Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 abuztua 2018 13:46

 

 

 

 

 

 

 

“Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien VI. edizioaren inaugurazioan izan da gaur Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto. Orobat izan da Gasteiz hiribidean jarri den Anna Suriyach prentsa-argazkilari kataluniarraren “Baita emakumeak ere (#theytoo)” argazki-erakusketara egindako bisita gidatuan. Mediterraneoko krisian ezkutuan geratzen diren emakume izengabeak ikusarazi eta izendatzea da erakusketaren xedea.

 

Gaur hasi eta irailaren 1.era arte iraungo dute jardunaldiek, hizpide harturik errefuxiatuak, emakumeak gatazketan eta Brexitaren Europa. Berritasun gisa, “Munduari munduak gehituz” diziplina anitzeko errezitaldia egingo da, bihar, 20:15ean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 iraila 2017 13:49

“Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien V. edizioak asistentzia-errekorra lortu du, 7.511 parte-hartzaile izan baitira kazetaritzaren eta prentsa-argazkilaritzaren inguruan sei egunez izan diren jardunaldi eta lantegietan.

Edizio honetako gonbidatuen artean izan dira Judith Prat eta Ricardo García Vilanova prentsa-argazkilariak, Mikel Reparaz eta Alexandra Gil berriemaileak, Joseba Zalakain, gai sozialetan aditua, eta Rocío López, Arabako Argazkilarien Elkarteko lehendakaria. Besteak beste, honako hauek jorratu dira jardunaldietan: desparekotasunak, Afrikako gatazka ahaztuak —Nigeria eta Kongoko Errepublika Demokratikoa—, EEBBetako egungo egoera, Daesharen eboluzioa Ekialde Ertainean, Frantziako gazteriaren errealitatea eta erradikalizatze yihadista, Kurdistan turkiarreko errepresioa, eta kaleko argazkigintza.

Aurten areagotu egin da jardueren eskaintza, kaleko argazkigintzari buruzko lantegi ireki batekin eta, bereziki, giza gatazkaren inguruko errezitaldi batekin —Ricardo García Vilanovaren irudiak eta iruzkinak, Bernardo Atxagaren testu errezitatuak eta Anari Alberdiren zuzeneko musika—. Uda honetako programari amaiera lirikoa emateko balio izan zuen errezitaldiak.

 

Partaidetza-errekorra

Orain arte egin direnen artetik, partaidetzarik handiena izan duena izan da aurtengo edizioa. Gora egin dute entzuleek hitzaldietan —231 lagun, batez beste—, baita erakusketa ikusten izan direnek ere. Zinema-proiekzioetan, berriz, leku guztiak bete dira. Bertaratzen den jendea gero eta heterogeneoagoa da: adin guztietako jendea, gazte nahiz adineko, goi-mailako ikasketak dituztenak nahiz ez dituztenak, baita kanpotik etorritako jenderik ere. Gonbidatuen hitzaldiek eta ondoren izan diren solasaldiek maila jasoa erakutsi dute.

Nabarmendu beharreko ondorioa dugu —adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok— erabat bete direla programaren helburuak: egungo zenbait gai sakon aztertzea entzute handiko kazetari eta analisten eskutik, zeinek, askatasunez eta enpatiarekin, bakoitzak bere erara, beren lanak erakutsi baitizkigute, eta, bidenabar, etengabe aldatzen ari den mundu baten gaineko beren ikuspegia”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abuztua 2017 13:22

Gaur hasi dira, modu ofizialean, Udaleko Kultura Sailak antolatzen dituen egungo kazetaritzari buruzko “Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldiak, Judith Prat prentsa-argazkilariaren “Boko Haram, indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan” argazki-erakusketara egin den bisita gidatuarekin.

Europa biltzar-jauregiaren kanpoko aldean ikus daiteke erakusketa, Gasteiz hiribidean. Judith Pratek 2015ean eta 2016an egindako argazkiak ikus daitezke bertan; Boko Haram-ek baliatutako indarkeria erakusten dute eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan dituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakume-bahiketak, ehunka mila pertsona etxerik gabe…

Horrez gain, “Desigualdad, precariedad y pobreza actuales” hitzaldia emango du lehen jardunaldi honetan Joseba Zalakainek —Eguía Careaga Fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren zuzendaria—, 19:00etan, Europa biltzar-jauregian, eta Judith Praten “Tú, siéntate” dokumentala proiektatuko da, 21:30ean, Florida zinema-aretoan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 abuztua 2017 11:30

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak  egingo dira Arabako hiriburuan. Bihartik, abuztuak 28, larunbatera, irailak 2, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute, herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioetan.

Egitarauak bosgarren edizioa beteko du, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begira: Ekialde Hurbila, Afrikako bihotzeko indarkeria, eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria, besteak beste.

Bihar, astelehena, emango zaio hasiera, 12:00etan, Judith Prat prentsa-argazkilariaren “Boko Haram, indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan” argazki-erakusketaren inaugurazioarekin. Egileaz gain, Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zuzendari  Nora Igartua eta programaren arduradun eta Icono Cultural enpresako kide Felix Barron izango dira bertan.

