Prentsa Oharren banner

Gasteiztar bakoitzak 10, 26 € eman zituen iaz garapenean laguntzeko udal proiektuetarako

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak 2020ko oroitidazkia argitaratu berri du udalaren webgunean, eta bertan jaso denez, gasteiztar bakoitzak 10,26 euroko ekarpena egin zuen iaz udalak arlo honetan sustatutako ekintza eta proiektuetarako. Pasa den ekitaldian, udalak 2.622.970 euro bideratu zituen lankidetzara, AMVISAk egindako ekarpena barne.

2020a urte zaila izan zen maila askotan, baina ez Gasteizen bakarrik, baita udala eta hiriko GGKEk lankidetzan aritzen diren herrialdeetan ere. Garapenean laguntzeko udal politikak lagundu egin du batetik, covid-19k munduan sortutako egoerari aurre egiten, eta, bestetik, herrialde pobretuetan milioika pertsonaren bizi-baldintzak hondatzen dituzten oinarrizko giza eskubideen galeraren funtsezko arrazoiei heltzen.

Memorian – PDFn deskarga daiteke-, udal zerbitzuek, GGKEek eta hiriko beste agente batzuek egindako lanari buruzko informazio eta datu ugari biltzen dira.

Inor atzean ez uzteko eta oinarrizko giza eskubideak bermatzen laguntzen jarraitzeko konpromisoa dugu. Horretarako, udalaren aurrekontuko % 0,67 bideratzen dugu lurralde pobretuetan garapenean laguntzeko proiektuak finantzatzera eta sustatzera. 2020n, covid-19aren ondorioz hemen zein mundu guztian bereziki zaila izan den urtean, Gasteizek solidarioa izaten jarraitu zuen” azpimarratu du Jon Armentia Garapenean Laguntzeko zinegotziak.

2020ko datuak aztertuz, nabarmentzekoa da Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak gauzatutako aurrekontua: 2.273.970 euro, hau da, udalaren ohiko diru-sarreren % 0,67a. AMVISAk (Gasteizko Udal Urak, SA) beste 349.000 euroko ekarpena egin du bere aurrekontutik, beraz, Gasteizko udalaren ekarpena 2.622.970 eurokoa izan da guztira arlo honetan.

Lankidetza-proiektuak 13 lurraldetan egin dira: Larrialdietakoak, 11tan. Funtsen % 61,96% Latinoamerikara bideratu da; dirulaguntzen % 31,16 Afrikara, eta Asiara, berriz, guztiaren % 0,25a bakarrik.

Sentsibilizazioa eta garapenerako hezkuntzari dagokionez, Bidezko merkataritzaren eta Kontsumo arduratsuaren aldeko ekintzak eta kanpainak egin dira, baita Aterpea Mediterraneoan jardunaldiak ere. Era berean, askotariko jarduerak egin dira hainbat formatutan, gai desberdinekin eta hiriko publiko desberdinei zuzenduta.

 

Share

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak milioi bat euro bideratuko du Latinoamerikan eta Afrikan 10 proiektu solidario gauzatzera

Urteroko dirulaguntza-deialdiaren bidez zortzi GGKEk aurkeztutako planen gastuak ordaintzeko laguntza emango da.

 

Egitekoak diren lanak aurkezteko jardunaldi bat antolatu da Montehermoson.

 

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak lan-jardunaldi bat antolatu du gaur Montehermoso kulturunean, urteroko dirulaguntza-deialdian laguntzak jaso dituzten zortzi GGKEek onartu dizkieten proiektuak aurkez ditzaten; Latinoamerikan eta Afrikan 10 proiektu solidario gauzatuko dituzte horiek, hiru urtetan.

Dirulaguntza-deialdiari esker, hamar proiektu horiek ia milioi bat euro jasoko dute 2020ko aurrekontuaren kontura, gizartearen egoera dela kausa herritarren eskubideak aldeztea beharrezkoa den herri eta eskualdeetan garatzearren. 2021ean eta 2022an ere jasoko dute Udalaren laguntza.

