Prentsa Oharren banner

Kultura Sailak 65.000 euro jarriko ditu zenbait ekitaldi antolatzeko, World Press Photo eta Korterraza, horien artean

Gasteizko Udalak 65.000 euro baliatuko ditu hiriko zenbait kultur ekitaldiri laguntzeko, besteak beste, World Press Photo, Korterraza eta Arabako Argazkilarien Elkarteak 2021ean antolatutako jarduerak.

Batetik, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Periscopio argazkigintzako kultur elkartearekin, World Press Photo erakusketa antolatzeko; Montehermoso kulturunean ikusi ahalko da, udazkenean. 2020an, 125 herrialdetako 4.282 prentsa-argazkilari profesionalek 73.996 argazki aurkeztu zituzten guztira lehiaketara. Horietatik 157 hautatu dira Gasteizera etorriko den erakusketarako. Udalak 40.000 eurorekin lagunduko du.

Bestetik, Kultura Kalean elkartearekiko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 17.000 euroz hornitua, Korterrazaren hamabigarren ediziorako. Uztailaren 7tik 11ra bitartean egin da ekitaldi hori, Iradier Arenan, eta urteko film labur nabarmengarrienek eta zenbait kontzertuk osatu dute programa.

Azkenik, Arabako Argazkilarien Elkarteak 8.000 euro jasoko ditu 2021eko kultur programaziorako, zeinak lantegiak, hitzaldiak, argazkiak egiteko irteerak, erakusketak, etab. barne hartzen baititu.

“Hitzarmen hauen bidez, gure hiriko agendan sendotuta dauden kultur jarduerak egiten jarraitu ahal izatea bermatzen dugu, pandemia gorabehera. Tokiko eragileek beren proposamenak osasun egoerara egokitzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi dut, lan handia baita“, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

Share

Korterraza Gasteiz jaialdia Iradier Arenan izango da uztailaren 7tik 11ra

46 film labur eta 5 kontzertu ikusleek atsegin hartzeko.

Korterrazaren 12. edizioa Iradier Arenan egingo da uztailaren 7an, 8an, 9an eta 11n. Gasteizko film laburren jaialdian, hiru egunetan proiektatuko dira urteko film laburrik nabarmenenak, eta bost kontzertu izango dira: Corizonas, Capsula, Freedonia, Willis Drummond eta A Contra Blues taldeenak, hain zuzen ere.

“Pandemia zela eta,  aldatu egin behar izan zen Kultura Kaltean! elkarteak antolatutako programa, osasun agintariek ezarritako neurrietara egokitzeko. Aurten Korterraza modu seguruan itzuliko da gure artera, jardueretan parte hartzen duten guztien ongizatea bermatzeko” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, ekitaldia aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Orobat izan dira bertan Luis Daniel Bernal, Kutxaren Araba aldeko zuzendaria, eta Xabi Vitoria, ekimena antolatzen duen Kultura Kalean! elkartekoa. “Uztailaren 7tik 11ra Iradier Arenan egingo den Korterraza Gasteiz jaialdiaren 16. ekimenarekin bat egitera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak” gaineratu du Cantok.

“Jendeak aurten primeran pasako duela uste dugu. Film laburrek ohiko kalitate-mailari eusten diote, eta musikari dagokionez, jaialdiak bere 12 urteetan izan duen kartelik onena du, segur aski” azaldu du Xabi Vitoriak. “Iaz bezala, pandemiak zailtasun asko ekarri dizkigu, baina oso pozik gaude aurkezten dugun jarduera-programarekin, eta iaz zein aurten, jaialdi seguru bat egiteko aukera izan dugulako eta kalea kulturaren topagunea izaten lagundu dugulako” gaineratu du.

Proiekzioak

Korterraza Gasteizek 46 lan aukeratu ditu uztailaren 7an, 8an eta 9an ikusleei erakusteko, 20:00etatik aurrera. Iradier Arenara bertaratzen direnek atsegin hartu ahako dute “Sail ofiziala”, “Komedia” eta “Erakustaldia” arloetan. Asteazkenean, hilak 7, film labur arabarraren eguna izango da. “Arabako sortzaileen film labur onak ikusi ahalko ditugu: David P. Sañudoren ‘La colcha y la madre’; Mikel Bustamanteren ‘Caníbales; Imanol Ortiz ‘Oculto’; Xabi Vitoriaren ‘El carné’; Paul Urkijoren ‘Dar-Dar’; Pablo Pinedoren ‘El comité’; eta  María Elorza eta Koldo Almandozen ‘Quebrantos’.

