Prentsa Oharren banner

Gizarte Politiken Sailak lankidetza-hitzarmenak adostu ditu 4 elkarterekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko  

Tokiko Gobernu Batzarrak 4 lankidetza-hitzarmen onetsi ditu gaur AVAIM, UNICEF, Movimiento Contra la Intolerancia eta Save The Children elkarteekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 47.000 € inguru jarriko ditu horretarako.

“Hitzarmen hauen bitartez haurren eta nerabeen eskubideak babestu nahi ditugu eta haien ongizatea bermatu. Horretarako, prebentzio-jarduerak eta ekintzak egingo dira, haien eta haien familien premiei erantzuten zaiela bermatzeko”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak.

AVAIM-Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkarteak 11.780 € jasoko ditu, besteak beste, Aktiba(tu) partaidetza-programako ikasturte amaierako jardueran parte hartzeko eta profesionalak haur eta nerabeenganako tratu onari buruz sentsibilizatzeko.

UNICEFi kopuru berdina emango zaio, 11.780 €; Udalak 2020ko aurrekontuetan haurrei zuzendutako gastuaren azterketa egingo du elkarteak, eta, horrez gain, haur eta nerabeen ahotsa izango da azaroaren 20an, Haurtzaroaren Egun Unibertsala.

Movimiento Contra la Intolerancia elkarteak eskola-jazarpena eta -ziberjazarpena saihesteko hitzaldiak eta lantegiak dinamizatuko ditu ikastetxe eta gizarte-etxeetan. Beste ekintza batzuk ere burutuko ditu, hala nola haurren eta nerabeen eskubideei buruzko inkesta bat, edo haurrak komunikabideetan eta sare sozialetan nola azaltzen diren aztertzeko ikerlan bat. Hitzarmen horretarako ere Udalak 11.780 € emango ditu.

Azkenik, Save The Children elkarteak 11.724 € jasoko ditu, eskola-arrakasta eta aisialdi eta denbora libreko jarduerak sustatzeko programa gauzatzeko. Programa hori Pilarreko eta Aldabeko gizarte-etxeetan burutzen du duela urte batzuetatik hona.

Adinekoentzako aholkularitza juridikoa

 Tokiko Gobernu Batzarraren bilkura berean Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren beste hitzarmen bat onetsi da. Kasu horretan, Arabako Abokatuen Elkartearekin sinatutakoa, adinekoei aholkularitza juridikoa emateko.

Zerbitzuaren helburua da adinekoek eta zaintzaileek dituzten eskubideei buruzko aholkularitza espezializatua ematea, abokatuak esku hartzea aginduzkoa ez den kasuetan, prozesu judizialaren aurretik orientabideak eskainiz.

Hitzarmena urtebeterako sinatu da eta udalak 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 94 lantegi eta 1.137 leku eskaintzen dituzte udako jardueren programazioan

Osasun parkeetako 200 adinekok haien ariketa-errutinak erakutsi dituzte Mendizorrotzeko futbol-zelaian

Uda iristear da eta adinekoentzako zentro soziokulturalek udako jarduera-programa abian jarriko dute berriz ere; oraingo honetan, 94 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte, eta 1.137 leku egongo dira guztira.

Eskaintza zabal horretan, era guztietako ikastaroak egongo dira, hala nola, kultura lantegiak, TikTok koreografiak, eta ohiko informatika ikastaroak, norberaren zaintzari edo ariketa fisikoari buruzkoak, edo osasun parkeak, besteak beste.

“Adinekoak fisikoki zein mentalki hobeto sentitzea eta harreman berriak hastea nahi dugu; horri esker bere autonomia mantendu edo hobetuko dute, lagunduta sentituko dira eta bakardadeari aurre egin ahal izango diote, bakarrik sentitzen badira”, azaldu du Jon Armentiak, Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotziak.

Programazioaren % 70 aire zabalean egingo da eta % 30 herritar guztientzako izango da “adina kontuan hartu gabe, oso garrantzitsua baita belaunaldiek kezkak eta jarduerak partekatzeko aukera izatea”, esan du zinegotziak.

Teknologia berriekin lotutako jarduerek ere garrantzi berezia izango dute, esaterako, ordenagailuak eta telefono adimendunak erabiltzen ikasteko ikastaroak, izapideak on line egiten ikastekoak eta abar; eskaeraren % 13 osatzen dute.

