Prentsa Oharren banner

Kolonbiako egoerari buruzko adierazpena

Joan den apirilaren 28an, Kolonbiako herria kaleetara irten zen bidezko bizi-baldintzak exijitzeko, Iván Duqueren gobernuaren zerga-erreformaren kontra protestatzeko eta herrialdeak justizia soziala eta bakea izan ditzala aldarrikatzeko.

Harrezkeroztik, Lanuzte Nazional mugagabean dago, eta, harrezkeroztik, gobernuak errepresio basatiarekin erantzun die legitimoki protestatzeko euren eskubidea baliatzen ari diren eta bizitza duina eta giza eskubideak errespeta daitezen exijitzen ari diren pertsonei.

Sistema demokratikoetan, oinarrizko eskubideetakoa da gizarte-protestarena, eta Estatuak errespetatu eta bermatu egin behar du eskubide hori.

Bermatu egin behar du herritarrek bakean aldarrika ditzaten haien eskaerak, bai herritarren oinarrizko beharrak asetzeko bidea emango duen bidezko zerga-sistema progresibo baten aldekoak, bai Bake Akordioak benetan eta osoki betetzearen aldekoak, batik bat, bake egonkor eta iraunkorra lortzeko bidean aurrera egiteko.

Hainbat plataformak adierazi dutenez, Lanuzte Nazionala hasi zenetik, polizia-indarkeriaren kasu ugariren berri eman dira: herritarrak erailtzea, zauritzea eta bidegabe atxilotzea, Indar Publikoak sexu-indarkeria erabiltzea… Inolako zalantzarik uzten ez duten irudi ugari grabatu dira herrialdeko hainbat hiritan etxeko bideoetan: herritarren aurka suzko armak erabiltzen ageri da Indar Publikoa, errepresio bortitz eta indiskriminatuan.

Horren aurrean, ezin egon gaitezke isilik.

Kolonbiako herritarrak errepresioa jasaten ari dira, Polizia Indarrak erreprimitzen, jazartzen, zauritzen eta erailtzen ditu; horrenbestez, gobernuari gogorarazi behar diogu bere erantzukizuna dela Giza Eskubideak babestea eta bermatzea, bizitzeko eskubidea eta segurtasun pertsonala izatekoa barne, baita bakean biltzeko askatasuna izateko eskubidea baliatzeko bidea ematea ere.

 

Horregatik guztiagatik,

– Salatzen dugu legitimoki kaleetan protestan ari direnen aurkako errepresio basati eta bidegabea.

– Iván Duqueren gobernuari eskatzen diogu Kolonbiako herritar guztiei Giza Eskubideak baliatzea babes eta berma diezaiela.

– Exijitzen dugu Indar Publikoak egindako indarkeria-kasu guztiak argitu daitezela, eta dagozkien erantzukizunak defini daitezela, haren maila ofizialetan zein horretarako aginduak eman dituzten gobernuko mailetan.

– Elkartasuna agertzen diegu protesten kriminalizazioaren ondorioak sufritu dituzten eta sufritzen ari diren pertsona guztiei.

– Salatzen dugu mobilizazioetatik kanpoko zenbait taldek indarkeria areagotu den unea balia dezaten ondasun komunak arpilatzeko eta haiei erasotzeko, bai eta ekintza horiek gizarte-protestak kriminalizatzeko balia daitezen ere.

– Elkartasuna agertzen diegu Kolonbiako herriei, bizi-baldintzak benetan hobetzeko beren eskaera bidezkoetan eta herrialdeak justizia soziala eta bakea izan ditzalako exijentzietan.

 

Nazioarteko komunitateari eskatzen diogu elkartasuna ager diezaiola Kolonbiako herriari, eta behar diren ekintza diplomatiko eta politikoak egin ditzala Iván Duqueren gobernuaren aurrean errepresioa amai dezan eta Kolonbiako herriaren Eskubideak errespeta ditzan

Share