Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 martxoa 2019 14:25

 

 

 

 

 

 

 

  • Topaketak martxoaren 29ra arte (ostirala) iraungo du, eta 17 alkate eta 17 herrialdetako 150 parte-hartzaile baino gehiago bilduko dira bertan
  • Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Clermont-Ferrandeko alkate eta sareko lehendakari Oliver Bianchi eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González ere izan dira hasierako ekitaldian
  • Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea sariaren irabazle Saskia Sassen soziologo holandarrak eta Guillermo Peñalosak ireki dute hitzaldien txanda, ahulenekin atseginagoa eta iraunkorragoa den hiri-eredua irmo defendatuz

 Lehendakari Iñigo Urkulluk, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek,  Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Clermont-Ferrandeko alkate Olivier Bianchik Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra inauguratu dute; hain zuzen ere, Frantziako multinazionalak lantegiak dituen munduko hirien sarea da hori. Lau kontinentetako 17 herrialdetako 26 hirik eta 17 alkatek hiri jasangarriagoak eraikitzearen aldeko apustua partekatuko dute Euskadiko hiriburuan, martxoaren 29ra arte. Horixe da biltzarraren gai nagusia: nola eraiki ingurune naturalarekin errespetu handiagoa duten udalerriak, inklusiboagoak, osasungarriagoak eta bizi-kalitate hobekoak, NBEk 2015ean proposatutako garapen iraunkorreko helburuekin (GIH) bat datorren ekonomia molde berria sustatuz.

Lehendakariak euskal eredua nabarmendu nahi izan du, tradizioa eta industria berrikuntza ingurumenarekiko errespetuarekin batzen baititu, “ekosistema ekonomiko erakargarri eta iraunkor berria sortzeko“. Urkulluk ongi etorria eman die parte-hartzaileei, eta Gasteizek European Green Capital gisa duen egitekoa eta Eusko Jaurlaritzak giza eskalako garapenaren alde egindako apustua nabarmendu ditu. Horren haritik, Euskadi Basque Country 2030 ekimena azpimarratu du, GIHak euskal gizarte osoarekin batera sustatzeko xedea baitu.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere ongi etorria eman die hirira hainbat herrialdetatik etorritako pertsonei. Hasteko, Euskadiko hiriburuaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu: kokapen estrategikoa, Lisboa-Madril-Paris ardatzean; industrian oinarritutako ekonomia, gure BPGd-aren % 30 baita; Green Capitalaren jasangarritasuna; bizi-kalitatearen eta zerbitzu publikoen maila handia, eta ekitaldi handiak erakartzen dituen eta harrotasuna sortzen duen hiria izatea.

Orobat, Gasteiz superhiria dela aipatu du Gorka Urtaranek; Europan tamaina ertaineko hiri ongi planifikatu eta kohesionatuak eta bizi-kalitate maila handia dutenak izendatzeko sortutako kontzeptua da hori. “Hirien zeregina gakoa da XXI. mendean, eta biltzar honetan elkarrekin aztertuko dugu zein erronkari egin behar diogun aurre planetaren garapenean laguntzeko“, adierazi du.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, bestetik, lurraldea —Espainiako industrialena— topagunetzat aurkeztu du, non etorkizunerako erronka baita “hazten jarraitzeko eta gizarte eta lurralde kohesioari eusteko gauza izatea”. Ildo horretatik, hiriburuaren eta lurraldearen arteko konexio handiagoaren eta hobearen alde egin du.

Clermont-Ferrandeko alkate eta Michelin Hirien Nazioarteko Sareko lehendakari Olivier Bianchik, azkenik, sarea sortu zenetik eta ia duela bi urte bere hirian antolatutako lehen biltzarretik egindako lana laburtu du. Orobat nabarmendu du zein garrantzitsua den sarearentzat Gasteiz —Europako Hiriburu Berdea 2012an— eta Green Capital izendatutako beste hiri batzuen ereduak partekatzea eta haietatik ikastea; hain zuzen ere, bihar, martxoak 28, partekatuko dituzte hiri horiek beren esperientziak: Oslo (2019), Nijmegen (2018) eta Lisboa (2020).