Jon Armentiaren esanetan “informatikaren gaia azpimarratzen dugu, informazioaren teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen direlako gure gizartean. Argi geratu da pandemiaren ondorioz bizi dugun gizarte- eta osasun-egoera honetan”.

Ariketa fisikoa Mendizorrotzen

Jon Armentia zinegotziak Mendizorrotzeko futbol-zelaian eman du programazio horren berri; izan ere, 200 adinekok hara eraman dituzte osasun-parkeetan egin ohi dituzten ariketa-errutinak, adinekoen zentroek antolatzen dituzten jardueren adibide gisa, eta Deportivo Alavesen omenez, aurten mendeurrena ospatzen baitu.

“Denboraldi honetan babazorroek osasuna kendu eta eman digute, nahiz eta, azkenean, lehen mailan mantentzearen pozak une txarrak ahantzarazi dizkigun. Taldeari aitortu beharreko gauza da hori, are gehiago 100 urterekin osasun ona duela kontuan hartuta. Beraz, zorionak”, gehitu du Jon Armentiak.

Osasun-parkeetan 60 urtetik gorako pertsonak elkartzen dira, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere indartzeko. Erabiltzaileak nahi dutenean joan daitezke parkeetara edo entrenatzailea dagoen ordutegian, aparatuak erabiltzen eta ariketa-errutinak egiten ikasi nahi badute. Saio horiek doakoak dira.

Urte batzuetatik hona, nabarmen igo da parke horien erabiltzaile kopura eta egun 600 baino gehiago dira.  Pandemia egoeran adinekoek jarduera segurutzat daukate aire zabalean egiten delako. Gainera, erabiltzaile askorentzat mugitzeko, sozializatzeko, eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzeko aukera bikaina dira.

Gasteizek 12 osasun-parke ditu, eta joan den astean Maider Etxebarria alkateordeak iragarri bezala, legegintzaldi honetan beste bi jarriko dira, Sansomendin eta Txagorritxun. Aparteko inbertsio planaren barruan izango da, zeina 2020ko aurrekontuaren likidazio positiboarekin gauzatu ahal izango baita.

Izen-emateak

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako udako ikastaro eta lantegietan izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da. Ekainaren 2ra arte, interesdunek 1.137 lekuetako bat betetzeko aukera izango dute, eta izena ematen den hurrenkeran esleituko dira.

Horretarako, adinekoentzako zentro soziokulturaletara, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio zerbitzuetara eta herritarrei laguntzeko bulegoetara jo beharko dute. Udalaren webgunean eta 010 telefonoan ere erregistratu ahal izango dira.

Ekainaren 5ean, bete gabe geratu diren plazetan izena emateko epea zabalduko da.

Programazio guztia COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak errespetatuz egingo da eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Share

715 adinekok bazkaltzen dute egunero janaria  etxera eramateko zerbitzuaren bidez eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako jantokietan  

 

715 adinekok bazkaltzen dute egunero janaria etxera eramateko zerbitzuaren bidez eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako jantokietan; biak Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak kudeatzen dituen baliabideak.

 

Arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak eman ditu datuok gaur goizean udalean, eta zerbitzu horien balioa agerian jarri du, “berez ahula den eta pandemia egoeran are ahulagoa den talde bat artatzen dute” Otordu hauen bitartez, adinekoek autonomia-gaitasuna indartzen dute, elikadura osasungarria hartzen dute, eta beraien jarraipena egiten duten udalaren gizarte-zerbitzuetan egoten dira”

 Iazko ekainean ireki zirenetik, adinekoentzako zentro soziokulturaletako 10 jantokiek 626 leku eskaintzen dituzte egunero, eta horietatik 480 betetzen dira egunero, beraz, ez dago itxarote-zerrendarik.

Zentro horietan, osasun-segurtasuneko neurriak betetzen dira, hala nola, sarreran tenperatura hartzea, 2 metroko distantzia mahaien artean, eta pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.

Bazkaria etxera eramateko zerbitzuari dagokionez, azken urteotan 60 menu gehiago eskaini ditu udal gobernuak, eta egun 235 menu dira egunero.

Gizarte-jantoki publikoa

Jon Armentiak gizarte ahuldade egoeran dauden pertsonentzako jantoki-plazen berri ere eman du agerraldian.

Duela urtebete Arkupeetako gizarte-jantoki publikoa ireki zenetik, gizarte-zerbitzuek 60 leku dituzte zentro horretan; hau da, kopuru nahikoa dagoen beharra asetzeko eta udalak babesgabetuen jantokira bideratzen zituenak hartzeko. Martxoaren 31n amaitu zen babesgabetuen jantokiarekiko hitzarmena.

