Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 abendua 2018 12:25

 

 

 

 

 

 

  • Abenduaren 29an Jaiotzaren Gaua ospatuko da: gaueko bisitak egingo dira Floridako jaiotzara, Farolen Museora eta Gurutze Santuaren komentura, eta Pintore kaleko zenbait aretotan jaiak egingo dira
  • Abenduaren 22an (larunbata) gabon kantez lagundutako jaiotza eramangarrien tradizioa berreskuratuko da hiriko kaleetan
  • Jaiotzen ibilbideak 24 geldialdi ditu, eta aurten ibilbide birtuala egingo da erakusleihoetan, Gasteiz On-en eskutik

Aurtengo Eguberrietan, Gasteiz harro agertuko da bertako jaiotzen tradizioaz: erakusketa berriak antolatu dira hiriko leku berezietan, baita bisita gidatuak ere (telefonoz erreserbatuta), eta jaiotza tradizionala berreskuratuko da. Askotariko jarduerek hurbilduko diete gasteiztar zein bisitariei hiriaren ezaugarri behinenetako bat den hori, zeinaren alerik preziatuena Floridako jaiotza baita.

Alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuk eta Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko kide Iñigo Bastidak eta Alfonso Ruiz de Arcautek aurkeztu dituzte gaur goizean aurtengo berritasunak. Osmako San Pedroren kaperan egin dute aurkezpena, Pintore kalean, bertan udaletxearen fatxada agertokitzat  duen jaiotza jarri baitute aurten, Justo Antonio Olagibelen omenez, haren bigarren mendeurrenean. Izan ere, haren aitak eraiki zuen hirigune historikoko kapera hori.

“Belaunaldiz belaunaldi igaro den tradizioa gordetzen du Gasteizek, eta jaiotzazaletasun horrek eraman gaitu jaiotza monumental bakana izatera; hain zuzen ere, hiriko hainbat lekutan barreiatutako jaiotzen erakusketa da inguruko hirietatik bereizten gaituzten altxorretako bat”, nabarmendu du alkateak.

Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko kide Alfonso Ruiz de Arcautek, berriz, hau azpimarratu du: “jaiotzazaletasuna —UNESCO kultura ondare ez-materiala izendatzeko prozesuan da— duela zortzi mende sortu zen, eta artea, kultura, tradizioa, folklorea eta memoria batzen ditu, baita erlijio-sentipena ere herritar askorentzat. Babestu eta zabaldu beharra dago”.

Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuren ustez, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak antolatutako jarduerek kultura eta ondare balio handia dute, eta horregatik, “jaiotzaren tradizioa berreskuratzearen eta herritarren partaidetzaren alde egiten dugu. Eguberriak poz eta elkartasun garaia dira, familiaz eta lagunez gozatzeko garaia, eta balio horiek Vital Fundazioaren jarduera inspiratzen dute egunero”.

Jaiotzen mapa  (2)

24 jaiotza ikusteko ibilbidea

Jaiotzen Ibilbidea  (pdf-arekiko esteka) aurkeztu da halaber, zeinak leku hauek barne hartzen baititu: Karmengo eliza eta klaustroa; Floridako jaiotza monumentala; Turismo bulegoa; Santa Maria katedrala; Santa Maria, San Migel, San Bizente eta San Pedro parrokiak; Farolen Museo Etxea; Gurutze Santuaren komentua; Jaiotzazaleen Elkartea; San Antonioren komentua; Katedral Berria; Babesgabetuen Andre Maria,  Aingeruen Andre Maria, San Andres, Araneko San Jose eta Esperanza elizak, eta  Francisco de Asís Fundazioaren bilduma.

Sendotutako ibilbide horri beste leku batzuk gehitu zaizkio aurten: Osmako San Pedroren kapera, Olagibelen omenez; San Ildefontsoren kapera, non Kristoren irudi bat gordetzen baita; Gasteizko lehen santa eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzaile Santa María Josefaren Museo Etxea, eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren bisitarien harrera.

24 leku horiek barne hartzen dituen Jaiotzen ibilbideak, gainera, ibilbide birtuala izango du hiriko erakusleihoetan, Gasteiz On-en eskutik.

Azkenik, Arabako Jaiotzen XXXI. Erakusketak abenduaren 21ean irekiko ditu ateak, arratsaldeko bostetan.

 

Jaiotza eramangarriak

Abenduaren 22an (larunbata)gabon kantez lagundutako jaiotza eramangarrien tradizioa berreskuratuko da hiriko kaleetan.  Blusak eta neskak, eskaut taldeak, txistulariak eta abesbatza bat kalez kale ibiliko dira, Euskal Herriko hainbat leku musikaz betetzen duen tradizio hori berreskuratuz.

 

Gaueko bisitak, txokolate beroa eta gabon kanten lehia

Abenduaren 29an, berriz, Jaiotzaren Gaua ospatuko da: jaiotzak ohiko ordutegitik kanpo irekiko dira, eta jarduera osagarriak izango dira. Floridako jaiotzan gaueko bisita egingo da; Zabaltegin txokolate beroa banatuko da, eta gabon kanten lehia ere antolatu da. Farolen Museoan antzinako argazkiak  proiektatuko dira, eta Gurutze Santuaren komentuan otoitz egiteko bijilia izango da.

Pintore kaleko hainbat aretok bat egingo dute gau berezi horrekin: Jaiotza-zaleen Elkartearen egoitzan ardo beroa emango dute; Anglo di Trastevere jatetxean panetone italiarra salduko dute; Merlín kafetegian, gaboneteko infusioa eta jengibrezko pastak, eta Dolce Vita eta Cacao P’al mono tabernetan, gabonetako koktela.

Berritasun horietaz gain, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak betiko jarduerak antolatu ditu, hala nola hitzaldiak, lantegiak, solasaldiak, ikasleentzako jaiotzen lehiaketa, Jesus Haurraren bedeinkapena eta Eguberrietako Pregoia; azken hori gaur bertan izango da, eta katolikoak, ortodoxoak, anglikanoak eta ebangelikoak bilduko ditu.

 

Share