Prentsa Oharren banner

Leku gehiago egongo dira “Kirol bidean” kanpainan

  • 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean kirola egitea sustatzeko ekimen horrek 118 plaza gehiago izango ditu

 

Astelehenetik aurrera Udalak 118 leku gehiago eskainiko ditu “Kirol bidean” kanpainaren baitan udaberri-udarako antolatutako jardueretarako. Joan den asteazkenean indarrean sartutako osasun-neurri berriei esker, plaza gehiago egongo dira honako jarduera hauetan: arroilak, espeleologia, zaldi erronka, ferrata bidea, kayak zeharkaldia, bizikleta+SUP/kayak eta eskalada haitzetan.

Maiatzaren 31ko 26/2021 Dekretua indarrean jartzearekin batera, desagertu egin ziren aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona-taldeei jarritako mugak, ordura arte taldeak ezin baitziren 6 pertsona baino gehiagokoak izan.  Aldaketa horri esker, Udalak 118 leku gehiago eskaini ahal ditu ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburuetan egingo diren 28 saioetarako.

Izena emateko epea ekainaren 7an zabalduko da, 8:30ean, eta Udalaren web orrian edo aurrez aurre Gizarte Etxeetan eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan egin ahal izango da.

Izen-emate berri horiek COVID-19ari aurre egiteko osasun neurrien aldaketen menpe egongo dira, taldeko pertsona kopurua mugatu baitezakete. Kasu horretan, izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie inskripzioa ezeztatzeko eta dirua itzultzeko.

“Kirol bidean” kanpainaren helburua da ariketa fisikoa sustatzea Gasteizko gazteen artean (12 eta 30 urte bitartekoak), batez ere, 12 eta 18 urte bitartekoen artean, kirol desberdinak eginez oinarrizko maila batean. Jarduerak Arabako natur inguruneetan egingo dira, eta guztiak dira ohikoaz bestelako esperientziak, edukiari zein aritzeko inguruneari (mendia, itsasoa, airea) dagokienez. Kirol erakundeetako (klubak eta federazioak) eta enpresa espezializatuetako begirale kualifikatuak izango dira gidari.

Informazio gehiago eta izen-emateak: Kirol bidean kanpaina (udaberri-uda)

Share

Berriz ere bada “Kirol bidean” kanpaina, gaur egungo osasun-murrizketetara egokituta

Aste honetan hasi da izena emateko epea “Kirol bidean” kanpainaren neguko aldian; kanpaina 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen die Gasteizko Udalak, jarduera fisikoa egin dezaten sustatzeko. Aurtengo berrikuntza nagusia jarduerak baliatzeko bi adin-tarte (12-17 eta 18-30 urte) sortzea da, eta horri esker homogeneoagoak izango dira sortzen diren taldeak. Guztira, 144 plaza daude eskuragarri kanpainan honetan.

Gaur egungo osasun-murrizketak direla eta, udalerrikako konfinamendua barne, jarduera-eskaintza egokitu behar izan da, aurreko urteetan beste lurralde batzuetara joaten baitziren neguko kirolak praktikatzera. Horrelako irteerak behin-behinean eten dira, osasun-egoerak horretarako aukera berriro duen arte.

Mantentzen den programazioa otsailaren 21ean hasiko da. Ordurako 6 eta 16 urte bitarteko haurrentzako kirol-jarduerek etenda jarraitzen badute, kanpainan parte hartzeko gutxieneko adina 17 urtekoa izango da.

Gaur egun eskuragarri dauden jardueren artean, nabarmentzekoak dira multiaktibitatea izotz-pistan eta patinajea. Bi kasuetan, bi adin tarte ezartzen dira (12-17 urte, eta 18-30 urte); patinajearen kasuan, hastapena-mailakoa izango da, eta multiaktibitatea, berriz, gutxieneko eskarmentua duten pertsonentzakoa da.

Beste bi aukera, ur-azpiko jolasak (12-18 urtekoentzat) eta urpekaritza hodiekin (12-30 urte) dira. Biak Lakuako gizarte-etxea egingo dira. Ezinbestekoa da igeri egiten jakitea, eta material osagarriaren beharrak oso ezberdinak dira jardueraren arabera.

Azkenik, Salburuko gizarte-etxean multiaktibitatea rokodromokon ere egin ahal izango da “Kirol bidean” kanpainaren barruan; horietan, eskalada-hastapena eta altuera-parkeko eta tirolina jarduerak egingo dira.

Jarduera hauek eten dira behin-behinean, udalerrikako konfinamendua irauten duen bitartean: snowboard-a, elurretako erraketak, eski nordikoa, mendira neguan igotzeko teknikak eta ekipamendua eta espeleologia.

“Jarraitzen dugu ahalegin guztiak egiten osasun-egoerak egiten uzten digun kirol-jarduera ahalik eta gehien sustatzen. Hala gertatzen da kanpaina honekin, bereziki izan baitugu gogoan pandemia hasi zenetik bizimodua mugatuen izan duen herritar-taldeetako bat” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

“Kirol bidean” kanpainan izena emateko hainbat aukera dago: Udalaren webgunean, udalaren gizarte-etxeen eta kiroldegien sarean eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan. Udalaren kirol instalazioen sarean abonamendua dutenei kuota murriztua kobratuko zaie. Adingabeek behar den baimena aurkeztu behar izango dute.

Informazio gehiago: Kirol bidean kanpaina

 

 

 

 

 

 

 

 

Share