Prentsa Oharren banner

Udalaren aste honetako kultur programazioa, aire zabalean: zirkua, dantza, Lobo&Carmine eta ‘Chicos buenos’, Olarizun

  • Gaurtik erreserba daitezke gonbidapenak, online edo telefonoz

 

Abuztuaren 18tik 21era bitartean, hainbat emanaldi izango dira, aire zabalean, Gasteizko auzoetan: dantza, zirkua, zinema eta musika. Udaleko Kultura Zerbitzuak bultzatutako kultur programazioa da. Gaurtik erreserbatu ahal izango dira gonbidapenak.

Kultur sektoreari entzutetik sortua da kultur programazio hori. Zehazki, ekainaren 16an egin zen Kultura Elkargunearen bitartez jaso ziren proposamenen ondorio. “Gure helburu nagusia tokian tokiko kultura babestea izan da, zuzeneko ikuskizunaren ilusioa berreskuratzea, betiere Covid-19aren prebentziorako arau zorrotzak betez. Horretarako, Kultura Zerbitzutik, tokiko konpainia eta taldeetan soilik oinarritutako programazioa antolatu dugu, bai Gasteizkoak bai Arabakoak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 

Programazioa

Hiriko kultur aste honi ekiteko, asteartean eta asteazkenean, abuztuak 18 eta 19, bi zirku-emanaldi izango dira. ‘Bapatean zirko’ taldeak “Adabaki” ikuskizuna eskainiko du asteartean, 20:00etan, Hegoalde gizarte-etxearen kanpoaldean. Asteazkenean, hilak 19, Sarini Zirko arituko da, “Txoriak txori” ikuskizunarekin, Salburuko Gabriela Mistral kirol gunean.

Ostegunean, abuztuak 20, osatuko da aste honetako programazioa, Doos Colectivo-ren dantza-ikuskizun batekin. ‘Gorpuztu’ + ‘El fin de las cosas’ izenburuarekin, 20:00etan eskainiko dute, Aranbizkarreko parkean, futbol-zelaiaren ondoan.

Musika-programazioari dagokionez, abuztuaren 21ean, 20:30ean, Lobo&Carmine taldeak joko du, Zabalganeko gizarte-etxearen kanpoaldean. Eta 16 urtetik gorako zinemazaleentzat, hurrengo egunean, abuztuak 22, ‘Chicos buenos’ filma proiektatuko da Olarizuko parkean, 21:30ean.

Kultur ikuskizun horietako edozeinetara joateko, online egin ahal izango da eskaera, edukiera bete arte, http://www.vitoria-gasteiz.org/kultura estekan, edo telefonoz —945 161618—, 09:00etatik 15:00etara bitartean. Erreserba bakoitzeko gehienez bi leku eskatu ahal izango dira.

 

Covid-19aren prebentziorako araudi zorrotza

Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira emanaldirako sarbideak. Era berean, sartzeko eta ateratzeko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko, eta zein eserleku dagokion adieraziko diote antolatzaileek ikusle bakoitzari, iritsi ahala.

Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere, eta familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeei segurtasun-arau guztiak betearazteaz. Era berean, debekatuta dago jatea, edatea eta erretzea, esparru osoan. Arau horiek bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Hustea mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.

Share