lehengoratzea; zuhaitzak landatzea; korridore berdeak sortzea, ekologia oro har eta konektagarritasuna hobetzeko, baita klima-aldaketa arintzeko ere.

Ekologikoki berreskuratu edo hobetutako azalera 22,8 hektarea izan zen. Sistema ekologikoak baliatuz landutako nekazaritza azalera % 32 handitu zen aurreko urtearen aldean, eta 140 hektarea izatera iritsi zen.

 Gasteiz klima aldaketaren aurrean

 Klima-aldaketari gagozkiolarik, 2019an hiriak nazioarteko aitorpena lortu zuen murrizteko eta egokitzeko ekintzengatik, eta mundu mailan (A+) “Lidergo” sailkapena duten hirien zerrendan sartu zen, esan nahi baitu klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzearen arloan jardunbide egokien estandarrak erakutsi dituela, asmo handiko helburuak baina errealistak ezarri eta horiek lortzeko bideak urratu dituela eta bideratzen ari diren ekintzek hiriko herritar, enpresa eta antolakundeen eragin klimatikoak eta ahultasunak murrizten dituztela ziurtatzen duten plan estrategiko eta integralak dituela.

Hain zuzen ere, Udala plangintza energetiko eta klimatiko berria lantzen ari da une honetan berotegi-efektuko gasen emisioa gutxitzeko eta erresilientzia hobetzeko asmo handiagoko helburuak lortzearren, Gasteizek Alkateen Itunaren bidez hartutako konpromisoak berretsi baititu —2020an formalizatu da hori—.

2019an, Gasteiz munduko hiriburu berde izendatu zuten, Global Forum on Human Settlements erakundeak emandako Global Green City tituluarekin.

Share