Era berean, zinegotziak gogorarazi duenez, sailak lanean dihardu bigarren jantoki publikorako proiektuan. Erdi Aroko hiriguneko garai bateko lanbideen lantegi-eskolan kokatuko da, eta bertan izango dira, halaber, gizarteratzeko eta laneratzeko Gizarteratu lantegiak ere.

Share

San Prudentzio egoitzako udal etxebizitza komunitarioak ateak zabaldu ditu eta 13 erabiltzaile ditu dagoeneko

25 leku ditu eta udalaren sareko hirugarrena da, Los Molinos eta Auroraren atzetik

 Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko udal etxebizitza komunitarioak ateak ireki ditu jada. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarritako baliabide berri horrek 13 erabiltzaile ditu dagoeneko eta hurrengo astean bi gehiago hartuko ditu.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak gaurko osoko bilkuran azaldu duenez, irekiera hori “Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Zorroari buruzko Dekretuaren inguruan sinatutako akordioaren emaitza da; gainera, egoitza berean udaleko eguneko arreta zerbitzu bat eta asteburuan arnasa hartzeko zerbitzu bat edukitzeko aukera ematen digu, eta, beraz, San Prudentziok adinekoei zaintza emateko espazio publikoa izaten jarraitzen du”.

San Prudentzioko etxebizitza komunitarioa egoitzaren hirugarren solairuan dago eta 1.128 m2-ko azalera du. 22 gela ditu eta 25 leku eskaintzen ditu gehienez, 1. mendekotasun-gradua aitortua duten 65 urteko edo gehiagoko pertsonentzat. Gainera, jangela, egongela, office/sukaldea, erizaintzako gela, bainugela geriatrikoa eta biltegiak ditu.

Udalak bi urte baino gutxiagoan ireki duen hirugarren etxebizitza komunitarioa da; besteak Los Molinos eta Aurora dira, eta 30 eta 34 leku dituzte, hurrenez hurren.

 

 

 

Share

San Prudentzio egoitzako eguneko zentroa hasi da udalaren gizarte-zerbitzuek bideratutako lehen adinekoak hartzen

Orain arte aldundiarena zen bitartekoa mistoa izango da aurrerantzean, udalaren erabiltzaileei ere arreta emateko.

San Prudentzio zentro integraleko eguneko zentroa apirilean hasiko da Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak esleitutako lehen adinekoak hartzen. Orain arte Arabako Foru Aldundiak bakarrik erabiltzen zuen baliabidea udalak ere erabiltzea bi erakundeen artean gizarte-zerbitzuetako eskumenak esku aldatzeko hitzartutako akordioari zor zaio.

Akordio horrek honakoak jasotzen ditu, besteak beste: eguneko zentroa erabilera mistoko zerbitzu bihurtzea, udalaren eta aldundiaren plazak dituelarik; hartara aldundiarekin hitzartu gabe leku libreak eta bete gabe geratzen direnak udalaren eguneko arreta-zerbitzuen hartzaileei esleituko zaizkie.

Beraz, apirileko lehen egunetan 5 pertsona sartuko dira udalaren gizarte-zerbitzuen bitartez, eta horiei beste lau gehituko zaizkie hilaren erdialdean. Halaber, gerora beste zenbait ere izan daitezke, sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikusteko beste erabiltzaile batzuei egindako balioespenak kontuan hartuta.

Jon Armentia zinegotziak erakundeen arteko itunaren aurkezpenean aurreratu zuen bezala, “udaleko eguneko arreta-zerbitzuko leku berri horiek narriadura kognitiboa edo dementziak dituzten adinekoei laguntzeko balioko dute; izan ere, profil hori duten pertsonei arreta ematen dieten kolektiboek aipatu izan diguten beharra da hori”.

 Apirilaren hasierarako aurreikusitako 9 sarrera horiekin, % 40 murriztuko da eguneko arreta zerbitzuetako itxarote-zerrenda. Egun 23 pertsona daude bertan.

 Asteburuetarako atseden zentroa

Bestalde, udalaren eta aldundiaren arteko akordio horrek asteburuko atsedenerako eguneko zentroaren erabilera partekatua ere ezarri du. Hau ere San Prudentzio egoitzan dago, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 15 leku hartu ditu dagoeneko.

