Prentsa Oharren banner

IronManaren itzulerak berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea

Era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko aparteko hiria dela Gasteiz, nabarmendu du alkateak

 

Datorren igandean, irailak 12, IronMana izango da berriro Gasteizen, pandemiak ekarri zuen parentesiaren ondoren. Montehermoso kulturunean izan den aurkezpen-ekitaldian, ongi etorria eman diote probari erakundeetako ordezkariek eta probaren zuzendaritzako kideek lehen mailako kirol ekitaldiari.  “IronManaren itzulerak” —nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak— “berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea. Aparteko hiria da Gasteiz, era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko, baita nazioarte proba hau ere.”

Kontuan izanik egoera sanitarioa, Covid-19aren pandemia artean ez baita guztiz desagertu, aurten bizikleta- eta lasterketa-probak ez dira hirigunean egingo, Eraztun Berdean barrena baizik. Gainera, zenbait murrizketa izango dira, aurreko urteen aldean, araudi sanitarioa betetzen dela bermatze aldera. Ahalegin handia egin dute antolatzaileek horretara egokitzeko, eta proba berriro ere arrakastatsua gertatzea espero da.

Oraingo honetan, mila lagunek parte hartuko dute; beste horrenbestek dihardute antolakuntza-lanetan, horietatik % 10 boluntarioak. Datorren urterako normaltasuna berreskuratzea espero da, eta dagoeneko 3.000 pertsonek izena eman dute. Uztailaren 10ean da.

 

 

Share