“Proiektu horiek ikuspegi solidario batetik lan egiteko aukera ematen digute, gauzatzen diren lekuetan zein gure hirian bertan. Oso lankidetza esperientzia garrantzitsua da, eta Udalak horri ekarpena egiteko asmo sendoa du”, azaldu die Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak GGKEei.

Hona hemen onuradunen eta proiektuen zerrenda:

  • Kolonbia-Euskadi elkartea (100.000 €): genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei arreta emateko programa bat garatzea Toliman (Kolonbian).
  • Kolonbia-Euskadi elkartea (100.000 €): eraldaketa politiko eta sozialerako gazte lidergorako programa bat garatzea Ibaguen (Kolonbia).
  • Medicus Mundi Araba (99.996 €): indarkeria matxistaren kontrako prebentzio eta arreta estrategiak sendotzea El Agustinon (Lima-Peru).
  • Alboan (100.000 €): laborantza estrategikoak sendotzea La Lukayan (Kongoko Errepublika Demokratikoa).
  • Nazioarteko Elkartasuna (99.997 €): indarkeria matxistarekin lotutako arreta hobetzea Guatemalan.
  • Mundubat (99.999 €): atxilotuta dagoen populazioaren eskubideak eta duintasuna Kolonbian.
  • Mugarik Gabe (96.987 €): emakumeak ahalduntzeko “Beti bizirik” programa garatzea.
  • Haaly Pular (98.000 €): umeek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzea Labéko prefekturan (Gineako Errepublika).
  • SETEM (100.000 €): giza garapen lokala Cangahua parrokia indigenan (Ekuador), ekonomia feminista sozial eta solidarioa biziz eta praktikatuz.
  • Mugarik Gabe (99.998 €): hiri inklusiboak eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeak.

Share

Saharako errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolako zuzendariarekin bildu da Jon Armentia

Gasteizek 1998tik laguntzen dio zentro horri, eta aurten 60.000 € bideratuko ditu bertara.

Garapenerako lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak Saharako errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolako zuzendari Musa Isa hartu du gaur goizean udalean. Udalak 1998tik laguntzen dio zentroari, eta bertan egiten duen lanaz aritu dira biak.

“Oso zeregin garrantzitsua du. Erizainek berebiziko zeregina dute errefuxiatuen lehen mailako arretan, oso mediku gutxi baita bertan. Gehienak Espainiara edo beste lurralde batzuetara joan direnez, baliabide materialak eta giza baliabideak oso eskasak dira” azaldu du Armentiak.

Eskolak erizaintza-ikasketak ematen ditu, eta emagin, pediatria-laguntzaile eta estomatologia adarretako espezializazioa. Dozenaka pertsona prestatzen ditu urtero, kanpamenduetan bizi diren milaka errefuxiatuei zerbitzu eman diezaieten. Iaz 95 pertsona aritu ziren, eta ireki zenetik, 300 pertsonatik gora prestatu dira eta 1.214 profesionaletik gora birziklatu.

Hasiera batean, udalaren laguntzak irakaskuntza hobetzea eta, batez ere, ikasgaietako eskuliburuak prestatzea izan zuen ardatz. 2005etik, berriz, laguntzak eskolaren funtzionamendurako izan dira bereziki: instalazioak hobetu eta onik zaintzea, langileei ordaintzea, bertako ikasleen elikadura- eta higiene-gastuak ordaintzea…

Aurten udalak 60.000 euro bideratuko ditu errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolara. 2019an baino 15.000 euro gehiago dira, izan ere covid-19a dela eta eskolak amaitu ondoren, eskolak bere baitan hartu ditu berrogeialdian dauden pertsonak, eta udalak bere gain hartu du horien elikadura-gastua.

Share