Prentsa Oharren banner

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak Museoen Eguna ospatuko du Artiumen

 

Bihar hasiko da ikasle berriek 2021-22 ikasturterako izena emateko epea

 

Bihar, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, jarduera-programa anitza antolatu du Artium-Arte Garaikideko Zentro Museoak. Joan den larunbatean hasi zen, eta asteazkenean, hilak 19, amaituko da, Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioko ikasleen emanaldiarekin.

17:45etik aurrera, Elvira Illanaren dantza garaikideko ‘47847. ariketa’ pieza dantzatuko dute Oihane Aramendia, Nawal Boteffah, Lucía Eizaguirre, Haizea López, Isabel Middlebrook, Naia Nieto eta Marina Olcoz dantzariek, ikusle guztien atseginerako.

 Aukera bikaina da gure kontserbatorioan ikasten duten dantzari gazteen talentua ezagutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketa mota horiek ematen dituen zentro ofizial bakarreko ikasleen lana” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, eta, ekitaldira joateko gonbita egin du.

Dantzari batek 47847 ariketa egiten ditu gutxi gora-behera dantza kontserbatorioko ikasketa-aldian. Pieza horretako koreografia-mugimenduek eskolan egin ohi diren ariketen errepikapena eta automatizazioa erakusten dute. Koreografia-pieza horrek eguneroko ariketa, egoera edo ekintzetara igorriko gaitu, eta objektuen bitartez sortutako soinu-konposizioa izango da hondo-musika.

Ekitaldian, Juncal Ballestínen “El pedestal invisible” bideoa ere erakutsiko da,  izan ere proposamena “Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa’ erakusketari lotuta dago, zein maiatzaren 23ra arte izango baita ikusgai museoan.

Leku-kopurua mugatua denez, erreserba egin behar da 945 20 90 20 telefonoan.

Izena emateko kanpaina

Egun bat lehenago, hilaren 18an, ikasle berriek 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea irekiko da Dantza kontserbatorioan. Dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu ikastetxe horrek; zehazki, Dantza Klasikoko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak.

Covid-19aren pandemia dela eta, ez da sarrera-probarik egingo arautu gabeko ikasketetarako —Lehen Kontaktua (5-6 urte) eta Dantza Aurrekoa (7 urte)—. Eskabideak jasotzen diren hurrenkeran beteko dira lekuak, maiatzaren 18ko 9:30etik aurrera. Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan aurkeztu ahal izango dira matrikulak, baita herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, hitzordua eskatua, edo posta elektronikoz, dokumentazioa helbide honetara bidaliz: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

Sarrera-probak

Oinarrizko Ikasketen edo Ikaskuntza Profesionalen ziklora sartzeko proba egin behar duten ikasleek, baita ziklo horietan sartu nahi duten ikasle berriek ere, bi fase burutu beharko dituzte. Lehenik eta behin, maiatzaren 18tik ekainaren 4ra bitartean, sarrera-probarako izena eman beharko dute. Eta, proba gaindituz gero, ekainaren 22tik 30era bitartean egin ahal izango dute matrikula.

Matrikula horiek, era berean, Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan —hitzordua eskatuta— aurkeztu beharko dira, edo posta elektronikoz, helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra da Gasteizko kontserbatorioa. Ikasgai hauek eskaintzen ditu: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Informazio gehiago: 945 16 26 06 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, edo helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org.

 

Share

Amaia Elizaran, Eva Guerrero eta Itxaso Cano Atalak 2021eko koreografo gonbidatuak

Amaia Elizaran

Udalaren Antzoki Sareak eta José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak hartzen dute parte proiektuan, aurtengo edizioan pandemia-egoerara egokituta.

Sorkuntza koreografikoa bultzatzen jarraituko du Gasteizko Udalak, Sorkuntza Koreografikoaren Mugaz Gaindiko ‘Atalak’ Sarearen barruan. Eta Udalaren Antzoki Sarearen bitartez egingo du, baita Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioaren bitartez ere.

Aurtengo edizioan, Amaia Elizaran, Eva Guerrero eta Itsaso Cano izango dira koreografo gonbidatuak. Carmen Larrazek IN ekoizpen-egonaldia gidatuko du; ON ekoizpen-egonaldia, berriz, Hilde Kochek. Horren berri eman dute prentsaurrekoan Udalaren Antzoki Sareko arduradun Marta Monfortek, José Uruñuela dantza kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak, eta Dantzaz-eko zuzendari nagusi Fernando Sáenz de Ugartek.

