Prentsa Oharren banner

Gazteentzako ‘Kontsumo Txalentx’ txapelketaren lehen edizioak ohitura jasangarri eta arduratsuekin lotutako lau erronka proposatuko ditu

Gazteria Zerbitzuak eta IGIk sustatu dute txapelketa, eta 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeek hartu ahalko dute parte

 

Bihartik, abenduak 17, eman daiteke izena

 

 

 

 

Erronka: Gazteak izeneko Gazte Planak, besteak beste, mugikortasuna eta ingurumena lantzea du lehentasun, gazteak garraiobideen, uraren eta energiaren kontsumo arduratsuaz sentsibilizatzeko asmoz, baita hondakinak murrizteko eta berdeguneak errespetatzeko konpromisoaz ere. Estrategia horiek guztiz bat datoz Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak sustatzen dituenekin.

Horrexegatik, Gazteria Zerbitzuak KONTSUMO TXALENTX TXAPELKETA antolatu du IGIrekin batera. Taldeka 4 erronka dinamiko, kolaboratibo eta interaktibo gainditzea da helburua. Ohitura jasangarriekin lotutako jarduerak izango dira: mugikortasuna, energia eta ur kontsumoa, berdeguneak… Gasteizko gazteentzako proposamen berria, aisialdi osasungarri eta eraikitzailea sustatzeko.

‘Kontsumo txalentx’ txapelketak Gasteizko udalerrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeak behar ditu. Bi kategoria egongo dira: 16-20 urte eta 21-30 urte.

Parte hartzen duen talde bakoitzak 4 erronka gainditu beharko ditu 4 astetan:

ERRONKA DATA
1 KONTSUMISMOTIK IHES EGIN:  SCAPE ROOM BIRTUALA abenduak 28- urtarrilak 3
2 JASANGARRITASUNAREN ALDE NAGO ETA BIDEOZ KONTATUKO DIZUT  urtarrilak 4-10
3 GOGOKO LOGOA  urtarrilak 11-17
4 OINEZ ETA BIZIKLETAZ HIRIAN ZEHAR: KM+, CO2 – urtarrilak 18-24
FINALA ZENBAT DAKIZU KONTSUMO JASANGARRIAREN INGURUAN? GALDEKETA urtarrilak 25-31

Kategoria bakoitzean bi sari emango dira:

  1. saria: 180 euroko opari-bonua talde txapeldunarentzat.
  2. saria: 100 euroko opari-bonua talde txapeldunordearentzat.

Bonuak “Gasteiz On” elkartearen saltokietan, ostalaritzan edo zerbitzuetan kontsumitu ahalko dira.

 2020ko abenduaren 17tik  22ra arte eman daiteke izena. Horretarako, taldeek mezu bat bidali beharko dute gazteria@vitoria-gasteiz.org helbidera. Aurrez aurre ere eman ahalko da izena, dokumentazioa Gazte Argibideetarako Udal Bulegora (Espainia plaza 1, behea) eramanez.

 

Share