Protokolozko hitzaldien ondoren, hiri iraunkorren eraikuntzaren alorreko nazioarteko aditu handienetako bi mintzatu dira: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa. Sassen New York-eko Columbia Unibertsitateko Soziologia irakasle eta mundu osoan best-seller izandako “La Ciudad Global” lanaren egilea da, eta bere ustez hiriek klima aldaketaren aurkako borrokan duten berebiziko zeregina izan du hizpide, munduko biztanleriaren gehiengoa hirietan bizi baita. Zenbait fenomeno arriskutsuri aurre egiteko beharraz ere ohartarazi du, esaterako, etxebizitza multzo handiak gutxi batzuen eskuetan kontzentratzeari, ahulenak hiri handietatik egozten ari baitira.

8 80 Cities erakunde kanadarraren sortzaile eta lehendakari eta Hiri Parkeen Munduko Sarearen enbaxadore Guillermo Peñalosak, berriz, hiri atseginago eta irisgarriagoak aldeztu ditu: “hiriak jende guztiak 30 urte balitu eta atleta balitz bezala eraikitzeari utzi behar diogu”.

 Iraunkortasunaren izaera hirukoitza

Arratsaldean, hiru saio egingo dira, hiri iraunkor orok oinarrizko hiru alderdi hauetan kontuan hartu beharreko joera berriak eta jardunbide egokiak azaltzeko: ingurumena, gizartea eta ekonomia.

Sustainable Brands Madrid-eko zuzendari Sandra Pinak ingurumenaz eta hiriez duen ikuspegiaren berri emango du, eta mugikortasun zein hiri plangintza iraunkorrarekin eta airearen kalitatearekin lotutako bideoak proiektatuko dira. Besteak beste, hiri hauetako adibideak eskainiko dira: Gasteiz (Mugikortasun Iraunkorreko plana) Karlsruhe, Valladolid, Clermont-Ferrand, Rayong (Tailandia), Salford eta Shanghai.

Fernando López de Rego diplomatikoa arduratuko da gizartearekin lotutako ardatza gidatzeaz. Sarearen kide diren udalerri hauek egingo dituzte aurkezpenak: Guarulhos (Brasil), Querétaro (Mexiko) eta Anderson (AEB); Gasteizek, berriz, gizarte etxeen sarea aurkeztuko du.

Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñualesek, azkenik, ekonomiari buruzko ekarpenak egingo ditu, eta hiriek ekonomia berdeagoa nola eraiki dezaketen azalduko. Ardatz horretan, Braga (Portugal), Pirot (Serbia), Shanghai eta County of Kings (Kanada) hiriek aurkeztuko dituzte beren esperientziak. Gasteizko Udalak hiriko enpresen artean sustatutako Itun Berdea ere aipatuko da.

Amaitzeko, herritarrei irekitako topaketa egingo da Europa jauregiko Green Capital aretoan: Sandra Pina, Fernando López de Rego eta Victor Viñualesek publikoarekin hitz egingo dute herritarrek hiri iraunkorragoa eraikitzean duten zereginaz. Izena eman nahi duen oro joan daiteke.

Bitartean, biltzarkideei ongi etorria emateko koktela eskainiko zaie Goiuri jauregian, 20.30ean. Aurretik, ibilbide turistikoak egingo dituzte hirian barrena.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2019 09:35
  • Martxoaren 27an, Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du biltzarra, eta hiri jasangarriak eraikitzearen arloko munduko aditu nagusietako bik parte hartuko dute hasiera-egunean: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa
  • Topaketak Europako hiru hiri berderi ere egingo die harrera (Oslo, Lisboa eta Nijmegen), eta parte-hartzaileek bisita tematikoak egingo dituzte hiriaren proiekturik jasangarrienetako batzuetara: Eraztun Berdea, Arabako Parke Teknologikoa, gizarte-etxeen sarea, eraikuntza jasangarriaren edo mugikortasunaren arloko proiektuak…
  • Besteak beste, honako hiri hauek hartuko dute parte: Shangai (Txina), Maebashi (Japonia), Clermont-Ferrand (Frantzia), Querétaro (Mexiko), Karlsruhe (Alemania), Salford (Erresuma Batua), Oyem (Gabon), Cuneo (Italia), Valladolid eta Oviedo

 

Martxoaren 27an, asteazkenean, jasangarritasunaren munduko hirietako bat bihurtuko da Gasteiz, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentzia Europa Jauregian egiteari esker. 150 parte-hartzaile, 26 hiri, 15 herrialde eta 17 alkate etorriko dira 2012ko Europako Hiriburu Berdera, helburu argi batekin: erantzun berriak bilatzea hiri jasangarriagoak eraikitzeko. Topaketa inauguratuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Oliver Bianchi Clermont-Ferrandeko alkate eta Sareko lehendakariak, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Hasiera-ekitaldi instituzionalaren ondoren, hiri jasangarriak eraikitzearen arloko aditu nagusietako bik, Saskia Sassenek eta Guillermo Peñalosak, beren ikuspegia partekatuko dute herritar guztiei irekita egongo den saio batean, Maria de Maeztu Entzunaretoan.