Share

Udalak familien eta gizarte osoaren konpromisoa nahi du haur eta nerabeentzako tratu onaren alde

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak kontzientziazio-kanpaina bat abian jarri du “Haien eskubidea, gure konpromisoa” goiburuarekin

 

Gaur, Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotzi Jon Armentiak kanpaina bat aurkeztu du haur eta nerabeentzako tratu onaren alde kontzientziatzeko; Haurtzaro eta Senitarte udal-zerbitzuak hurrengo asteetan egingo du, eta udazkenean ere egingo da berriro, Haurren Nazioarteko Egunarekin batera (azaroaren 20a).

Kanpainak “Haien eskubidea, gure konpromisoa” goiburua du, eta helburu hau: “familiak, erakundeak eta gizarte osoa kontzientziatzea tratu onaren jarduna ezinbesteko dela haur eta nerabeek zoriontasuna eta etorkizun hobea izan dezaten, biztanleriaren sektore hori ikusezin egon baita pandemiaren garaian”, azaldu du Armentia, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko buru Loli Garcíarekin agertu dela.

Oinarrizko eta funtsezko arretak (hala nola elikadura, babesa, hezkuntza…) betetzeaz harago doa tratu ona. Tratu ona zainketaren, babesaren, maitasunaren, entzutearen, laguntzaren eta abarren adierazpenak dira, eta horiek haurrei beren garapenean laguntzen diete arlo afektibo, psikologiko, sexual, intelektual, fisiko nahiz sozialean.

Ildo horretan, Gizarte Politiken zinegotziak gogorarazi duenez, “familiaren esparruan tratu onak eta hezkuntza-jardunbide egokiek jarraitzen dute izaten gure seme-alaben nortasuna eratzeko funtsezko oinarriak”.

 Hori dela eta, haur eta nerabeentzako tratu onen aldeko kanpainak familia-eremuan praktikan jartzeko funtsezko 6 ideiatan egingo du indar:

  • Maitasuna eta laguntza ematea. Haur eta nerabeek maitasuna eta onespena behar dute seguru sentitzeko. Hala, haien autoestimua sustatzen da, eta frustrazioa jasaten eta zailtasunei hobeto aurre egiten ikasiko dute.
  • Haiekin jolasteko, partekatzeko eta entzuteko denbora eskaintzea. Haurrek ez dute hobeto jolasten edo gehiago dibertitzen jostailu asko edukitzean, baizik eta haiekin jolasteko ondoan norbait edukitzean. Denbora eskaini behar zaie.
  • Ulertzea nola hazten diren eta nola jokatzen duten. Haurrei ezin zaie beren adinarekin bat ez datozen gauzarik eskatu.
  • Maitasun- eta komunikazio-harreman ona edukitzea. Garrantzitsua da familiaren erabakietan parte har dezaten sustatzea.
  • Beren adinerako egokiak diren mugak eta arauak ezartzea. Egokia izan dadin bideratu behar da haurren jokabidea, eta haiek betetzen haien inplikazioa lortu.
  • Ondorio koherenteak aplikatuz erantzutea jokabide desegokien aurrean, eta neurrigabeko zigorrak edo zigor bortitzak saihestu. Erreakzio bortitzak ez dira eredu ona; ez diete irakatsiko beren emozioak kudeatzen.

Mezu horiek guztiak helaraziko zaizkie herritarrei datozen asteetan, hedabideen, kaleko informazio-panelen, udalaren bideo pantailen, sare sozialen eta gizarte-etxeetan, ikastetxeetan eta osasun-zentroetan jarritako informazio-materialen bidez.

“Gizarte osora iritsi nahi dugu, haur eta nerabeek eskubidea baitute beren garapen osoa sustatuko duen ingurunean hazteko. Eta familiok, erakundeok eta gizarte osoak bermatu behar diegu hala izan dadin. Garrantzitsua da denok kontzientziatuta egotea, egoerarik zailenak ere (pandemia kasu) ez baititu gerarazi behar haurren eskubideak. Haien eskubidearen aldekoa izan behar du beti gure konpromisoak”, amaitu du Jon Armentia zinegotziak.

Familientzako programak

Gaur egun, Gasteizko Udalak aktibo mantentzen du Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Plana (2018-2022). Proiektatutako ekintza ugariren artean, jasota dago herritarrak tratu onari buruz sentsibilizatzeko kanpaina hau egitea.

Sentsibilizatzea, prebenitzea eta jardutea, horixe egiten du Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, guraso eta familiei zuzendutako zenbait programaren bidez.