Hiru saioetarako sarrera librea izango da, lekuak bete arte, eta 2020an bezala, film labur horiek 12 x 8 metroko pantaila ikusgarrian proiektatuko dira.

Halaber, Korterraza Gasteiz 2021eko proiekzio horien osagarri izango dira abuztuaren 26ko “Korterraza Sensibiliza” saioa (Artium zentro museoan, 21:15ean) eta irailaren 2ko Korterraza Txiki’ (Zumaia plazan, 21:00etan).

Aurtengo epaimahaia Lander Otaola, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero aktoreek osatuko dute, eta sail ofizialeko hiru sarien eta ‘Komedia’ sariaren irabazleak aukeratuko dituzte. Hirurak dira jaialdian ikusgai izango den ‘El carné’ film laburreko aktoreak, baina film hori ez da lehiaketan sartuko, Kultura Kalean! elkartearen lankidetzan ekoiztu baita, hau da Korterraza antolatzen duen elkartearekin.

Korterraza Txiki’ sailerako epaimahai berezia izango da, 7 irakasle hauek osatua: Estefanía Pérez, Irati Hornas, Iara Ibáñez, Iñaki Goñi, Mireia Aizpuru, Iñigo Fernández eta Patricia Sierra. Horiek aukeratuko dituzte haur eta familien saileko bi sariak.

Korterraza Gasteizek zortzi sari emango ditu 2021ean: Álex Angulo-El Correo-75 aniversario Saria; Keler Saria; Laboral Kutxa Ikusleen Saria; Grupo Eleyco Saria, komediarik onenari; Korterraza Txiki Saria (lehen eta bigarrena); Sensibiliza Saria eta Korterraza Araba Saria.

Zazpi sari horien irabazleak uztailaren 9an emango dira ezagutzera, proiekzioen hirugarren saioaren ondoren. Zortzigarren saria, Bertako Igogailuak-Euskara Sariaren irabazlea ekainaren 22an jakinarazi zen, film laburren hautaketa iragarri zenean. Ibon Landaren ‘Kirolak’ lanak irabazi zuen euskarazko ekoizpena sustatzeko sari hori, eta besteak beste, Korterrazaren sail ofizialean parte hartzea dakar berekin.

Kontzertuak

Musikari dagokionez, maila handiko kartela aurkeztu du 2021eko Korterraza Gasteizek, Iradier Arenan 19:30ean egingo diren kontzertuetako. Uztailaren 7an, asteazkena,  A Contra Blues taldeak emango dio hasiera jaialdiari;  Jonathan Herrero gasteiztarra buru duen rock-blues taldeak. Uztailaren 8an, Willis Drummond taldea izango da, euskal rock talde erreferentea, eta, zine-ikutua era baduena, izan ere 2021eko Goya Sarietarako izendatu zuten Ane filmaren soinu bandako “Nahi ta nahi ez” abestiagatik.

Uztailaren 9an, ostirala, Freedonia taldearekin izango da mugitzeko aukera, estatu mailan ospetsua den soul eta funk taldearekin. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, rock arratsalde bikaina izango da igandean, Corizonas eta Capsula taldeekin. Laster argitaratuko dituzten diskoen abestiak aurkeztuko dituzte bi taldeek.

Kontzerturako sarrerak www.kulturabizia.eus helbidean eskura daitezke.

Proiekzio eta kontzertuak urtero jaialdiari babesa eman diotenen laguntzari esker egin daitezke. Ildo horretan, Korterrazako antolatzaileek eskertu egin nahi izan diote Gasteizko udalari  17.000 euroko lankidetza-hitzarmena izenpetzeagatik. “Oso berri ona da Korterraza jaialdiarentzat. Aurrekontu- eta antolakuntza-egonkortasun handia ematen du, eta Kultura Kalean! taldeak urte hauetan egindako lan ona aitortzea da” adierazi dute elkartetik

Share