Prentsa Oharren banner

Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu AMVISAk

5.394.851 euro inbertituko ditu auzo hori eta hiriko beste gune batzuk hobetzeko.

AMVISAko Administrazio Kontseiluak Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu gaur. Hiriko beste zona batzuk hobetzea ere barne hartzen dute lan horiek. Balgorza-Arana aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lan horiek, 5.394.851 euroan; gauzatzeko epea hiru urtekoa izango da.

Judimendin, hornidura-sareko fibrozementu edo burdinurtu griseko hodien ordez, burdinurtu nodular eta polietileno edo mahuka-hodiak jarriko ditu AMVISAk. Saneamendu-sarean, berriz, mahuka-sistema erabiliko da, honen bitartez ez baita zangarik ireki beharrik, kolektoreen narriadura dela eta altxatu beharra dagoenean izan ezik.

Judimendi auzoko hogei bat kaletan egingo dira lan horiek. Herrandarren kalean, esaterako, Done Jakue hiribidetik Olagibel kalera doan kolektorearen edukiera hidraulikoa hobetuko da, baita Urriaren Hamabiaren kalearekiko bidegurutzeko zati batekoa ere.

AMVISAren lehendakari Marian Gutiérrezek azaldu duenez, “ Judimendik —eta beste auzo batzuek, Txagorritxu edo Pilarrek, esaterako— oso ur-sare zaharra dute, eta. konpondu ezean, etorkizunean arazoak sor ditzake. Horregatik egin ditugu obra hauek eta inbertsio handia,  hobetu egingo baita sarearen efizientzia eta bizilagunei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea”.

Herritarrei enbarazurik ez sortzeko, zangarik gabeko teknologiak erabiliko dira, ahal den neurrian, obrak egiteko (relining, sliplining, mahuka); hau da, ordeztu nahi den hodiaren barruan beste bat sartzea. Eragozpen gutxiago sortzeaz gain, gauzatze epeak laburragoak dira, eta errentagarriagoak.

Beste auzo batzuk

Hiriko beste gune batzuetan ere egingo dira hornidura-eta saneamendu-sarea hobetzeko lanak: zehazki, Aranbizkarreko, Aranako, Sansomendiko, Mendizorrotzeko eta San Kristobaleko 11 kaletan. Gaur esleitutako kontratuak lan hauek ere barne hartzen ditu.

Share

AMVISAk 6,4 milioi inbertituko ditu Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzen  

Uren udal-enpresak Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean ere hasiko ditu laster hobekuntza-lanak

 

Gaur, AMVISAko administrazio-kontseiluak onetsi du Judimendi auzoan hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak kontratatzeko dosierra hastea.

Proiektua lehiaketan jarriko da 6,4 milioiko aurrekontuarekin eta 36 hilabeteko gauzatze-epearekin. Haietaz gain, dagoeneko, azpiegiturak hobetzeko lanak gauzatzen ari dira San Martinen zenbait hilabetetatik hona, eta laster hastekoak dira Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean.

Uren udal-enpresak Judimendin egingo dituen berritze-lanekin batera, Herrandarren kalean doan kolektorearen ahalmen hidraulikoa hobetuko da.

Jarduketa horri esker, zerbitzuaren kalitatea eta efizientzia hobetu ahal izango ditugu, baita matxurak saihestu ere. Gainera, auzoa zaharra da, eta azpiegitura zaharrak ditu; jarduketarekin, auzo berrietan adinako bizi-kalitate eta ongizatea eman nahi diegu bertako bizilagunei. Horregatik egiten ari gara hain inbertsio garrantzitsua, oinarrizko eta funtsezkoa den baliabide hori, ura hain zuzen, bermatzeko eta optimizatzeko”, adierazi du AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

 

Pilarren eta Unibertsitatean

Horretaz gain, AMVISAren administrazio-kontseiluaren bilkuran, lanak adjudikatu dira Pilar auzoko eta unibertsitate-eremuaren inguruneko zenbait kaletako saneamendu-sarea hobetzeko. Uren udal-enpresak, guztira, 2,5 milioi inbertituko ditu proiektu horietan, eta Excavaciones Fermín Oses enpresak gauzatuko ditu lanak.

Unibertsitatearen ingurunean, 1,7 milioi euro baino gehixeagokoa izango da inbertsioa. Han, Unibertsitateko ibilbidean, saneamendua hobetuko da: dagoen kolektorea zuhaitzen sustraietatik babestu, eta sarearen hustuketa-ahalmena hobetuko da San Antonio kaleko lurpeko pasabidearen azpian. Senda ibilbideko kolektorearen ahalmena ere handituko da, eta Ramon y Cajal kaleko zoladura hobetuko da.

Obrak gauzatzeko epea 10 hilabetekoa da.

Pilar auzoan, AMVISAk Juan Garai kalea zeharkatzen duen kolektorearen ahalmena hobetuko du, eta saneamendu-hodiak berrituko ditu auzoko zenbait kaletan. 802.720 euro baino gehixeagoan adjudikatu da obra, eta 6 hilabetean egingo da.