Zerbitzuak prebentzioa eta sustapena lantzen ditu zenbait programaren bidez: Senidegune, Emozio Lantegia, Jardunbide Egokien Lantegia edo Prólogo programa, besteak beste.

Halaber, familiei laguntzeko programak egiten ditu: Orain programa, laguntza psikologikoa, seme-alaben gurasoekiko indarkeriako egoeretan garaiz esku hartzeko programa eta banaketa eta dibortzio gatazkatsuetan gurasokidetasuna lantzeko programa.

Share

IRSEARABArekiko lankidetza-hitzarmena onetsi da, gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza-lantegiak egiteko 

Tokiko Gobernu Batzarrak IRSEARABA (gizarte inklusiorako institutua) elkartearekiko lankidetza-hitzarmen bat onetsi du, gizartetik baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-ikastaro eta -lantegiak egiteko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 30.000 euro emango dizkio, 2021ean jarduera hauek egin ditzan:

  • Logistikako prestakuntza ikastaroa. Trebetasunak eskuratzea eta arlo pertsonalean, sozialean, harremanetan eta lan-arloan gaitasunak garatzea du xede, horretarako hezkuntza-jarduera lagunduak baliatuta.
  • Orga-jasotzaileen arloko ikastaroak. Orga jasotzaileak, eskuzko transpaletak zein elektrikoak, eta pilatzaile elektrikoa erabiltzeko gaitzea dute xede.

“Oso jarduera positiboak dira udalaren gizarte-zerbitzuak erabiltzen dituztenentzat, laneratzeko eta gizarteratzeko beharrezko ezagutza eta trebetasunak lortzen edo mantentzen dituzte eta. Lantegi eta ikastaroak autonomia pertsonal eta sozial handiagoa izateko balio dietenez, bizitza ahalik eta normalizatuena egin ahalko dute” azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak.

 

Share

Pandemian 76.300 pertsonari arreta eman dien 41 ekimen publiko eta pribatu jaso dira Gasteizko zaintzen mapan

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Gasteizko zaintzen mapa prestatu du, eta pandemia garaian hirian aktibatutako 41 zaintza-ekimen jaso dira bertan.

Gizarte arloko zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin taldeko Gemma Zubiaurre zinegotziak – aurrekontu-akordioan proiektua honi babesa eman zion taldekoa – zainketen kartografia aurkeztu dute gaur. Bertan, azken hilabeteetan abian jarritako baliabide publiko zein pribatuak aurki daitezke, eta hortik abiatuta, gizartean izan daitezkeen beharrak identifikatu.

Zaintzen mapan 76.300 pertsonari lagundu dioten 41 ekimen jaso dira paperean eta euskarri digitalean. Lagundutako horien % 32 65 urtetik gorako pertsonak izan dira.

Baliabide horietako asko udalak sustatu zituen (14), eta atzetik GKEk, fundazioek, elkarteek eta taldeek sustatutako 12 ekimen ditugu.

Sare honen onuradun izan diren taldeei dagokienez, 41 ekimen horietako 15ek adinekoak izan dituzte hartzaile, 9k herritarrak, oro har, eta 6k haurrak eta nerabeak.

Halaber bada beste datu adierazgarririk ere: ekimenen % 81 emakumeek sustatu edo prestatu zituzten, nagusiki.

Jon Armentiak adierazi duenez, “baliabide horiek aktibatzeak erakutsi digu ezbeharren aurrean gai garela konpromisoa hartzeko, elkartzeko eta pertsonen zerbitzura lan komunitarioa egiteko. Ehunka pertsonak eta dozenaka talde eta erakundek erakutsitako konpromiso horren erradiografia da mapa , eta hilabete hauetan guztietan egin duten lana aitortu eta eskertzeko modua dugu.

Bestalde, Gemma Zubiaurrek adierazi duenez “pandemiak abiarazi zituen zainketa arloko ekimen komunitario guztiak landu ditugularik, sarea indartzea dugu hurrengo pausua, diagnostikoan azaldu diren eskariei erantzuteko. Gizarte gisa bizi dugun egoera zail honek zainketen garrantzia agerian jartzeko eta politiken erdigunean jartzeko balio behar digu”.

Gasteizko zaintzen sarearen mapan ikonoak erabiltzen dira ekimena non sortu edo garatu ziren adierazteko, eta kolore- eta forma-kode bat baliatuta, proiektu bakoitza nork sustatu zuen eta norentzat prestatu zen adierazten da.