Bi asteko iraupena duten esperimentazio-laborategiak eskaintzen dizkie Atalak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euro-eskualdeko koreografoei, baita ekoizpen-egonaldiak ere, ekoizpen horiek batera eta bestera eramateko aukerarekin. Arduradunek adierazi dutenez, programa indartu egin da 2021ean, eta apustu berriak egin dira hausnarketaren, koreografia-sorkuntzaren, bitartekaritzaren eta dokumentazioaren alorretan. “Atalak muga berriak ireki ditu ATA-LAB pentsamendu-laborategi, koreografia arloko ekoizpen-egoitza eta bitartekaritza eta dokumentazio ildoei esker.

“Normaltasun berrira egokituta, 2020an hainbat ekintza egin dira Atalak Sareko lan-ildoetara zuzenduta: koreografia-sorkuntza: 3 laborategi eta koreografia ekoizpen 1; bitartekaritza: 29 ekintza gauzatu, 15 erakusketa, estreinaldi 1, 6 bitartekaritza-saio helduekin eta 7 bitartekaritza-saio ikasleekin;  topaketak: 26 ekintza gauzatuta; enpleguaren sustapena: 86 kontratu, guztira” zehaztu dute.

Koreografoentzat ez ezik, dantzarientzat ere aukera bat da Atalak.  Horren erakusgarri dugu sareak iaz 30 dantzariri eman ziela lana.

2021ean, Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokiak hartuko ditu Itxaso Cano, Eva Guerrero eta Amaia Elizaran koreografoen proposamenak, martxoaren 25ean, ekainaren 21ean eta abenduaren 15ean, hurrenez hurren.

Principal antzokiko leihatilan eskuratu ahalko dira gonbit-txartelak, eta Félix Petite antzokian, ikuskizunaren egunean.

Dantzaz da mugaz gaindiko sare horren buru, eta honako hauek biltzen ditu: CCN Malandain Ballet Biarritz, Baluarte Fundazioa, Tabacalera, Gipuzkoako Dantzagunea eta Gasteizko Antzoki Sarea, eta laguntzaileen sare gero eta zabalagoa, hala nola Dantzerti, Baionako, Biarrzko eta Gasteizko kontserbatorioak, La Fundición, Azala, ERESBIL, Nafarroako  Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa (AMAEN) eta Creative Paths.  

Atalak dosierra 2021

Share

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak abuztuaren 24an irekiko du berriro aurretiaz izena emateko epea

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak ikasle berriek 2020-21 ikasturterako aurretiaz izena emateko epea irekiko du datorren abuztuaren 24an. Oraindik eman gabe dauden zentroko lekuak eskuratu nahi dituzten haurrek abuztuaren 28ra arte izango dute tartea, ikasketa arautuen kasuan, eta irailaren 3ra arte ikasketa ez arautuenean.

8 eta 13 urte bitarteko ikasleak oinarrizko Ikasketetan hasiko dira, eta 12 urtetik gorakoak Ikasketa profesionaletan sartu ahalko dira. Ikasle gazteenei dagokienez, hauek dira matrikulatzeko gutxieneko adinak: ‘Lehen harremana 5’ egin ahalko dute 2015ean jaiotako ikasleek, eta ‘Lehen harremana 6’ 2014an jaiotakoek. 2013an jaiotakoek ‘Dantza aurrekoa’ egin dezakete.

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak. Salbuespenez, eta pandemiaren eraginez, 2020-21 ikasturterako ez da sarrera-probarik egingo Lehen Harremanak eta Dantza Aurrekoa irakaskuntza ez arautuetarako, eta lekuak izen ematearen hurrenkeran esleituko dira.

Matrikula izapidetzeko epea irailaren 3an amaituko da ikasketa ez arautuen kasuan, eta irailaren 7an ikasketa arautuenean. 

 

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaz

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioa era horretako ikasketak eskaintzen dituen bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikasgai hauek eskaintzen ditu zentroak: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Zentroak instalazio modernoak ditu, bai eta profesional kualifikatuen lantalde bat, zeinen bitartez gauzatzen dituen zentroak bere hezkuntza-proiektua. Eskaintzen dituen baliabideen artean piano-jotzaileen akonpainamendua eta fisioterapia-zerbitzua daude.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Cantok esan duenez, “Kontserbatorioaren helburuak dira dantzaren promozioaren eta hedapenean laguntzea, diziplina hau herritarrengana hurbilduta, bertan sortutako pieza koreografikoak zein errepertorio klasikokoak jendaurrean aurkeztuta, eta beste erakunde hezigarri eta sozial batzuekin lankidetza-proiektuak ezarrita”.

Informazio gehiago: telefonoz, 945 16 26 06 zenbakian; posta elektronikoz, cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org helbidean, edo Udalaren webgunean (https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org/j30-01s/contenidoAction.do?idioma=eu&uid=trami_133)

Share