Saskia Sassen Soziologia irakaslea da New Yorkeko Columbia unibertsitatean, eta munduko 10 gizarte-zientzialari onenetako bat dela jotzen da. “The Global City” liburuaren egilea da, eta hiri-plangintzaren arloko aditua da; zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Zientzietako Asturiasko Printzea saria, 2013an. Guillermo Peñalosa, berriz, 8 80 Cities Kanadako erakundearen sortzailea eta lehendakaria da; erakundearen helburua da kolektibo ahulenak (haurrak eta adinekoak, kasu) integratuko dituzten hiri jasangarri eta inklusiboak eraikitzea. Azpiegitura berdeetan aditua da, eta, izan ere, Hiri Parkeen Nazioarteko Erakundearen enbaxadorea da. Horretaz gain, itzal handiena duten munduko 100 hirigileetako bat dela jotzen da.

Inaugurazio-egunean, parte hartuko duten 26 hiriak ordezkatzen dituzten parte-hartzaileek jardungo dute nola eraikitzen den jasangarritasuna haren hiru alderdi nagusietatik (ingurumena, gizartea eta ekonomia), arlo horietako hiru adituren eskutik: Sandra Pina, Sustainable Brands Madrid-eko zuzendaria; Fernando López de Rego, bitartekaritzan aditua den diplomatikoa; eta Victor Viñuales, Ecodes fundazioaren zuzendaria. Hiru ardatz horietan sareko hiri batzuetako jardunbide egokien adibide jakin batzuk aurkeztuko dira: besteak beste, Gasteizko Itun Berdea, gizarte-etxeen sarea eta Mugikortasun Jasangarriaren Plana.

 Green Capitals eta bisita tematikoak

Martxoaren 28an (osteguna), konferentziaren bigarren egunean, hasteko mahai-inguru bat egingo da Europako 4 hiriburu berderekin: Gasteiz, Oslo, Lisboa eta Nijmegen (Herbehereak). Beren etorkizuna era jasangarrian eraikitzen ari diren 4 udalerriren erronkak eta konponbideak partekatzeko hitzordua izango da. Gero, parte-hartzaileek hiriko zenbait proiektu eta instalazio bisitatuko dituzte, besteak beste, Arabako Parke Teknologikoa, Eraztun Berdea, gizarte-etxeen sarea, hiri-mugikortasuna eta eraikuntza eta birgaitze jasangarriko adibideak.

Arratsaldean, sei lantegi egingo dira, arlo hauetako lankidetzarako aukerak lantzeko: herritarren parte-hartzea, ekonomia zirkularra, berrikuntza, unibertsitateak, hiri-plangintza eta mugikortasun jasangarria. Horretaz gain, bai ostegun arratsaldean, bai ostiral goizean, parte hartzen duten hirien 20 proiektu ezagutzeko aukera emango duten hitzaldi laburrak (pitchs) egingo dira.

Aldi berean, sarean parte hartzen duten alkate guztiek baterako bilera bat egingo dute, udalerrien arteko loturak eta elkarlana areagotzeko.

Martxoaren 29an, ostiralean, amaituko da konferentzia, Michelinen Gasteizko lantegiaren instalazioetarako bisitarekin eta amaiera-saio batekin, zeinean biltzarraren emaitzak aztertuko baitira. Bukatzeko, Samaniegoko haur-eskolaniak emanaldia emango du.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 uztaila 2018 14:44

 

Lehendakariarekin batera, alkateak nabarmendu du bere helburua auzo guztietan bizi-kalitate bera izatea dela

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta lehendakari Iñigo Urkulluk Zabalganeko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko institutuaren eraikin berria bisitatu dute gaur goizean. Eusko Jaurlaritzak 8 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du iraila hasieran irekitzekoa den ikastetxean; udalaren lursail batean eraiki diren instalazioek kanpoko pista estalia, gimnasioa, jantokia, liburutegia eta hiru laborategi dituzte.