Ekimen horietako asko ezagunak dira oihartzun handikoak izan ziren eta. Esaterako, adinekoentzako zentro soziokulturaletako “zurekin gaude” programa, 70 urtetik gorako milaka pertsonaren jarraipena egin eta laguntza telefonikoa eskaintzen ziena; Arabako Maker komunitatearen inplikazioa, bere 3D inprimagailu eta laser-ebakigailuekin NBE-ak prestatu zituena; Abetxukun sortutako Abetxuku Batera plataforma, bizilagunei pandemiak eragindako beharrak asetzen laguntzen ziena, edo Psikopompo ekimen solidarioa, irrati eta telebistak jaso eta banatzen zituena adinekoen bakardadeari aurre egiteko itxialdi garaian.

Antzemandako beharrak

Mapa prestatzeko prozesuan hainbat gabezia antzeman ahal izan dugu.  Administrazioak bat datoz zainketen (zaintzaileak) arloari eta osasun arloari lotutako beharretan. Elkarteen kezken artean osasuna, haurtzaroa, familia eta adinekoak ditugu.

Elkarte eta kolektiboek ekimenak garatzeko dituzten beharrak aztertuz gero, % 20k finantzatzeko zailtasuna azpimarratzen dute; % 18k erakunde publikoekiko koordinazioa eskatzen dute; % 17k herritarren inplikazioa eskatzen dute, eta % 14k zabalkundea emateko beharra adierazten.

Behar horiei irtenbidea emateko, hain zuzen ere, martxoaren 11n eta 12an herritarren laborategi bat egingo da Europa jauregian, eta bertan izango dira unibertsitatea, ikastetxeak, administrazio publikoak, enpresak eta erakunde sozialak.

Horretaz gain, erakusketa ibiltari bat diseinatu da, Zaintzen Sarearen Mapa osatzen duten ekimenak ezagutarazteko herritarrei. Erakusketa hori gizarte etxe, adinekoentzako zentro soziokultural, udal egoitza eta abarretan izango da ikusgai.

ZAINTZA SAREA

 

Share

Gurutze Gorriaren instalazioetara bisita

Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkari Denis Itxasok eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak Gurutze Gorriaren Gasteizko instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dituzte erakunde humanitarioak Euskadin egiten dituen lan ugariak.

Horietako lan askok Espainiako Gobernuaren babesa dute, hala nola FEGAk behartsuenei laguntzeko duen 2020ko programaren hirugarren fasean emandako elikagaien banaketa.

Hirugarren fase honetan 786.766,76 kilo elikagai banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 70.413,60 kg Arabako Lurralde Historikoko 4.167 pertsonarentzat izango dira.

Gurutze Gorria eta Arabako Elikagaien Bankua arduratuko dira elikagaien banaketaz 23 elkarteren laguntzaz, laguntza behartsuenei iristen zaiela ziurtatzeko.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek zaintzari buruz antolatutako argazki digitalen lehiaketaren sariak banatu dituzte

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 55 urtetik gorakoentzako argazki digitalen lehiaketaren hirugarren edizioari dagozkion sariak banatu dituzte; aurtengo gaia “Zaintzen duten pertsonak eta lekuak” izan da.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia izan da buru San Martineko adinekoen zentroan egindako ekitaldian, eta bertan saritutakoekin eta Adinekoen Zerbitzuko langileekin elkartu da.

Familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki udal programaren lankidetza izan du lehiaketak aurten, Udalaren asmoa baita “zaintza-lanak aitortzen dituzten ekintzak bultzatzea, eta horretarako ingurune adeitsu eta integratzailearen beharraz sentsibilizatzea“.

Guztira 22 lan aurkeztu dira lehiaketara. Hauek dira irabazleak:

Lehen saria (600 euroko txekea): “Burua zaintzen”, Concha Pascual Romerorena.

Bigarren saria (300 euroko txekea): “Familia giroa”,  José Antonio Morlesínena.

Publikoaren saria (300 euro): “Absentziak eta agintzariak”,  Miguel Ángel Lacalzadarena; 218 boto lortu ditu internetez.

Saritutako argazkiak, gehi lehiaketara aurkeztutakoen artean hautatutako beste bi (“Zoriontsuak”, Mauro Sánchezena, eta “Nire bi makilak”, Pilles Bourdoiseaurena), postal formatuan argitaratuko dira, hiriko hainbat lekutan banatzeko.

+info: Argazki digitalen III.lehiaketa (+55) “‘Zaintzen duten pertsonak eta lekuak'”

Share