Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 apirila 2019 11:48

18:15ean izango da eta hurbildu nahi duen ororentzat zabalik egongo da; helburua maiatzetik aurrera irekiko den aurrematrikula aldian matrikula berriak lortzea da

José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak ate irekien eguna egingo du datorren ostegunean (apirilak 11) 18:15ean. Horren xedea ikastegiko jarduerak eta instalazioak ezagutzera ematea eta 2019-2020 ikasturterako ikasle berriak erakartzea da; izan ere aurki helduko dira aurrematrikula eta matrikula aldiak.

  • Hala, irakaskuntza ez arautuko ikasleentzat maiatzaren 6tik 31ra bitartekoa izango da aurre-matrikula egiteko epea, eta matrikula egitekoa, ekainaren 25etik uztailaren 5era artekoa. Ikasle horiek sarrera-probak egin beharko dituzte kontserbatorioan sartu ahal izateko.
  • Oinarrizko irakaskuntzei eta irakaskuntza profesionalei dagokienez, horietan sartzeko probaren aurrematrikula maiatzaren 20tik ekainaren 7ra bitartean egingo da –proba ekaineko bigarren hamabostaldian egin ohi da eta–, eta matrikula, berriz, uztailaren 1etik 5era bitartean.

“Jose Uruñuela” dantza kontserbatorioa ezaguna da 1987tik hona dantzaren irakaskuntzan egin duen lanagatik, betiere kalitatezko formazio profesionala eskaintzeko asmoz. Horrez gain, titulazioa eta ikasketen errekonozimendu ofiziala bermatzen dizkie gazte gasteiztarrei, dantzarekiko interesa sustatzen du, kulturaren ikuspegian Gasteiz Europako hirien parera eramaten laguntzen du eta, besteak beste, egiten duen lanaz gozatzeko aukera eskaintzen die herritarrei.

Dantza kontserbatorioan eskaintzen diren ikasgaiak desberdinak dira prestakuntza-mailaren arabera: irakaskuntza ez arautuaren kasuan dantzarekiko lehen harremana lantzen da, eta oinarrizko irakaskuntzetan eta irakaskuntza profesionaletan, aldiz, dantza klasikoa, izaerako dantza, dantza garaikidea, dantza tradizionala, musikaren lengoaia, errepertorioa, dantzaren historia, anatomia eta elikadura, arte dramatikoa eta puntak.

Informazio gehiago

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 otsaila 2019 09:15

 

Beste entsegu-gela bateko zorua ere berriztatu dute, bai eta argiztapen eta pintura orokorrak ere; guztira, 67.702 euroko inbertsioa egin dute  

Gaur inauguratu dute Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko erabilera anitzeko aretoa. Esku-hartze horrez gain, beste hobetze-lan txikiago batzuk ere egin ditu udal organismo autonomoak azken hileotan, eta 67.602,30 euro inbertitu ditu guztira.

Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Kontserbatorioko lehendakari den Estíbaliz Canto zinegotziak eta kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak.

Cantoren esanetan “egiaztatu ahal izan dugu Kontserbatorioak zerbitzu paregabea ematen diela herritarrei, arte eszeniko honetan prestakuntza jasotzen duten haurrei”. Erabilera anitzeko aretoari dagokionez, ordezkariak honakoa azpimarratu du: “aspalditik genuen zorra da, eraiki zenean ez baitzen dantza-aretotzat hartu, beharra egon bazegoen arren”. Jarraian, zera adierazi du: “15 urte geroago, ordea, jarduera horretarako prest dago, eta horrek Udalarentzat bere Kontserbatorioak nolako garrantzia duen erakusten du; izan ere, prestigio handidun organismoa da, eta lanean jarraituko behar dugu hura zaintzeko eta, ahal bada, hazten laguntzeko”

Instalazioei egindako bisitan, Kontserbatorioak dantza klasikoko ekitaldi bat eskaini du. Pieza horretan, Ikasketa Profesionaletako 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu dute parte, 6. mailako Elvira Illana gidaritzapean eta Israel Ruiz de Infanteren pianoaren doinura. Cantoren hitzetan “egiaztatu ahal izan dugu berriztapen-lanek onurak ekarri dizkietela ikasleei”.

Horren ondoren,Ilianak berak sortutako Arriskuan koreografia dantzatu dute, lengoaia klasikoa baliatzen duen proposamen garaikidea. Izenak berak dioen bezala, piezak arriskupeko egoerak ditu inspirazio iturri eta, nolabait, ikasleek dantza ikasketak bukatzean bizitzen duten egoera sinbolizatzen du, “ezezagunera salto egiteko unea” heltzean sentitzen dena, alegia.  Proposamen koreografiko horrek balleterako barrak baliatzen ditu arrisku egoera simulatzeko, eta segurtasuna eta amildegia biak ala biak  irudikatzen dituzte barrek.

 

Berriztapenari buruz

Guztira hiru esku-hartze egin dira kontserbatorioan eta 67.702,30 euro inbertitu dira.

Lehen esku-hartzean bi lan nagusi egin dira: erabilera askotariko aretoa dantzarako egokitzeko 150 m2-ko oholtza instalatu da, eta beste dantza-areto batean 105m2-ko oholtza ordezkatu da. 42.665,74 euro guztira.

Bigarrenean, eraikinari pintura-lan orokorrak egin zaizkio, higadura zela eta beharra baitzuen. 17.142,95 euro guztira.

Bukatzeko, argiztapena berriztatu da fluoreszenteen ordez LED argiak jarriz. 7.793,61 euro guztira. LED instalazio horrekin 15.000 kvh aurreztuko dira urtero, eta horrek esan nahi du, gastu energetikoan gertatuko den aurrezpenari esker, bi urtean soilik egindako inbertsio osoa amortizatuko dela.

Share