Prentsa Oharren banner

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak pandemian zehar haur eta nerabeak babesteko sustatu dituen ekimenak partekatuko ditu UNICEFen mintegi batean, online

Gasteizko esperientzia erreferentea izango da Haurren Lagun diren Hirietako udalentzat

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak hitzaldia emango du “Haur eta nerabeak babestea COVID-19aren garaian” izeneko online mintegian; UNICEFek antolatu du biharko, maiatzak 26, Haurren Lagun diren Hirien jarduera-programaren barruan.

Espainian, Gasteiz, Sevilla eta Irun aukeratu ditu foro horrek eredu gisa, beren esperientzia beste tokiko gobernu batzuei azal diezaieten. “Gure partaidetzarekin pandemian zehar udaletatik haurrei ematen ari zaien erantzuna hobetzen lagundu nahi dugu. Programak aldatuz eta moldatuz abian jarri ditugun ekintzen balioa nabarmendu nahi dugu“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Udaleko psikologo Jessica Bittman eta Yanira San Vicentek eta Familiei Laguntza eta Zaintza Emateko Ataleko buru  Belén Ceberiok azalduko dituzte Arabako hiriburuan aurrera aterako ekintzak eta horiekin lotutako metodologiak eta gakoak, beste udal batzuentzat jardunbide egokien eredu izan daitezen.

Zehazki, herritar orori zuzendutako gizarte eta hezkuntza laguntza aurkeztuko du Gasteizek, eta babes gabezia arrisku arina eta moderatua duten haurrak dituzten familiei laguntza eta zaintza emateko baliabideetan egindako egokitzapena.

Bestetik, esku hartzen duten udal profesionalei laguntzeko taldearen esperientziaren berri emango dute, taldeentzako aurrez aurreko zein interneteko laguntza aurkeztuz, baita beste ekimen batzuk ere: telefono bidezko sostengua, erruki lantegiak, eta hil zaizkien pertsona maiteengatiko doluari aurre egiten laguntzeko materialak familia eta haurrentzat.

 

Share

Alkateak eta Gizarte Politiken zinegotziak Lakuan etxerik gabeko 43 pertsona hartzen dituen aldi baterako aterpea bisitatu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak, Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta Arabako Gurutze Gorriko presidente Jesús Canterok bisitatu egin dute gaur goizean Udalak eta duela hilabete eta erdi auzoko Lakuako pilotalekuan etxerik gabeko pertsonak hartzeko egokitu zuten udal harrera-zentroa, bertan koronabirusaren pandemiaren aurka ezarritako konfinamendu-agindua bete al dezaten, arta egokia jasotzen duten bitartean.

Gurutze Gorriko langileen eta boluntarioen laguntza jasotzen dute aldi baterako baliabide horretan gaurkoz dauden 43 pertsonek. Hain zuzen ere, langile eta boluntario horiei esker ona adierazi die alkateak hiri osoaren izenean, hain zuzen ere Gurutze Gorriaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan. Alkateak esan duenez, “Egunotan bizi dugun krisian inor ez atzean uztea posible da, besteak beste, erakunde, pertsona partikular eta Gurutze Gorria bezalako entitateei esker, zein barruan duten onena ematen ari baitira. Hor ikusten da nola ulertzen dugun elkartasuna Gasteizen, laguntza beharrean direnei betiere onena ematen dien hori honetan”.

Lakuan dauden pertsonei este 11 gehitu behar zaizkie: erlijioz musulmanak direlarik, aterpe horretatik Pio Baroja ikastetxeko gimnasiora aldatu dira aldi baterako, han ramadana betetzeko. Zentro bietan, Udalaren gizarte-zerbitzuek egonaldia, jatekoa eta dutxa eta arropa garbitzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiete bertan daudenei.

“Gizarte-zerbitzuetatik orain arte ikusi ez bezalako ahalegina egiten ari gara pandemiaren ondorioei aurre egiteko. Oraintxe betan, lehentasuna kolektibo ahulen eta zaurgarrienak artatzea da, esaterako etxerik gabeak, ez daitezen zoriaren menpe geratu. Horregatik prestatu dugu Lakuakoa bezalako baliabidea bat, horregatik ari gara pertsona horiei egoera honetatik irteten lagunduko dien gizarte-armarri handi eta sendo bat”, esan du Jon Armentia zinegotziak, zeinak, gainera, hauxe ere aurreratu baitu: “harrera egiteko dispositibo bereziak pertsona horien egoera guztiak eta bakoitza aztertu, eta bakoitzarentzako irtenbide egokiena definitu arte izango dira irekita”.

Lakuako aterpera egindako bisitan, Arabako Gurutze Gorriko presidente Jesús Canterok azpimarratu du “inoiz Estatuan egin duten baliabide eta boluntarioen mobilizazioa handiena egiten ari direla, pertsonei laguntzeko, COVID-19aren hedapena saihesten eta haren ondorioetatik aurrera irteten saiatzeko. Gaitzak berdin jotzen gaitu guztiok, baina pertsona migratzaile eta desplazatuak, etxerik ez dutenak eta egoera ahulean daudenak dira kutsatzeko aukera gehien dituztenak. Horregatik, eskertu egin nahi dut boluntarioen lana, enpresen elkartasuna eta Gasteizko udalaren laguntza. Horri guztiari esker, erantzun egokia eman izan diogu egoera hain konplikatu honi”.

Bizitegi-bazterketa

Lakuako harrera-zentroa da Udalaren gizarte-zerbitzuek bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonei harrera egin eta artatzeko dituzten baliabideetako bat. Honekin batera, kontuan hartzekoak dira baita Pio Barojakoa eta arkupeetako (zeinean, aldi baterako, Aterpeko hamar bat erabiltzaile hartzen duen azkenaldi honetan); horrez gain, baliabide egonkorrak ere aintzat hartu behar dira: CMAS, Aterpea, Etxe Irekia larrialdietarako etxebizitzak eta edo zainpeko etxebizitzak.

Share