Prentsa Oharren banner

Gizarte Politikak milioi bat eurotik gora bideratu ditu haur eta nerabeekin lan egiten duen Kaleko Heziketarako programara

Iaz 761 gazteri eman zitzaien arreta, batez beste 14 urtekoak

 

Gasteizko haur eta nerabeekin lan egiten duen Kaleko Heziketarako programaren kontratua urtebetez luzatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 1.048.260 € bideratu ditu programa finantzatzeko eta IRSE Araba elkarteak 2021eko irailetik 2022ko abuztura bitartean programa garatzeko.

8 eta 19 urte bitarteko haur eta nerabeei eskaintzen zaie programa, bere garapen psiko-soziala arriskuan jarri edo zaildu egiten duten egoerak bizi badituzte.

Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuetako hezitzaileak gazte horiek ibiltzen diren tokietan jartzen dira beraiekin harremanetan. Hortik abiatuta, hurbileko harreman hezitzailea eta gizarteratze-prozesu bat ezartzen da, gizartean integratzen eta gazte horien gaitasunak indartzeko baliabide normalizatuak eskuratzen laguntzeko, hartara helduak izatean bizitza autonomoagoa izan dezaten.

Kaleko Heziketarako programak batez beste 14 urte dituzten 761 haur eta nerabe artatu zituen 2020an.  

 

GGKEen koordinakundearekiko hitzarmena  

Euskadiko GGKEen koordinakundearen Arabako ordezkaritzak 24.000 € euro jasoko ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailetik, 2021ean jarduteko eta jarduerak garatzeko.

Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak lankidetza-hitzarmena bat onetsi du gaur, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak lankidetza defendatzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerak finantzatzeko.

Ildo horretan, ikastetxeetan lantegiak egingo ditu; baita lankidetzaren aldeko kanpaina bat eta lankidetzarekin inplikatutako herritar aktiboak sortzen lagunduko duten beste ekintza batzuk ere, hala nola “Gasteiz konexioan” programa.

Akordio horren bidez, Udalak  eutsi egiten dio 1996an Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez koordinakundearekin hasitako lankidetza estuari

Share