2018-2019 ikasturtean DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasgelak irekiko dira; urteak igaro ahala, Bigarren Hezkuntzako lau mailak eta Batxilergoko biak beteko dira. Orotara, ikastetxeak mila ikasle har ditzake.

 

Obrek bi urte iraun dute, eta une honetan azken prestaketak egiten ari dira, ikasturte hasieran martxan jartzeko. Udan behar den ekipamenduaz hornituko da eraikina. Eusko Jaurlaritzak derrigorrezko hezkuntzako azpiegituretan egin duen inbertsiorik handiena da.

Azalera eraikiko 11.0000 metro koadro ditu ikastetxeak; DBHko zazpi ildo eta Batxilergoko lau hartuko ditu, 940 ikasle guztira. Hiriko alde horretan ere, Hezkuntza Saila Aldaialde ikastetxe publikoaren obra-proiektua tramitatzen ari da; inguruan eraikitzen den Haur eta Lehen Hezkuntzako hirugarren ikastetxea izango da, Zabalgana eta Mariturri HLHIekin batera.

Alkateak nabarmendu du erakundeen nahia dela auzo guztiek “bizi-kalitate bera izatea. “Zabalganaren kasuan, ikastetxea funtsezko azpiegitura da, lehen hezkuntzako beste ikastetxeak, gizarte etxea eta funtzionatzen ari diren edo eraikitzen ari diren beste inbertsio asko bezala”, erantsi du Gorka Urtaranek. Haren iritziz, erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da:: “horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot lehendakariari, gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzen ahalegintzen baita, inbertsio hauen bidez zein Gasteizek aurrera egiteko beste inbertsio estrategiko batzuen bidez”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 apirila 2018 11:43

Luis Álava, lehen ilaran ezkerretik hirugarrena, espetxean Araba Sareko kideekin.

Araba sarearen lau emakume bultzatzaileak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2018ko maiatzaren 6an beteko dira 75 urte fusilatu zutela Luis Álava Sautu Madrilen, alemaniarrek Frantzia okupatzearen ondorioz sarea erori zenean

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi bat izango da Gasteizen, maiatzaren 5ean, eta oroitzapenezko plaka bat ezarriko da

Omenaldia osatzeko, erakusketa bat eta dokumental bat izango dira, euskal presoekiko elkartasunezko eta bigarren mundu gerrako aliatuen aldeko espioitzazko sare hori artikulatu zuten emakumeei buruzkoa

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek, datorren maiatzaren 5ean, Luis Álava Sauturen omenezko eta oroitzapenezko ekitaldi batean parte hartuko dute; Luis Álava Sautu Frankoren kontrako erresistentziako Araba Sarearen arduradun-ordezkaria izan zen, eta duela 75 urte fusilatu zuten Madrilen, alemaniarrek Frantzia okupatzearen ondorioz erakundea erori zelarik.

Gerra Zibilean zehar eta diktadura frankistaren hasieran, 1936tik eta 1940ra bitartean, Luis Álavaren deitura izentzat eman zitzaion sareak presoen, iheslarien eta haien familien aldeko ezin konta ahala elkartasun eta laguntza ekintza gauzatu zituen. Sare horretako kideek mandatari lanak ere egin zituzten burukide preso eta iheslarien artean, eta espioitza lanak ere bai Bigarren Mundu Gerrako Aliatuentzat.

 

Beren ekintzak gauzatzeko, Álava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen. Sare horretan parte hartu zuten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako klase sozial guztietako gizon eta emakumeek, 40 bat urte ingurukoak batez beste, eta Luis Álava bera zen, 49 urterekin, zaharrena.

Luis Álava Sautu Gasteizen jaio zen, 1890eko azaroaren 18an. Ingeniari agronomoa eta kimikaria zen prestakuntzaz, eta gaztetatik izan zuen harremana mundu abertzalearekin: Espainiako Gorteetarako diputatugai izan zen, eta 1936ko uztailean matxinada militarra piztu zelarik, Gasteizko EAJren Udal Batzarreko burua zen.

Frantzia okupatu zutelarik, 1940eko ekainean, espainiar eta alemaniar poliziek informazioa bildu zuten Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkaritzan, Jose Antonio Agirre lehendakaria zelarik ordezkaritzaren buru, eta horrek eragin zuen sarea erortzea. Sareko kideak 1940-1941eko neguan atxilotu zituzten, eta epaiketa guztiz sumarioan epaitu zituzten. Horren ondorioz, Luis Álava 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten, Madrilgo Ekialdeko hilerrian, eta beste 19 kideri espetxe zigor luzeak ezarri zitzaizkien.