Kazetaritza, bertatik bertara

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 13:00

Judith Praten erakusketa “Kazetaritza, bertatik bertara” programaren aurtengo edizioaren hasierako platera izango da

“Nigeria, Afrikako erraldoia, kontinenteko lehen ekonomia da, petrolioaren produkzioari esker. Alabaina, horrek ez du inolako aldaketarik eragin herrialdearen iparraldeko biztanleriaren % 90entzat, muturreko pobrezia egoeran bizirauten baitu. Ez da kasualitatea Boko Haram-en sorlekua Maiduguri-n egotea, Borno estatuaren hiriburuan —herrialdean egoera larrienean daudenetako bat—; han, gazteak ez dira gustura bizi, etorkizunean ez baitute inolako ziurtasunik, ezta itxaropenik ere. Testuinguru horretan, Boko Haram-ek hasiera-hasieratik lortu zituen jarraitzaileak bere estrategia berriarentzat; izan ere, predikazioa bigarren mailan utzi zuen aldaketa lortzeko bidean, eta indarkeriazko borrokari eman zion lehentasuna”. Hitz horiekin aurkezten du  Judith Prat prentsa-argazkilariak erakusketa, zeina gaurtik, abuztuak 11,  ikus baitaiteke Gasteiz hiribidean, Europa jauregiaren ondoan.

Boko Haram, indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan” argazki-erakusketa “Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien atarikoa da; abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte iraungo dute.

2015ean eta 2016an egindako argazkiek Boko Haram-ek baliatutako indarkeria dokumentatzen dute, eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakumeak bahituta, ehunka mila pertsona etxerik gabe… Iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldeak ere agertzen dira: hegoaldean petrolioa nola erauzten duten ikus daiteke argazkietan, baita ingurumenean zer nolako ondorio larriak eragiten dituen ere; horren aldean, iparraldeko nekazaritza tradizionala, gainbehera doana, jasotzen da.

Zuzenbidean lizentzia lortu ostean, Judith Pratt argazkigintza dokumentalean eta prentsa-argazkilaritzan prestatzen hasi zen. Argazkilari gisa, zenbaitetan ikusi ezin diren errealitateak ikusgai egitea interesatzen zaio. Azken urteotan, Panamako espetxeetan atera ditu argazkiak; halaber, Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka armatuari buruz, Siriako errefuxiatuek Libanon, Jordanian eta Turkian bizi duten egoerari buruz, Nigeriako Boko Haram-eko indarkeriari buruz edo Turkiako Kurdistango egoerari buruz egin ditu argazkiak.

Nazioarteko jaialdi eta lehiaketetan sariak ere eman dizkiote. Nazioko eta nazioarteko komunikabideetan argitaratzen ditu argazkiak, eta Quebec, Montreal, Mosku, Querétaro, Bartzelona edo Zaragozan egin ditu argazki erakusketak.

Erakusketaren eta jardunaldien inaugurazio ofiziala abuztuaren 28an izango da, 12etan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 uztaila 2017 14:25

 

 

 

 

 

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertarajardunaldiak  egingo dira Arabako hiriburuan. Abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute, “herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz, informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzearren, urteko beste garai batzuetako presarik gabe”, azaldu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok jardunaldien aurkezpenean; Icono Cultural enpresako kide Félix Barrón izan du ondoan.

“Kazetaritza, bertatik bertara” egitarauak bosgarren edizioa beteko du, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begira: Ekialde Hurbila, Afrikako bihotzeko indarkeria, eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria, besteak beste.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, zeinetan leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk arituko baitira.

Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Argazki-erakusketa bat ere jarriko da kalean, Judith Prat prentsa-argazkilari aragoiarraren “Boko Haram,  indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan”. Erakusketan, 2015. eta 2016. urteetan egindako argazkiak ikus daitezke; Boko Haram-ek baliatutako indarkeria adierazten dute eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakumeak bahituta, ehunka mila pertsona etxerik gabe… Europa biltzar jauregiaren ondoan paratuko da, abuztuaren 11tik irailaren 3a arte.

Pratez gain, beste hauek hurbilduko dira Gasteizera: Joseba Zalacain, gai sozialetan espezializatuko kazetaria, zeinak desorekak, prekarietatea eta pobrezia izango baititu hizpide; Mikel Reparaz, EITBren berriemailea AEBetan; Rocío López argazkilari eta irakaslea; Ricardo García Vilanova kazetari eta bideo-kazetaria, zeinak hedabide ospetsuentzat lan egiten baitu, eta Alexandra Gil, kazetaria eta terrorismo yihadistan espezializatutako idazlea.

Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Azkenik, Kazetaritza, bertatik bertara programaren bosgarren edizioko berritasun gisa, irailaren 1ean Desertuko biztanleei buruz – Acerca de los habitantes del desierto errezitaldia egingo da Europa jauregian: Ricardo García Vilanovaren argazkiak proiektatzen diren bitartean, Bernardo Atxagak bere testuetako batzuk errezitatuko ditu, eta Anari kantariak bere lanetako batzuk interpretatuko.

Periodismo a pie de calle

Share