Share

Udalak Judimendiko bizilagunei proposatu die TAO eremua beste 633 aparkaleku-plazara zabaltzea

Gasteizko Udalak proposatu du TAO eremua Judimendiko beste 633 aparkaleku-plazara zabaltzea, auzoko bizilagunentzat gordetzeko. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak xehetasunak finkatzen amaitzen ari da plana abian jartzeko; Judimendiko Auzogunean eman du haren berri, gaur arratsaldean. Orain dela zenbait aste, udal-gobernuak elkarrizketak eta bilerak izan zituen auzo-elkarteekin planteamendu horri buruz; elkarteek pozez hartu zuten proposamena, eta hura xehetasunez aztertzeko konpromisoa hartu zuten. “Gure helburua da ahalik eta adostasun handiena izatea planari buruz, eta auzoa ondoen ezagutzen dutenen eskutik egitea, hau da, ingurunean bizi direna pertsonak”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. Helburua da aurten bertan jartzea abian proiektua.

Ildo horretan, gaur egungo TAO eremuekin mugakideak diren guneetako beharrak aztertu ondoren egin da proposamena, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana betetzeko. Proposamenean aurreikusten da gaur egun Judimendin TAOrako erabiltzen den eremua zabaltzea, bertako bizilagunak babesteko beste eremu batzuetatik datozen gidariek egiten duten okupazio handiaren aurrean. Izan ere, pertsona askok euren ibilgailuak auzo honetan aparkatzen dituzte, gero erdialdera joateko.

Hala, 633 plaza berri horiek (340 baterian, eta 293 linean) honako kale hauetan sortuko lirateke: Santiago hiribidea (88 plaza baterian, eta 17 ilaran), Cola y Goiti kalea (23 ilaran), Miranda de Ebro kalea (14 baterian eta 12 ilaran), Trebiñoko Konderriaren kalea (13 ilaran), Benito Guinea (51 baterian eta 28 ilaran), Judimendi hiribidea (27 baterian eta 23 ilaran), Osasun Iturri kalea (31 baterian eta 59 ilaran), Mariano San Miguel (18 ilaran), Santa Luzia (18 ilaran), Sutaustegi Zaharra (21 ilaran), Errekatxiki (19 baterian eta 38 ilaran), Federico Baraibar (22 ilaran), Federico Baraibar (76 plazako aparkalekua) eta Florida (33 baterian).

Plaza berri horietako gehienak, egoiliarrentzakoak izango lirateke (berdeak). Plaza mota horretan, denbora-mugarik gabe aparka dezakete eremuko txartela duten egoiliar eta merkatariek. Baina, horretaz gain, beste ibilgailu batzuk ere aparka daitezke tiketa jarrita, ordu eta erdiko denbora-mugaren barruan. Udalak, dena den, plaza urdinen ehuneko txiki bat (auzoko jarduera ekonomikoari zerbitzu emateko) eta egoiliarrentzako esklusiboa den beste bat sortzea ere planteatu du.

TAO eremuaren zabaltzea, Judimendiren kasuan ez ezik, beste auzo batzuen agendan ere badago, hala nola Adurtzaren kasuan. “Udal-gobernuan auzoetako bizilagunekin lanean jarraitu nahi dugu horrelako ekimenak sustatzeko”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Telpark APParen abantailak

TAO eremua zabaltzea, halaber, beste aukera bat da ordaintzeko beste modu batzuk sustatzeko. Ildo horretan, Trafiko Zerbitzuak inoiz baino areago gomendatzen du telefono mugikorretarako Telpark aplikazioa erabiltzea, zeina 2019an jarri baitzen abian. Parkimetroa ukitu gabe ordaintzeko aukera ematen du tresna horrek, txanponik erabili gabe, txartela hartu beharrik gabe, eta, gainera, ibilgailua aparkatuta egon den denbora bakarrik ordaintzekoa. Aparkalekua kudeatzeko modurik seguruena da, eta pandemiari aurre egiteko osasun-gomendio guztiak betetzen ditu. Erabiltzaileen % 27k erabiltzen dute jada aplikazioa.

Bestelako abantailez gain, aplikazio horrekin edozein unetan luza daiteke aparkatzeko denbora, eta edozein unetan atera autoa, benetan emandako denbora besterik ordaindu gabe. Gainera, ibilgailu baten baino gehiagoren aparkamendua kudea daiteke, eta alarmen bidez abisatzen du aparkatzeko denbora bukatzear dagoenean. Salaketak mugikorraren bidez baliogabetzeko aukera ere ematen du, eta mugikorraren GPSaren bidez ibilgailua aurkitzeko.

Aplikazioa erabiltzeko, Telpark aplikazioan bertan erregistratu beharra dago. Doan eskura daiteke Google Play-n eta Apple-ren edo www.telpark.com webgunean. Erregistratu bezain laster erabil daiteke aplikazioa, modu intuitibo, erraz, eroso eta seguruan.

 

Share