Erakunde ekitaldia, erakusketa eta dokumentala

Oroitzapen eta omenaldi ekitaldi instituzioanala maiatzaren 5ean izango da, 10:00etan, Senda ibilbidean, Zulueta Jauregiaren parean, Manuel Iradier kaletik oso gertu, kale horrexetan bizi izan baitzen Luis Álava. Omenaldian Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru, eta Ramiro González diputatu nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izango dira bertan, eta, haiekin batera, beste agintari, erakunde ordezkari eta politikari batzuk, bai eta frankismoaren biktimen elkarteak eta senideak ere.

Omenaldia osatzeko, erakusketa bat inauguratuko da, eta dokumental bat aurkeztuko 11:00etatik aurrera Dendarabako Araba aretoan, Gasteizen hori ere. Ekitaldi horietan, emakumeak izango dira protagonista, eurek antolatu eta osatu baitzuten, nagusiki, Araba Sarea.

Eurak izan ziren, lehenik, Eusko Gudarostea garaiturik eta Frankismoa jazarpen betean ari zela haren kideen kontra, espetxeetara joan zirenak, eta, presoei elkartasuna eramateaz landara, mezulari lanak egin zituzten burukide abertzale espetxeratu eta erbesteratuen artean. Araba Sareak lortutako informazioei esker iraun zuten bizirik eta libratu ziren fusilamenduetatik hainbat pertsona.

Baina Araba Sareak ez zituen eginkizun horiek bakarrik bete. Bigarren Mundu Gerraren bezperan eta lehenbiziko hilabeteetan, aliatuei informazioa eman zien espainiar baliabide militarrei buruz, Pirinioetako defentsa lanei buruz, armei buruz edo alemaniarrek eta italiarrek Espainian gauzatzen zituzten jarduerei buruz, eta, hala, munduko gatazka hartan potentzia demokratikoentzat euskal laguntza bideratzen.

Emakumeek Frankismoaren kontrako erresistentzian anonimotasunetik bete zuten zeregina.

 

Eta, horrela, “Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa, Josu Chueca EHUko historialari eta irakaslea duela komisario; erakusketak argitara ekartzen ditu gizon eta emakume haiek gauzatu zituzten ekintzak, sarea sortzea eragin zuten arrazoi humanitario eta politikoak, eta, batez ere, emakumeen zeregina nabarmendu nahi du, anonimotasunetik frankismoaren kontrako erresistentzian eta faxismoaren kontrako borrokan jardun ziren subjektu aktibo gisa. Sabino Arana Fundazioak sustatu du erakusketa, eta Eusko Jaurlaritza, memoriaren, elkarbizitzaren eta giza eskubideen Gogora Institutua eta Vital Fundazioa, besteak beste, izan ditu laguntzaile, eta, momentuz, Arabako hiriburuan egongo da, eta gero Euskal Herriko beste herri eta hiriburu batzuetan zehar ibiliko da. <0}

Ibilbidean zehar, Sabino Arana Fundazioaren Artxiboan gordetako jatorrizko lekukotzak entzun ahal izango ditu bisitariak, Álava Sarea antolatu zuten lau protagonistetako hirurenak: Bittori Etxeberria, Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Tere Verdes.

Erakusketan, pasarte batzuk irakurriko dituzte Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak, Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Elkarbizitza eta Dibertsitate arloko zinegotzi eskuordeak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

Ekitaldiotan “Álava Sarea, emakume ikusezinen sarea” izeneko dokumentala aurkeztuko da, Baleukok produzitua; dokumentalak erakunde horretan parte hartu zuten emakumeen jatorrizko ahotsak jasotzen ditu, Iñaki Madariagak marrazturik haien irudiak, eta hainbat senide, kazetari eta ikerlarik ere parte hartzen dute.

Erakusketaren kariaz, Gogora Institutuak antolaturik, jardunaldi batzuk izango dira maiatzean, Dendarabako Araba Aretoan, “Emakumea eta Gerra Zibila” izenekoak. Hala, maiatzaren 15ean, lehenbiziko mahai-ingurua Álava Sareko emakumeen ingurukoa izango da, eta, maiatzaren 30ean, Gerra Zibilean emakumeek zer-nolako jarduera politikoa izan zuten eta zer jazarpen bizi izan zuten aztertuko da. Bi ekitaldi horiek 19:00etan izango dira.

 

 

 

Share